Familia ereduak eta eskola

2004-01-01
Aski du nork bere ikasgelari erreparatzea, jabetzeko gaur zenbat familia eredu desberdin dauden. Ikasgela askotan, familia eredu tradizionala jada gehiengo izatetik salbuespen izatera ere pasa da. Bananduak, guraso bakarrak, adoptatutako haurrak, harrera etxeetan bizi direnak, familia homosexualak... eta beste hainbat eredu badira gure gizartean. Etorkinekin, gainera, beste gizartetan "tradizionalak" diren ereduak datozkigu, gurean "berri" izatera.

Gizartean jada errealitate nabarmena dena, eskolan ez da oraindik islatzen, ordea. Eredu tradizionala da oraindik irudikatzen den bakarra testu liburu, ipuin zein ikasgaietan. Horixe da guraso kolektibo askoren kezka, eta jada beste kolektiboekin elkartuta hasiak dira eskolako gabezia horiek aztertzen. Euren irakurketa jaso asmoz familia gurasobakarrekin, haur adoptatuen gurasoekin eta homosexualen kolektiboarekin bildu gara.
 
 
Familia gurasobakarrak



Familia gurasobakarrak adierazten du, pertsona bakarrak hartzen duela beregain familiaren pisua. Gehienean haurren zaintzari dagokio (bai banandua delako, edo alarguna edo ama ezkongabea delako), baina adineko pertsona baten kargu egiten dena ere familia eredu honetan sartzen da. ASFAMOGI elkartera jo dugu, Gipuzkoako Gurasobakarren Elkartera. Elkartean 300 partaide daude eta Gema Artolarekin hitz egin dugu, lehendakariarekin.



Gizarte mailan, familia eredu honen onarpenean izugarrizko aurrerapausoak ematen ari direla ikusten du Gemak. "Geroz eta banaketa gehiago daudenez, gizarteak geroz eta 'normalago' ikusten gaitu". Errealitatean hain ugaria den familia eredu horrek, ordea, eskolan islarik ez duela iruditzen zaio. "Eskola eta testu liburuak gizartearen atzetik doaz. Eskolan familia eredu klasikoa da agertzen den bakarra". Irakasleek gurasoen errealitatearen berri jakiten ote duten galdetuta, hori aukera pertsonal bat dela nabarmendu digu Gemak. Normalki gurasoak irakaslearengana jotzen du,"baina, zoritxarrez, ez haurraren benetako egoerak kezkatuta, baizik eta kustodiari lotutako kontuengatik. Tutoreengana jotzen da lege mailako eskakizunei erantzutearren, alegia, irakasleek adieraz dezaten haurrak ongi daudela eta gurasoak bileretara joaten direla, haurrarekiko ardura badutela".



Harremanen kultura falta

Internet eta informatika ikastaroak dira irakasle gehien erakartzen dituztenak. Baina, egun, harremanetan, afektibitatean formazio ikastaroak jasotzea lehentasunezko beharra dela adierazi digu irakasle batek. "Irakasleok edukiez asko dakigu, didaktikaz ere teorian asko dakigu, baina harremanez ez dakigu. Eta ahaztu egin zaigu gizakiari bere osotasunean begiratu behar zaiola , beregan eragina duten inguru guztiak kontuan hartu behar ditugula". Horiek Itziar Goñiren hitzak. Irakaslea da Itziar, Villabonako Erniobea institutuan, lehen zikloan. Ama banandua ere bada.

Itziarren ustez, lehenik eta behin, gurasoek zintzotasun osoarekin azaldu behar diote irakasleari euren errealitatea. Eta laguntza eskatu behar diote seme-alaba horrentzat. "Ez gaude ohituta, baina jada bada ordua gurasoek laguntza eskatzekoa". Familiaren egoera jakinda, ordea, irakasle askoren jokabidea ez omen da egokia izaten: "eskolan jakiten dutenean bananduen seme-alabak daudela, jada haur horiei akats bila hasten dira irakasleak, ea non duten 'trauma' edo 'ondorioa'". Irakasle askok nahastu egiten omen du ikaslearen benetako errealitatea, irakaslea pertsonalki bizitzen ari den errealitatearekin: "Neronek irakasle askorengan ikusi dut, bere bizipenak edo une horretan dituen frustrazioak ikaslearengan ikusten dituela".

Bananduen kasuan, eskolak egin izan duen beste akatsa, aita ahaztea izan dela dio. Eskolak aitari ere helarazi behar dizkio oharrak, notak, bilera deiak, haurrarentzat aita figura garrantzitsua delako bere bizitzan, nahiz amarekin bizi. Zer ikasi asko legoke, beraz, harremanei buruzko formazio ikastaroetan.







Haur adoptatuen gurasoak

Ume Alaiak elkartea




Jaiotzari buruz galdezka

Haur eskolatik eskuan lan fitxa bat zutela etortzen hasi ziren seme-alabak etxera. Jaiotzari buruzko lan fitxa bat zen, eta gurasoen laguntza eskatzen zitzaien betetzeko: jaio zirenean zenbat pisatu zuten, bularra ala biberoia hartu zuten, argazki bat jartzeko, eta halako xehetasunak eskatzen zituen fitxak. Guraso denek erantzun ezin dituzten galderak dira, ordea. Umezurtztegi batzuetan dokumentazio hori dena ematerik badute, baita argazkia ere. Beste guraso batzuek haurraren lehen egunei buruzko informaziorik ez dute, eta euren seme-alabaren lehen argazkia 2 urterekin aterea da. Nahiz haurrok etxetik jakin euren iraganaren eta jatorriaren berri, ez da une xamurra ikasgelan lagun denak "nik hiru kilo pisatu nituen" edota "begira nire jaiotzako argazkia" esanaz ikustea, eta eurek fitxa ezin izan dutela bete sentitzea.

Eszena hori eskola batzuetan urtero errepikatzen zela jabetu ziren haur adoptatuen gurasoak. Edota zuhaitz genealogiko bat osatzeko eskatzen zitzaiela, argazki eta guzti. Alegia, euren egoerara, euren iraganera ez zela egokitzen eskolan lantzen zena. Kezka horrekin, Ume Alaiak elkartekoak antzeko arazoak izan zitzaketen beste elkarteekin biltzen hasi ziren: banandutako gurasoen elkarteekin, AGIPASErekin edota SOS Arrazakeriarekin, esaterako. Familia eredu ezberdinetako elkarteok urtebete daramate biltzen, euren kezkei buruz oinarrizko dokumentu bat osatzeko. Ikastolen Elkartearekin eta Hezkuntza Sailarekin biltzekoak dira gero, euren kezka jakinarazteko. Guraso gisa hain argi ikusten dituzten hainbat aspektu jakinarazi nahi dizkiete profesionalei (bai irakasleei eta baita edukiak diseinatzen dituztenei ere, testu liburuak ahaztu gabe). Profesional horiek baitute gaitasuna adin bakoitzeko haurrek ulertzeko moduan azaltzeko gauzak, eta gainera profesional horiek direlako gela barruko errealitatea antolatu behar dutenak, haur guztien etxeko errealitatea kontuan edukita.



Naturaltasunez agertzea

Eskolari ez diote eskatzen adopzioari gai bezala arreta berezia jartzeko. Besterik gabe, familia ezberdinak daudela azaltzea da eskatzen dutena. Elena Elosegik dion bezala, "haurrek ikas dezatela dagoena, egun ez baita hori erakusten; egun erakusten dena da dauden familia eredu askotariko bat". Irakasleen aldetik sentsibilitate gehiago behar da horretarako. Rosa Barriok dioenez, "azaltzen ari dena kasu guztietara egokitzeko erraztasuna eduki behar luke irakasleak. Esaterako, irakasleak esaten badu "haur denak sabeletik datoz", jakin dezala ñabarzen, erantsiz "baina gero modu asko daude guraso izateko edo seme-alaba izateko". Edo haur batek botatzen badu "bada ni hegazkinean etorri nintzen" (nire alabak hala esaten zuen, nahiz eta nik behin eta berriz azaltzen nion bere istorioa), irakasleak izan dezala trebetasuna haur horri erantzuteko "zu ere sabel batetik sortu zinen, nahiz eta ez zen Rosaren sabela"".

Irakasleek jarrera ona eta interesa dute familien aniztasuna lantzeko, baina material falta da euren kezka nagusia. Testu liburuetan eta ipuinetan ez da apenas errealitate hori islatzen. Ume Alaiak elkartean badituzte ipuin gutxi batzuk, eta irakasleek eskuetan duten guztia eurei pasatzeko eskatzen diete. Junkal Perezen ustez, adopzioari buruzko ipuinak erosteaz kezkatzen direnak adopzio gurasoak dira. Junkalek faltan botatzen du edozein eskolatan material hori egotea, inguruko haurrek eta, orokorrean gizarteak, ere jakin dezan gaiari buruz.



Etxeko tratamendua, irakasleak jakin beharrekoa

Guraso bakoitzak irakaslearekin zuzeneko tratua eduki behar du, kontatzeko "guk etxean modu honetan daramagu gaia". Ez baitago orokortzerik; familia bakoitzak bere modura bizi du eta lantzen du seme-alabekin adopzioaren gaia, jatorria, iragana. Junkal Perezen hitzetan, "lantzeko modua eta aspektu horiekiko jarrera oso pertsonala da. Nire alabaren gelan bada beste haur adoptatu bat, eta bere amarengana joan nintzen eurek kontua nola zeramaten jakiteko". Elena Elosegik noraino den pertsonala nabarmentzen digu: "irakasleari asko jota zerorrek zeure semearekin edo alabarekin nola lantzen duzun konta zeniezaioke ; baina testu liburu batean ezin duzu jarri nola egin behar den. Bakoitzak bere era du, eta ezin da orokortu".

Ikasgelan hankarik ez sartzeko eta etxeko moduak errespetatzeko, ezinbestekoa da, beraz, irakasleak gurasoei entzutea eta euren errealitate partikularraren berri jakitea. Baina kontu oso pertsonala ere badenez, besteen bizitza pribatuan muturrak sartzera iristeko arriskua ere badago. Kaleko jendea galdezka hasten denean, Rosa Barriok tarteka eduki omen du sentsatzio hori, "gure seme-alabak edonoren seme-alaba izan balitezke bezala. Badirudi haurrari trazu desberdinak ikusteak baimena ematen diola edonori haurraren iraganaz galdezka hasteko. Beste edozein haur ikusita ez dira amari gauza pertsonalak galdetzen hasten. Gure kasuan ere, gauza asko gu eta seme-alabaren arteko istorioaren parte dira, ez dutenak zertan publiko izan". badakite intentzio txarrez ere ez dutela galdetzen. Gainera, jendea ohitzen ari omen da beste trazuetako haurrak ikustera, eta gero eta gutxiago geldiarazten omen dituzte kalean.



Haurrak aurpegi desberdinen aurrean

Haurrak, ikaskideak, helduak baino askoz ere azkarrago ohitzen omen dira trazu desberdineko ikaskidea ikustera. Naturaltasunean lezio ederra ematen digute haurrek helduoi. Dena den, "arazo gehiago dituzte azalbeltzeko haurrek" zehazten du Junkal Perezek; "alaba txikienaren gelan (bera txinatarra da) bada Hegoamerikako mutiko bat, beltzarana dena, eta arazoak ditu". Orain dela gutxi guraso batek elkartera deitu omen zuen, estutasunak jota, azalbeltzeko semea jolas orduan baztertzeaz gain, jo ere egiten zutelako gelakideek. Haurrek beti aurkitu behar izaten dute berezitasun bat irrirako aitzakia izateko: betaurrekoak direla, belarri zabalak direla, kiloak direla... eta beraz, gurasook badakite euren seme-alabengan bilatuko duten aitzakia trazu desberdinena izan daitekeela. "Hasieran min izugarria egiten du begira, txinatarra da" entzuteak, mesprezuz esaten baitute" kontatzen du Junkal Perezek. Elena Elosegi bat dator, baina ez zaio ahazten trazu desberdinak dituen bere alabak behin parkean esan ziona: "begira, ama, beltza da, ez zait gustatzen". Elenak dionez, "haurrak halakoxeak dira, eta haur denak ,gainera".







Homosexualak

Gehitu kolektiboa




Familia eredutan gutxien ikusten dena homosexualena da; baina ez gutxi direlako, agerian ez daudelako baizik. Ikasgelan ere errealitate hori ezkutatu egiten da, etaahaztu egiten zaigu haur asko eta asko homosexualak direla eta ez zaiela erreferenterik eskaintzen, horrek sorrarazten duen isolamendu sentsazioarekin. "Gehitu" kolektiboko Olga eta Javierrek euren ikuspuntua eman digute.



Familia homosexualak betidanik egon izan dira eta gaur ere egon badaude. Baina ez dira agerikoak. Zerk eragiten du ikusezintasun hori?

Olga .- Familia homosexualek sorrera askotarikoak izan ditzakete. Batetik, beste harreman heterosexualetatik ekarritako haurrekin osatzen diren familiak daude; bikote homosexual bat elkartzen da, eta nukleo berri horretara lehengo harreman heterosexualetik sortutako haurrak ekartzen dituzte. Beste sorrera modu bat adopzioa da. Baina adopzioaren kasuan, legez, homosexual bikote batek ezin du haurrik adoptatu haurren jatorrizko herrialde gehienetan (esaterako, Txinan). Beraz, adopzioa guraso baten izenean egiten da eta eskolako paperetan ere familia monoparental bezala agertzen da. Familia osatzeko hirugarren modua intseminazioaren bidez haurrak ekartzea da. Nik uste datozen urteetan eraginik gehien izango duena horixe dela, intseminazio bidez haurdun gelditzen diren emakumeek jada apustu bat egiten baitute agerian izatearen aldetik. Nahiz eta egun Euskal Herrian oso gutxi izan, euren eskutik etorriko da familia kontzeptu berri hori eskolan sartzea.



Zer garrantzi du eskolan familia homosexualak agerikoak egiteak? Zer garrantzi du, esaterako, haurraren eskolako agiri ofizialetan bi ama dituela agertzeak?

Olga .- Funtsezkoa da bai haurraren heziketarako, baina baita eskolarentzat berarentzat ere. Azken finean, bi aldeak daude inplikatuta, eta beraz, bi aldeak dira aberasten direnak.

Bestetik familia homosexualak eskolan agerian izatea oso garrantzitsua da, haur gay eta lesbianentzat ere erreferente izateko. Ez baitugu ahaztu behar, gu haurrak ere izan ginela. Homosexuala esaten dugunean, beti irudikatzen dugu nerabezarotik aurrerako jendea. Eta, aldiz, esan genezake eskolan ere %10 homosexuala dela, bai haurren artean eta baita irakasleen artean ere. Haurrek erreferenteak behar dituzte, beti bakardadean eta isolatuta senti ez daitezen, bestela lekuz kanpo sentitzen baitira.

Javier .- "Heterosexualitatearen presuntzioa" deitzen zaio horri. Alegia, "guztiok gara heterosexualak, kontrakoa frogatzen den arte". Presuntzio horrek sekulako gatazkak dakartza, batez ere homosexuala den mutiko edo neskato batentzat. Aldiz, guraso homosexualen erreferentzia hori edukiz gero, edo jakinez gero zure irakasle bat homosexuala dela, normaltasunez bizitzeko pauso bat izan liteke.



"Heterosexualitatearen presuntzio" hori zertan antzematen da eskolan?

Javier .- Adibidez neska bati "zein mutil gustatzen zaizu?" galdetzen zaionean. Edo txangoetan, logelatan neskak neskekin eta mutilak mutilekin jartzen direnean, "badaezpada, sexu harremanik egon ez dadin"; alegia, nesken artean edo mutilen artean sexu harremanik ez balego bezala. Arazoa da presuntzioarena ez dela kontzienteki egiten den gauza bat, ez da gogo txarrez egina, jendeak ez du nahita egiten, eta hor dago tranpa.



Homosexualak diren irakasleak ere ez dira agerikoak.

Olga .- Garen bezala azaltzeari dagokionez, irakasleok geronek ere asko dugu egiteko. Gainera, hezkuntza sistema publikoan behintzat, lan hitzarmenean jasota daude gure eskubideak, eta gero geroni gara eskubide horiek erabiltzen ez ditugunak. Esaterako, bikoteak ebakuntza duenean baja hartzeko eskubidea dugu, baina askok beste aitzakiaren baten bidez hartzen ditu egunak, bikotea nor duen ez esateagatik .

Javier .- Ezin diogu inori eskatu homosexualitatea normaltzat hartzeko, geronek ez badugu onartzen eta normaltzat jotzen geure burua. Jakina, sorgin gurpil bat da: gizarteak onartzen ez duenean homosexualitatea, ez da erreza zeure burua onartzea eta gizartean zaren bezala agertzea.

Olga .- Eskola komunitateak pentsatu behar du oraindik jende askok ez duela esaten homosexuala denik. Horrek zerbait adierazten du; horrek esan nahi du ez gaudela hain eroso eskolan, eta eskolak ez gaituela hain ondo hartzen.

Javier .- Ez da eskolaren arazoa soilik. Gizarte oso baten arazoa da, eskolan bere isla duena.

Olga .- Baina eskolak badu etorkizunarekiko ardura bat, beste erakunde batzuk ez dutena.



Zenbaiten ustez, homosexuala zarela ez dago zertan esanik, heterosexualek ere ez baitute euren burua hala aurkezten.

Olga .- Kontua ez da zure burua aurkeztu behar duzunik, esanaz: "homosexuala naiz". Kontua da ez duzula ezkutatu behar, normaltasunez azaldu behar duzula zarena. Lankideak senarraz hizketan ari direnean, heterosexualak direla esaten ari dira. Niri galdetzen badidate: "ezkonduta al zaude?", nire benetako erantzuna da "ez, ezin dut neskarekin ezkondu". Hori ez da aldarrikapen bat egitea, hori da egia ez ezkutatzea, besterik gabe.

Javier .- Nik orain arte neutroz hitz egiten nuen, "nire bikotekidea" esaten nuen. Aurten institutu berrira etorri naiz, lankide berriak nituen, eta froga egin dut: "nire mutila" esaten hasi naiz. Eta konturatu naiz ez dela ezertxo ere gertatzen, lankideek natural hartzen dutela.

Olga .- Eta horrekin erreferente izatea lortzen duzu, esaterako, orain arte adierazi ez duten irakasleentzat, edo ikasle asko eta askorentzat. Halako prozesuak oso garrantzitsuak dira homosexualtasuna "normaltzat", naturaltzat jotzeko. Ez ezkutatzearena, denok egin behar genuke.



Homosexualitatea nola landu izan da eskolan?

Javier .- DBHn heziketa sexuala lantzen denean, homosexualitatea gai berezi bat bezala lantzen da. Eta ez dela gai berezia aldarrikatu nahi dut.

Olga .- Sexu esparruan kokatzen gaituzte eta homosexualitatea ez da sexu kontua. Homosexualitatea izateko era bat da, eta hor afektibitatea, maitasuna, bizipenak ere sartzen dira. Kontua ez da sexualitatea lantzea eta horren barruan gu aparte aztertzea. Literaturan ere homosexualak badaude, historian ere bagaude, filosofian ere bai, eta hori izkutatu egiten da. Bizitzarekin zerikusia duten gauzek eta, oro har, gai guztiek, denok "berdintzat" hartzen gaituzte (alegia, "denak heterosexualak gara"), eta gero sexualitateaz hitz egiten denean, orduan agertzen dira homosexualak, eta horrela, badirudi sexu kontua soilik dela.



Nola landu behar litzateke?

Olga .- Errealitatean gertatzen dena azaltzeko ez duzu gai batean bereziki landu beharrik. Esaterako, familia lantzerakoan, fitxatan edo marrazkian beti agertu ohi da aita eta ama edo ama bat soilik, eta haurrei sekula ez zaizkie eskaintzen egon badauden beste aukerak. Jakina, aitzakia betikoa da: "baina non daude, bada, familia homosexual horiek? Haur txikiekin ezin da euren errealitatetik kanpoko konturik landu, ezin baitute ulertu". Horren erantzuna da, askotan ez dakigula haur horien etxeko errealitatea zein den ere, gurasoek normalean agerian uzten ez dutelako. Sorgin gurpil bat da azkenean. Gurasoak ez du agerian utzi nahi seme-alabak irainik eta estigmatizaziorik jasan ez dezan , baina hala irakasleak ere ez dira jabetzen haur horren egoeraz.



Gehitu kolektiboaren barruan hezkuntza lantaldea sortu zenuten orain bi urte. Zeri eman diozue lehentasuna?

Olga .- Gure ustez premia larriena duen adinari begira hasi gara lanean: Bigarren Hezkuntzari begira. Oso larrituta baikaude datu batzuekin: Euskal Herrian ez dago halako inkestarik, baina espainiar estatuan, esaterako, nerabezaroko suizidio kasuetan, homosexualen suizidio kasua lau aldiz biderkatzen da. Halako kopuruek adierazten dute zer sufrimendu dagoen gazte asko eta askorengan.

Javier .- Adin horri begira, liburuxka bat prestatu dugu, oraintxe inprentatik atera berria dena. "Homosexual orientazioa" du izena, eta 26 galdera ditu. Eskolatan banatuko dugu. Baina liburuxka ez dugu ikasleentzat bideratu, irakaslearentzat baizik, aipatu dugun kontzientzia hori sor dadin irakasleengan. Euren burua lantzeko materiala da, errealitate hori badagoela jabe daitezen, eta gero kontuan eduki dezaten eguneroko dinamikak planteatzerakoan.

Olga .- Bigarren Hezkuntzari erantzuteko premia gorria ikusi dugu, baina argi dago errealitate hori Haur Hezkuntzatik hasita landu behar litzatekeela. Guraso homosexual batzuekin harremanetan gaude, eta gure hurrengo pausoa izango da familia horien haurrek eskolan sarrera ona eduki dezaten lantzea



Zuek ari zarete lanean. Baina ez da homosexual kolektiboaren ardura soilik izango, ezta?

Olga .- Eusko Jaurlaritzan Gizarte Gaietarako Sailetik aurrerapausoak ikusten dira bikote legea dela edo adoptatzeko eskubidea dela. Pentsatzekoa da neurri horiekin guztiekin errealitate bat eskolara doala. Baina gero ikuspegi eta oinarri horiek guztiak Hezkuntza Sailean ez dira planteatzen. Hezkuntza Sailak gobernu horren politikarekin koherentea behar du izan. Hezkuntza Sailak formazio proiektuak, aurrekontuak eta errekurtsoak jartzen ez baditu , oso nekez aterako da politika integratzaile bat arlo horretan.