LA FARGA ikastetxea, Salt (Girona): Haur etorkinak integratzeko harrera gela

2005-06-01
Euskal Herrian izan berri dira Kataluniako Salt herriko La Farga ikastetxeko bi hezitzaile. BIGEk antolatutako II. erakus-truke topaketan hartu dute parte euren esperientziaren berri emanez. Ikasleen % 90 etorkina da beraien ikastetxean eta harrera gela berezi bat prestatuta daukate ikasle berri horientzat. Egiten duten lana eta prestatuta daukaten materiala gure eskoletara inportatzeko modukoa izan liteke, egin behar zaizkien egokitzapenak egin ondoren.
 
 
Katalunian kokatuta dago Salt herria, Girona ondoan, eta 25.000 biztanle ditu. Salten lau eskola publiko eta hiru pribatu daude, baina herriaren gunean eskola publiko bakarra dago, La Farga izenekoa. Herriaren erdigunean egotearen ondorioz, ikasle ugari matrikulatzen dira bertan, eta gehiengoa, gainera, etorkina da. Horien integrazioa sustatzeko harrera gela baten proiektua martxan jarrita daukate.

Ikastetxeak gaur egun 483 ikasle ditu, eta horietatik 376 etorkinak dira. Beraz, ikasle etorkinak % 78 izango lirateke. Hala ere, gainerako % 22 autoktonoak izan arren, familia asko kanpotarrak dira. Azken batean, etorkinen kopurua % 90 ingurura iritsiko litzateke. Edonola ere, kopuru horiek ez dira zurrunak, ikasturtean zehar gorabehera asko egoten baitira: batzuk joan, beste batzuk etorri... Horrela, ratioa 25 ikaslekoa izan arren, askotan 27-28 ikaslera ere irits daiteke, eskaera igo egiten baita eta ikuskaritzak behartu egin dituzte bi edo hiru ikasle gehiago egotea gelako.

Aurreko urtean ikasleen matrikularen inguruan aldaketa garrantzitsua egin zen herrian. Izan ere, ikasleak herrira iristean, beraien auzoan zegoen ikastetxera joaten ziren. Eta La Farga ikastetxea herriaren erdigunean dagoenez, ikasle etorkin ugari matrikulatzen ziren bertan (etorkinen ehuneko handiena zuen gainerako ikastetxeekin alderatuta). Beraz, aurreko ikasturtean matrikulazio batzorde bat eratu zen, eta horren bitartez ikasle etorkinak ikastetxe publikoetan zein pribatuetan banatzen dira, gehiago izanik publikoetan hartzen den kopurua. Matrikula batzorde hori udaletxeko ordezkariak, ikastetxeetako zuzendariek eta ikuskariak osatzen dute, eta egiten dituzten bileratan antolatzen dute ikasturtean zehar etortzen diren ikasleak nora joan. Esaterako, maiatzeko lehen hastean La Farga ikastetxeko harrera gelara zazpi ikasle berri iritsi ziren.



Etorkinei erantzuteko antolaketa

Ikasleriaren hezkuntza hobetzeko hainbat aldaketak egin dira La Farga ikastetxean. Esaterako, 1997- 1998 ikasturtean hezkuntza proiektua sakon berrikusi zen, ikasle etorkinen integrazioari modu egokiagoan erantzuteko. Hau da, ikasleria modu indibidualean tratatzeko, ikastetxeak zituen baliabide propioekin errefortzu linguistikoko gela sortu zen. Hurrengo bi urtetan Hezkuntza Departamentuak baliabide gehiago eman zituen eta beste hainbat laguntza ezarri ziren. Hezkuntza zerbitzu bat ere bazegoen katalanaren ikaskuntzarako eta zerbitzu konpentsatzailea ere bai. Ondorengo ikasturtean, 1998-1999an, sortu zen harrera gela. Hizkuntzen zerbitzua eta zerbitzu konpentsatzailea kendu eta plan berri bat egin zen: hizkuntza, kulturaniztasuna eta kohesio soziala (LIC). Horrekin, harrera gela sortu zen eta ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatzia lantzen dira batez ere bertan.

Harrera gelan eskolak egiten dituen jarduera guztiak biltzen dira, ikaslea iristen denean ongi integratzeko, bai bera eta baita bere familia ere. Horrekin batera, beste hainbat proiektu ere lantzen ari dira ikastetxean, besteak beste: arlo bakoitzaren proiektu kurrikulurra ikasleen beharretara egokituta; eta ikastetxearen hizkuntz proiektua, hainbat hezkuntza ziklotan lantzen dena. La Farga ikastetxea Katalunian kokatuta dagoenez, bertako irakaskuntzako hizkuntza katalana da, nahiz eta gaztelania eta ingelesa ere ikasi.

Hezkuntza proiektu batetik abiatzen dira ikasturte guztian egingo dituzten aktibitateak antolatzeko. Testuinguru horretan, matrikulazio arrunteko ikasleak eta hezkuntza sisteman sartuko diren ikasle berriak heltzen dira ikastetxera. Hezkuntza sistema honetan sartuko diren ikasle berriak, ordena kronologiko baten arabera gela batean kokatzen dira, ondoren harrera gelara joaten dira eta behar badute baita Heziketa Bereziko gelara ere. Askotan ez da beharrezkoa, eta gela arruntean eta harrera gelan soilik egoten dira. Matrikula arrunteko ikasle ia denak gela arruntean egoten dira, eta bakar batzuk Heziketa Bereziko gelara joaten dira. Gela horietan proiektuen bidezko ikaskuntza prozesua jartzen dute martxan, baina hori bai, talde murritzak izaten dira. Izan ere, nahiz eta hizkuntza ezagutu, gatazka asko dituzten ikasleak izaten dira. Modu honetan, zenbat eta talde txikiago izan, orduan eta egokiago erantzun daiteke.



Ikasle berriak egokitzeko urratsak

Ikasturtean zehar etortzen diren ikasle berrien matrikulazioa zuzendaritzako taldeak gauzatzen du. Gero, zuzendaritza taldeak eta udaletxeak ikasleari hainbat informazio luzatzen die: ordutegia, eskola materiala, ikastetxearen funtzionamendu orokorra, nola eskatu bekak ikasmaterialerako eta jangelarako, eta behar badute agiriak betetzen ere laguntzen zaie. Azken batean, ikasleari laguntza handia eskaini behar zaio ikastetxean ondo sentituarazteko hasieratik.

Zuzendaritza taldetik harrera egin ostean, hasierako ebaluazioa egiten zaie. Ebaluazio hori aurreko ikasturtera arte psikopedagogoak egiten zuen txostenarekin egiten zen, baina orain, arazo garrantzitsuren bat edo behar asko izan dituzten ikasleei soilik egiten zaie txosten sozial hori. Gainerakoei harrera gelako Gemma Iglesias eta Consol Rivas hezitzaileek egiten dizkiete probak. "Hainbat eredutako probak daude: matematika, hizkuntza, esku abileziak, zer dakiten matematikari buruz euren hizkuntzan, beraien herrialdean eskolatuak izan diren, beraien herriko hizkuntza badakiten, frantsesa ezagutzen duten... Izan ere, magrebiar asko izaten dira, eta frantsesa baldin badakite euren ikaskuntza prozesua erraztu egiten da" kontatzen digute bi hezitzaleek. Ebaluazio hori eginda, ikaslea gela batean egokitzen da, baina horren aurretik elkarrizketa bat egiten dute. Elkarrizketa horretan gelako tutorea, harrera gelako irakasleak eta familia egoten dira. Askotan komunikazio arazoa sortzen da elkarrizketatan, eta bitarteko baten beharra izaten da ulertzeko eta hitz egiteko. Behin elkarrizketa egin ondoren eta ikastetxearen informazioa zabalduta, ikaslea gelan integratzen hasten da, lehen astean goiz edo arratsaldez eta ondorengo egun guztian. Ondoren, ikasleari jarraipeneko ebaluazioa egiten zaio, ikasleak egunero egiten dituen lanaren kontrola eta jarraipena, hain zuzen ere. Hiru hilabetetan egindako lanaren inguruan bilera bat egiten da, ebaluazioa egin aurretik irakaslearekin eta ikasketa buruarekin haurraren prozesu osoa baloratzeko. "Bilera honetarako txosten batzuk egiten ditugu ikaslearen jarrera, portaera, hizkuntzaren ulermena eta mintzaira, idazmena eta abarren inguruko informazioa emanez" dio Rivasek. Azken ebaluazioa ikasturtearen bukaeran egiten da.

"Harrera gelara joaten diren ikasleak talde txikitan banatzen ditugu" dio Iglesiasek. "Haur Hezkuntzakoekin 2-5 ikasleko taldeak egiten ditugu, goizez eta ordu erdiko saioak egiten ditugularik. Lehen Hezkuntzako haurren kasuan, gutxienez bi eta gehienez zortzi ikasleko taldeak ditugu, eta saioek 30-50 minutu inguru irauten dute". Lehen Hezkuntzako ikasleak astean 3-5 saio izaten dituzte harrera gelan katalanaren ezagutzarik ez badute. Plastika, Musika, Heziketa Fisikoa, Ingelesa edo Informatika bezalako ikasgaiak dituztenean ikasleak beraien gelan egoten dira, hizkuntzaren ezagutzaren behar gutxiagoko ikasgaiak baitira. Harrera gelara joaten diren ikasleak gehienez bi ikasturte egoten dira, baina hori aldakorra izaten da, batzuk ikasturte bat egin eta beraien gela arruntean integratzen baitira. "Gela arrunteko eta harrera gelakoen artean informazio trukaketa ikaragarria behar da, ikaslearen prozesuaren onurarako" azpimarratzen du Rivasek.



Esku arteko materiala

Harrera gelan material askotarikoa erabiltzen dute eta horietako batzuk erakutsi zituzten Bilbon La Fargako hezitzaileek. Oso interesgarria izan zen material horiek ikustea eta bertaratu zirenek hainbat ideia praktiko eta erabilgarri hartu zituzten. Euskal Herriko ikastetxeetan matrikulatzen ari diren ikasle etorkinei euskaraz irakasteko baliagarriak izan daitezke. Eredutzat har daitezke euskarazko proiektuak eta material didaktikoak sortzeko.

Material informatikoaren artean zenbait web orriren berri eman zuten, batzuk katalanez eta beste batzuk gaztelaniaz daudenak: www.xtec.es, www.acollida.net, www.educarm.com.

Material komertzialen artean ahozko eta idatzizko hizkuntza ikasteko liburuak eta hiztegiak, ipuinak, irudiak eta jokoak erabiltzen dituzte. Deskripzioak, hiztegia, matematika eta beste hainbat gauza lantzeko aukera ematen dute.

Prestakuntza ikastaroetan erabiltzen dituzten euskarriez ere baliatzen dira, eta nola ez, eurek egindakoez ere bai. Dituzten beharren eta helburuen araberako ipuinak, jokoak, irudiak, laminak, abestiak, olerkiak... prestatzen dituzte.



Helburuak hizkuntzari begira

Ikastetxe honetako harrera gelan lan egiten duten hezitzaileek hainbat helburu dituzte:

1.- Ikasleak katalana ezagutzen hastea, eta ulertzen eta hitz egiten hasteko gutxieneko konpetentzia linguistikoa ematen laguntzea. Hizkuntzaren lehendabiziko kontzeptuak ematea izango litzateke, erabilgarritasun gehiena duena irakatsiz.

2.- Oinarrizko lexikoa eta elkarrizketa egiturak eskuratzea, ikasleak ikastetxean eta inguruan komunikatzeko eta erlazionatzeko. Esaterako, gelan daudenean gaitasuna izan dezatela arkatza eskatzeko, komunera joateko edota inguruan erosketak egitera joateko.

3.- Ikaslea ikastetxearen eta gelaren antolaketa eta funtzionamenduan integratzen erraztea. Izan ere, hizkuntza ikasteaz gain, beraien ohiturak aldatzen eta berrietara egokitzen hasi behar dute inguruaren antolaketa ulertuz.

4.- Ikasle berriaren eta beste ikasleen arteko harremana eta komunikazioa indartzea, egokitze prozesua errazteko eta katalanaren ezagutza lortzeko, elkarrizketa egoera anitz sortuz. Hasieran gela arruntean edo beste gelatan dauden lurralde bereko haurrak elkartzen dira, hizkuntza berbera dutenak, ikasle iritsi berriei itzultzaile lanak egiteko. Ondoren, katalana ikasteko bideak ematen zaizkie, nahiz eta askotan gaztelania izaten den hizkuntza nagusia eta berau ikasten duten lehendabizi.

5.- Arlo kurrikularreko lexikoa eta egitura espezifikoak eskuratzea. Hori goi mailako ikasketatan egiten da, hainbat ikas arlotan erabiltzen diren hitzak jakiteko.

6.- Tradizio eta kultura katalana ezagutzea eta ikasle bakoitzarena errespetatzea. Bertako ohiturez gain, ikasle bakoitzak dituen hizkuntza eta kultura beste ikasleei eta irakasleei zabaltzea izango litzateke, bakoitzaren hizkuntza eta kultura errespetatuz eta berdintasunean baloratuz.

7.- Ahozko eta idatzizko ikaskuntza lantzen hastea.



Jakina, helburu horiek lortzeko metodologia egokia erabili behar da. La Farga ikastetxeak duen lehen irizpidea eta garrantzitsuena ikaskuntza esanguratsua indartzea da. Horregatik, aktibitate sinpleak lantzen dituzte ahalik eta funtzionaltasun gehiena edukitzeko testuinguruan. Horretarako, materialaren aukeraketa ere oso garrantzitsua da. Gainera, aktibitateek izaera irekia eta ikaslearen ingurura zuzenduak izan behar dute, beraiek parte hartzeko eta eurek daukaten iritzia adierazteko. Gelako aktibitate horiez gain, festa bat egiteak adibidez, ikasleen ikaskuntza osatzen eta aurreratzen laguntzen du, ikasten duten guztia testuinguruan praktikan jartzeko bidea baitute.





Irakurleen txokoa

* Ikasle etorkinei euskara irakasteko material didaktikoen erakus-truke topaketan aurkezten diren materialak nola lor daitezke?

Material horietako gutxi batzuk salgai daude merkatuan, baina besteak lortzeko, truke sarean sartu behar da; hau da, hurrengo topaketara norberak sortutako material didaktikoren bat eraman beharko da. Ez dago zertan material hori euskara irakasteko izan behar. Curriculumeko beste ikasgairen bat irakasteko ere izan daiteke, etorkinei begira egokitutako materiala ere izan daiteke, edota kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean jarrera positiboak sortzekoa.



* Material horiek biltzeko gunerik (web, zentro, erakunde...) sortuko al da?

Nahiz eta buruan darabilgun bilguneren bat sortzea material horiek bertan eskuragarri izateko, oraindik orain ez dago ezer ziurrik.



* Proiektu honek jarraipenik izango al du?

Bai. Hurrengo topaketa Iruñean egitea espero dugu, urrian.







Txoko hau zeurea duzu, irakurle.

Egin galderak edo bidali erantzunak helbide hauetara:

itziaramayo@msn.com edo aldizkaria@hikhasi.eus



Zure izena edo ikastetxearen izenarekin batera, helbide elektronikoa jartzea eskatzen dizugu, erantzuna emateko zurekin zuzenean harremanetan jar dadin nahi duen oro.



Harremanetarako bide berri honekin, dauzkagun kezkak denon artean eta elkarri gure esperientziak kontatuz bidera ditzakegu. Anima zaitez!