Muga guztien gainetik... euskaraz!: ELORTZIBAR ikastola, Elortzibar

2005-06-01
Nafarroako 1986ko Euskararen Legeak zonaldeak sailkatu zituen, eta zonalde euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna bereizi zituen. Zonalde ez euskaldunean egoteak esan nahi du, sare publikoan ez dela D eredua eskaintzen, eta ikastolak sortuz gero, alegalak direla. Une honetan eskola alegalak dira Biana, Lodosa-Sartaguda, Tutera eta Irunberrikoak.

Elortzibarrek ere D eredua nahi du, eta Gobernua laguntzeko prest ez badago, eurek eraikitzea erabaki dute. Ikastola Batzordea sortu dute, guraso eta laguntzaile espezializatuekin. Hasteko, ikerketa soziologiko eta demografiko bat egin zuten, bideragarritasuna ikusteko. Ikerketa Marina Lopez batzordekideak zuzendu du, Nafarroako Gobernuan Estatistika Sailean teknikari denak. Elortzibar zonaldearen nahia baieztatu du ikerketak, baita bilera informatiboetara hurbildu den guraso kopuruak ere.

Ikastola Batzordeko zuzendariak azaldu digu prozesua zertan den. Roldan Jimeno da zuzendaria, tiebastarra. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbide irakasle ere bada. Legearen argi-ilunak ederki ezagutzen ditu.
 
 
Elortzibar zonaldea Iruñerritik gertu dago eta herriotara hedatzen da geografikoki: Noain-Elortzibar, Bariain, Tiebas, Izarbe eta Orba ibarrak, Elo, Ibargoiti eta Untziti ibarrak, Galar zendea hegoaldea eta Aranguren ibarreko Mutiloagoiti eta Mutiloabeiti. Zonaldeak inbutu moduan egiten du Iruñerantz, eta inbutuko muturra Noain da. Horregatik, Noain litzateke lekurik egokiena ikastola jartzeko.

Legeari dagokionez, zonalde ez-euskaldunean sartu zuten Elortzibar. Beraz, une honetan bi aukera dituzte zonaldeko haurrek euskaraz ikasteko: Iruñeko San Fermin ikastolara joatea edota sare publikoan Iruñeko Hegape ikastolara joatea. Arazo bi daude, ordea. Bata da Iruñeraino mugitu beharra egunero. Ikasleontzat autobusak badaude, baina Noaindik irteten dira, eta beraz, beste herrietako gurasoek autoz eraman behar dituzte haurrak Noaineraino, edota Iruñeraino bestela. Askok, azkenean, bere haurra herriko erdal eskolan uztea erabakitzen du. "Eta horietako guraso asko euskaltzaleak dira -adierazi du Roldan Jimenok-, baina sakrifizio handia da autoz egunero Iruñeraino eramatea haurrak. Eta horrela, ehunka haur ari dira galtzen euskararentzat. Horrexegatik ezarri zuten zonalde ez-euskaldunaren muga justu hor, bazekitelako zer lortuko zuten herrian bertan D eredua egotea eragotziz gero".

Bigarren arazoa zera da: Iruñerriko ikastolak une honetan gainezka daudela. Iaz 60 haurretik gora utzi behar izan zituzten kanpoan. Eta are larriagoa dena: Elortzibar zonaldean, biztanleria bikoiztu egingo da bost urte barrurako (Iruñerriko bikote gazteek Elortzibarrerako joera dute, zoruaren prezioa dela-eta). Alegia, haur booma espero dela zonaldean. Gakoa horixe da Roldanentzat: "Orain ikastola egiteko memento historiko-demografiko batean gaude; orain egiten ez badugu trena pasako zaigu, eta etorkizunerako haurrak galduko dira euskararentzat, izugarri".



"Zonalde ez-euskalduna" mugatzeko irizpideak erabat politikoak izan ziren

1986ko Legean zonaldeak mugatzeko irizpideak oso subjektiboak ziren. Hala dio Roldan Jimenok, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide irakasleak: "Zonaldeak zehaztearena eztabaida politikoa izan zen. Irizpide soziolinguistikoak baziren, batez ere zonalde euskalduna eta mistoa bereizterakoan. Baina gero, zonalde mistoaren eta ez-euskaldunaren artean, bereizketa oso subjektiboa izan zen". Gares jartzen du horren adibide: "Gares zonalde mistoan sartu zuten, eta Garesen ez zegoen euskaldunik. Baina politikoki Garesen karlismoak zeukan garrantzia (eta karlismoa oso euskaltzalea da), eta baita abertzaletasunak ere (hautagai independenteak dira, baina abertzaleak). Pisu politiko horregatik sartu zuten zonalde mistoan eta ez, behintzat, euskaldun kopuruan oinarrituta". Elortzibar zonalde ez-euskaldunean sartzeko zergatiak argi ditu Roldanek: "Batetik, gure zonaldean indar politiko sendorik ez zegoelako, baina batez ere, Iruñeko hegoaldean euskarari harresia jartzeko". Izan ere, Elortzibarren D eredua jartzen bada, euskarak kilometro piloa irabaziko lituzke hegoalderantz, ia-ia Tafallaraino helduko litzateke, eta horixe da Nafarroako Gobernuak jarri nahi duen harresia.

Behin bereizketa lege bihurtuta, lege da bere eragin guztiekin: gaur Garesko haur erdiak D eredura joaten dira, eta beraz, etorkizunean Garesek euskalduna izateko aukera handiagoak ditu. Elortzibar, aldiz, herritarrek egin behar duten gainesfortzuaren mende dago.



Alderdi politikoek esan dietena

Oso memento berezian daude: politikoki, parlamentuan hezkuntzaren inguruko txostenari ekin zaio ikasturte honetan. Eta Ikastolen Elkartea ere negoziaketan ari da Nafarroako Gobernuarekin eremu ez-euskaldunean dauden ikastolak legeztatzeko.

Elortzibar Ikastola Batzordea eratu zenean, arazo politiko baten ondorioz sortu zenez, alderdi politiko guztiekin hitz egin zuten, parlamentuan egon edo ez (baita Karlistak edo Batzarrerekin ere, txikienak aipatzearren). Oso kontent daude elkarrizketok eman dutenarekin. Alderdi abertzaleak erabat alde agertu dira. Ezker Batuaren jarrera ikastolaren aldekoa da, baldin eta legea aldatzen ez bada; lege horren diskriminazioa dela-eta, ikastola sortzea oso logikoa ikusten dute, baina Elortzibar zonalde mistoan sartuko balitz, sare publikoko D eredua bultzatzea izango litzateke Ezker Batuaren jarrera. CDNkoek ikastola egitera animatzen dituzte, "eta egia esanda, ideia onak eman dizkigute" gaineratzen du Roldanek. UPNkoek "ongi tratatu" dituztela dio, eta ez omen diete ezer zehatzik erantzun bitan elkartuagatik; "baina guri hori ona iruditu zaigu, gutxienez kontra ere ez direlako azaldu, aurrez aurre behintzat. Ulertzen dute arazoa, eta ulertzen dute gu hor egotea D eredua eskatzen".

Nafarroan dagoen hezkuntza plangintza guztia aldatzeko gakoa Alderdi Sozialistak du une honetan. Eta Alderdi Sozialistan bi jarrera kontrajarri daude: jarrera euskaltzaleagoa dutenek legea aldatu behar dela aldarrikatzen dute, eta eremu mistoa zabaldu behar dela merindade buruetan (Tafallan, Zangozan eta Tuteran). Roldan Jimenorentzat oso esanguratsua izan zen Alderdi Sozialistako Hezkuntza gaietako parlamentariak, Carlos Cristobalek, esan ziena: "zuek ez ezazue inola ere ikastolaren proiektua baztertu, ustezko eredu publiko bat sortu behar delako -esan zigun Carlos Cristobalek-, zuek jarrai ezazue, kontua ez baitago batere argi eta auskalo noiz egingo den bestea". Alderdi Sozialistan euskaltzaleenetakoa da bera. Baina partiduan beste alde bat guztiz kontra dago, eta legea bere horretan uztea nahi dute. Alderdi Sozialistaren barruan botoetan erdi eta erdi dira bataren eta bestearen aldekoak.

Nafarroako parlamentuan ere izan zen Elortzibar Ikastola Batzordea, eta txosten bat aurkeztu zuen Hezkuntza Batzordearen aurrean. Ordurako bilduak ziren lehendik alderdi politiko bakoitzarekin, eta beraz, parlamentutik ez zuten iritzi edo inpresio berririk atera; baina behintzat, alderdi bakoitzaren jarrera zein zen publikoki azal zezatela lortu zuten. Eta kasu konkretu bat mahai gainean jartzea, hori da lortu zutena: "jada gurasoen eskaera daukate mahai gainean, elkarte konkretu bat dago hor, eta inkestak eginak dituzte. Hain eskandalagarria da gure egoera, legearen aldaketarako ere adibide esanguratsua dela".



Elortzibar zonalde mistoan sartuko balitz, zer?

Elortzibar eremu mistoan sartzea litzateke idealena Roldan Jimenoren hitzetan, "ez hezkuntzagatik soilik, administrazioagatik eta, azken finean, hiritarren eskubide linguistikoengatik, oro har". Baina, ezin dira hori noiz lortuko zain egon: "gu une historiko-demografiko batean gaude, eta horri erantzun bat eman behar diogu; baina orain". Ezin dira Nafarroako Gobernuak zer erabakiko duen zain egon; Parlamentuak zonifikazio aldaketaren aldeko apustua egingo balu ere, hori ez da Nafarroako Gobernuarentzat loteslea edo binkulantea; alegia, Gobernuak berdin erabaki dezakeela lehengoan jarraitzea. "Dinamika horretan sartzen bagara, Elortzibarren D eredu publikoa zabaltzen denerako 5 urte pasa daitezke, eta denbora hori gehiegi da".

Euren proiektuarekin aurrera egitea erabaki dute. 0-3 urteko zikloarekin hasiko dira; hala, txarrenera jota proiektua zapuztuko balitz ere, 0-3 urteko harrobi hori Iruñerriko ikastolentzat ere mesedegarri litzateke. Gainera, horrela 3 urteko epea dute egoera politikoak norantz egiten duen ikusteko. 0-3 etapa 2006. urterako irekitzea da euren asmoa. Behin 0-3 etapa abian jarrita, orduantxe sortuko balitz D eredu publikoa "poztu egingo ginateke", dio Roldanek, eta jada ikastola ez lukete sortuko, zonaldean ez baitago bi zentroei eusteko adina haur. Aldiz, behin ikastola sortu ondoren jartzen bada D eredu publikoa, bi zentroek elkarbizitzea posible dela deritzote, "bi eskaintza oso ezberdin liratekeelako" .



Egun, leku bila

Ikastola jartzeko tokirik egokiena Noain omen da, herritarren joeragatik, baina lekua topatzea da problema. Zuluetako kontzejuak aukera polita eskaini zien, baina herrian ikastolaren aurkako sinadurak biltzen hasi ziren. Roldanen hitzetan, "UPNko emakume integrista batek antolatu zuen dena, eta berez gutxiengoa ziren, baina mediatikoki nahi zutena lortu zuten". Sinadura horiek juridikoki ez omen zuten nondik heldu ere, sinadurak gutxi zirelako eta asko esku berarekin idatziak, edota sinatu gabeak... Baina hala ere, Zuluetako aukerari ezetz esatea erabaki dute, ikastola halako arazorik gabe sortu nahi dutelako: "nahikoa indar inbertitu behar dugu bestela ere, horiekin galtzeko".

Imarkoaingo kontzejuarekin ere mintzatu dira, eta hasieratik oso jarrera irekia agertu omen dute. Roldanek esaldi bakarrean biltzen du Elortzibar Ikastola Batzordearen energia: "zailtasunak ditugu, baina ez dira gaindiezinak".•