Ikasle etorkinak Haur Hezkuntzan (II)

2006-03-01

Ikasle etorkina eskolan eta gelan

Lehendabiziko artikuluan ikasle etorkinen familiak eta eskola izan genituen hizpide. Oraingoan ikasle etorkin horiek gelan nola artatu aztertuko dugu.

 
 

Haur Hezkuntzako ikasle etorkina eskolatze prozesuaren aurrean

Lehendabizi, hemengo ikasleen eta ikasle etorkinen artean egon daitezkeen antzekotasunak eta desberdintasunak ikusiko ditugu, eta ondoren, horren ondorioz sortzen diren beharrak aztertuko ditugu. Ikus ditzagun beheko taulak.

Prozesuan sortzen diren beharrak

Aurreko guztia kontuan izanda, hona hemen sortzen diren beharrak:

Harrerako gizartearen kultura ezagutzeko eta horri egokitzeko ikasleak duen beharra

Arestian esan dugun bezala, ikasle etorkinak jatorrizko ingurune kulturalean ikasitakoa —familiaren balioak, ohiturak, eskolarekiko irudia eta abar— eta harrerako gizartean aurkitzen duena oso desberdinak izan daitezke. Guretzat oso arrunta den edozein gauza edo jokaera ezohikoa izan daiteke ikaslearentzat nahiz familiarentzat. Hori dela eta, batzuetan pentsa dezakegu guk proposatzen duguna ulertzeko edo ikasteko motelak direla. Horregatik, denbora eta aukera eman behar diegu bai familiari eta bai ikasleari jatorrizko kultura eta hemengo kultura norberaren identitatean integratzen joateko.
Bestalde, guk ere ahaleginak egin behar ditugu eskolaren eta familiaren arteko ikuspuntu desberdintasunak argitzen eta ulertzen; modu horretan, guztiok aberastuko gara kulturen arteko elkarrizketaren bidez.

Ikasle etorkinaren kultura eta hizkuntza baloratzeko dagoen beharra

Ikasle berriak sentitu behar du bera, bere jatorrizko kultura eta hizkuntza onartzen eta baloratzen ditugula. Horrek garrantzi handia dauka norberaren estimua eta irudi positiboa eraikitzeko, bai eta hemengo kultura eta hizkuntza onartzeko jarrera ona izateko ere.
Horretarako, komeni da dakiena besteen aurrean agerian jartzeko aukera ematea eta, era berean, ikaslearen kulturako erreferente batzuk ikastetxean eta gelan txertatzea. Dena den, naturaltasunez jokatu beharra dago, topikoetan erori gabe. Dakiena azaltzeko aukera eman bai, baina astunak izan gabe, inori ez baitzaio atsegin tratu desberdina jasotzea.

Hemengo hizkuntzak ikasteko ikasle etorkinak duen beharra

Ikasle etorkin askok ez dute, ez euskara, ez gaztelania jakingo. Beraz, hizkuntza horiek ikasi beharko dituzte. Beste ikasle batzuek, berriz, gaztelania dute ama hizkuntza. Horrek hasierako harremanak erraztu egin ditzake, baina ez dugu ahaztu behar hizkuntzak erreferente kultural zehatz batetik edaten duela. Beraz, nahiz eta hizkuntza berbera izan, gure tonuera, hiztegia, esapideak... desberdinak izan daitezke, eta gaizki-ulertuak argitu beharko ditugu behin baino gehiagotan. Horrez gain, ingelesa ere ikasten dute. Hori guztia dela eta, hizkuntza bakoitzari emango zaion trataera erabaki beharko dugu: noiz, zein egoeratan, norekin eta nola landuko diren.
Dena den, txosten honen 3. atalean hizkuntzak lantzeko jarraibide zehatzagoak ageri dira.

Ikaslearen integrazioa lehenengo unetik zaindu beharra

Ikasle berria bazterturik senti ez dadin, komeni da haren integrazio prozesuari arreta berezia ematea. Etorri aurretik, ikasgelan emango diogun harrera taldekideekin prestatuko dugu. Elkarrekin jolasteko aukera emango diegu eta, behar izanez gero, taldekideak berriari laguntza ematera gonbidatuko ditugu. Horrez gain, desberdintasunaren aurrean sor daitezkeen gatazkak eta baztertzeak gainditzen lagundu beharko diegu.

Ikaste prozesuari gertutik jarraitu beharra

Ikaslearen integrazioa zaintzeaz gain, haren ikaste prozesuari arreta jartzen saiatu behar dugu, ahalmen guztiak ahal den gehien gara ditzan. Beraz, haurraren aurrerapen, oztopo edo zailtasunak aztertuko ditugu eta horiek gainditzeko behar duen laguntza eskainiko diogu.

Ikasle guztiei kulturarteko hezkuntza eskaini beharra

Guztiontzat aberasgarria da gelan kultura desberdinenak egotea. Ikasle guztiei eman behar diegu aukera kultura desberdinak ezagutzeko, baloratzeko. Horretarako, curriculumean kultura anitzen presentzia bermatuko dugu, gaiak hainbat ikuspuntutatik zein giza eskubideen ikuspegitik aztertuz.
Ikasle etorkinen egokitzapena, integrazioa eta ikasketa prozesua laguntzeko iradokizunak

Eskolatze hasieran

Bi egoera hauek bereiziko ditugu:

A.- Ikasle etorkina irailean, guztiekin batera, eskolan sartzen denean

Egoera honetan, ikastetxean ezarrita dagoen ohiko prozesua bete daiteke: hasierako egunetan talde txikitan eta txandaka sartu, ordu batzuk besterik ez eman, ama gertu egoteko aukera eman...
Dena den, familiaren egoera ikusita, malguak izango gara, eta berarekin izango ditugun lehenengo kontaktuak kontu handiz zainduko ditugu. Hona hemen kontuan hartzeko jarraibide batzuk:
- Behar izanez gero, gurasoen hasierako bilera orokorretan parte hartu ordez, elkarrizketa indibidualak egin.
- Jarrera hurbila eta irekia izan, elkar ulertzeko behar den denbora emanez.
- Egokitzapen garaiari buruz proposatzen zaiena eta horren arrazoiak ulertzen dituztela ziurtatu. Proposatutakoa onartzeko oztoporen bat azalduko balute, irtenbideak adostu.
- Lehenengo egunetan, nondik sartu behar den, gelara hurbiltzen nork lagunduko dion eta abar finkatu.
- Informazioa dosifikatu, informazio gehiegi emanez gero ez ulertzeko arriskua baitago.
- Behar izanez gero, emango dugun informazioa ulertarazteko irudiez edota testuinguruaz baliatu. Horretarako, lagungarria izan daiteke bilera ikaslearen gelan egitea edota argazki bilduma bat izatea, esaten duguna argitzeko aukera emango baitigute: ikasgelan egiten dena azaltzean, erosi behar dituzten materialak esatean eta abar.
- Oinarrizko informazioa ahoz emateaz gain, idatzirik eman (egutegia, ordutegia, erosi beharreko materialen zerrenda...).

B.- Ikasturtean zehar ailegatzen denean

Gure arreta ondoko eremu hauetan jarriko dugu:

Ikasle berriaren harrera prestatu

Arestian esan dugun bezala, komeni da ikasle berriaren harrera gelako ikaskideekin prestatzea. Hona hemen, adibide gisa, eman ditzakegun pausoak:
Gelako ikasleei ikasle berri bat etorriko dela iragarri eta gero, hari buruz dakiguna azal diezaiekegu: izena, jatorrizko herria, dituen anai-arrebak, haren hizkuntza eta abar. Haren argazkia baldin badugu, erakuts diezaiekegu, nolakoa den ikusteko. Ikasle berriak duena eta dakiena agerian jartzen saiatuko gara haren alde negatiboak nabarmendu beharrean (“ez daki euskara, ez du inor ezagutzen...”). Adinaren arabera, haren herrialdea munduko bolan koka dezakegu, eta horren inguruko informazioa bilatu. Ondoren, guztion artean komenta dezakegu ikaslea gelara etortzen denean nola sentituko den, zer behar izango dituen eta gurekin gustura egoteko zer egin genezakeen.
Azkenik, lehenengo eguneko harrera egiteko ekintzak finkatuko eta prestatuko ditugu: gela apaindu, ikaslearen hizkuntzan agurra ikasi, oparitxo bat prestatu (adibidez, guztion argazkiekin edo marrazkiekin egindako liburua, argazkiaren azpian izena idatzita; orri txuri bat utziko dugu, non berriaren argazkia itsatsi eta izena idatziko dugun), guztion burua aurkezteko abesti edota joko batzuk egin, eta abar.

Ikaslearen egokitzapena erraztu

Familiari hainbat aukera eskainiko dizkiogu lehen egunetarako: ikaslea eskolara sartu aurretik, egun batzuetan jolastokira jolastera etortzea gainerako ikasleak ez dauden bitartean; goizez edo arratsaldez soilik etortzea; ama gertu izatea; ikasleak maitatzen duen gauza bat ekartzea eskolara, etxearen eta eskolaren arteko bitarteko afektiboa izango dena…
Harrera behar bezala prestatzeko denbora beharko dugu. Familiarekin negoziatuko dugu etxekoen baldintzak kontuan hartuta. Hortik aparte, familiarekin hitz egiten dugunean hainbat informazio jaso dezakegu, zertarako den azalduz: haurraren argazkia, haren izena, ondo ahoskatu eta idatzia; agurtzeko erabiltzen dituzten esaerak edota keinuak; haien herriari buruzko informazioa…

Eskolatze prozesuan

Hainbat erreferente kultural erabili gelan eta curriculumean
- Gaiak eta proiektuak garatzerakoan: edozein gairen inguruan (animaliak, etxea, elikadura...) denek dakitena jaso, hainbat ikuspegi kontuan hartu, kultura askotako informazioa jaso eta tratatu....
- Etxeko txokoan: itxura askotariko panpinak, Asiako zotzak eta katiluak eskaini, arabiar munduan ohikoak diren alfonbra eta kuxinak...
- Liburutegian: hainbat hizkuntzatan idatzitako liburuak/aldizkariak… Munduko ipuinak/abestiak… Haur guztien izenak hizkera desberdinetan. Kultura askoren inguruko informazio liburuak… Atlasak, lur bola…
- Plastika txokoan: hainbat herritako artelanetako ereduak (“arabesko” izeneko marrazki geometrikoak, maskarak, buztinezko ontziak…) Musika txokoan/gelan: hainbat herritako musika tresnak, abestiak, dantzak...
- Jolastokian/psikomotrizitate gelan: munduko joko herrikoiak.

Ikaslearen integrazio soziala zaindu

Saiatu behar dugu ikasle etorkinaren integrazio soziala eskolako esparru guztietara zabaltzen: gelara, jolastokira, jantokira, eskolaz kanpoko ekintzetara, garraiora, txangoetara...
Horrek zera eskatzen du: batetik, esparru horietan esku hartzen dugun helduok (irakasleak, jantokiko begiraleak, eskolaz kanpoko ekintzak zuzentzen dituztenak, atezaina...) arduratu behar dugula ikasleen artean errespetuzko harremanak bultzatzeaz; eta bestetik, guztiok koordinatuta lan egin behar dugula, irizpide bateratuak erabiltzeko.
Ikasleen arteko harremanak sendotzeko eta sor daitezkeen arazoei aurre egiteko jarduera batzuk presta ditzakegu. Horretarako onak izan daitezke:
- BAUM, Heike: Con ese no quiero jugar, Graó, Bartzelona, 2003.
- CASCÓN, P.: La alternativa del juego, Catarata.

Ikaste prozesuaren gertuko jarraipena egin

- Igurikimen altuak izan behar ditugu. Gaitasun guztiak garatzeko estimulu ugari ematen saiatu behar dugu.
- Ohiko jardueretan ikasleengandik gertu egongo gara, eta haiekin banakako elkarrekintza ugari egingo dira: egiten ari denari buruz jarraibideak eman edo azalpenak eskatu, jolasak edo jarduerak aberasteko apustu berriak proposatu, gatazka kognitiboa sortu, dakiena agerian jartzen lagundu, jarduerak planifikatzen eta ebaluatzen lagundu, konfiantza eta animua eman, txarto egindakoaz ohartarazi, oztopoak edo gatazkak gainditzeko irtenbide alternatiboak bilarazi, jardueretan modu aktiboan parte hartzeko estimuluak eman…
- Ikasleen arteko elkarreragina eta elkarri laguntzeko jarrera bultzatuko ditugu. Horretarako, joko eta lan kooperatiboak proposa ditzakegu: bi ikasleren artean puzzle edo eraikuntzak egin; ipuin bat irakurri, asmatu, marraztu..., batak besteari joko edo eta ataza bat nola egiten den azaldu; beraien arteko laguntza bultzatu oztopoak gainditzeko...•

ZERTAN DIRA BERDINAK IKASLE ETORKINAK ETA HARRERA GIZARTEKO IKASLEAK?

Familia batean bizi dira, eta hor:

Beren identitatea eraikitzen hasi dira, lehenengo sozializazioa egin dute, mundua balio zehatz batzuen arabera interpretatzen hasi dira, zenbait gauza ikasi dute, hizkuntza bat erabiltzen dute...

Oinarrizko behar hauek dituzte:

Jolastea, ziurtasun afektiboa izatea, harremanak izatea, ingurunea aztertu eta ulertzea...

Eskolatze hasieraren une kritikoa:

Familiarengandik banantzen ikasi beharra, irakaslearekin lotura afektiboa lortu beharra, adinekoekin harremanak egiten ikasi beharra, eskolako espazioak, errutinak eta funtzionatzeko erak bereganatu beharra...

Eskolatze prozesuaren bidez garapen integrala lortzeko eskubidea daukate:

garapen afektiboa eta soziala, mugimenduzkoa, kognitiboa eta linguistikoa.

ZERTAN DIRA DESBERDINAK IKASLE ETORKINAK ETA HARRERA GIZARTEKO IKASLEAK?

Mundua ikusteko erreferente kultural desberdinak dituzte: balioak, ohiturak, eskolarekiko irudia. Gerta daiteke,

hasieran batik bat, bi kultura desberdinen artean egotea.

Ingurune fisiko eta soziala ez dute ezagutzen.

Eskolara dakartzaten aurretiko ezagutzak desberdinak dira.

Eskolako mundua ez dute ezagutzen: jostailuak, altzariak, liburuak, ohiturak, apaindurak..

Batzuetan beste hizkuntza bat erabiltzen dute (edo beste hizkuntza batzuk).

Ikasturtea hasita badago, gelakoek funtzionatzeko errutinak ikasita dauzkate, beren arteko harremanak hasita daude. Ikasle berriak arrotz eta baztertuta senti daitezke.