HAURRAK AFEKTIBITATE ETA SEXU ANIZTASUNEAN HEZTEN

2007-01-02

Pertsona bakoitzak, sentitzeko, adierazteko eta bizitzeko modu propioa eta berezia du. Pertsona bakoitza bakarra eta berezia da eta beraz, bakoitza sexualitate bat dela diogu.

Erotika adierazteko moduak anitzak dira eta bakoitzak bere bizipen propioak ditu bere sexuazio prozesuan. Horrek sexualitate bakoitza berezi eta bakar egiten du.

Haur bakoitzari, aukera guztietan bizitzeko eta hezteko eskubidea izatea bermatu behar zaio.

 

 
 

HAURTZAROTIK AUKERAK MUGATU GABE

Sexu aniztasuna lantzen denean, sarri modu puntualean egiten da eta gainera, haurrak nahiko koskortuta daudenean. Eta zer zentzu du nerabezaroan sexu aniztasunaz hitz egiteak ordu arte jaso duen guztia marko heterosexual batean kokatua izan bada?

Jasotzen den eredu sexuala, koitora eta ugalketara mugatzeaz gain, sexualitate genitalizatua da. Eskolan, sexu hezkuntza egiten denean gehien lantzen diren irudiak zakilak eta aluak dira eta harreman sexualei buruz hitz egitean koitoari buruz hitz egiten da. Ikuspegi horrek, pertsonen aukerak mugatzen ditu eta ez du batere laguntzen beren garapenean, adituen ustez. Horrez gain, materiala, ipuinak, marrazkiak eta hizkuntza bera ere, heterosexistak dira. Beraz, haurrak igurikapen heterosexualean hezten ari gara.

Bestalde, kontuan hartu beharko lirateke ikasgeletan gero eta anitzagoak diren familia ereduak: guraso bakarrekoak, aiton-amonek zaintzen dituzten haurrak, banandutakoak, berregituratuak… eta horien artean, familia homoparentalak. Ikasgelan ez bada txikitatik sexu eta afektibitate aniztasuna lantzen, zaila egingo zaie beren familia ulertzea.

Sexu hezkuntzaren helburua, emakumezkoak eta gizonezkoak zoriontsuak izateko beren gorputzak ezagutzen, onartzen, beraien sexualitatea bizitzen eta erotika propioa adierazten ikastea da. Eta horretarako, beharrezkoa da sexu aniztasunean heztea, lehen eta bigarren mailako sexualitaterik ez dagoela erakutsiz. Curriculumeko gai guztietan islatu beharko litzateke aniztasuna.Eta era berean, zuzenean landu daitezke desira orientazioa, homosexualitatea eta homofobia, baina betiere aurretik marko orokorragoan landu badira. Sexu hezkuntza aniztasunaren eta generoaren ikuspegitik eskola garai guztietan egin behar da, beti dago zer egina eta zer esana.

Haurraren sexu garapena aniztasunean

Luzaroan, haurrek sexualitaterik ez dutela pentsatu izan da, baina egun badakigu badutela, eta onarpen horrek, balioa ematen dio sexualitate horri. Gure sexuazio prozesua jaiotzatik heriotzaraino jarraia, dinamikoa eta aberastasunez beterikoa da eta prozesuaren lehen garaiak ezagutzeak prozesu osoa hobeto ulertzen lagunduko digu. Haurdunaldian, nola sexuatuko garen baldintzatzen hasten da: kromosomak, gonadak, hormonak, barne eta kanpoko genitalen garapena, nerbio sistema zentrala… Eta medikuak gurasoei haurraren sexua esaten dien unetik, haien igurikapenak martxan jartzen dira. Behin haurra jaio eta ikusi ostean, sexua esleitzen zaio. Familiak modu desberdinean ikusiko du haurra, neska edo mutila izan. Sozializazio desberdinduaren hastapenak dira, eta hori haurraren jokabideetan islatuko da. Eta horrez gain, heterosexualitate igurikapena ere jada martxan da, hau da, haurra heterosexuala dela pentsatzen da.

 

Ez epaitu helduen begiradarekin haurrek egiten dutena

Haurrak ez du hainbeste desberdintzen sexuala eta ez-sexuala, ez daudelako sentsazio erotiko zurrunak, geroago egongo diren moduan. Gainera, beraientzat gorputzeko zonalde erotikoenak ez dira genitalak. Haur sexualitatea urrun dago sexualitatearen ikuspegi genitalizatutik eta ugalketarako sexualitatearen ikuspuntutik. Helduek baino gutxiago desberdintzen dituzte desira erotikoak desira afektiboetatik. Beraientzat dimentsio sexuala, afektiboa eta soziala oso lotuak daude. Bestalde, helduontzat jokaera erotikoak esanahi asko dituzte, konnotazio ugari: desira, ekarpena, konpromisoa, maitasuna, plazera, pasioa… Haurrentzat esanahi horiek guztiak urrun gelditzen dira. Eta helduok, sarri, haurren jokaerak aztertzean guk sexualitatea ulertzen dugun ikuskeratik egiten dugu, eta une horretan jada erantzun bat ematen ari gara haurraren sexu hezkuntzari.

Lotura afektiboen garrantzia

Haurra atseginak eta desatseginak gidatzen du. Beraz, haurrak plazera eta lotura afektiboak izateko behar handia sentitzen du. Gizarte estimuluek erakartzen dute haurra: ukimena, giza aurpegia, ahotsa… Lotura afektiboak bizitzan zehar sexualitatearen bitartekari izango dira, baina are gehiago haurtzaroan. Sexu heziketa, atxikimendu harremana duten pertsonekin hasten da. Eta garrantzitsua da haurrak, neska eta mutil bakoitzak, bere burua ezagutzen eta onartzen ikastea, eta gai izatea bere erotika modu zoriontsuan adierazten ikasteko. Gertuko pertsonekin ikasten da modu intimoan komunikatzen: laztanak, hitz goxoak, azalaren kontaktua, eskua ematea, musuak, besarkadak… Haurrak pertsona horiekin segurtasun eta babes sentimendu positiboak biziko ditu, eta hor ikasten du haurrak maitatua izateko eskubidea duela. Sexualitate hori, bisexuala, homosexuala edo heterosexuala izango da.

Jaio eta urte t´erdira aldaketa handiak gertatzen dira haurraren bizitzan. Gaitasun motoreak (ibili, bakarrik jan, jantzi..) eta linguistikoak eskuratzen ditu eta ondorioz autonomia maila areagotzen du. Jada gizarte arauak hautematen doa eta oso desberdina da arau horiek arrazoituz ikastea edo ez. Garai honetan jeloskortasunak gainditu beharko ditu, gertuko pertsonen begiko bakarra ez dela konturatuko delako. Garrantzi handia izango du atxikimendu harremana pertsona bat baino gehiagorekin izanak.

 

Haurraren sexu kuriositatea

Haur guztiek dute sexu kuriositatea eta horrek ikaskuntza prozesua indartzen du. Sexualitatearen inguruan hitz egin behar dugu eta kontziente izan behar dugu haurrarentzat hitza esanahiez betetzen hasiko dela. Eta zein esanahi jasoko du guk zakilei, baginei eta koitoari buruz soilik hitz egiten badiogu? Afektibitatearen eta sexualitateen inguruan hitz egin beharko diogu informazio egokia emanez. Gainera, haurren kuriositateari erantzutea ez da soilik galdera horri erantzutea. Izan ere, badakigu sarri ez dela nahi denaz galdetzen.

Bestalde, homosexualitatea, heterosexualitatearekin batera gure diskurtsoetan agertzen ez bada, heterosexualitate presuntzioan hezten ari gara. Eta gero, zertarako balio du bat-batean nerabezaroan sexu orientazio aniztasunaz hitz egiteak, txikitatik eredu heterosexualean soilik hezi baldin badugu? Sexualitateez eta sexu aniztasunean hezi behar da haurra, etorkizunean bere beharrak modu naturalean bizitzeko, homosexualitatea modu naturalean onartzeko eta bere beharrak modu zoriontsuan asetzeko.

Imitazio eta identifikazio ereduak

Haurrak jasotzen duen informazioaz gain, eragin handia du ingurukoek sexualitatea nola bizi duten. Naturaltasuna eta gardentasuna dira gakoak, baina horrek ez du esan nahi modu perfektuan egin behar dugunik. Pertsonak gara eta dudak, lotsak eta beldurrak izan ohi ditugu, perfektuak izan behar dugula erakutsi diguten arren. Eta horregatik, garrantzitsua da haurrek hori ikustea, beraiek ere dudak dituztenean, lasai adierazten saiatzeko.

Haurrak bere ingurunean aukeraz betetako eredu anitzak baditu, zailagoa izango da bera etorkizunean baztertua sentitzea.

 

Gorputza ezagutzen eta ukitzen

Haurrak, nola ez, bere eta besteen gorputza ukitzeko kuriositatea du, eta genitalak ukitzekoa ere bai. Esfinterraren kontrola dela-eta, ordura arte eskura gelditzen ez zitzaion gorputzeko atal bat bistan izango du, eta gorputzeko beste atalak bezala, hau ere ikertuko du, atsegina sortuko diolarik. Ukipen horiek hasieran ikerketa badute ere helburu, segituan plazera ere xede bihurtzen da. Garai bakoitzean modu desberdinean biziko dugu plazera. Helduen plazera esanahiz betea dago eta haurrena oraindik ez. Gainera, ez da hain plazer genitalizatua, irekiagoa da.

Masturbazio horren aurrean, helduek izango dituzten jarrerak erabakiorrak dira haurra eraikitzen ari den sexualitate horretan. Horretarako, garrantzitsua da hezitzaile batek zer helburu dituen pentsatzea, intimitatea lantzea, berean uztea... eta horren arabera jokatzea. Ondorio desberdinak izango ditu egiten denaren arabera. Gerora, haurra bere gelan masturbatzen bada, desberdina izango da intimitatea bilatzeko egitea edota inork ez “harrapatzeko”. Eta hor dago gakoa. Haurrak ezin dela masturbatu uste badu, errudun sentituko da. Eta zoriontsu izan al daiteke errudun sentsazioarekin?

Biren arteko jolasei dagokienez, garrantzitsuena zergatik sortzen diren eta zer esan nahi duten ulertzea da. Eta hezitzaileek horien artean hartzen duen jarrera, masturbazioaren aurrean bezala, oso erabakiorra da. Haurrarentzat agian ez da garrantzitsua neska edo mutil batekin jolastea. Baina heldu batentzat desberdina izango da. Ondorioz, erreakzioak ere desberdinak izango dira. Eta une horretan, haurrak erreakzio hori ikasiko du.

Aukerarik ez mugatu

Haurraren sexuazio prozesua aurrera doa eta helduen igurikapenak prozesu horretan islatzen dira, eta poliki-poliki identitate sexual bat eraikitzen doa. Urte t´erditik aurrera, jada neskatoek eta mutikoek desberdin jokatzen dute eta 2 urterako jada, nahiz eta argi esateko gai ez diren, neska edo mutil sentitzen dira. Baina sentimendu hori ez dute beraien hormonek, gonadek edota genitalek sortzen, euren itxurak (arropak, ilea…) eta sozializazio prozesu motz horretan ikasi dutenak baizik. 6 urte dituztenerako jada gehienak sentitzen dira neskak edo mutilak. Prozesu honetan garrantzitsua da haurrei erakustea ez dagoela neska eta mutilentzako jolas, arropa ezta lanbide zehatzik. Haur bati, bere generoarenak kontsideratzen ez ditugun jolas eta jostailuak gustatzen zaizkionean, helduen beldurrez zipriztindutako gatazka eta anabasa datoz. Batzuengan, gainera, euren haurra femeninoagoa edo maskulinoagoa izateko “beldurrak” sortzen dira. Eta beldur horiek gauzak normalizatuta ez daudela ikusteko adibide sinpleak dira.

Hezitzaileok lan asko egin behar dugu identitate sexuala, desira orientazioa eta generoa ez nahasten. Eta batez ere, haurrei beren aukerak ez mugatzen.

Jada 6 urterako arauak onartzen eta jeloskortasunak gainditzen hasiak dira, eta berdinen arteko taldeak garrantzi dezente du. Sozializazio agenteek garrantzia eta eragin handia dute. Jokabideekiko kontrol sexuatu bat dago, neskak eta mutilak desberdin tratatzen direlarik. Eta eskola, ez da salbuespena.

Eskolan, bere orokortasunean, heterosexualitatean hezten da. Materialak, egiturak, antolamendua, hezitzaileen hizkuntza eta formazio faltak sexu aniztasuna behar den bezala ez lantzea dakar. Hortik arazoak familia eredu anitzak ulertzeko eta homosexualitatea naturaltasunez bizitzeko. Horrez gain, neskentzako eta mutilentzako rol desberdinak bideratzen dira, gaitasun desberdinak jorratzen dira eta igurikapen desberdinak daude.

Garai honetan oso ohikoa da haurrei ea neska-lagunik edo mutil-lagunik baduten galdetzea, betiere norabide bakarrean. Eta batez ere, oso esanguratsuak izaten dira galdera horren ondoren egiten diren aipuak.Garai honetan masturbazioaren plazeraz jabe daitezke edo manten dezakete, eta helduen morala bereganatzen hasten dira, arau unibertsal gisa ulertuz. Horregatik, oso garrantzitsua da haurrak beste kulturak eta pentsatzeko modu desberdinak ezagutzea, “unibertsalak” edota finkoak diren gauza gutxi daudela erakusteko. Sexualitatearen inguruan hitz egiten dugunean ere garrantzitsua da sexu orientazio anitzez hitz egitea. Esaten ez duguna ikusezina bihurtzen baitugu. Sexualitatea eta erotika ulertzeko modu desberdinak daude eta hezitzaileek horri buruzko ikuspegi positiboa ematea garrantzitsua da.

 

Latentzia etapa delakoa

6-12 urteko etapari sarri latentzia etapa deitzen bazaio ere, garai honetan haurraren sexuazio prozesua martxan dago eta bere sexu kuriositatea ere bai. Izan ere, garai honetan entzuten eta ikusten duen guztiak eragin zuzena du. Beraz, adin hau ez da inondik inora pasiboa eta poliki-poliki esanahi asko doaz eraikitzen.

 ESKOLARAKO PROPOSAMENAK

Pablo Cantero: “Ikasle gay, lesbiana eta transexualen beharrei erantzuten jakin behar dugu”

Gehituk Haurtzaroan afektibitate eta sexu aniztasunean heztea izeneko jardunaldiak antolatu ditu eta bertan parte hartu du Pablo Cantero Extremadurako Fundación Trianguloko kideak. Ikasgelan gai hori lantzeko baliabideak erabiltzeko deia luzatzen du.

Nola landu beharko litzateke sexu aniztasuna eskolan?

Abiapuntua, hizkuntzaren eraldaketa izan beharko litzateke. Ikerketek diote, hizkuntza homofoboa oso bortitza izan daitekeela haur gay eta lesbianentzat, edota guraso homosexualak dituen haurrarentzat. Oso ohituak gaude egunerokotasunean hizkuntza hau erabiltzera: maritxu, marimutil, marikoi… Gehienetan iraina da helburu. Batek, homosexuala izan aurretik ere, badaki iraindua izan daitekeela. Ez badugu hezkuntza espazioetan erabiltzen dugun lengoaia aldatzen, konplexua izango da beste ekintza batzuk eta materialak sartzea ikasgelan. Hizkuntzak, neskatila batek edo mutiko batek munduaren ikuspegia eraikitzen dagoen horretan, mundu ikuskera egituratzen lagunduko dio.

Bestalde, esaten ez dena, ez da existitzen! Ez badugu sexu aniztasunari buruz hitz egiten, ikusezina bihurtzen dugu. Ezin dugu gure diskurtsoetatik errealitatea ezkutatu.

 

Ba ahal dugu nahiko tresna, baliabide eta formazio eskura?

Sarri pentsatzen dugu tresna gutxi daudela sexu aniztasuna lantzeko, baina badaude: liburuak, karta-jokoak, jolasak, ipuinak, filmak, bideoklipak… Haur literaturan hainbat modutara landu daiteke gaia; sexu bereko bikote baten harremana izan daiteke ipuinaren haria, edo hori bigarren mailako datua izan daiteke soilik, eta ikaskuntza hori ere oso positiboa da. Betiko liburuak erabil ditzakegu, guk geuk malgutasunez moldatuz.

Bestalde, jolas eta jostailuei dagokienez, marko heterosexual bakar eta sexista horretatik atera eta neska-mutilei nahi duten jolasekin ibiltzen lagundu behar diegu. Mutikoak panpinekin jolastu nahi badu ezin diogu aukera hori mugatu, alderantziz, jolasa etxeko lanak eta ardura banaketak lantzeko erabil dezakegu. Guk ez badiogu horretarako aukerarik ematen eta ez badiogu bide horretan laguntzen, gero zaila izango da heldua denean hori barneratzea.

 

Haurtzaroan eraikitzen diren harremanak lantzeko moduak ere garrantzia handia du.

Atxikimendua daukagun pertsonekiko harremanak oso garrantzitsuak dira, ondoren jendearekin erlazionatzeko modua eraiki ahal izateko. Era berean, haurrek beste haurrekin eraikitzen dituzten harremanak oso garrantzitsuak dira jolas sozialak lantzeko. Hezitzaileok ez dugu beldurrik izan behar haurrak maitasun jolasekin badabiltza, eta inolaz ere ez ditugu gutxietsiko haurrak une horietan sentitzen dituzten sentimenduak. Haurra maitemintzen bada, sentimendu hori sentitzen, ezagutzen eta onartzen ikasiko du eta horri garrantzia eman behar diogu, balioa kendu gabe. Eta noski, ez dugu guk orientatuko alde batera edo bestera. Bere bat-batekotasuna izango da bilaketa eta ikerketa gidatuko dituena.

 

Aniztasunean sexu eta afektibitate hezkuntza: zehar lerro ala eduki gisa?

Azken finean, sarritan hezitzaileak edukiak lantzen ditu batez ere eta hain oinarrizkoak diren gaiak alde batera uzten ditu. Haur Hezkuntzan, adibidez, hezitzailearentzat errazagoa da jarrerak lantzea egiturak berak malgutasun gehiago daukalako, baina goragoko etapetan zailagoa da. Gainera, zehar lerroak askotan hezitzaileen borondatearen esku gelditzen dira. Hortan datza “Herritartasunerako Hezkuntza” delako ikasgaiaren garrantzia. Ikasgai horretan lortu dugu sexu aniztasunaren gaia lantzea, nahiz eta eliza katolikoa atal horiek kentzeko prest agertu den. Ikasgai honek aukera ematen du gai hauek curriculum barruan jorratzeko: desberdintasunaren balioa, homofobiaren lanketa, familia homoparentalak eta sexu eta afektibitate aniztasuna. Ez dut uste hori irtenbidea denik, aproposena ikasgelatik bertatik egitea izango litzateke, edozein gaitan. Baina hori konplexuagoa denez, aukera ona da.

Ikasgelak aniztasun gelak izan behar dira eta ikasle anitz bakoitzari daukagun onena eskaini behar diogu. Eta ikasle gay, lesbiana edo transexualen beharrei erantzuten jakin behar dugu.

 

Ze paper betetzen dute komunikabideek?

Komunikabideek, sarri, gustatzen ez zaizkigun ereduak erabiltzen dituzte, estereotipoetara jotzen dutenak. Baina gu geu balia gaitezke telebistak eskaintzen dizkigun irudiez, eta ikasgelan horiek profitatu.

Adibidez, duela gutxi arte telebistan familia tradizionalaren irudia soilik agertzen zen, baina gaur egun telesailetan familia eredu berriak ere ari dira sartzen: berregituratutako familiak, guraso bakarreko familiak...

Gaur egun, komunikabideetako eredu homosexual positiboenak aukeratu eta ikasgelan horien inguruan hitz egin, gaia landu eta diskurtsoak berreraiki ditzakegu. Noski, arazo gehiago izango ditugu lesbiana erreferenteak aurkitzeko, gay erreferenteak baino. Lesbiana izateak, emakume izatea dakar, beraz, diskriminazioa bikoitza da eta are ikusezinagoak bihurtzen dira jendartean.

 

Sexu aniztasuna lantzeko materiala

Haur literatura:

- Ene amak. SOODEN, Vanessa (euskaratzailea Belene Salazar Larrañaga), Mairi argitaletxea, Sopela.

- Aitorrek bi ama ditu. MENDIETA, Mari Jose eta ZABALETA, Jon (ir.), Erein, Donostia, 2004.

- Ane eta ahatetxoak. R. LORENZO, Manuel eta ERLICH, Bernardo (ir.), Afortiori, Bilbo, 2005.

- Elkarren gustokoak gara. JuanolO, Tandem Edicions, 2006 (euskaratzailea Kattalingorri).- Marrazteko gaiak. EIROA, Mauro eta DOMÍNGUEZ, Angel (ir.), Afortiori, Bilbo, 2005.

- Pirritx eta Porrotx: Gorka kopontzailea. MURUA, Mitxel eta TOKERO, Julen (ir.), Elkarlanean, Donostia, 2005.

- Iris eta Lila. MUJIKA FLORES, Ana, Aldarte: Gay, lesbiana eta transexualei arreta zentroa,Berdindu: Lesbiana, gay eta transexualen arretarako euskal zerbitzu, Bilbo, 2005.

- Txiukue. OLAIZOLA, Alaitz eta ZABALETA, Jon (ir.), Erein, 2005.

 Ikas-liburua:

- Kilimak. Sexuen Hezkuntza lantzeko ikas-liburua. 8-10 urte. SANCHO, Nerea eta LANDA, Ivan (ir.), Erein, 2006.

Jolasak:

¿QUIEN VIVE AQUI?, Ekilikua, Nafarroa. Aniztasuna lantzen duen mahai jolasa. Fitxak euskaraz ditu.

Karta-jokoak:

- Pirritx eta Porrotx: familien karta jolasa. Gehitu, Agipase, Beroa, Ume alaia Elkar eta Katxiporreta

- 7 famili eredu. Aldarte eta Berdindu.

Berdindu eta Aldarte elkarteen maleta didaktikoa:

DVDa, zikloetarako lan koadernoak, Iris eta Lila liburua, familientzat gida didaktikoa, karta-jokoa eta posterra biltzen ditu material honek. 2006ko Emakunde saria jaso du.

 

Pelikulak, bideoak, bideoklipak: ikus-entzunezkoak.

Ikus-entzunezkoak oso baliagarriak izan daitezke ikasgelan ikusteko, adinaren eta denboraren arabera egokituz. Ikus-entzunezkoen bitartez, barne emozioak landuta eztabaida eta hausnarketa dinamikoak egin daitezke.

 

Ipuin kontalaritza

Baliabide garrantzitsua da ipuina, eta are gehiago ondo kontatzen denean. Komunikatzeko tresna aparta, arreta gorputzean, ahotsean eta keinuetan bereganatzen delarik. Magiaz zipriztinduz eta bere funtzio ludikoaz baliatuz, ipuinaren bitartez eraldatzen den jendartea plazara daiteke. Belarriak goxatu bitartean, mezuak trasmititu daitezke eta aniztasuna lantzeko baliabide aberatsa da.

 

MAGALA: FAMILIA HOMOPARENTALEN ELKARTEA

Magala elkartea 2005. urtearen hasieran sortu zen, haurrak edukitzea erabakitako bikote gay eta lesbianen eskutik. Gaur egun 15 familiek osatzen dute, eta lan ugari egiten ari dira familia aniztasuna bultzatzearen alde. Bestalde, elkarteko familietako haurrentzat ere esperientzia aberatsa izaten ari da. Marijo Mendieta eta Pili Hermoso Magala elkarteko kideak dira.

Nola eta zergatik sortu zen elkartea?

MARIJO: Gay eta lesbianen mugimenduak lan ugari egin du lege eskubideen alde eta gizarte alorrean. Legeak haur batek sexu bereko bi guraso izatea onartzen duenean, familia homoparentalak sortzen dira. Lege aldaketa hori eman arte, gure seme-alabek hautatu dezakete beren familiaren berri ematea edo ez, baina une honetatik aurrera, haurrak bi gurasoen abizenak hartzen ditu. Beraz, haurrak txikitatik bizi behar dute errealitate horrekin, eta hori landu beharra dago. Konturatu ginen, nahiz eta legea onartu, administrazioan ezer gutxi aldatu dela, eta desatsegina da joaten garen eskola bakoitzean arraroak sentitzea. Nahiko iskanbilatsua iruditzen zaigu legea onartu eta ondoren ezer ez egitea, adibidez irakasleria errealitate honetarako ez prestatzea. Hala, errealitate horren aurrean, abentura berdintsuan sartutako bikoteak elkartu eta Magala sortu genuen.

 

Zein dira elkartearen helburu nagusiak?

MARIJO: Elkartea sortzean, gure helburu nagusia, alde batetik, gure haurrek beren familien antzeko eredua duten familiak eta haurrak ezagutzea izan zen. Esperientzia hori eskaini ahal izatea. Bestalde, kanpora begira lana egitea nahi dugu, batez ere hezkuntza munduari begira. Hala, gure esperientziak trukatzeko harreman sarea sortu genuen, eta era berean, egoera honetan dauden familia homoparentalei informazioa emateko aukera sortu dugu.

 

Beraz, esperientzia positiboa izango da zuen haurrentzat, ezta?

PILI: Bai, asko lagundu die. Gure alabak, beste familiekin elkartzen ez ginenean ere ongi eramaten zuen. Baina Magalako jendea ezagutu zuenean, konturatu zen bera bezalako haur asko zeudela, eta asebetetze hori hainbat modutan adierazi zuen. Oso adierazkorra izan zen. “Jokin ni bezalakoa da!” edo “Noiz geldituko gara amatxoekin eta aitatxoekin?” zioen.

MARIJO: Gure semearekin beti erabili dugun estrategia bi ama edo bi aita agertzen diren ipuinak kontatzea izan da (bai baitaude,nahiz eta jendea ez den konturatzen). Nik beti esplikatu diot, “ zuk ez duzu aitatxorik, baina bi amatxo dituzu!”. Baina aurreko batean, eskolatik etorri eta zera esan zidan: “Ama, zuk esaten duzu modu askotako familiak daudela , batzuk ama bakarrik daukatela, beste batzuk aita… baina nire gelan guztiek dituzte aita eta ama!”. Horregatik, Magalak zeregin garrantzitsua betetzen du, zeren elkarteko beste haur batzuek ere bi ama dituzte. Eta beraiek hobeto sentitzen dira, bereziagoak.

Pili: Eta gero, egiten duzun lan pertsonala ere oso garrantzitsua da. Gure alaba koadrila batean hazi da, eta koadrilan prozesu guztia bizi izan dutenez, denek oso ondo dakite gure alabak bi ama dituela. Bikotea eta biok eskolara txandaka joaten gara haurraren bila, gainerako haurrak ikus dezaten bi ama dituela. Hor sortzen dugun irudia oso garrantzitsua da. Beste gauza bat da eskola barruan lantzen den edo ez.

MARIJO: Elkarteko haur bat eskola batean sartzen den unean, zuzendaritzari eta irakasleari gure errealitatea esplikatzen diegu, kontuan izan dezaten. Denak oso jatorrak dira, baina gero konturatzen gara, egunerokotasunean, ez dela gaia lantzen kasu gehienetan.

 

Egungo eskola komunitatean, jakinik eskola gehienek batez ere eredu heterosexualean bakarrik hezten duela, zer dakar haurrarentzat guraso homoparentalak izatea?

MARIJO: Eskolan ez da familia aniztasuna lantzen. Familiari buruz hitz egiten denean, familia eredu tradizionalari buruz soilik hitz egiten da eta ez dira beste familia ereduak aztertzen. Gure seme alabak, horren aurrean, arraro sentitzen dira, izan ere, beraiena ez dela familia bat esaten ari zaizkie. Desberdin sentitzen dira, baina ez desberdin modu positiboan.

PILI: Hori da mezua, desberdintasuna positiboa dela erakustea.

MARIJO: Euskal Autonomia Erkidegoan, EHUren ikerketen arabera, % 52k ez du betetzen betiko familiaren profila. Gizarte errealitate bat da, baina non lantzen dute hori? Gure seme-alabak bakarrik aurkitzen dira halako egoera baten aurrean eta ezin dira helduak bezala defenditu. Beraiena ez dela existitzen esaten ari zaizkie. Eskola gehienetan familia eredu bakarrarekin ari dira lanean. Familia lantzeko fitxetan aita, ama eta seme-alabak jartzen du, eta duela gutxi, elkarteko haur bati ere halako fitxa eredu bat eman zioten. Hormetan ere poster horiekin aurkitzen gara. Eta hau ez diogu gu bezalako familiengatik bakarrik, haur asko daude ama bakarrik dutenak, aita bakarrik, gurasoak banatuak dituztenak, aiton-amonekin bizi direnak… Fitxa eredu desberdinak egon beharko lirateke. Nik haur eskola batean lan egiten dut eta baditugu fitxa eredu desberdinak.

PILI: Nik uste dut, fitxa eredu desberdinak baino, denontzako balio duen eredu unibertsal bat sortu beharko litzatekeela. Familia, amona, bi aita edo beste edozein izan. Bestela azkenean betikoa da, “normalentzat” fitxa bat eta besteentzat beste fitxa batzuk.

MARIJO: Adibidez, ikasgela batean gelako haurren erdien gurasoak bananduta daude eta ikasgela horretan oraindik ere familia eredu hori lantzen ari dira. Nola gerta daiteke hori?

 

Eta materialei dagokionez?

MARIJO: Materiala oso heterosexista izan arren, aniztasuna lantzeko materiala badago, baina ez da asko erabiltzen. “Aitorrek bi ama ditu” eskola gehienetan dago eta Berdindu eta Aldartek eskola guztietara bidali zuten material bat ere bai. Baina gehienetan ez da erabiltzen eta batzuetan idazkaritzan gordeta aurkitu izan dugu. Eta erabiltzen duenak, gaiarekin kontzientziatua dagoelako, edo bere ahizpa lesbiana delako, edo bera homosexuala delako… erabiltzen du, beste gehienek ez. Baina gero inor ez da homofoboa, inor ez da sexista. Banandutako familietan ere berdina gertatzen da. Nahiko gogorra da jada haur horientzat, eta bitartean eskolan Disneylandiarekin jolasten, non aitatxo eta amatxo goxo-goxo gaztainekin agertzen diren. Hori ez da egungo errealitatea eta ikasgeletan hori landu egin behar da.

PILI: Bestela, tolerantzia gutxiko haurrak hezten ari gara. Hemen aniztasuna lantzen ez dugun bitartean, eskola jazarpenerako beste foko bat irekitzen ari gara. Eta horren beldurra ere badugu.

 

Hezitzaileei dagokionez, zer uste duzue, prest al daude sexu aniztasunean hezteko?

MARIJO: Magalan zera uste dugu, irakasleei egoera esplikatzen diezunean, guraso elkartearekin eta zuzendaritzarekin hitz egiten duzunean, denak oso jarrera ona azaltzen dutela. Baina egunerokotasunean, aurreiritziek indarra hartzen dute eta gehienek gaia ez dute lantzen. Horregatik, Magalatik zera aldarrikatzen dugu: hezitzaileak prestakuntza jaso behar dutela familia aniztasunaren inguruan. Izan ere, badirudi inork ez baditu horretara derrigortzen, ez direla konturatzen beren gelan familia anitzak daudela. Homofobia oso gaizki ikusia dagoela konturatzen gara, eta orduan, jendea oso modernoa dela. Baina badirudi, hezitzaile bat gelan famili mota anitzak daudela adieraztera derrigortu arte, bere buruan dituen eredu tradizionalak erabiltzen jarraituko duela, eta hori hezitzaile batek ezin du onartu. Aniztasunaren balio positiboa landu behar da.

PILI: Gero, irakaslearen arabera da. Irakasle bakoitzaren irizpideen arabera lantzen da gaia edo ez, eta hori ezin da horrela izan, egituratua egon behar du. Nire alabak orain duen irakaslea oso jatorra da eta hasieratik konturatu zen egoeraz. Baina ez da justua nik haurrak irakaslez aldatu behar duen bakoitzean angustia hau pasatzea, ez dakidalako irakasle horrek gaia nola landuko duen.

MARIJO: Haur bati min handia egin diezaiokete bereak ez duela balio, berea ez dela familia bat erakusten ari direnean. Eta beraiek ezin dira defendatu. Ezin gara beti gu izan bultzaka ari garenak errealitate hau lantzeko, hezkuntzak bere ardurak bete behar ditu.

Pili: Bai, eta prestakuntzaz gain, maila orokorragoan ere, beharrezkoa da familia aniztasuna lantzeko kanpainaren bat egitea. Aniztasuna entzunarazi egin behar da, modu guztietako haurrak daude, modu guztietako amak, aitak, izebak, aitonak, zuriak, beltzak, horiak eta urdinak…

 

Magalarekin harremanetan jarri nahi duenak: 943 55 77 62 eta magala@magala.org