FLORENCIO LUENGO Atlantida proiektuaren koordinatzaile orokorra

2007-03-02

Maisu, pedagogo, helduen irakasle eta institutuko irakasle izan den gizon hau beste zeregin batean murgilduta dabil azken 9 urtetan, baina hezkuntzatik aldendu gabe: Atlan-tida proiektuaren koordinatzaile orokorra da.

Ikas komunitateak, hiri hezitzaileak eta antzeko kontzeptuak Atlantida baino ezagunagoak dira, baina gisa bereko proiektuak dira. Oso erlazionatuta dauden mugimenduak dira, osagarriak dira, baina bakoitzak bere erritmoa eta intentsitatea ditu. Atlantidaren zutabea eskola, familia eta herriaren arteko elkarlana da, eta hezkuntza eta kultura demokratikoa eta komunitarioa bultzatzea edo lortzea du xede. Habia Kanarietan du, lehen kumeak Andaluzian, Extremaduran eta Madrilen. Kume gehiago ere sortzen ari dira.Kontzeptu horien inguruan eta proiektuak egiten duen ekarpenaz aritu gara Florencio Luengorekin.

 

 
 

Zer da Atlantida proiektua eta nork bultzatzen du?

Hezkuntza eta kultura demokratikoa eta komunitarioa bultzatzen dituen proiektua da. Marko teorikoan eta garapen praktikoan oinarritutako proiektua. 

Espainia osoko pedagogo sare batek eta La Lagunako (Tenerife) talde indartsu batek hausnarketarako eta ikerketarako talde bat sortu zuten. Elkarte independiente, legalizatu eta irabazi asmorik gabekoa da. Hezkuntzarekin eta kulturarekin lotutako ekintzak eramaten ditu aurrera laguntza eta aholkuak emanez, planak eginez, administrazioekin hitzarmenak eginez… Berrikuntza demokratikoa edo beste edozer dei geniezaiokeen, baina Atlantida izena ematea erabaki genuen. Zergatik?

Eskola-familia-herria eskemarekin lanean hasi zen aitzindarietako bat Tenerifeko Atlantida ikastetxea izan zelako. 1985ean planteatu genuen “herriari irekitako eskola”. Asko gustatu zitzaigun ideia hura eta sortzaileak ezagutu genituen. Horrela, hezkuntzari buruz dugun ideia hari izen bat jarri behar genionean, Atlantida hautatu genuen.

Zein da, bada, hezkuntzari buruz duzuen ideia eta Atlantidaren ezaugarri litzatekeena? 

Gure lehen eztabaida hezkuntzaren funtzioari buruzkoa izan zen. Egungo munduan hezkuntzaren funtzioa gizarteari laguntzea da, gizarte hobea egiteko. Horregatik deitzen diogu hezkuntza. 

90eko hamarkadatik hezkuntzaren egoera konplikatu egiten zela konturatu ginen. Gero eta zailagoa zen irakasleen ikuspuntutik soilik pentsatzea eta mintzatzea. Hezkuntza ez zen formala soilik, baita ez-formala, informala, familiarena, kalearena, udalarena, kulturarena… Orduan, hezkuntzaz eta kulturaz hitz egiten bukatu genuen. Hezkuntza pixka bat gehiago arautzen duguna izango litzateke, eta kultura jendarteak egiten duen guztia. 

Horrela, hezkuntza eta kultura demokratikoaren inguruko kezka genuenez, horren gainean eztabaidatzen hasi ginen, eta hezkuntza eta kultura demokratikoan eta komunitarioan oinarritutako ereduak lantzen hasi ginen ingurunera irekitako zenbait ikastetxetan.

 

Hezkuntza eta kultura horri demokratikoa eta komunitarioa adjektiboak jartzen dizkiozue. Zergatik?

Herritarrak formatzeko benetako heziketak eginkizun partekatua izan behar du ezinbestean, eskola, familia eta gizarte osoaren parte-hartzea eta konpromisoa eskatzen duena. Gainera, herritar demokratikoak hezteko modu bakarra elkarbizitza demokratikoan heztea da, eta hori eguneroko praktikan betetzen dela ikusiz. 

90eko hamarkadako globalizazioaren aurrean, helburu bat jarri genuen: nola egin jendea parte-hartzaile egungo homogeneizazioaren eta erabaki guneetako parte-hartze eskasiaren aurrean. Horren aurrean, demokrazia erreala eta parte-hartzailea lortu behar da, besteak beste, hezkuntzan eta kulturan. Horregatik jarri diogu adjektibo hori. 

Demokratikoak esan nahi du gizabanakoa, norbera, errespetatua eta aintzat hartua dela. Eta komunitarioak, ostera, kontzeptu bat gehitzen dio horri: guztion ongizatea xede izanda. Gizabanakoa eta komunitatea biak ziurtatu behar dira.

 

Nola gaude demokratikotik eta komunitariotik gaur egun? Zein diagnostiko egiten duzu?

Demokraziari dagokionez, garbi dago krisian gaudela, bidegurutzean. Mendebaldeko herrialdeetan oinarrizko parte-hartzerantz urratsak eman dira 40 eta 50eko hamarkadetatik eta Mundu Gerretatik hona: 1948an giza eskubideen deklarazioa… 

Zentzu horretan, demokrazia errepresentatiboaren hobekuntzak eta mugak ikusi ditugu lehen fasean. Etapa hori gaindituta dago. Horrek uzten du, nahiz eta berandu izan, Balkanetan esku hartzen eta politikaz hitz egiten, edo Afganistanen giza eskubideak direla-eta parte hartzen. Nahiago nuke Guantanamon ere gehiago esku hartuko bagenu! 

Une honetan garbi dago hori ez dela nahikoa. Ekonomiak, garapen ekonomikoak eta globalizazioaren munduak duten pisu itzelarekin, funtsezkoa da demokrazia errepresentatibotik demokrazia parte-hartzailera pasatzea. 

Beraz, krisi egoerari erantzun behar zaio gizartea gehiago gara dadin. Nola?

Proiektuak, plataformak, istorioak… eginez, eta hor gaude gu. Komunitarioaren diagnostikoa egiten hasiz, komunitarioak adierazten du historia ezin dela definitu sektore baten arabera, ezin dutela idatzi profesionalek, ez intelektualek goitik, ez katedratikoek, ezta auzo elkarteek ere, ez politikariek bakarrik, ez guraso elkarteek… Komunitateak modu koordinatuagoan eta elkarreraginean erabaki behar du zein alternatiba ematen dion egoera berriari, nola egin parte-hartze komunitarioagoa, filosofikoak diruditen eztabaida horiek nola bizi modu komunitarioagoan…

Hezkuntza = “oinarrizko errenta kulturala”, aipatzen da Atlantidan. Azalduiguzu ideia hori. 

Hezkuntzak oinarrizko printzipio bat du: gizakia elikatzen duela arduratsuago, solidarioago eta libreago izateko. Orduan, hezkuntza sakonera handiko putzua da.

“Zenbat hezkuntza!”, esan genezake. Niri gustatuko litzaidake hezkuntza demokratikoa izatea, giza eskubideetan oinarritua egotea… Baina oinarrizko errenta kulturalaz solasten garenean, kezkatzen gaituena da herritar guztiek oinarrizko hezkuntza edukitzea, hots, herritar guztien hezkuntza deritzoguna eta oinarrizko batzuk ziurtatzen dituena. Oinarrizko horiek zein diren definitu behar da. Oinarrizko konpetentziez hitz egiten da egun. Behintzat, gustatuko litzaidake herritar guztiak, nahiz eta oso desberdinak eta anitzak izan, gai izatea gutxieneko batzuk lortzeko eta horiekin libreago eta arduratsuago izateko. Beraz, hezkuntza sistemak eta herritar guztiok gara horren erantzule, hots, oinarrizko errenta hori denek edukitzea guztion ardura da. Egiten ez badugu, bazterketa soziala sortzen da, gaur egun bezala: herritar asko ez dira oinarrizko errenta kulturalera iristen eta ez daude formatuta askeago eta arduratsuago izateko.

Hezkuntza maila desberdinak egon daitezke, baina oinarrizko errenta kulturala denentzat bermatu beharko lukete hezkuntza sistemek. Denentzako zokalo komun bat izango litzateke. Oinarrizko soldata soziala bezala. Daukagun ekonomia liberalean mundu guztiak ezin du eduki hilean 3.000 euroko soldata, baina gosea saihesten duen oinarrizko soldata bat bai. Bada, guk hori nahi dugu oinarrizko errenta kulturalarekin.

 

Eskola-familia-herria. Zein modutan bultzatzen du Atlantidak hiruren arteko elkarlana?

Hasteko, ikastetxeko batzordeen egoera hobetu eta familiek eta eragile sozialek parte hartzeko egiturak zuzendu behar dira, denek komunitatearen aldeko apustua egin dezaten. Heziketan inplikatuta dauden alderdien elkarlanean sinesten dugu.

“Herritarren Batzordeak” antolatzen ditugu eta bertan parte hartzen dute hezkuntzako eta herriko ordezkari guztiek: zuzendaritza taldeek, ikuskariek, guraso elkarteek, hezkuntza eta gizarte gaietarako zinegotziek, segurtasun arduradunek... Denen artean ingurunearen diagnostiko bat egiten da eta hortik abiatuta plan bat. Gero, plan horren jarraipena eta ebaluazioa egiten dira. Horrek ez du esan nahi talde bakoitzak bere kabuz egiten dituen ekintzak bertan behera utzi behar direnik; aitzitik, orientazio modura balio dezakete ekintza berriak egiteko. 

Beraz, talde horiek denak elkarrekin biltzeko eta elkarlanean hasteko, aurretik landu egiten dugu: talde desberdinekin egoten gara euren ezaugarriak eta lana ezagutzeko, sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu edota proposamen zehatzak egiten ditugu Atlantidatik. 

Garrantzi handia ematen diogu sektore bakoitzak bere lanari dagokion konpromisoa hartzeari: irakasleen lana ordezkaezina da, familiaren egitekoak normalean baino espazio eta denbora gehiago hartu behar du eta herriko eragileen zereginak ere bai. 

Nola sortzen dira “Herritarren Batzordeak”? 

Ezertan hasi aurretik, ordura arte dauden elkarte eta taldeek egiten dutena aztertzen dugu. Ez dugu proiektu edo zeregin berririk gehitzen, daudenak bideratu baizik. Izan ere, batzuetan norabide zehatzik gabeko jardunak egiten dira. Hortaz, ordenatu, sekuentziatu, sailkatu eta gertatzen denari koherentzia eta zentzua ematen saiatzen gara. Beste modu batera esanda, norabide berean jartzen ditugu. 

Etapa honen amaieran ikusten bada Herritarren Batzordea sortu behar dela, sortu egiten da. Laupabost kidez osaturiko batzorde koordinatzailea izaten du eta berau arduratzen da larrialdietako aktibitateak dinamizatu eta koordinatzeaz. Osoko bileran eztabaidatu eta gero erabakitzen da. Beraz, asanblada irekian parte hartzen du gehiengoak heziketa eta gizarte plana garatzeko eta motibatzeko. 

Behin sortuta, zer egiten da Herritarren Batzordean? 

Behin hori eginda eta herriko proiektuak eta bitartekoak identifikatu eta baloratu ondoren, hiru urrats dituen eredua proposatzen dugu: 

1- Gizarte ereduaren diagnostikoa egitea: arazoak detektatu eta balio alternatiboak mugatu. 

2- Hezkuntzako arazoen diagnostiko integrala. 

3- Komunitate herritarrarentzat erronka berri bat: proiektu komun bat partekatzea.

Beraz, hasteko, arazo orokorrak deskribatzen dituzten diagnostiko txikiak egiten dira. Krisian dauden balioak zein diren ikusten da eta horien balizko kausak ere bai.

Ondoren, sortzen diren arazoak ikusita, balio alternatiboak pentsatzen dira. Esate baterako, ingurunearekiko identitate faltaren aurrean, ingumenarekiko konpromisoa; pasitibatearen aurrean motibazioa; agresibitatearen aurrean tolerantzia eta elkarbizitza demokratikoa... Horien artetik, eskolak, familiak eta herriak lantzeko bi edo hiru balio lehenesten dira.

Bigarren fasean hezkuntzako arazoen diagnostiko integrala egiten da, hau da, aurreko etapan egindakoaren antzekoa, baina irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan aurkitzen diren arazoak seinalatuz. Aurrena gelako diagnostikoa egiten da, gero familiaren jarraipena eta ondoren ingurune sozialaren egoera. Besteak beste, ikusten da zer eta nola irakasten den, parte-hartze eta antolaketa egiturak, familiaren funtzioa, hobekuntza plan bat aurrera ateratzeko baldintzak eta azpiegiturak... Arlo bakoitzeko diagnostiko txikiak egitea, egoeraren arrazoiak aztertzea eta alternatibak partekatzea da norberak bere erantzukizunak hartzeko eta besteekin arduratsu jokatzeko biderik onena. 

Prozesu honetan guztian, gauza bat eduki behar dugu gogoan, ahaztu gabe: hobe dela plan soil eta zehatzak egitea, zeregin gutxi baina ongi eginak izatea, alegia.

Orain arte, beraz, hainbat arazo komunen inguruko hausnarketa eta lan talde espezifikoek aurrera eramateko alternatibak planteatu dira. Proiektu positibo bat egitea falta da, ilusioa sortuko duen amets antzeko bat, herri, auzo edo eskualde batean elkartzeko lekua edo ekintza komunak sortzen lagunduko duen zeregin kolektiboa. Eta hori izango litzateke 3. faseko zeregina. 

Zein gai lantzen dira Herritarren Batzorde horietan? 

Ikastetxeek, guraso elkarteek eta zerbitzu sozialek aurretik onartuta dituzten lan egitasmoak ez ditugu asko aldatzen. Baina hasierako fasean egunerokotasunetik begirada altxatzeko aukera emango dieten hausnarketak egiteko proposatzen diegu. Horrek, eguneroko arazoak arazo globalekin erlazionatzeko aukera ematen du. Azken finean, gure jardun profesionala hezkuntza eta gizarte eredu baten azpian baitago.Baina abiapuntua beti arazo zehatzak, errealak, egunerokoak dira. Pentsa Atlantidatik honako hau proposatzen dugula: “hezkuntza eredua birpentsatuko dugu, eta horrek elkarlan bat eskatzen du, eta baita gizakiaren garapen libre eta kritikoa errazten duten oinarrizko aprendizaien gaineko ikerketa bat ere. Curriculum diseinu berri bat edo balioak zehar lerro moduan lantzea eskatu behar dugu, herritartasunaren balioak indartzeko, beharrezkoak baitira ikastetxe, auzo eta mundu zoriontsuagoa lortzeko”. Diskurtso ederra izan liteke, baina zerikusi gutxi dauka jolaslekuetan, korridoreetan, geletan, etxeko egongeletan, kaleetan edo plazetan gertatzen denarekin. Askoz ere egokiagoa izango da eguneroko arazoak aztertzetik hastea eta ondoren plan komun bat egiten lagunduko duten diagnostikoak egitea.

 

Eskola-familia-herriaren artean egindako elkarlanaren adibide batzuk emango al dizkiguzu?

Esperientzia askotarikoak eduki ditugu. Esate baterako, leku batean guraso elkarteak proposatu zion gai orokor bat ikastetxeari; interkulturalitatea. Ikastetxeak, Herritarren Batzordearekin batera, herrian dauden kultura desberdinak ezagutzeak eta trukatzeak dakarren aberastasuna bizitzen eta ikertzen du. 

Lanzaroteko Mala herrian, adibidez, Las Mercedes ikastetetxeko zuzendaritza taldeak eta guraso elkarteak kotxinilaren laborantza berreskuratzeko proposamena egin zien familiei, herritarrei eta udalari. Proiektu bat egin zuten, ikastetxean baratza bat egin, herriko nekazariekin landatu kotxinila, gero jasotzeko behar zituzten tresnak egin tailerretan (goilarak eta zakuak), zalantzak galdetu nekazariei, udaletxera joan eta arazoa planteatu (agintariak inplikatuz), kotxinila jaso, lehortu eta laborategian tinta egin, agintariek eta herritarrek proposamenak egin eta konpromisoa hartu horiek aurrera ateratzeko (museo bat egitea, kotxinilaren ibilbidea, ekoturismoa…). Denek hartu zuten parte. Horrek guztiak, nola ez, herriaren identitate kulturala aberastu egin du eta garapen sozial eta ekonomikoa ekarri ere bai zenbait arlotan, hau da, zenbait lanpostu sortu dira ekintza berri horietan. Azken finean, Atlantidatik bultzatzen denaren adibide garbia da: eskola eta hezkuntza bizia, inguruko gertaera sozialei eta kulturalei lotua. Amets txikiak errealitate errazetan bihurturik.

Hori da gure ametsa: ikastetxeek utz dezatela poliki-poliki beren gehiegizko ohitura akademizista, horrek ikasketa prozesuko jarduera gehienak testu liburuetara mugatzen baititu. Gidatutako esperientzien bitartez, ohitura bihur dadila errealitatearekin lotutako proiektuak egitea. Horrenbestez, beharrezkoa da hezkuntza komunitate osoak landutako kulturarekin lotura duten proiektuak izatea. Modu horretara, eskolak, ingurunerarekin batera, proiektuen eta elkarlanaren bitartez konponduko lituzke arazoak eta, aldi berean, ikasleen gaitasunak garatzea lortuko luke, denen ongizatea xede izanik. Ikasketak egunerokotasunarekin lotuta egon behar dute, baina ez eskolako egunerokotasunarekin, inguruko errealitatearen egunerokotasunarekin baizik. 

Zer aldaketa ikusi duzue orain arteko esperientzietan? 

Lehen aldaketa koordinazioa da: orain koordinatuago daude. Horrek esan nahi du herri edo auzo batean hezkuntza eta kultura arloan gertatzen den ororen inguruan koordinatuta daudela eta arduradun nagusiak hilero elkartzen direla gai horietaz hitz egiteko eta hausnartzeko. 

Egiten dugun lehen gauza datuen bankua da, hots, dauden datuen jasoketa eta oraindik ezagutzen ez dutenena. Izan ere, gerta liteke herri batean, adibidez, etorkinekin lan egiteko moduagatik saria jaso duen ikastetxe bat egotea eta ez jakitea! Horren berri izatea da lehen xedea. 

Orain ari gara ikusten zer potentzialtasun daukaten hiru sektoreek (eskola-familia-herria) plan bat eztabaidatzen hasten direnean eta elkarreraginean lantzen dutenean. Esate baterako, guraso elkartea ahula dela eta indartu egin behar dela edo zentrora gutxi eta gaizki joaten direla eta hori aldatu egin behar dela erabakitzen bada, bistakoa da familia eta eskolaren arteko diskurtso berri bat eraikitzen ari dela. 

Horrez gain, zenbait lekutan urrats gehiago ematen hasi gara lehen aipatu ditugun hiru fase horiek biribiltzeko. Beste eztabaida bat egin nahi dugu denen artean: alde batetik, eta Europako eta estatuko eztabaidarekin bat eginez, oinarrizko ikasketak eta oinarrizko konpetentziak berrikusi beharra dago eta herritarren curriculum komun bat egin; eta bestetik, osagarri gisa, partekatu beharreko konpromiso edo kode etikoaren gainean ere eztabaidatu beharko litzateke, herritarren estatutuak-edo eratuz.

 

Zer ezaugarri izango lituzke herritarren curriculum komun horrek?

Curriculuma gertukoa, herrikoa, eskualdekoa izatea garrantzitsua da. Hau da, eskolan ikasten denak, edukiek, eskolatik kanpoko errealitatearekin lotura eduki behar dute. Ikasten dutenak bizitzeko balio behar die. Horregatik, oinarrizko eduki horiek zein diren erabakitzeko, eskolak, familiak eta herriak, hirurek hartu behar dute parte, Herritarren Batzordeak definitu behar du. Hori da garrantzitsuena eta lehen ezaugarria. Europako proposamena bere horretan onartu dezakegu edo gure hausnarketa propioa egin. Agian konpetentzia-ikasketa berak zerrendatuko ditugu azkenean, baina desberdintasuna horra iristeko bidean egongo da, kolaborazio lan baten ondorioz iritsiko gara gu, eta hori da konpromisoaren eta hobekuntzaren oinarria. Gizarte osoak esku hartu behar du ikasketa berriak ezartzeko prozesuan, hezkuntza komunitateko kide guztietatik hasi eta familia eta herritar guztietaraino.

Prozesu horretan zer egingo genuke? Proposamen ofizialen inguruko hausnarketa egin, curriculum berria egiteko eskola-familia-herriarekin tailerrak antolatu, Europako eta estatuko legeek zer eragin duten ikusteko praktikak egin, gelako, ikastetxeko, familiako eta herriko zeregin zehatzak definitu eta plan alternatiboak eta konpromisoak zehaztu. 

Hori guztia eginda curriculum proiektuaren ildoak zehaztuko lirateke, eta horrekin lotuta, gelan, familian eta herrian garatzeko zereginak eta esperientziak. 

Ikuspegi etikotik, herritarren estatutuak sortu beharko liratekeela esan duzu. Zer esan nahi duzu horrekin? 

Beste gizarte mota bat nahi baldin badugu, oso garrantzitsua da herritarrek errespetua edukitzea, mundu solidarioago batekin konpromisoa edukitzea, giza eskubideen alde aritzea… Horregatik, etikari garrantzia eman behar zaio ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan. Denok bete behar ditugu printzipio etiko batzuk, eta horiek estatutu batean defini daitezke, hori da gure ideia. Hasi baino ez gara egin, eta hor landuko lirateke profesionalen, ikasleen, familien eta arduradun politikoen kode etikoak. 

Aipa itzazu herriarekin elkarlanean aritzearen onura batzuk. 

Osasun, aisia… horrelako gaiak lantzen direnean, bakoitzak bere aldetik erantzun beharrean, denek batera egin dezakete. Adibidez, osasun publikoa hobetzen ahalegintzen diren programak, hitzaldiak… eskolatik kanpo egiten badira, ez dira konturatzen nolako potentzialtasuna dagoen horiek gelara eramanda. Pentsa zenbat gaitasun galtzen duen GKE batek lana eskolatik at egiten badu!

Eskolak kalera atera beharko luke. Bizitzako gaiak planteatu eta gelara sartzen dituen eskolak bere ingurunearekin kontatzen ez badu, haustura sortzen da. Gainera, gizartea eta parte-hartze soziala oso urrun gelditzen dira haustura hori gertatzen bada. 

Oso interesgarriak dira denek batera landutako proiektuak. Azken finean, herritartasuna partekatutako mementoak dira. Herritartasuna arriskatzen ari gara elkarbizitzeko mementorik ez daukagulako. Elkarbizitzeko une bakarra agurrekoa da, hiletakoa. Une garrantzitsua da hori ere, baina kasik herritarrak leku batean biltzen dituen une bakarra. Plazak, kaleak, fenomenoak, ikerketak… horrek denak definitzen du herritartasuna. 

Irakasleen formazioa ez dela nahikoa diozu. 

Ez, ez da nahikoa. Irakasleen lanak aipatu berri dugun ereduari estuki lotuta egon behar du, ez edukiei. Bestela, batuketaren didaktika hobea nola egin erakusten arituko ginateke. Batuketa eta kenketaren didaktika hobea egin beharko da, baina inguruan gertatzen ari diren funtzio sozialen arabera. Hori irakasleekin bakarrik egitea ezinezkoa da, zeren fenomeno hau bizitza eta ordutegi guztirako fenomenoa da. Horregatik, irakasleak, guraso elkarteak eta inguruko programa sozialak, denek egon behar dute prestatuago. Eredua berrikusi egin behar da.

 

Zer desberdintasun dago ikas komunitateen, hiri hezitzaileen eta Atlantida proiektuaren artean?

Desberdintasunak baino gehiago, bakoitzak garapenaren ardatza elementu batean jartzen du eta besteek beste batean, normala den bezala historia desberdina dugulako. 

Guk kezka handia daukagu gelarekiko eta gelan gertatzen denarekiko, familian gelan sartuta, betiere. Ikas komunitateek oso ondo azaldu eta landu dute alderdi hori. 

Atlantidak eskola eta bizitza azpimarratzen ditu. Eskola auzora ateratzea eta auzokoa gelan sartzea. Baina batez ere ateratzea. 

Ikas komunitateek eta Atlantidak eskola demokratikoa (eskola-familia-herria) aipatzen dute, eta hiri hezitzaileek, aldiz, diskurtso berritzaileagoa eta zabalagoa daukate: hiriak nola hezten duen eta nola plantea dezakeen parte-hartze handiagoa, baina ez hezkuntza eta kultura arloan soilik, baizik eta arlo guztietan. 

Bakoitzak bere erritmoa eta intentsitatea ditu oso erlazionatuta dagoen mugimenduan. Osagarriak dira. 

Aurrera begira, helburuetako bat eztabaida soziala bultzatzea duzue. Zergatik ematen diozue halako garrantzia horri? 

Gure ideiak, ikerketak eta hausnarketak Hezkuntza eta Kultura Ministerioari, hezkuntza sailei, udalei, guraso elkarteei eta abarri helarazten dizkiegu, horietan denetan eztabaida dadin zer hezkuntza, zer kultura, zer gizarte, zer funtzio, zer oinarrizko errenta kultural… nahi dugun. 

Duela bi urte kanpaina bat egin genuen honako lelo honekin: “herritartasuna, ikasgai bat baino askoz gehiago”. Orain eskola-familia-herria-administrazioa gaiaren inguruan hitz egiten jarraituko dugu, eztabaida soziala eragin asmoz. Zergatik den hori hain garrantzitsua? Eztabaida sozial eta politikorik sortzen ez bada, eliteen artean geldituko delako. LOGSErekin gauza bera gertatu zen. Irakasleen eztabaida izan zen, gizarteari ez zitzaion helarazi zerbait interesgarriaren aurrean zegoela; alegia, eskola jendarte osoari hedatzeak bere ondorioak ekarriko zituela; bere abantailak eta bere ondorioak. Ona da gizarteari horren berri ematea.