Gurasoen eginbeharrak murgiltze ereduan. Hiriondo, Poloko ikastola (Baiona)

2007-03-02

Baionako Hiriondo ikastolako Euskaraz Bizi taldeak mintzaldi interesgarria antolatu zuen honako gai honen inguruan: gurasoen eginbeharrak murgiltze sistema batean eskolatutako haurren laguntzeko orduan. Horretaz mintzatzeko bildu zituzten mahai baten bueltan Itziar Idiazabal EHUko irakaslea, Amaia Colina Seaskako Pedagogia aholkularia eta Soumauneau Seaskako familia ohia. Lehenengo biek alderdi teorikoa landu zuten, eta Soumauneau familiak bere esperientzia izan zuen hizpide. Bertara hurbildutako gurasoek abagunea baliatu zuten euren galderak, iritziak eta kezkak denen artean partekatzeko.

 
 

1969an Seaskako lehen ikastolak sortu zirenean, helburu nagusia jatorriz ama hizkuntza euskara zuten haurrei euskaraz eskolatzeko aukera eskaintzea zen. Haurrak jatorriz euskaldunak ziren, eta D eredua baliatzen zen. Urteek aurrera egin ahala ikasle kopurua emendatu egin da, eta jatorriz euskaldunak ez direnak sartu dira tartean. Horrela, bi ikasle mota daude egun:

1- Etxetik jatorriz euskaldunak direnak: beren ama hizkuntzan eskolatzen dira, eta poliki-poliki, beste hizkuntza bat sartzen joaten dira, frantsesa.
2- Etxetik jatorriz frantsesdunak (edo beste eledunak) direnak: ama hizkuntza ez dute euskara. Beraz, sartzen dira eskola batean non bertako hizkuntza ez den euren etxekoa. Geroago hasten dira euren ama hizkuntza, frantsesa, lantzen.
Aldaketa horrek eragina izan du irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan eta hizkuntzaren trataeran. Ondorioz, irakasleek ere egokitu egin behar izan dute banan-banako trataera emateko.
Ama eskolatik lizeoraino, komunikazio tresna euskara da Seaskako zentroetan: gaiak euskaraz ikasten dira eta eguneroko bizitza euskaraz egiten da gelan, kantinan, jolastokian…
Ama Eskolan murgiltze osoa euskaraz egiten da eta irakasleak kontuan hartzen du haurraren ama hizkuntza, lagundu ahal izateko. Xedea da haurrak emeki-emeki uler dezan eta testuinguru horretan interakzioak euskaraz izan daitezen. Garrantzitsua da haurrak partaide izatea eta interakzioa izatea. Zeren interakziorik ez bada, entzuteaz aparte haurraren aldetik ez bada praktikarik edo produkziorik, haurrak nekez ikas dezake egoera pasiboan. Hori oso-oso garrantzitsua da.
Lehen Mailako lehen urtea irakurketa-idazketa garaia da, eta hori euskaraz egiten da. Gero, horrek balio du frantseserako. Ondorengo urtean, 3 orenez lantzen da frantsesa, batez ere ahozko hizkuntza. 3.urtean bost orduz lantzen dira ahozko hizkuntza, idazketa eta irakurketa. Eta Lehen Mailako azken bi urteetan zortzi orduz. Hor frantses hizkuntzaren trataera osoa lantzen da, hots, metahizkuntza.
Bigarren Mailan eta lizeoan kolegio eta lizeo frantsesetan dituzten frantses oren berak lantzen dira, gai guztiak, aldiz, euskaraz dira lantzen.
Hizkuntzak lantzerakoan garrantzi handia ematen zaio testuinguruan ondo kokatzeari. Hau da, haurren artean interakzioak eta didaktika arloko jarduerak lantzen direlarik, beti komunikazio tresna horrek zentzua izan behar du haurrentzat. Egoerak ez dira artifizialki pausatzen, hizkuntza bat ikasterakoan oso-oso garrantzitsutzat hartzen baitute bere testuinguruan kokatzea.

Gurasoen kezka nagusiak

Azterketak
Gai izanen al dira Baxoa frantsesez gainditzeko?
Amaia Colina Seaskako pedagogia aholkulariak lasai erantzun zion gurasoen galdera horri mintzaldian. “Baxoa egiteko unera iritsi baino lehen, Lehen Maila bukatutakoan, ikasleak gai izaten dira, hala nahi izanez gero, sare frantsesean sartzeko. Kolegioko 3.era iristen direlarik, BEPC delako azterketa dago. Matematika eta Historia euskaraz pasatzen dute, eta Frantsesa, frantsesez, noski. Baxoan Historia eta Geografia (eta Euskara gaia ere bai, bistan dena) euskaraz egiten dituzte, eta beste gai guztiak frantsesez. Beraz, erran nahi du gai direla Baxoa frantsesez pasatzeko, hots, elebidunak direla”.

Etxerako lanak

Nola lagundu seme-alabei etxerako lanak egiten, gurasoek euskaraz ez baldin badakite?
”Hasteko, etxerako lanak haurrek behar dituzte egin, ez gurasoek” dio Amaiak. “Hor, noski, garrantzitsuena, hizkuntzarekin ezin bada lagundu, jarrerarekin laguntzea da. Galdetzea zertan diren, ea ulertzen duten… Gainera, haurrek jadanik kontzeptuak landuta izan behar dituzte gelan, eta etxean aplikatu egiten dituzte, ez dira kontzeptuak etxean sortzen. Garrantzitsuena da sentitzea norbait badela gibeletik, komunikazioa egotea gurasoen eta seme-alaben artean”.
Mintzaldian zen guraso ohi batek halaxe zioen: “Ezagutu nuen amona bat ingelesez ipuinak irakurtzen zizkiona bilobari ingelesik jakin gabe. Beraz, euskararekin ere egin dezakegu”.

Soumauneau familiaren esperientzia

Marion Soumauneu 1980. urtean hasi zen Uztaritzeko ikastolan. Handik Kanboko kolegiora pasa zen 1989. urtean; orduan Iparraldeko kolegio bakarra zen, eta hiru probintzietatik joandako guztiak biltzen zituen. Bere gelan 21 ziren, denak euskaldunak edo familia euskaldunetakoak, hiru izan ezik, bera tartean. Kolegioko ikasketak bukatu ostean, Seaskak ireki berri zuen Baionako lizeoan jarraitu zituen ikasketak. Ondotik, Baxoa pasa eta unibertsitate ikasketak egin zituen.
Ibilbide guztiari begiratuta, garbi dio: “Ez dut uste zailtasun berezirik ukan dudanik euskara ikasteko beste ikaskideekin konparatuz. Nahiz eta gurasoek euskararik ez jakin, euskarak bazuen bere lekua gure etxean. Aitak esaldi solte batzuk esaten zituen: ‘ogia nahi dut’ eta horrelakoak. Erritual modukoak ziren, eta horrela euskarak bere lekua zuen”.
Etxerako lanei buruz ere gurasoen aldetik behar zuen laguntza jaso duela dio: “Ulertzen ez nuelarik, gurasoei galdegiten nien. Kontsigna ez zuten ulertzen; orduan, nik itzulpena egiten nien. Horrek lagundu egiten zidan gehiago ulertzen. Eta ez nuelarik ulertzen, biharamunean andereñoari erraten nion ez nuela ulertu, eta besterik ez. Ez da zailagoa izan, ez niretzat eta ez nire anaiarentzat”.
“Naturaltasun osoz egin dugu gure seme-alaben ikasketen jarraipena, eta hori da garrantzitsuena” dio Marion amak. “Galdetu, interesa agertu, zer ikasi duzu, zertan ari zara… interesa eta komunikazioa dira nagusi, eta hizkuntza bigarren mailan gelditzen da. Guk euskararik ez jakitea ez da arazo izan. Guraso gisa ez gara frustratuta sentitu. Iruditzen zitzaidan gauza batzuetan ezingo niela lagundu, baina ez euskaraz eta ez frantsesez ere. Adibidez, kimikako gaietan. Ez nuen mailarik”.
Gurasoek euskararik jakin ez arren, garbi zeukaten seme-alabei euskara ikasteko aukera eman nahi zietela. “’Guk ez dugu menperatzen eta ezin dugu egin, baina zuek bai; aprobetxa ezazue’ erraten genien. Urtebetetzeetako festetan ere gauza bera erraten genien, bai beraiei eta bai beren lagunei. Guk euskaraz hitz egiteko aukera eman nahi genien eta horrekin harro sentitzea nahi genuen”.
Edonola ere, Seaskaren hautua ez zela hizkuntzaren hautua soilik izan dio aitak, baizik eta pedagogia baten hautua. “Seaskaren filosofia oso garrantzitsua izan da guretzat: talde lana, partekatzea, irakasleen laguntza… ez zen elitismorik, komunikazioa zen ardatz. Horregatik inplikatu ginen hainbeste” dio aitak. “Pentsa, Uztaritzeko ikastolan euskaraz ez zekien lehen lehendakaria izan nintzen. Eta Seaskako Pedagogia Batzordean gauza bera” dio irribarrez. •

 

Euskaraz Bizi taldea

Hiriondo ikastolako Euskaraz Bizi taldean lau guraso dabiltza buru-belarri iaztik: Pantxika, Nathalie, Cristina eta Maika. Bizitasun eta bultzada handia eman diote taldeari, eta mintzaldiak, ekintzak, idazkiak, animazioak… antolatzen dihardute. Betiere xedea ahaztu gabe: euskararen erabilera bultzatzea bai ikastolan eta bai ikastolatik kanpo. Horretarako, gurasoen partaidetza bultzatzea dute erronkatzat. “Zeren ez dute asko parte hartzen gurasoek. Eramaten dute haurra ikastolara, baina ez dute kontuan hartzen zinez komunitatea osatzen dugula eta gurasoak direla komunitate horretako bihotza, izugarri paper inportantea dutela Seaskak lan egiten duen proiektu horretan”.