CANO, Elena: Har dezagun ebaluazioa ikasteko aukera gisa

2009-06-03
Elena Cano Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da, Didaktikako eta Hezkuntza Antolaketako Departamentuan aritzen da, eta ebaluazioan aditua da. Gaitasunetan oinarritutako diseinuak ebaluazioaren ikuspegia aldatzera behartzen gaitu, nolabait, eta Canok dio ezin dugula ebaluazioa bakartutako zerbait balitz bezala ikusi, diseinuari, metodologiari edota edukiei lotuta dagoen zerbait baita. Era berean, ebaluazioa ikasteko aukera gisa, hobetzeko tresna gisa, hartzeko beharra azpimarratzen du. Konpetentzietan oinarritutako ikuspegia, begirada aldaketa da, agian,  ez da ezer berria, eskolan beti trebatu baitira pertsona konpetenteak. Bestalde, argi utzi du pertsonak ez direla betiko, leku guztietan eta une guztietan edozertarako gai, gaitasunak, bizitzak aurrera egin ahala, eguneratzen doazelako. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako XVI. Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartu zuen Elena Canok, eta orduan izan genuen harekin egoteko aukera. 
 
 
Gaitasunetan oinarritutako diseinuak ebaluazioa aldatzeko beharra dakar. Zer egin dezakegu ebaluazioaz dugun ikuspegia aldatzeko?
Askotan, ebaluazioa kalifikazioari lotu diogu, eta kalifikazioa ebaluazioaren funtzioetako bat izan daiteke, baina ebaluazioak kalifikazioa gainditu egiten du. Gaitasunak ez dira kalifikatu behar, ezinbestean. Ez gaude behartuta “zu gai zara, 4,5” eta “zu ere bai, 4,6” esatera. Hor badugu abantaila bat. Ebaluazioa garrantzitsua den informazioaren bilketa gisa ikusten saiatu behar dugu. Jar dezagun begirada pertsonaren garapenaren gaineko arrastoak ematen dizkigun horretan eta informazio horren balioespenean, ikasleak jakin dezan zein diren haren indarguneak eta ahulguneak, eta nola hobe ditzakeen etorkizunean. Pertsona batzuek, ebaluazioaren kultura aldatzeko, deklinabide atzizkia aldatzea nahikoa dela diote, eta ikaskuntzaREN ebaluaziotik ikaskuntzaRAKO ebaluaziora pasatu behar dugula. Orain arte, ebaluazioa, ziurtatze eta hautatze funtzioa duen zerbaiten gisa ikusi dugu, hobetzeko aukera gisa baino gehiago.
Beraz, ikaskuntza prozesuak ebaluatu behar dira, ez soilik azken emaitza.
Bai. Gainera, batzuetan, pertsonak epaitu ditugu, ez ikaskuntza prozesuak, eta horrek ere mugak jartzen dizkie ebaluazio prozesuei. Ikasle baten lana ebaluatzen badugu, ez dugu esan behar ikasle hori zikina denik, lana zikina dela baizik. Ez diogu pertsonari etiketarik jarri behar. Denbora tarte jakin batean izan den aurrerapenaren balioespena egiten dugu. Baina ez da pertsona epaitzen, inoiz ez, baizik eta ikaskuntza prozesua.
Eta bide horretan, garrantzitsua izango al litzateke ebaluazio irizpideak zehaztea?
Nahiko arrunta da lan bat zer irizpideren arabera balioetsiko den ez jakitea. Aldaketa garrantzitsua izango litzateke ebaluazio irizpideak zehaztea, jende guztiak ezagut ditzan eta kolektiboak izan daitezen. Gaitasunen ebaluazioa irakasleek egiten dituzten ebaluazioen baturatik haratago doa. Eskola, proiektu gisa, guztion artean programatu behar dugun zerbait da, eta, zentzu horretan, irizpide batzuk adostu beharko ditugu irakasleen artean, eta, duten adinaren arabera, baita ikasleekin ere. Pertsona batek lan baten ebaluazio irizpideak zehazten baditu, irizpide horiek bere egingo ditu ziurrenik, eta horien araberako lana egingo du. Ebaluazioak ditugun helburuei jarraitzen badie eta landu nahi ditugun gaitasun edo edukiekin koherentea bada, ziur aski prozesua ona izango da. Gutxieneko koherentzia badagoela ziurtatu behar dugu, eta, horretarako, ebaluazioa, curriculumeko gainerako elementuak planifikatzen ditugunean planifikatu behar da.
Metodologia eta planifikazioa ere aldatu behar dira.
Bai. Ebaluazioak koherentea izan behar du erabiltzen den metodologiarekin. Nik ez dut ulertzen pertsona batek ahozko azterketa bat egitea, ikasgelan ikasleei ahoz adierazteko aukerarik eman ez badie. Eta, ikasleak iritzi kritikoak ematen badakien ebaluatu nahi badut, ezin dut test erako proba bat eginda jakin. Ebaluazio tresnen, metodologiaren eta helburuen artean koherentzia egon behar du. Guztiak jarraipena du, eta koherentzia hori bermatzeko dena batera planifikatu behar da. Gaitasunetan oinarrituta lan egiten baduzu, hainbat ezagutza eremutan landu daitezkeen eta ezagutzaren integrazioa eta aplikazioa ahalbidetuko duten aukerak, jarduerak eta lanak bilatzen dituzu. Ebaluazioak metodologia berriekin zerikusia du.
Batzuetan, ebaluazioa bidegabea dela pentsatzen da. Zer egin dezakegu ikuspegi hori aldatzeko?
Ikaslearen konpetentzien edo gaitasunen gaineko ikuspegi osoagoa emango liguketen ebidentziak eta askotariko tresnak izan beharko genituzke. Gaitasunen ebaluazioak aniztasun handiagoko tresnak izatea eskatzen du, ezinbestean. Uste dut proba idatziek dagokien funtzioa betetzen dutela, hainbat maila ebalua ditzaketela, baina egia da badaudela proba idatziekin sekula ebaluatu ezingo diren gaitasunak. Uste dut tresna, toki eta eragile anitz izatea interesgarria dela. Ebaluazioaren kulturaren aldaketa da. Ebaluazioak ikasgaiak gainditzeko balio behar duela, ikaskuntza batzuk frogatzeko balio behar duela edota hautatze funtzio hori izateko balio behar duela ikusten badugu, ikasleei hori helaraziko diegu, eta, era horretan, badirudi gainditzeko mekanismoa dela, ez ikasteko mekanismoa. Har dezagun ebaluazioa ikasteko aukera gisa. Beraz, gaitasunen ebaluazioa egiteko lehendabiziko gauza, ebaluazioa hobetzeko tresna gisa ikustea da. Batzuetan, ebaluazioa denbora-galera gisa hartzen da, baina ebaluazioa ikasteko jarduera gisa hartzen badugu, ez gara denbora galtzen ari, irabazten baizik. Ebaluazio tresna, jaso nahi dugun horretara egokitu behar dugu, eta prozedurak doitu egin behar ditugu ebaluazioaren bideragarritasuna bermatzeko.
Ezagutzak ebaluatzea erraz samarra da, baina nola ebalua ditzakegu gaitasunak?
Gure lana oinarrizko gaitasunetan oinarritu behar dugu. Kontua ez da zatikatutako ezagutzak pilatzea, etorkizuneko herritarrentzat beharrezkoak izango diren gaitasun eta soslaietan pentsatzea baizik. Eta horrek jakitera, egiten jakitera eta izatera garamatza. Hor, osagai garrantzitsua topatzen dugu: jarrerazkoa. Gaitasun batzuek kontzeptuzko osagaia dute batez ere, eta beste batzuek jarrerazkoa. Edozein kasutan, ikasle batek asko jakin dezake gai bati buruz konpetentea izan gabe. Baina, ezin duzu konpetente izan ez badakizu. Gaitasunaren atzean ezagutza dago. Geure buruari galdetu behar diogu zer ezagutza mota den ezinbestekoa.
Bestalde, gaitasunetan oinarritutako ikuspegiek lanen ebazpenerako hainbat aukera aurreikusten dituzte. Ez dago lanak ebazteko era bakarra, hainbat era daude, eta bakoitzak, agian, mekanismo eta baliabide ezberdinekin lor dezake hori. Dagoen testuinguruan arazoa konpontzen badu, gaitasuna duen pertsona da.
Azkenik, horrek guztiak antolaketa berri batera garamatza, egiturei dagokienez, espazioei dagokienez, lan kolektiboari dagokionez, irakasleen rolari dagokionez… Planifikazio handiagoa eskatzen digu, curriculumaren egitura berrikustera garamatza eta, jakina, curriculumaren aldaketara garamatza.
Curriculumaren aldaketara.
Bai. Curriculumaren aldaketak zer eduki hautatuko ditugun pentsarazi behar digu, eta metodologiak berrikustera eta ebaluazioaren aldaketa egitera eraman behar gaitu. Gaitasunak zailtasun maila bat izan behar du, eta hainbat lan hartu behar ditu bere baitan. Gainera, prozedurazko izaera izan behar du, aplikaziozkoa. Metodologiak berrikustera garamatza, metodologiek curriculumeko hainbat arlotako eduki horiek txertatzeko aukera eman dezaten, ikasleek bakarrik edo taldean lan egiteko aukera izan dezaten, eta gaitasun handiagoa emango dien ezagutza hori eraikitzen joan daitezen. Horrez gain, ebaluazio irizpideak ere berrikusi behar ditugu.
Izan ere, kontua ez da soilik gaitasun horiek lantzea, baita eta horiek ebaluatzea ere.
Jakina. Ezagutzak ebaluatzen denok dugu abilezia handia. Errazena ikasleak gai bati buruz dakizkien kontzeptuak ebaluatzea da. Baina, ikasle batek egiten dakiena ikusi behar badut, jarrerazko osagaiak dituen zerbait ebaluatu nahi badut, adibidez, ikasle batek ingurumenarekiko sentikortasunik duen edo ez jakitea, zailagoa da. Laborategiko praktika batean hondakinak nora botatzen dituen, ekipamendua behar den bezala erabiltzen duen, birziklatzen ote duen… begira dezaket, baina jarrera epe luzera sortzen da, hainbat osagaik osatzen dute. Jarreraren ebaluazioa zaila da. Ebalua daiteke, badira horretarako tresnak, baina segurtasun eza sentitzen dugu. Tradizionalki erabili ez ditugun edo gutxiago erabili ditugun tresnak erabiltzera behartzen gaitu. Nik uste dut irakasleak asko arduratzen garela objektibotasunaz, zuzenak izateaz, eta horregatik bilatzen ditugu zuzenak garen sentsazioa ematen diguten gauzak, zenbatu daitezkeenak eta zuzentzeko objektiboagoak direnak. Objektiboagoa da test erako proba bat, eta zuzentzeko oso erraza da, baina ez digu jarreraren gaineko informaziorik ematen. Beraz, objektibotasunari uko egin behar diogu ebaluazio objektuei egokitutako estrategiak bilatzeko.
Zer motatako estrategiak erabil ditzakegu ebaluazioan?
Lehenengo, pentsatu behar dugu pertsonak gaitasuna duen edo ez ezin dugula zuzenean ebaluatu, bizitzan zehar hainbat testuinguru eta unetan topatzen dituen arazoei irtenbidea aurkitzen dien arte. Ezin ditugu gaitasunak zuzenean ebaluatu, baina bai ekintzak. Gaitasunak ekintzen bidez ebaluatu behar dira, irakasleak beha ditzake, edo ikaskideek, edo ikasleak berak, edo ekintza horien ebidentziak jaso ditzake irakasleak, hots, lanak, dokumentazioa, materialak, produktuak… Beraz, gaitasunen ebaluazioan garrantzia galtzen duten probak daude, eta beste tresna batzuek hartzen dute garrantzia. Administrazioak egiten dituen oinarrizko gaitasunen kanpo probak mementoko argazki baten antzekoak dira, baina gaitasunen ebaluazioak bideo baten antzekoa izan behar du, aurrerapena ikusteko: nola zegoen ikaslea hasieran eta zer aurrerapen egin duen. Garrantzitsuena ebaluazio diagnostiko hori da. Aurrerapena ebaluatu behar badugu, abiapuntua zein izan den ikusi beharko dugu.
Garrantzia galtzen duten probak daude, ebaluazio tresna berriak erabili behar dira, baina azterketa idatziak ez zenituzke alde batera utziko…
Nik ez. Hezkuntza sistemaren hainbat mailatan, ezagutzak integratu eta aplikatu baino lehen, zenbait gauza jakin behar dira, eta gutxieneko horiek ikasle guztiek dakizkitela bermatu behar da, beraz, hainbat proba idatzi egiteak zentzua du.
Zer mailatan, adibidez?
Hezkuntza sistemaren edozein mailatan. Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, edota Bigarren Hezkuntzan, ikasleek hainbat gauza ikasi behar dituzte eta irakaslea, ikasleek horiek dakizkiten edo ez jakin behar du. Gaitasuna izateko ezagutzak, prozedurak eta jarrerak izan behar ditugu. Osagaiak dira, eta osagai horiekin prestatzen duzu janaria. Ez dut uste osagai horietako bat neurtzeko probak alde batera utz daitezkeenik. Uste dut proba idatziek bertuterik badutela, baina ez dira tresna bakarrak eta beste batzuekin bateratu behar dira. Hezkuntzan, batzuetan, penduluaren legearekin aritzen gara, alde batetik bestera joaten gara: edo dena azterketak, edo azterketarik ez. Oreka bilatu behar da, eta, gainera, askotariko proba idatziak daude. Azterketa bat hainbat eratara plantea dezakegu, adibidez, “Zer urtetan izan zen Frantziako Iraultza?” galde dezakegu, edo beste hau: “Zein dira Frantziako Iraultzaren ondorio politikoak eta zer eragin dute gaur egungo sisteman?”. Azken horrekin beste gaitasun batzuk ebaluatzen ari gara. Uste dut galdetzeko dugun erak pisu handia duela. Esan nola ebaluatzen duzun eta zer motatako galdera egingo duzun, eta zer ikasiko dudan esango dizut. Nik uste dut izaera erreproduzitzaile hutsa duten probak alde batera utzi behar ditugula, askotan segurtasun handia emango digutelako, baina ez dutelako luzera begira ikaskuntza adierazgarririk sortzen. Pertsona askok gogoratzen ez dituzten gauzetan nota onak dituzte, baina horiek ez zuten  luzerako ikaskuntza adierazgarririk edo funtzionalik sortu.
Beraz, zer motatako galderak egiten ditugun eta nola egiten ditugun pentsatu behar dugu…
Bai. Gaitasunak ebaluatzeak, ezagutzak integratzeko gaitasuna ebaluatzera eta ezagutza horiek aplikatzera garamatza. Batzuetan, irakasleok oso era itxian galdetzen dugu, ez dugu aukera berriak sortzeko betarik ematen, aurrez eskainitako aukeren artean hautatu egin behar da, eta, batzuetan, lanek ez dute sormenerako edo integraziorako aukera handirik ematen. Integrazioa eta ezagutza horien aplikazioa ahalbidetuko duten ebaluazio proposamenak pentsatu behar ditugu. Proiektuak, praktikak, simulazioak, arazoetan oinarritutako ikaskuntza… Metodologia horiek ezagutzen aplikazioa ahalbidetzen dute, eta erreproduzitzaileak diren proposamen horietatik haratago doaz. Hori era  jarraituan egin behar da, gaitasunetan aurrerapena ebaluatzen delako. Beraz, jarraipena ebaluatu dezakeen sistemaren bat topatu behar dugu.
Zer motatako probak erabil daitezke gaitasunen ebaluazioan?
Lehenago esan dudan moduan, ezin gara paper eta arkatzeko probak egitera mugatu. Oinarrizko gaitasunek egoerak konpontzera eraman behar gaituzte, eta, horretarako, ezagutu, aplikatu eta aldatu egin behar dugu, sormena erabiliz. Gaitasuna izatea aukeraketzeko irizpidea izatea da. Horrek, ebaluaziorako arrastoren bat eman diezaguke: zer motatako ebaluazioa egin dezakedan ikasleek irizpiderik ba ote duten jakiteko. Ziur aski, papera eta arkatza erabiltzen dituen proba batean, badira jakin ditzakedan gauzak, baina beste batzuk ez ditut jasoko. Mota horretako probez gain, behaketak eta beste mota bateko metodologiak eta ebaluaziorako estrategiak ere beharko ditugu. Diagnosia egiteko balio duen ebaluazioa  eta ebaluazio hezigarria behar dugu, eta gaitasunen ebaluazioak jarraitu ditugun prozesuei buruzko hausnarketara eraman behar gaitu. Idaztearen garrantzia azpimarratu behar da; adibidez, egun baten amaieran-edo aste baten amaieran, ikasleek egun horretan ikasi dutena idaztea garrantzitsua da. Idazte prozesuak ikasi duenaren gainean jakitun izaten laguntzen dio. Esan dezatela zer ikasi duten eta nola ikasi duten. Baina hori galdera zailagoa da. Autoerregulaziora edo jarraitu diren prozesuen gaineko hausnarketara eramaten duten, eta bere indargune eta ahulguneak ikustarazten dizkioten ikaskuntza eta ebaluazio-estrategia guztiak, horiek dira ziur aski garrantzitsuenak gaitasunetan oinarritutako prozesuetan. Gaitasunak ebaluatzea prozesuak ebaluatzea da, eta produktuaren eta emaitzen ebaluazioa egiten ohituta gauden arren, prozesuen ebaluaziora pasatu behar dugu. Horrek ebaluazio jarraitua eskatzen du.
Zer esan nahi du ebaluazioa jarraitua izateak?
Ez du esan nahi denboran zehar zatitutako ebidentzia asko jaso behar dugunik. Lan asko eskatzeak bildumazko ebaluazioa ekar dezake, denboran zatikatua, eta horrek ez du esan nahi ebaluazio horrek izaera hezigarria duenik. Baina, ebaluazio ebidentzia bakarra izan dezaket, proiektu bat, adibidez, eta askoz ere eraginkorragoa izan daiteke. Zergatik? Ikasleekin gainbegiratu dudalako, feed-backa egon delako, eta feed-back horren eraginez, proiektuaren bigarren zatia hobetu delako, ahulguneak hobetu direlako.
Gaitasunak ebaluatzea, alde batetik, produktuak ebaluatzea esan nahi du, lan horien ebidentziak jasotzea, baina, batez ere, prozesuak ebaluatzera eraman behar gaitu horrek. Badira lagun gaitzaketen hiru gauza: lehena, behaketa, informazioa jasotzeko estrategia gisa; bigarrena, autoebaluazioa, norberak ikus dezan zer egiten duen ongi eta zer gaizki; eta, azkena, berdinen arteko ebaluazioa, ikaskideen artekoa.
Prozesuak ebaluatzeak, hasierako ebaluazioa, ebaluazio hezigarria eta bildumazko ebaluazioa egitea dakar. Hasierako ebaluazioak, diagnostikoa egiteko balio duen ebaluazioak, ikasleek gai batekiko duten gaitasun maila zein den jakiten lagunduko digu. Bigarren pausoa, ebaluazio jarraitua izango da, hezigarria edo prestakuntzarako balio duena, eta, orduan,  informaziorik garrantzitsuena emango diguten ebidentziak jaso behar ditugu. Bistakoak diren gauza batzuk badira, adibidez, Lehen Hezkuntzako irakasle batek badaki haur bat nahikoa autonomoa edo lagunkoia den edo ez, baina, badira prozesuan zehar informazio zehatza jasotzea eskatzen duten beste gauza batzuk, ikasleari hobetu dezan feed-backa emateko aukera izateko. Informazioa jasotzeko tresnak izan behar ditugu prozesuan zehar, ikaslea nola dagoen ikusteko eta hobetzeko erabakiak hartzeko. Hobetzeko, garrantzitsuena feed-backa da, zeren laneko ebidentzia asko jasotzen baditugu eta inolako itzulketarik ez badago, gaitasuna ez baita hobetuko.
Autoebaluazioaren garrantzia aipatu duzu.
Ikasle bati autoebaluazioa egiteko eskatzen badiogu, “oso ongi” egin duela esango digu. Kalifikaziora jotzen dugu, baina autoebaluatzea, autokalifikatzea baino gehiago, egin dugun lanaren gaineko hausnarketa egitea da; zein izan diren gure mugak, aurkitu ditugun zailtasunak... Eta gauza bera berdinen arteko ebaluazioari dagokionez.
Gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzari buruz, zerbait berria balitz bezala hitz egiten dugu gaur egun, baina, beti hor egon den zerbait da, ezta?
Bai. Gaitasunetan oinarritutako prestakuntza ez da ezer berria, beti prestatu dira pertsona gaituak eta prestakuntza profesionaleko inguruetan aspaldikoa dira. Beraz, ikuspegia aldatzea da. Gaitasunei lotutako gauza asko egiten ditugu. Eta horrek guztiak “herstura” gutxitzera eraman behar gaitu.
Orain arte, curriculumen diseinuaren logika ezagutzan, curriculumaren arloetan, oinarritzen zen. Ikasgai bakoitzaren gaineko ezagutzak pilatzen joaten ziren eta, azkenean, horren guztiaren batuketak pertsona gaitua “sortzen” zuen. Gaur egun, ezagutza hainbeste hazten da eta hain azkar geratzen da zaharkituta, ezagutza hori guztia pilatzeak agian ez du zentzurik; ez dugu denbora fisikorik eskolan gauza gehiago emateko, eta gainera, denborak, gauza horietako batzuen balioa mugatuko du. Orduan, inoiz baino beharrezkoagoa da bestelako ikuspegia izatea. Horrek, jakina, ezagutzetan oinarritu behar du, ezagutzak hor egoten jarraitu behar duelako, baina gaitasun handi horien zerbitzura egon beharko luke. Begirada aldaketa da. Ikasgaien zatiketa gainditzea da, eta diziplinarteko ikaskuntza guneak eta aukerak ematea, ez soilik ezagutza bermatzeko, baizik eta ikaskuntza adierazgarri gehiago sortuko duten ikaskuntza estrategiak bermatzeko. Horrek, luzera begira, erabilgarritasun handiagoa izango du. Beti prestatu ditugu gaitasuna duten pertsonak, baina orain beste era batera egin dezakegu, ikastetxe askotan egiten diren praktikak berreskuratuz eta zabalduz.
Aldaketa, orain era kontzientean planteatzen dela da.
Hori da. Zehaztea da kontua. Egin diren baina, agian, sistematikoki egin ez diren zenbait gauzaren irizpideak zehaztea. Zehaztu behar dira eta ezagutzaren markoa gaindituz, gainera: ez daitezela izan soilik matematikak edo gizarte zientziak. Ikasleak topatuko dituen gauzak era errealean aurkezteak ezagutzera garamatza, eta ezagutzen duzunaren artean gauza bat edo beste aplikatzera, unean komeni denaren arabera. Horrek egiten gaitu pertsona gaitu: irizpide batzuen arabera, gure ezagutzen artean egoera bat eraginkortasunez konpontzea ahalbidetzen diguten baliabide eta ezagutzen konbinazioa hautatzeko gaitasunak.