Zertaz ari gara proiektuen bidezko metodologia aipatzen dugunean? Zein dira metodologia horren ezaugarriak? Eta abantailak

2009-07-01
 
 
1. Sarrera
- Mangera opaku baten barnean argia ibilbidearen gorabeherei egokitzen zaie eta beste muturretik irteten da.
-Soinua indarrari esker transmititzen da. Urruti bazara ozenkiago oihukatu behar duzu, entzun zaitzaten.
-Gure gorputzeko odola batzuetan oinetara biltzen da: bertara bihotzetik erori da.
- Orgatxo bat plano inklinatu batetik jaits dadin, karga ezarri behar zaio; zenbat eta karga astunagoa, orduan eta azkarrago joango da.
- Kilo bat burdin kilo bat kotoi baino astunagoa da.
- Lehenik iristen dena azkarrago dabil.
- Disolbaturiko azukrea desagertu egiten da, bere propietate guztiekin.
Hemen jasotako esaldiak bost eta zazpi urte bitarteko haurrek Zientzien irakaskuntza alorrean agerturiko ideia inplizituetako batzuk dira. Esaldi horiek irakurtzeak, ikusi batera, aukera ematen digu haurrek eguneroko bizitzako fenomeno batzuen zergatiak azaltzeko argudioak badituztela ondorioztatzeko. Argudio horiek bizitzan zehar garatu dituzte, funtsean, fenomeno horien behaketa naturalari eta horien gainean eskolan eginiko lanari esker. Bestetik, argudio horiek iraunkorrak dira, aldaketaren eraginik nekez nozi dezaketenak.
Eskolako ikaskuntza-irakaskuntza prozesua antolatzera begira, ikasleen ideia inplizituak edo intuiziozko ezagutza ezagutzeko garrantzia hezkuntzako profesional gutxik jartzen dute auzitan gaur egun. Seguruenik, adostasun handia dago hezitzaileen artean, ezagupen berria ideia horiek euskarri eta gida harturik sortu eta antolatu beharko litzatekeela. Alor horretan (hezkuntza-psikologia eta zientziaren filosofian, batik bat) hezkuntza-ikerkuntzak eginiko aurrerapena gorabehera, hainbat eskola-topikoz gure ikasleek dakitenaz dezente dakigu, baina ezagutza berriak nola sortzen diren ia-ia ez dakigula esan daiteke. Eta horixe izan liteke eskola-praktikak, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen antolamendu eta garapenari dagokionez, espero zen norabidean eboluzionatu ez izanaren zergatietako bat.
Egoeraren zergatiak aztertzea ez da, inondik ere, artikulu honen xedea. Baina, proiektuak egitearen bitartez, ikasleen ezagutza eta interesen arabera abiatu eta garatzen den ikaskuntza-irakaskuntza prozesua antolatzeko modu jakin baten aldeko argudio batzuk eman nahi ditugu hemendik. Metodologia horren bereizgarriak taxutzen saiatuko gara eta, horrekin batera, horren alde azaltzera eraman gaituzten arrazoi nagusiak agertuko ditugu, horren inplementazioak izan ditzakeen abantailen eta eragozpenen inguruko eztabaida izan dezagun.
2. Zer ote da guretzat proiektuen bidezko ikaskuntza-irakaskuntza?
Metodologia horren bereizgarriak finka lezakeen oinarri teoriko sendorik ez dagoela esan dezakegu. Areago, metodologia maila pragmatikotik, praktikatik, garatu dela baieztatuko dugu. Horregatik, agian, proiektuen bidezko ikaskuntza terminoaz dugun anbiguotasuna. Funtsean, irakasleak gidaturiko talde txikietan garatzen den eta ikaslea erdigune hartuta dagoen ikaskuntza gisa defini daiteke; horren helburua, ikasleen interesetatik, esperientziatik eta ezagutzatik jalgiriko problematika bati erantzuna ematea da, adiera praktikoan, prozesua ixten duen produktu baten bitartez.
Proiektukako metodologiaren jatorriak ere ez daude erabat argi, nahiz eta badakigun joan den mendearen hastapenean, Kilpatrick  eguneroko bizimodura begira eta ikuspegi globalizatzaile batez hezkuntza-praktikak garatzeko komenigarritasun eta egokitasunaren alde agertu zela. Dewey-k  irakaskuntzaz zuen ikusmoldea eta horren inplementazioa, metodologia horren garapena ahalbidetu duten erreferentzia teorikoetako bat izan liteke. Orain dela gutxiago, unibertsitate alorrean (McMaster, Aalborg, Maastrich, eta HUHEZIn, besteak beste) eginiko lanek ere metodologia horretarako hurrenkera erraztu dute.
Gure asmoa ez da proiektu bidezko metodologiaren jatorriez eta eboluzioaz azterketa historikoa egitea. Aitzitik, goian adierazi bezala, gure iritziz metodologia hori pixkanaka perfilatu eta karakterizatzen duten printzipio batzuk zirriborratzen saiatuko  gara. Horiek, metodologia hori baliatzearen abantailez eta eragozpenez informazioa eman beharko ligukete, gutxienez. Bestetik, ordea, metodologia horri jarraiki, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren diseinu eta antolamenduan gidatu beharko gintzakete. Hurrengo printzipioak nabarmenduko ditugu:
- Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren abiapuntua egiazko problematika izatea. Horra hor metodologiaren funtsezko elementuetako bat. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak problematika bat identifikatu eta formulatzetik abiatu behar du eta horren  gainean prozesuan zehar hainbat kontu planteatuko ditugu. Problematika planteatzea ikasleek beraiek egin dezakete edo, bestela, irakasleak eginiko proposamenez hasitako eztabaidaren ondorio izan daiteke.
- Egiazko esperientzia eta ikasleen interesak, prozesuaren testuinguru. Edonola ere, problematikak garrantzitsua izan beharko du, hau da, bizitzan beharrezkoak izango diren ezagutzak garatzeko aukera eman beharko du eta, bestetik, adierazgarria izango da, hots, ikasleen interesetatik gertukoa eta horiek ulertu eta bere egiteko modukoa izan behar du. Prozesuan barrena egingo diren atazak adieraz bete behar dituzte ikasleek, etengabe.
Esate baterako, ikasle batek Marokkora eginiko bidaia herrialde horretako errealitate berriak ikertu eta deskubritzeko elementu motibo-emailea izan liteke. Patioan hegan dabilen kometa batera begiratzeak hamaika galdera egiteko aukera eman diezaguke eta horren amaiera, geure kometak egiteko proiektua izan daiteke. Proiektu eder bat, esate baterako, herriko zerbitzu publikoak ikertzea izan liteke, erabiltzaile zenbaiten kexuak jasoz osatu den prentsako albistea abiapuntu hartuta.
- Elkarlanean eginiko zerbaiten bidezko ikaskuntza. Printzipio horrek, gure iritziz, eskola-ezagutzan funtsezkoa den faktoreetako bat aldarrikatzen du: elkarreragin soziala, alegia. Funtsezkoa da ezagutza garatuko den testuingurua eta osagai soziokulturala aintzat hartzea. Maila indibidualekoaren eta sozialekoaren arteko integrazioa beharrezkoa da hor . Ezagutza ikasgelan garatzen diren elkarreraginei esker osatzen dela onartua badugu, hezkuntza-praktikak horiek bultzatu beharko ditu. Ikasleen, irakasleen eta, noski, edukiaren arteko elkarreragin-prozesuak. Interakzio horien azterketak aukera emango digu ikasleek nola ikasten duten gertuago ezagutzeko, baldin eta irakasleak praktika etengabe ikertzeko prest badaude eta baldintzek horrela izan dadin ahalbidetzen badute. Hori da kudeatzeko elementu zailenetako bat, prozesu osoan. Hiru elementuen arteko beharrezko interakzioak ikaskuntza-irakaskuntza prozesua etengabe birdiseinatzea eta berregokitzea agintzen du, identifikatutako ezagutza berrien arabera moldatzeko.
- Jarduera, elementu eragile prozesu osoan barrena: nola lotu teoria eta praktika. Kontua ez da gauzak egitea egitearren, ezta, jakina, laissez faire ere, ikasleak motibaturik ager daitezen. Jardueraren garrantzia, informazioa bilatzea, esperimentatzea, lege fisikoak deskubritzea, jarduerak planifikatzea, erabakiak hartzea, egindako lanaren inguruko gogoeta egitea, jasotako arrakasta eta porrotak jakinaraztea eta antzeko trebeziak mobilizatzeko gaitasunean datza. Beharrezkoa da, beraz, uneoro eztabaidan aritzea eta erabakiak hartzea eta, era berean, denen artean jarduera bati edo beste bati ekiteko bidezkotasuna aukeratzea, geure buruari erantzunaraziko dizkiogun kontuen arabera. Proiektuan, azkenaldian, produkzio bat egin dela ikusteak, hori egiteko beharrezkoak diren jarduerak identifikatzen eta antolatzen lagunduko gaitu.
- Prozesuaren perspektiba globalizatzaile eta diziplinartekoa. Eguneroko bizitzako esperientzia edota fenomenoen gaineko lanak, horiek ikuspegi globala edukitzea agintzen du, ezinbestean. Ikuspegi globalizatzailetik, ikaslearen interes-guneek gizakiaren dimentsio batzuk (kognitiboa, motorra eta sozio-afektiboa) garatu behar dituzte eta, diziplinarteko ikuspegitik, hainbat jakingaitako edukiez baliatu behar dira. Horiek dira proiektuaren bitartez konpondu nahi ditugun kontu behinenak, garatu beharreko gaitasun edo trebeziak ez ezik, horiek garatzen lagunduko gaituzten edukiak ere determinatuko dituztenak. Horrela bada, lehenago azterturiko proiektu bat gogora ekarrita, kometak egiteak, adibidez, horien eraikuntza planifikatzeko eta kontuan hartuko ditugun alderdi estetikoak erabakitzeko gaitasuna garatzeko aukera ematen digu. Horretarako, derrigor, kometa osatzen duten elementuen dimentsioak kalkulatzeaz gain, tresna hori egiteko erabiliko ditugun materialen propietateak ere ezagutu beharko ditugu, besteak beste.
Honaino garaturiko printzipioak, metodologia honek dituen abantaila eta eragozpenez egingo dugun gogoeta ahalbideratuko diguten oinarrizko argudioak dira. Dena den, horien inplementazioa justifika dezaketen arrazoiak ere eztabaida horretan sartzea komeniko litzateke.
3. Zergatik ikasi eta irakatsi  proiektuen bitartez?
Hainbat alorretako arrazoiek proiektuen bidezko metodologia praktikan jartzea ez ezik, ikertzea ere defendatzera eraman gaitzakete. Dena den, artikuluaren xedea eta espazio alorreko mugapenak aintzat izanik, eskolan horrelako aldaketa (metodologia jakin bat erabiltzea) egitearen zergatiaz gogoeta egiten lagundu behar gaituzten bi oinarrizko alderdi aztertuko ditugu orain. Bietan lehena, gaitasunen arabera definituriko curriculum berrien ondoriozko hezkuntza-premiei dagokiena da. Garatu nahi dugun bigarrena, curriculuma ulertzearen azpian datzan didaktika-ereduari eta, ondorioz, hori garatzeko baliaturiko metodologiari dagokio.
Egun, LOE (Hezkuntzaren Lege Organikoa, 2006koa) legean jaso eta horren ezarpena arautzen duten dekretuen bitartez garatutako curriculum berriak ulertzeko eta abian jartzeko ahaleginetan ari dira ikastetxeak. Abagune polit hori baliatu beharko genuke, beraz, gure hezkuntza-praktikaz gogoeta egin eta hura birplanteatzeko, besteak beste. Hausnarketa horretarako bideetako bat curriculumaren xehakapeneko azterketatik abiatzen da, horren azpian datzan eredu didaktiko-pedagogikoa identifikatu ahal izateko; hortik, hori eta irakaskuntza ikusteko dugun forma elkarrekin kontrastatuz, geure eredua definitzen saiatu beharko genuke.
Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma eta hori Euskal Autonomi Erkidegoan ezartzea xedatzen dituen urriaren 16ko 175/2007 Dekretuak azpimarratzen du, beste hainbat alderdiren artean, “euskal hezkuntza-sistema eraldaketa jeneralizaturanzko bidean doa, gure ikasleek oinarrizko gaitasun eta trebeziak eskura ditzaten; izan ere, horien zerbitzutara daude, ezagutzako area eta jakingaiei dagokienez, Dekretu honetan finkatu diren eskola-curriculumen edukiak.” Era berean, ikastegiek, hezkuntza- eta kudeaketa-proiektuak garatu ahal izateko, pedagogia eta antolamendu alorretan izan behar duten hein bateko autonomia ere azpimarratzen du testuak, honela erantsita: “Horri esker hezkuntza-proiektuak ikasleen ezaugarriei eta ikastetxe bakoitzaren testuinguruari egoki dakizkieke”.
Curriculumak ikaskuntza-irakaskuntza teoria edo eredu jakin baten saihets normatiboaren adierazpena egiten duela ulertuz gero, irakasle garen aldetik ditugun kontzepzioez gogoeta egin beharko genuke, hezkuntza-praktikan egitea komeniko litzatekeenaz hausnarketa egin ahal izan dezagun. Adiera horretan, gure praktika eta horren euskailu den didaktika-eredua aztertu beharra dago nahitaez, garatzen ari garen curriculumaz gogoeta egingo badugu: azterketa edo gogoeta kritiko horretan bila ditzakegu metodologia bat edo beste erabiltzera garamatzan arrazoiak.
Ikastetxean praktikan jarri nahiko litzateke zeinahi metodologia aldaketa, beraz, garatu nahi den didaktika-ereduaren arabera justifikatu beharko litzateke. Horren eginkizuna, hezkuntza-praktika, aldez edo moldez, gidatzen duten kontu nagusiei erantzuna ematea izan liteke, hots: Zertarako irakatsi? Zer irakatsi? Nola irakatsi? Kontu horien erantzunek taxutzen dute gure didaktika-ereduaren ingerada eta horiek garatzeko aproposena izan litekeen metodologia definitzeko bide ematen dute.
Proiektutan oinarrituriko metodologiak, gure iritziz, didaktika eta ikerkuntza eredu jakin bati dagokio ; honako printzipioen arabera defini dezakegu eredua:
- Ikasleak, mundua ulertzeko eta bertan esku hartzeko geroz eta eredu konplexuagoetara begiak zabal ditzan lortu nahi du.
- "Eskola"-ezagutza garatzen du, hainbat alorretako erreferentziak integratuz: diziplinazkoak, eguneroko bizimoduari dagozkionak, gizarte eta ingurugiro alorretako problematika eta ezagutza metadiziplinarra.
- Lortzea bidezko litzatekeen eskola-ezagutzara gerturatzen da, "ezagutzaren eraikuntzako progresioaren hipotesi orokor" baten bitartez.
- Bai proposaturiko ezagutzari dagokionez, baita ezagutza horren eraikuntzari dagokionez ere, ikaslearen interes eta ideiak aintzat hartzen ditu.
- "Ikaslearen (eskolako) ikerkuntza" ideian oinarrituriko metodologia sustatzen du.
- Arazoen inguruko lanean dihardu, arazo horien tratamenduari dagozkion jarduera-sekuentziekin.
- Ikaslearen rol aktiboa sustatzen du, hura baita bere ezagutzaren eraikitzaile eta "berreraikitzailea".
- Irakaslearen rol aktiboa sustatzen du, hura baita prozesuen koordinatzailea eta "ikasgelako  ikerlaria".
- Ikasleen ezagutzaren irakaslearen jardueraren eta proiektuaren garapenaren jarraipenari heltzen die, batera.
- Prozesuei arreta sistematikoki ematen die, arian-arian lortzen diren ondorioetatik birformulazioak eginez.
- Ebaluazioa egiteko hainbat jarraipen-lanabes darabiltza, hala nola ikasleen produkzioak, irakaslearen egunkaria, era askotako ohartarazpenak, etc.
Finean, aurkeztu dugun didaktika-eredua, gure ikuspegitik, proiektuen bidezko metodologia justifikatzen duen eta adieraz janzten duen euskailua da. Eredu didaktiko horren printzipioak eta proiektuen bidezko metodologiarenak bide berean kokatzen dira. Elkarri begira bidea egitea da falta zaiguna. Artikuluan, alta, kontu hori konpontzeke geratu da: proiektuen bidezko metodologiaren bidetik, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak diseinatu eta inplementatzen lagunduko gaituzten jarraibideak definitzea, hemen garaturiko printzipioen arabera. Akaso hurrengo artikuluan helduko diogu kontu horri.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK:
BENLLOCH, M.: “Tendencias actuales” in Cuadernos de pedagogía, 281 (1999), 44-46.
KOLMOS, A.: “Estrategias para desarrollar currículos basados en la formulación de problemas y organizados en base a proyectos” in Educar, 33 (2004), 77-96.
LANDON, E.: “Perfiles de educadores. William Heard Kilpatrick (1871-1965)” in Perspectivas revista trimestral de educacion, XXVII (3) (1997), 503-519.
DEWEY, J.: Democracia y educación: una introducción a la filosofía de la educación (9ª ed.), Losada, Buenos Aires, 1978.
GÓMEZ-GRANELL, C.; COLL, C.: De qué hablamos cuando hablamos de constructivismo in Cuadernos de pedagogía, 221(1994). 
PORLAN, R.: Constructivismo y Escuela. Hacia un modelo de enseñanza-aprendizaje basado en la investigación, Díada, Sevilla, 1993.