Arrue proiektua. LMH eta DBHko ikasleen hizkuntza-erabilerak

2013-03-01
Ikasleen eskola giroko hizkuntza erabilerak ezagutzeko Arrue proiektuaren barruan egindako Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak ezagutzera eman dituzte berriki. LMH4ko eta DBH2ko ikasleek euren artean eta irakasleekin gelan eta jolastokian erabiltzen duten hizkuntzaren joerak neurtu dituzte, eta hainbat ondorio atera dira. Horien artean nagusietako bat ondoko hau hau da: gela barruko hizkuntza joera nagusia irauli egiten da LMH4tik (ikasleen %60a beti edo gehienetan euskaraz aritzen dira) DBH2ra (%60a beti edo gehienetan gaztelaniaz aritzen dira). Halaber, jolaslekuan beti edo gehienetan gaztelaniaz aritzen dira ikasle gehienak, aztertutako bi ikasmailetan. Adinean aurrera egin ahala gizarteko hizkuntza erabileraren arau nagusiekin bat egitera jotzen dute ikasleek, ikerketaren egileek ondorioztatu dutenez. 
 
 
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ISEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak eta Soziolinguistika Klusterrak lankidetzan garatutako Arrue proiektuaren barruan egindako Ebaluazio Diagnostikoaren  emaitzak aurkeztu dituzte urte hasierarekin batera. Eskola giroko hizkuntza erabilera ikuspegi ezberdinetatik neurtu eta aztertzeko sortu zen Arrue proiektua 2004an, eta orain aurkeztutakoak 2011n Euskal Autonomia Erkidegoko LMH4ko eta DBH2ko ikasle guztiekin egindako datu-bilketaren emaitzak dira. Ikasleek euren artean eta irakasleekin gela barruan eta jolastokian dituzten hizkuntza erabilerei buruzko datuak bildu, aztertu eta ondorioak atera dituzte. 
Ikasleen ezaugarriak
Diru publikoarekin finantzatutako 
EAEko 851 ikastetxeetako 35.844 ikaslek hartu zuten parte datu-bilketan. LMH4ko ikasle gehienak 2011. urtean jaioak dira (% 91), beraz datuak jaso zirenean 9-10 urte zituzten; DBH2ko gehienak berriz, 1997an jaioak dira (% 79,9) eta 13-14 urte zituzten datu bilketa egin zenean. Aipatzekoa da bi ikasmailetan ikasleen gehiengoaren lehen hizkuntza gaztelania dela: % 62 LMH4ko ikasleen artean, eta %  60,2 DBH2koen artean. Halaber, lehen hizkuntzatzat euskara edo euskara eta gaztelania duten ikasleak gehiago dira DBH2n LMH4n baino (% 35,4 eta % 33,5). Datu hori sakontzeko moduko puntua izan daiteke EAEko hizkuntza-transmisioaren gaia aztergai dutenentzat, azterketaren egileek txostenean aipatu dutenez.  
Hizkuntza-ereduei dagokienez, D eredua da nagusi bi ikasmailetan (ikasleen % 64 eta % 59, hurrenez hurren), eta A ereduak pisu txikia du (% 7 eta % 13).  Hala ere, bai LMH4n bai DBH2n (bereziki, azken hauen artean) gehiengoa dira hitz egiteko gaztelaniaz euskaraz baino errazago moldatzen direnak (% 54,8 eta % 64,6, hurrenez hurren). Aldiz, euskaraz gaztelaniaz baino errazago egiten dutenak % 21,1 eta % 18,5 dira. 
Bestalde, euskararekiko atxikimendua erakusten dute Arrue proiektuan jasotako datuek. LMH4ko ikasleen artean gehiengo dira euskara “nahiko” edo “asko” gustuko dutenak (% 63 orotara), eta %12a  baino ez euskara “gutxi” edo “bat ere ez” gustuko dutenak. DBH2koen artean euskararen aldeko atxikimenduak behera egiten du portzentaian, baina hala ere gehiengoa da jarrera hori (% 55). Euskara “bat ere ez” edo “gutxi” gustuko dutenak %19a dira. Gaztelaniarekiko atxikimendua baina, euskararekiko baino handiagoa da bi ikasmailetan: % 83 LMH4n eta % 71 DBH2n.
Euskararen zailtasunaz ikasleek duten irudikapena ere jaso du ikerketak. LMH4ko ikasle gehienentzat euskara “erraza” (% 25) edo “oso erraza” (% 36) da.  DBH2n  euskara “erraza” dela diotenak antzeko proportzioa dira (% 26) baina euskara “oso 
erraza” dela diotenen kopurua nabarmen txikiagoa da (% 18). Euskara “zaila” edo 
“oso zaila” dela uste duten ikasleak % 9a dira LMH4n eta %20a DBH2n. Gaztelania “erraza” edo “oso erraza” da LMH4ko ikasleen % 84arentzat, eta DBH2ko % 68arentzat. Oro har, ingelesa “zaila” edo “oso zaila” dela dioten ikasleen proportzioa, euskararen eta gaztelaniaren kasuan baino nabarmen gehiago da.
Euskararen zailtasunari buruzko irudikapenaren aldagaia eta ikasleen lehen hizkuntzaren aldagaia gurutzatu dituzte ikerketaren egileek, eta ondorio hauek atera dituzte. Batetik, ikasleek etxean jasotako lehen hizkuntza euskara edo gaztelania izateak badu eragina irudikapen horretan, baina eragin apala da: lehen hizkuntza gaztelania dutenen artean, LMH4n, euskara “zaila” edo “oso zaila” dela diotenak 3 puntu gehiago dira aztertutako populazio osoan baino, eta DBH2n 6 puntu gehiago. Bestetik, lehen hizkuntza gaztelania duten ikasleen artean gehiengo nabarmena dira euskara “normala”,  “erraza” edo “oso erraza” dela diotenak: % 88 LMH4n eta % 74,5 DBH2n.   Azterketako egileen iritziz, datu horiek “EAEko hezkuntza elebidunaren lorpentzat” har litezke, “ikasleen etxeko hizkuntza gaztelania dutenen artean ere irudikapen zailak dituztenak proportzio txikia izatea lortzen den heinean”.
Halaber, hitz egiteko erraztasun erlatiboari buruzko datuak ikasleen lehen hizkuntzarekin alderatu dituzte, eta nabarmentzeko moduko puntuak azaldu dira. Lehen hizkuntza edozein izanik ere, ikasleen erraztasun erlatiboak gaztelaniaren aldera egiten du LMH4ko eta DBH2ko ikasleak alderatzean. Izan ere, euskara lehen hizkuntza duten LMH4ko ikasleen % 74 errazago moldatzen dira euskaraz hitz egiteko, eta proportzio bera dute gaztelania lehen hizkuntza dutenek, gaztelaniaz. Baina DBH2ko ikasleen artean, lehen hizkuntza euskara dutenen artean % 66a dira euskaraz errazago moldatzen direnak, eta gaztelania lehen hizkuntza dutenen artean berriz, 
% 84a dira gaztelaniaz errazago moldatzen direnak. 
Hori dela eta, “pentsa genezake”, diote azterketaren egileek, “gaur egun EAEko 
ikasleek eskolan, familian eta gizarteko beste eremuetan bizi duten errealitatearekin, 
ikasleak helduago egin ahala pisu gehiago hartzen joaten dela gaztelaniaren erabilera soziala ikasleen egunerokoan, euskararena baino. Ondorioz, eskolan antzeko baldintzak izan arren, ikasleen hitz egiteko erraztasun erlatiboak gaztelaniaren aldeko joera du”. 
Hedabideen kontsumo-hizkuntzari buruzko galdeketaren emaitzek erakusten dute gaztelania dela hizkuntza nagusia, alde oso nabarmenarekin. Web orriak, telebista saioak eta filmak gaztelaniaz kontsumitzen dituzte ikasleen proportzio oso altu batek (% 74 LMH4ko ikasleen artean, % 93 DBH2koen artean), eta euskarazko kontsumoa ez da %20ra iristen (% 3 eta % 16). 
Telebistan zein filmen kontsumoan alde aipagarria dago ikasmaila batetik bestera (ez ordea, web orrietan). LMH4ko ikasleen % 14ak gehien ikusten duten telebista programa euskaraz ikusten dute, eta DBH2n hamar puntu baxuagoa da proportzio hori (% 4). Filmen kasuan datuak antzekoak dira: %12 euskaraz LMH4n eta % 3 DBH2n. Euskarazko kontsumoa handiagoa da irratiari dagokionez: % 29 LMH4n eta % 25 DBH2n. Aldiz, ikasleek gehien entzuten dituzten musika talde edota abeslarien kasuan, euskaraz abesten dutenak % 15a dira LMH4ko ikasleen kasuan eta % 12a DBH2koen artean. Arlo horretan, euskaraz eta gaztelaniaz ez diren beste hizkuntzetan (ingelesez, batez ere) aritzen diren taldeen kontsumoa da nabarmentzekoa: % 38a  LMH4koen artean eta % 47a DBH2koen artean.  
Erabilera familian
Etxean, gurasoekin eta neba-arrebekin, eguneroko bizitzan erabiltzen duten hizkuntzari buruz ere galdetu zieten Ebaluazio Diagnostikoaren egileek ikasleei. Bi ikasmailetako ikasle gehienen etxeetan, jatorduetan edota telebista ikusten ari direnean, gaztelania bakarrik edo nagusiki erabiltzen da: % 70a LMH4koen artean, eta % 74a DBH2koen artean. Etxean euskaraz bakarrik edo nagusiki aritzen dira ikasleen % 17a eta % 19a, hurrenez hurren. Bi ikasmailetako ikasle gehienek (% 70-% 76) gaztelania darabilte beti edo gehienetan gurasoekin. Beti edo gehienetan euskaraz egiten dutenen proportzioa baxuagoa da LMH4n DBH2n baino (3-5 puntu). Neba-arrebekin euskara erabiltzen dutenak gurasoekin erabiltzen dutenak baino gehoago dira, eta neba-areben arteko erabilera hori 4 puntu baxuagoa da DBH2n LMH4n baino (% 27-% 31).
Bi ikasmailetako ikasleen gurasoek euren artean antzeko hizkuntza erabilera proportzioak dituzte: LMH4n 2 puntu handiagoa da euskaraz egiten dutenen proportzioa eta 2 puntu baxuagoa gaztelaniaz egiten dutenena. Gurasoen arteko erabilera horretan, 10-12 puntu altuagoa da gaztelaniazko proportzioa ikasleek gurasoekin dutenarekin alderatuta.  
Eskolaz kanpoko erabilerari dagokionez, alde nabarmenak daude LMH4tik DBH2ra. Izan ere, gazteenen kasuan % 32a euskaraz beti edo gehienetan aritzen dira 
eta %50a gaztelaniaz beti edo gehienetan. Aldiz, DBH2koen artean, gaztelaniazko proportzioa 13 puntu altuagoa da eta euskarazkoa 9 puntu baxuagoa. 
Eskola giroko erabilerak
Ikasleen eskola giroko hizkuntza erabilerak dira Arrue ikerketaren aztergai nagusia. Lau multzotan banatu dituzte erabilera horiek: ikaskideen artekoa gelan, ikaskideen artekoa jolaslekuan, ikasleek irakasleekin gelan dutena, eta ikasleek irakasleekin gelaz kanpo dutena.
Ikaskideekin gela barruan erabiltzen duten hizkuntzari dagokionez, erabilera-proportzioak oso ezberdinak dira bi ikasmailetan. LMH4n euskaraz beti edon gehienetan egiten dutenak % 60a dira, eta DBH2n berriz, % 28a. Gaztelania beti edo gehienetan erabiltzen dutenen multzoa LMH4ko ikasleen % 25a da eta DBH2ko 
ikasleen % 60a. Beraz, lau urteko tarte horretan (9-10 urte izatetik 13-14 urte izatera pasatzean) gela barruan ikasleek duten hizkuntza joera “irauli” egiten da, % 60tik 
% 28ra murrizten baita euskaraz beti edo gehienetan aritzen direnen portzentaia. Halaber, gaztelania erabiltzen dutenen protzentaia laurdena izatetik gehiengoa izatera  pasatzen da. 
Ikaskideekin jolaslekuan beti edo gehienetan gaztelaniaz egiten duten ikasleek gehiengo zabala osatzen dute bi ikasmailetan. Hala ere, alde nabarmenak daude proportzioetan ikasmaila batetik bestera: 
% 59a LMH4n eta % 75a DBH2n. Gela barruko erabilerekiko aldaketa nabarmena 
ematen da LMH4ko ikasleen artean, gehiengoa euskaraz aritzen baita gela barruan, baina jolaslekuan gehiengoa da gaztelaniaz aritzen dena. DBH2ko ikasleen artean aldaketa ez da hain handia, baina hala 
ere, gutxiago dira jolaslekuan euskara erabiltzen dutenak gela barruan erabiltzen dutenak baino.
Irakasleekin euskaraz beti edo gehienetan egiten duten ikasleak gehiengoa dira bi 
ikasmailetan, bai gelan (% 74a, LMH4n;  %61a, DBH2n) bai gelatik kanpo (% 64a-
% 52a).  Gelan gaztelaniaz beti edo gehienetan egiten dietenen proportzioa % 13koa da LMH4n eta % 26koa DBH2n; gelatik kanpo, gaztelaniazko portzentaiek gora egiten dute: % 24 LMH4n eta % 36 DBH2n.
Hortaz, ikasleen jokaera nahiko ezberdina da, beraien artean hitz egin edo irakasleari egin, DBH2n batez ere. DBH2ko ikasleen gehiengoak gaztelaniaz egiten du nagusiki ikaskideekin (gelan eta gelaz kanpo) eta euskaraz irakasleekin (gelan eta gelaz kanpo).  LMH4ko ikasleen gehiengoak euskara erabiltzen du beti edo gehienetan irakasleekin (gelan eta gelatik kanpo), eta ikaskideekin gelan. Baina jolaslekuan LMH4ko eta DBH2ko ikasleek gaztelaniaz egiten dute nagusiki euren artean.
Ondorio orokorrak
Ikasleek eskolan dauden bitartean duten hizkuntza erabilera nolabait laburtzeko, azterkeraren egileek indize bat sortu dute, 
Ikasleen eskola erabilera orokorra izenekoa, 1etik 5erako eskala batekin. 1 muturrak “dena erdaraz” adierazten du eta 5 muturrak “dena euskaraz”. LMH4ko ikasleen bataz bestekoa 3,26koa da, eta DBH2ko ikasleena 2,60koa.
Ikerlariek ateratako ondorioen arabera, “ikasleen arteko eskolako hizkuntza erabilerek lotura nabarmena dute eskolatik kanpo –familian zein bestelako gizarte alorretan– bizi duten errealitate linguistikoarekin, eta aldatu egiten dira errealitate horien arabera”. Datuetatik ondoriozta daiteke “LMH4ko ikasleen artean eskolak lortzen duela eremu gisa gizartearekiko nolabaiteko autonomia bat. Aldiz, DBH2n kanpoko errealitatearekiko loturak askoz estuagoak dira, eta ondorioz ikasleen arteko euskarazko erabilera baxuagoa da DBH2n LMH4n baino”. Alegia, “esan daiteke ikasle gazteagoetatik helduagoetara konbergentziarako joera erakusten dutela datuek gizarteko hizkuntza erabileraren arau nagusiekiko”. Horren adibide gisa, datu bat eman dute Arrue proiektuaren ikerlariek: “LMH4n, beren etxeko lehen hizkuntza gaztelania duten 
ikasleen %49a euskaraz aritzen dira gela barruan bere ikaskideekin beti edo gehienetan. DBHn aldiz, proportzio hori % 13koa dira”. 
Hala ere, euskaldunen proportzioa % 60tik gorakoa den herrietan, alegia, gizarte bizitza orokorra euskaraz garatzen den herrietan, ez da ia jaitsierarik, ez gelatik jolaslekura eta ez LMHtik DBHra. Beraz, ikasleak helduak izan ahala erdara gehiago erabiltzen dutela esatea ez da guztiz zuzena; ikasleak helduak izan ahala egiten dute gizarte horretan helduek egiten dutena.
Ikasleen eskolako erabilera orokorra indizeak beste aldagaiekin nolako loturak dituen ere aztertu dute, eta LMH4ko ikasleen artean loturarik handien duen aldagaia Hizkuntza-eredua dela ondorioztatu dute; DBH2ko ikasleen artean berriz, eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan duten hizkuntza erabilera da lotura handiena duena. DBH2ko ikasleak A, B eta D ereduetan berezita, Erabilera eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan aldagaia nagusitzen da erregresio bidezko analisietan. “Horrek agerian hartzen du eskolaz kanpoko, alegia, gizarteko edo herriko hizkuntza giroak eskolaren baitako erabileran duen zeharkako eragin handia”, dio txostenak. “Pentsa liteke, gizartea ez ezik, familia ere eragile garrantzitsua dela”. Halaber, egindako analisiek “berresten dute ikasleen eskolaz kanpoko hizkuntza-giroak eskolaren baitako erabileran duen eragina”.  
Irakasleen erabilera beraien artean da analisietan nabarmentzen den beste aldagai bat, bi ikasmailetan. Ikastetxeko hizkuntza-giroaren islatzat har liteke aldagai hori, eta 
ikastetxe bakoitzean euskara era berezia zaintzen den ala ez erakutsiko luke. Aldagai honen loturak “agerian uzten du hizkuntza-ereduen bitartez ez ezik, eskolak badituela beste aukera batzuk ikasleen hizkuntza portaeran eragiteko”. 
Hala ere, analisietan aztertu diren aldagai gehienek badute lotura Ikasleen eskolako erabilera orokorra-rekin baina denek ez maila berean. Lotura horietako asko sendoak dira: Erabilera eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan, Erabilera lagunekin txateatzen (DBH2n), Hizkuntza-eredua, Etxeko erabilera edota Komunikabide eta kultur kontsumoa. Aldiz, ikasleen Errendimendu akademikoa-rekin edota beren Maila sozioekonomikoa-rekin dauden loturak askoz ahulagoak dira.
Ikasleak hizkuntza-ereduaren arabera berezita, aldagaien pisua ez da berdina hiru ereduetan. B ereduko ikasleen artean, bi ikasmailatan garrantzia handiagoa du Hitz egiteko erraztasun erlatiboa-k, Atxikimendua euskara-gaztelania aldagaiak baino. D ereduan alderantziz gertatzen da, atxikimenduak edo motibazioak pisu nabarmenagoa du. “Horrek adierazten digu euskarazko gutxieneko gaitasun bat lortu ezean (A eta B ereduetan sarri gertatzen den bezala) erabilera trinkoetara iristea ezinezko dela”, dio txostenak. 
Erabilera areagotzeari begira
Arrue azterketako egileen iritziz, aldagai hauek erakusten dute badaudela ikasleen eskolako euskararen erabilera areagotu ahal izateko “kontuan har daitezkeen interbentzio aukera batzuk, ezaguna zitzaigun hizkuntza-ereduen eraginetik harago”. Txostenak interbentzio eremu “nagusienak” aipatzen ditu. Batetik, Erabilera eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan eremuan, “euskararentzako baldintza aldekoagoak sortu eta hedatzea, bi mailatan ulerturik: eguneroko ingurune hurbiletan euskarazko erabilerarako aukera errealak gehitzea, zein gizarteko erreferente diren pertsonengan euskarazko jokaerak hedatuago egotea”.
Bestetik,  Komunikabide eta kultur kontsumoa aldagaiak analisietan duen pisuak (batez ere, A eta B ereduetan) “gizarte/familia ingurunearen garrantzia agerian jarri du”. Hirugarrenik, ikastetxean bertan ere badago euskararen erabilera areagotzeko aukera gehiago, Arrue ikerketako egileen iritziz, “adibidez, irakasleen eta gainerako kideen arteko hizkuntza-baldintzak zainduz eta erabilera bultzatuz”.
Eskolako erabilera  areagotzeko ahaleginetan bereziki landu litezkeen beste arlo-tako batzuk honako hauek dira: B ereduko ikasleengan, euskarazko gaitasuna, eta D 
eredukoen artean, motibazioa. A ereduko ikasleei dagokienez, interbentziorako alor zaila den familia-aldagaiek pisu handia dute beren hizkuntza-portaeran, eta hortaz, “eskolan euskaraz apur bat egitearen funtsa batez ere ingurune hurbilak (eskolakoak, familiakoak) zein orokorrak (herrikoak) eskaintzen dituzten baldintzen mende dago”, dio txostenak.
Txosten osoa deskargatzeko: http://www.soziolinguistika.org/