Herrietako kultur ondarea. Ezagutu, maitatu, bizi

2014-01-01
Mass medien eraginez, gero eta gehiago dakigu urrutikoari buruz, baina inguratzen gaituenari buruzko transmisioa eten egin da azken hamarkadetan. Ezagutzen ez dena, ulertu eta maitatu ezin denez, berariaz heldu behar zaio transmisio-lanari. Hainbat herritan gertuko kultur ondarea jasotzeko eta ezagutarazteko baliabide pedagogikoak sortu dituzte, eta helburu berarekin, eskola eta herriko eragileak inplikatuko dituen bidea proposatu du Iñigo Ramirez de Okariz irakasleak idatzi duen tesiak.
 
 
Kultur ondarea ezagutarazteko proposamenak ugaltzen ari dira
 Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren etenak, globalizazio azkarrak eta herritarren  mugikortasunak nork bere herria garai batean baino gutxiago ezagutzea ekarri du. Gainera, ikastetxe askotan irakasleen joan- etorria handia da, eta zail da tokian tokiko ondarea ezagutzea.
Ezagutzen ez dena maitatu ezin denez, eten hori josteko, tokian tokiko kultur ondarea ezagutu eta transmititzeko katebegi gisa, material pedagogikoa sortu dute hainbat herritan, besteak beste, Orereta-Errenterian, Arrasaten, Azpeitian eta Ordizian. Dibulgazioa helburu duten hezkuntza proiektu horiek hizkuntzaren eta kulturaren jabekuntza bermatzea ere badute xede eta gaitasunak lantzeari garrantzia handia ematen diote. 
Aldi berean, Huheziko Iñigo Ramirez de Okariz irakasleak Gertuko kultura ondarearen transmisioa eta hezkuntza eragileak Lehen Hezkuntzan  izeneko doktorego tesia aurkeztu berri du. Doktorego tesi horrek ere Orereta-Errenterian, Arrasaten nahiz Azpeitian zuten kezkaren antzeko bati erantzuten dio.  
Perez de Okarizek bere tesian nabarmentzen duen eran, etxea izan da historikoki transmisio-gune garrantzitsuena, baina dagoeneko hemen ditugun gizarte aldaketen ondorioz, kultur transmisio ardura hori eskolaren esku gelditu da neurri handi batean. “Aldaketa soziologiko ikaragarria gertatu da, koiuntura kultural eta politikoa ikaragarri aldatu da eta mugikortasuna, berriz, handitu”. Egoera horretan, Ramirez de Okarizek ezinbesteko ikusten du hezkuntza prozesua ingurunearekin lotzea ingurua 
ulertu nahi baudugu, gaur egun aldaketak geroz eta bizkorragoak, zabalagoak eta estrukturalagoak baitira. 
“Une honetan —dio irakasleak— gehiago dakigu ia-ia kanpokoaz bertakoaz baino, mass medien eraginez. Ikasleak gertukoa ezagutzen ez badu, ezingo du ulertu, ez sentsibilizatu, ez maitatu. Ezagutzatik maitatzera doan kate hori, gaur egun, eskolari dagokio, neurri handi batean”.
Turismo kulturala modan jartzeak, alde batetik, eta globalizazioak berak, bestetik, gure identitatea galtzeko arriskuan utzi izanak, Ramirez de Okarizen aburuz, “geurea denaz 
eta daukagunaz jabetu, zaindu eta mundu guztira zabaltzeko” hainbat ­egitasmo abian jartzea ekarri du: “Azken urteetan gizartea bere esparru itzetan jasaten ari den aldaketen eraginpean dago hezkuntza ere, eskola. Honen aurrean, noraezaren sentsazioa hautematen da eskoletan, eta hezkuntzaren inguruko diskurtso berri baten beharra ere hauteman daiteke. Eta horren baitan, gertuko kultura ondarearen transmisioari dagokionez, gure identitate hauskorrean barna osatzen dugun hezkuntza komunitate baten kezka da modu berezi batean hautematen dena. Horri aurre 
egiteko, erreferente berrien beharrean gaude hausnarketa berriak garatu ahal izateko, estrategia berriak diseinatu eta horrela etorkizuna hobeto bideratu ahal izateko”.
Irakasleak, zehazki, Debagoieneko hainbat hezkuntza eremu aintzat hartuta (formala, ez-formala eta informala), gertuko kultura ondarearen transmisioa zertan den hauteman du, eta horrez gain, gertuko kultura ondarearen sustapena eta hedapenerako ezinbesteko den hezkuntza-eremu ­eta eragile guztien elkarrekintza, osagarritasuna eta parte-hartzea sustatzeko bideak eskaini ditu tesian. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 
etapan gertuko kultura ondarearen transmisioan hainbat hezkuntza eragileren zeregina ikertu du irakasleak. 
Kultur ondarea, LHko irakaskuntzaren abiapuntuan
Huheziko irakasleak dio kultura ondarea erreminta indartsua eta eraginkorra izan daitekeela Gizarte Zientzien irakaskuntza-ikasketa prozesuan. Aldi berean, irakaslearen 
aburuz, ingurunea eta bere baitan lantzen dituen proposamena ikasleariaren pentsamendu sozial eta kritikoa eraikitzeko lagungarri izan liteke, baita datuak bilatzeko, ordenatu eta baloratzeko; iragana eta orainaren ­arteko harremana aurkitzeko; aldaketa eta jarraipen historikoak ulertzeko; gertakarien zergatiak eta ondorioak identifikatzeko; ezagutza historiko eta sozialaren ezagutzak euren ­errealitatea ezagutzeko eta erabiltzeko; gizartean parte hartu eta kokatzeko, eta kultur ondarea baloratzeko.
Kultur ondarea dioenean, irakaslea ez da ari XIX. mendean ondareaz erabiltzen zen ikuspegi mugatutik, zeinak historiari eta arteari soilik egiten zien erreferentzia. Ondarea eraikuntza sozial bat bezala planteatzen du Ramirez de Okarizek, kontzeptu dinamiko, aldakor, ireki gisa eta, oinordetzatik jasotako jabetza bezala ulertuagatik ere, oinordetza kultura honen transmisioak ez du derrigorrez antzinako ondarearen transmisioa soilik adierazten, dimentsio anitzekoa baita ondarea: materiala, inmateriala (hizkuntza, usadio-ohiturak, sinesmenak, toki eta monumentu historikoak...) eta espirituala. Gainera, ondarea hautaketa bezala planteatzen du irakasleak, hau da, kultura ondare zehatz batetik jasotako ondasun eta balioen bilduma bat dela onarturik, banako nahiz kolektibitate baten identitatea eraikitzeko faktoretzat hartzen du. Kultura ondarea ingurune natural eta sozial batean gizakiok eragindako prozesu baten emaitza dela onartzen du eta, era berean, hurbileko ingurunearen ikasketa abiapuntu ontzat hartzen du urrutiago dauden beste testuinguru batzuk era errealean eta esanguratsuan ulertzeko. “Kolektibitate edota komunitate kultural bateko identitate propioa ­adierazten du ondareak”. 
Gertuko kultura ondarea, beraz, norberaren identitatea ezagutzen hasteko eta proiektatzeko baliabide paregabea da eskolarentzat, Ramirez de Okarizen aburuz. Identitatea, baina, gizabanakoak era indibidualean eta kolektiboan bere burua onartzen duen erreferente multzo bat bezala ­ulertzen du irakasleak: “Izan ere, pertsonaren baitan bi identitate mota garatzen direla ikusten dugu. Alde batetik, gizabanakoarena, era intuitiboan eta afektiboan lortzen duguna eta gure ingurune hurbilenarekin harremanak egiten lortzen duguna. Bestetik, identitate kolektiboa,  nahiz eta bere osagarriak ere izan, aberasten dena, adibidez, ikasketen bidez, eskolak eman liezaiokeen curriculum tratamendu sistematiko eta espezifikoaren bidez”.
Hezkuntza-sistemaren hastapenetako egitekoa
Hezkuntzak, sistemaren hastapenetatik, berarekin dakarren egitekoa izan da kultur ondarearen transmisioa. Irakasleak gogoratzen duen eran: “Ideologia liberalak, progresistak zein kontserbadoreak, XIX-XX. mendeetan zehar saiatu ziren eurek asmatutako hezkuntza nazionala zabaltzen osatu berriak ziren Europako estatu-nazio moderno guztietako lurraldeetan. Horrela, hezkuntza eta hizkuntza ofiziala izan ziren —monarkia, bandera, himno eta ejertzitoarekin batera— estatu berrien sinboloak. Baina baita hezkuntza formal eta arautuaren zabalkuntza, orokortzea eta homogeneizazioa burutzeko ardura zeukatenak ere.
 Eskolaren kudeaketa eta antolaketa estatuari zegokion jarduera zen. Alegia ‘estatu-nazio’ izaera horren babesleku eta transmisioa bermatuko lukeen lehentasunezko erakundea bihurtu zen hezkuntza-sistema. 
Hezkuntza-sistema curriculumaz baliatu zen eta baliatzen da gaur egun ere bere estatu-nazio izaerarekiko ondo atxikitzen den gizarte-ikuspegi sozial, ekonomiko eta kulturala transmititzeko”. Ramirez de Okarizek nabarmentzen du curriculuma ez dela corpus neutroa: “Curriculumak berak egitura sozio-ekonomiko eta kultural bat transmititu nahian, egun tesi kapitalistekin bat datorrena, gizarteak berak dituen gatazka askoren isla ere bada, eta ez maila sozialetik soilik begiratuta, baita gu bezalako herrientzako nazio tratamendu ikuspegitik ere. Horrela, curriculuma identitateen arteko gatazka-gune da, izan ere, batzuek beraien pentsamendu hegemonikoa transmititu nahi izaten dute, identitate nazionala; eta, beste batzuek, berriz, ideologia horri aurre egin nahi diotelako”.  
Sarean lan egiteko premia
Kultur ondarearen transmisioan, alabaina, ez du eskolak bakarrik egon behar, Ramirez de Okarizen iritziz, eta horixe da, hain zuzen ere, defendatu duen tesiaren iparrorratza: “Eskolak ez du bakarrik egin behar bidea, baizik eta euren zeregina kultura (gure kasuan, gertuko kultura ondarea) transmititzea eta eraikitzea duten gertuko erakundeekin elkarlanean aurkitzen da, nahitaez”. Politikari, hezitzaile, museologo eta herritar orok bultza ditzaketen elkarrekintzek, soilik, eragingo dute herrien ondarearen kontserbazioan, irakaslearen arabera, “eta baita hezkuntzaren zerbitzurako benetako erreminta boteretsua bihurtzen ere”. 
“Zer eskain diezaioket eskolari bere intereskoa dena?”
Irakaslearen aburuz, eskolak herrietako eragileekin nahiz udalarekin sarean lan egin dezan ordua iritsi da.  Udal hezkuntza batzordeei egiteko garrantzitsua aitortzen die ikerlariak, “Uste dugu udal hezkuntza batzordeak —eta baita udaleko gainontzeko batzordeek ere— hezkuntza komunitatearen baitan ezinbestean aintzat hartu behar direla”. Ikerlariaren aburuz, udalek lidertza hartu behar dute tokian tokiko hezkuntza proiektuan.
Udalaz eta eskolaz gain, bestelako eragileen artean, berriz, museoek, interpretazio-zentroek, natur eta ingurugiro eskolek, turismo bulegoek duten egitekoa lantzen du bere tesian, baina oso garrantzitsu jotzen ditu kultura ondarearen transmisiorako  herriko musika-taldeak, dantza taldeak, bertso eskolak... eta familiak ere. “Gero eta gehiago atera behar dira haurrak eskoletatik —eta ez soilik noizbehinka egiten den irteerara—”.
Ondare-hezkuntzan, hezkuntza ez-formala eragin handia duen eremua da. Horregatik, irakaslearen arabera, eskolaren eta eremu ez-formalaren artean koordinazioa landu ­behar da. Baina tesiak jasotzen duenez, eremu ez-formaleko ikasketei buruz egindako azken ikerketek diotenez,  irakasle gutxi batzuek soilik programatzen, planifikatzen eta integratzen dituzte curriculumean eskolaz kanpoko ekintzak. 
Horren adibide gisa, museoen eta eskolen arteko harremana aipatzen du, izan ere, tradizionalki bi erakunde horien gain egon da gertuko kultura ondarearen difusioa. Ramirez de Okarizen arabera, bi erakunde horien arteko harremana ez da erraza ­izan ezta osagarria ere. “Europan (Italia, Erresuma Batua eta Europa iparraldeko beste hainbatetan —Danimarka izan daiteke bat—) duela hamarkada dezente ezarri dira ondare-hezkuntzarekin loturiko programak, eta ohikoa da museoak, gune historikoak eta aztarnategi arkeologikoak zerbait erakargarri eta didaktiko bezala aurkeztea, araketa eta ikasketa asko egiteko aukera emanez”.  
Eskolak ezagutzeko eta ikasteko beste era batzuk arakatu behar dituela azaldu du tesian Huheziko irakasleak, eta gela edo eskolak kanpoko irakaskuntzara ireki behar direla, baina, aldi berean, museoek eta interpretatazio zentroek “zer eskain diezaioket eskolari bere interesekoa dena?” galdetu beharko luketeela. “Museok ezinbestean behar dute eskolekin elkarrekintza, museoetan gorde eta babesten diren ondare-ondasunak eskolan ematen den transmisioari esker legitimatzen direlako”.
 
Herriaren berri, modu dibulgatiboan
 Orereta-Errenterian eta Arrasaten lehendabizi, eta orain Azpeitian ari dira egiten tokian tokiko ondare kulturala jaso eta ezagutarazteko lana, hik hasi-ren aholkularitzarekin. Guztiak kezka berberetik abiatzen dira: gero eta globalizatuago dagoen gizarte honetan herri kohesioa bultzatzeko beharrezkoa da herria ezagutzea, bertako kultur ondarea balioestea eta ­herritarren arteko eta elkarteen arteko ­ezagutza sustatzea. Hezkuntza proiektu hori unitate didaktiko, gida pedagogiko eta ibilbide didaktikoak osatzen dute. Lehen Hezkuntzako ­ikasleei zuzenduriko lan dibulgatiboa da berez, baina bai Errenterian ­eta baita Arrasaten ere helduentzako hezkuntzan nahiz euskalduntze-eskoletan ere erabiltzen dituzte. 
Lehen lana 2008an abiatu zuen hik hasik, Errenterian. Hango euskara teknikariak izan ziren hik hasira ­etorri zirenak, eta Arantxa Urbe irakasle eta hik hasiko kide oreretarrak diseinatu eta ondu zuen egitasmoa. Historiaurretik hasi, Neolitikora, Nafarroako Erresumara, industrializaziora, 36ko gerrara eta etorkizunean nahiko luketen herrira arte, historian barrena ­—eta historiografia ofizialak bazter utzi dituen pasarteak eta pertsonaiak berreskuratuz—, euskara ardatz harturik jaso zuen herriko kultura ondarea Urbek, hiru urteko ikerketa lanaren eta herriko elkarte eta eragileekin hamaika elkarrizketa egin ostean. Berdintasun ikuspegiak pisu handia izan du proiektuan eta Urbek lan handia egin zuen historiografia ­ofizialak ahaztu dituen emakumeak berreskuratzeko, hala nola, Mari Zozaiako, sorgin izateagatik kartzelan hila izan zen herritarra; Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria edota Sara Carracel Joko paralinpikoetan aritutako igerilaria nabarmendu zituen. Buruz ikastea ez eta sormena, irudimena, kritikotasuna eta hausnarketa bultzatzen duen pedagogia eredua jarraitu du Urbek Oreretako lana egiteko.
Eredu horretatik abiaturik, gauzatu dute Arrasateko proiektua eta ari dira Azpeitian.
Arrasaten denbora zeramaten herriko kultur ondarea transmititzeko eskolaren egitekoaz hausnartzen. ­“Egun, teknologia berrien bidez, eskuragarri dugu mundu osoko informazioa. Klik batzuk eginez, gai gara modu birtualean ikusteko urrutiko munduak, baina, aldi berean, sarri konturatzen gara gure herria ezagutu ere ez dugula egiten. Herria ezagutzen egitasmoaren bidez, izan ginenaz, garenaz eta izango garenaz jabetzeko aukera eman nahi dugu”,  azaldu du Juanito Barberan Arrasateko hezkuntza teknikariak. Hasiera batean, LHko 3. mailako ikasleei zuzenduriko unitate didaktikoa zuten buruan, eta zirriborro bat ere egina zeukaten herriko historia eta toponimia jasotzen zuena, baina nahi baino memoristikoagoa zen lana.  hik hasi-ren Herria ezagutzen egitasmoa ikusirik, eredu horri heldu zioten, eta proiektua 6tik 12 urtera bitarteko haurrei zabaldu zieten, eta hik hasi-ren aholkularitzarekin gauzatu dute lana. 
Arrasateko historiari buruz material asko zegoen jasoa, baina modu pedagogiko eta dibulgatibo batean lantzeko tresna falta zitzaien. Udaleko Hezkuntza Sailaren egitekoa izan zen, bada, herriaren iraganaz eta orainaz dauden liburuak jaso eta hustuketa lana egitea, unitateak diseinatu ahal izateko. “Ikasleengan eta herritarrengan beren herriarekiko interesa sortzea izan da gure helburuetako bat”, adierazi du Barberanek. Santxa eta Martin pertsonaiak dira, izan ere, Arrasateko historian barnako bidaia hau gidatzen dutenak. Biak ala biak herriko historiako pertsonaia ezagunak dira, Martin Bañez de Artzubiaga oinaztar batzuek hil zuten 1464an, eta haren emazte Santxa Otxoa de Ozaeta Marzana berriz, heriotza horrek ­eragindako minak hil omen zuen, ­eresi batek dioenez. 
Herriko bi ikastetxeetako irakasle talde batek parte hartu dute lanketa ­osoan zehar. Udalak gidatu du proiektua, lehen unitate didaktikoa bertako Oihana Aranburu zinegotziak egin zuen eta gainontzeko bostak Barberanek berak ondu ditu, eta ­ikastetxeetako hezitzaileek euren ­ekarpenak egin dituzte, bai gaiez, bai ariketen ereduaz, ­egokitasunaz... 
Sei unitate didaktikoez eta irakasleentzako gida pedagogikoaz gain, ­ibilbide didaktikoa prestatu dute ­Arrasaten. Historiaurrea ezagutzeko ibilbidea, hiribilduarena, auzoetan eskolaren kokapenaren araberakoa; kultura eta kirol instalazioen araberakoa; desagerturiko lantegien ingurukoa eta  herriko historiako pasarteak ezagutzeko ibilbideak osatu dituzte, eta herriko web gunean daude ikusgai guztiak. 
2010ean bi unitate didaktiko egin zituzten, 2011n beste bi, eta 2012an ­eta 2013an bana. Ikastetxeetan dagoeneko erabiltzen ari dira lehen bost ­unitateak, eta ikasturte honetan hasi berri dira seigarrenarekin. Ikastetxe bakoitzak erabiltzen du bere hezkuntza proiektuaren barruan nola garatu gaitegi eta ordutegiaren barruan. ­Ikastetxeez gain, herriko eragileei zabaldu diete materiala. “Herrian ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan nahi dugu”.
 
ELKARRIZKETA: Olatz ARANGUREN 
Olatz Aranguren historialariak dihardu Azpeitiko ondare kulturala biltzen eta jasotzen unitate didaktikoak osatzeko. Dagoeneko bi unitateko koaderno bat argitaratua du. 
‘Azpeitia ezagutzen’ lanaren lehendabiziko bi unitateen aurkezpena egin duzue. Nolakoa izan da honaino iristeko prozesua?
Proiektuaren abiapuntua Azpeitia fundatu zeneko 700. urteurrenean kokatuko nuke. Aitzakiatzat urteurren hori hartuta, zenbait historialariri (gehienak NUPeko edo EHUko irakasleak) Azpeitiko historiari buruzko ikerlanak egiteko eta argitaratzeko mandatua luzatu zitzaien, Juanra Madariagaren gidaritzapean.
Lan edo liburu horiek argitaratu ondoren, Azpeitiko historiaren inguruko hitzaldi sorta bat ere antolatu zen. Hala ere, liburu edo lan horiek ez ote ziren maila jasoegian geratu zalantza zabaldu zen pixkana zenbaiten artean, herriarentzat urrun geratzen zen jakintza ez ote zen landu. 
Hori guztia du abiapuntu Azpeitia ezagutzen proiektuak, eta helburu nagusia Azpeitiko eta inguruetako ondare aberatsa interesa duen edozein herritarri iritsaraztea da, indar berezia eginez Lehen Hezkuntzan dauden ikasleen curriculumean integratzeko proiektuan landutako proposamen pedagogikoak. 
Nire lanak hainbat zati izan ditu. Hasteko, beste herri batzuetan egin diren antzeko proiektuak begiratzea izan da abiapuntua. Horretan, lagungarri izan zait duela zenbait urte Errenterian egindako lana. Eredua ikusita, gaiaren inguruan zeuden hainbat ikerketa kontsultatzea izan da hurrengo lana: herriko eta bestelako historialarien lanak irakurri, oharrak jaso, herriko elkarteekin bildu, proiektua aurkeztu, behar izan dudanean laguntza eskatu... Horren ondoren, Hezitzaileen Gida eta Ikasleen Lan Koadernoa osatzea izan da zeregin nagusia eta potoloena. Horiek egituratu eta gero, ikastetxeekin ariketen eta informazioaren egokitasuna kontrastatzeko prozesua hasi zen.
Aldi berean, marrazkilariarekin harremanetan jarri ginen, eta, astean behin, koordinazio-bilerak egin genituen. Azken fasea lana maketatu behar zutenekin izan da (Eregi du izena enpresak). Horiekin ere izan dira koordinazio-bilera batzuk.
Orokorrean, lan handia izan da, baina uste dut aberasgarria izan dela sortze-prozesuan parte hartu dugun guztiontzat; gainera, ikastetxeetan aurten lantzen hastekoak direnez, prozesua ez dago itxita, eta horrek aberaste-prozesu hori areagotu egingo du.
Zer garrantzi du zure ustez haurrek herriko ondarearen berri izateak?
Ezinbestekoa da gure iritziz. Txiki-txikitatik, bizi garen ingurunearekin loturak edo harremanak eraikitzen joaten gara. Lotura edo harreman horiek ezagutzatik eta estimutik landuz gero, gizarte osoarentzat aberasgarria den prozesua jartzen da abian. Haurrak bere ingurunea ezagutzen eta maitatzen ikasten du, haurraren izaeraren zati bihurtuko da luzera. Herri osoarentzat da garrantzitsua herrian dugun ondarearen berri izatea, nor garen jakitea.
Herriko hiru ikastetxeek eta beste hainbat eragilek parte hartu dute lanean, ezta?
Lanean parte hartu duten eragileak ugari izan dira. Hasiera-hasieratik agertu dira laguntzeko prest, eta eskertzekoa da izan duten jarrera. Hasteko, indar berezia izan du Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Batzordeak, batzorde hori izan baita proiektua abian jarri duena eta prozesuak iraun bitartean ondoan izan dudana. Eragileen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Antxieta Arkeologia Taldea, Munibe Arkeologia Taldea (Azkoitia), Ingurugiro Fundazioa, Azpeitiko Argazkilari Elkartea, Iraurgi Lantzen… Beharren arabera jarri gara beraiekin harremanetan, eta, behar izan dugunean, beti agertu dira ahal dutenean laguntzeko prest.
Zer garrantzi dauka talde-lanean egindako proiektua izateak? 
Talde-lanean osatutako proiektua izatean, bakoitzak proiektua bere sentitzen duela esango nuke, batetik. Bestetik, herriko ikastetxeak eta hainbat talde proiektuaren zati bihurtzen badira, proiektua bera indar handiagoz ateratzen da, hala iruditzen zait; herriko hainbat eragile opil eder bati forma ematen ari izan balira bezala.
Azpeitiko ondareari dagokionez, zer zegoen bilduta, eta bilketa horretatik zer eta nola jarri duzu haurrentzat? 
Lehen lan-koaderno honetan, Historiaurretik hasi eta Erdi Arorainoko epea lantzen da. Azpeitiko ondareari buruz ez dago ezer handirik idatzita ia Erdi Aroraino. Beraz, inguruetako aztarnategietako eta herrietako lanak erabili ditugu. Nahiago izan dugu hutsuneak zituzten garaiak inguruetako lekuen informazioarekin bete. Kontuan izan behar da Azpeitia ez dela hiribildu banandu izan XIV. mende aldera arte eta bailara modura funtzionatuko zuela inguruak ordura arte gutxienez. Lana zehazterako orduan ere hori kontuan hartzea interesgarria iruditu zaigu. 
Niretzat erronka izan da informazio hori haurrentzat jartzea. Ni Historian lizentziatua naiz izatez, eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea; beldur ematen zidan gaian ez ote nintzen gehiegi korapilatuko; saiatu naiz landu beharreko adin-tartera ongi egokitzen. Hala ere, lan honetan, ezinbestekoa izan da ikastetxeen partaidetza. Haiek esan izan didate: “Ariketa hau zailtxoa da”, edo “Ariketa hau oso 
egokia da”. Eskerrak hor izan diren!
Nola esplikatu diezue ondare guztia haurrei? 
Gure helburua ez da ondare guztia haurrei azaltzea. Lan Koadernoa Hezitzaileen Gidarekin batera doa, eta gida horretan ematen dugu informazio osatuagoa, nahi duen guztiarentzat (irakasleak, gurasoak, Azpeitiko gertaeren inguruan interesa duen oro…) Askotan, haurrak bete egiten ditugu informazioa sartu beharraren beharraz, eta guk nahiago izan dugu, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan behintzat, gauzak lasai eta gustuz landu. Gehiago jakin edo landu nahi duenak aski du gidan begiratzea (www.azpeitia.net  helbidean daude eskuragai ikasleentzat Lan Koadernoa eta Hezitzaileen Gida). 
Nola egin duzu edukien banaketa atalik atal?
Edukien banaketa egiteko, Historia egituratzeko erabiltzen den ardatz kronologikoa hartu dut erreferentziatzat. Lehenengo bi unitate hauetan, aro zaharrenetatik berriagoetara antolatu ditugu atalak. Irakasleek esan digutenez, lagungarria izaten da horrela antolatzea ikasleentzat, buruan historiako aldiak egituratzeko lagungarria zaielako.
Argitaratu dugun lehen koaderno horren barruan, bi unitate didaktiko bereizten dira: Nondik gatoz? eta Nola sortu ginen? Lehendabiziko unitatea inguruko lehen bizi-aztarnetatik hasi (fosilak) eta erromatar garaira arte hedatzen da. Bigarren unitatea hiribilduaren sorrerarekin hasten da, eta Erdi Aroaren ia amaiera arte luzatzen da. Lehen unitatea LHko 1. mailan lantzeko pentsatuta dago, eta 2. unitatea, berriz, LHko 2. mailan.
Zer lan gelditzen zaizue egiteko aurrera begira?
Aurrera begira, datorren ikasturte-hasierarako beste bi lan-koaderno ateratzea dago pentsatuta. Erdi Aro bukaeratik gaur egunera arteko Historiako tartea landuko da batetik, baina ez dugu horretan bakarrik zentratu nahi. Aro berriagoetara gerturatu ahala, informazio gehiago jaso daiteke herritarren ohitura, pasadizo, xelebrekeria, bizimodu eta abarri buruz. 
Ondarea herrian oraindik ere bizirik dugun aberastasuna dela uste dugu. Azpeitia herri euskalduna da, eta oraindik ere kalean gelditu eta istorio ederren bat kontatzeko gogoz gerturatzen zaizun jendea bilatzea ez da zaila. Guk, gure proiektuarekin, antzeko zeregina bete nahi dugu, belarriak adi gerturatzen den edonori gaur egungo herrian bizirik diren edo duela zenbait urtera arte bizirik iraun duten  altxor txikien eta ez hain txikien berri ematea.
 
Ingurunea, irakaskuntza-prozesuko abiapuntu eta xede
 Sara Alonsoren hitzak ekarriz, Ramirez de Okarizek kultur ondarearen ikasketekin loturiko hainbat interesgune nabarmentzen ditu:
1) Ikasketa esanguratsuen lorpena errazten du. Aurreko nahiz ondorengo ikasketekin lotzeko ezagutza egituran elementuak jartzen ditu. 
2) Irakaskuntzarako eragile motibagarria da. Errealitate hurbiletik abiatzen da, non haurrak eragiten eta eragina jasotzen duen. Irakasteko metodo aktiboa errazten du.
 3) Diziplinartekotasuna eskatu eta laguntzen du. Gizakiarengan eragina duten egoera geografiko, historiko, ekonomiko, politiko, soziologiko, antropologiko eta kulturalak aztertzea baitakar. 
 4) Gizarte Zientzietakoak propioak diren prozedurak eta teknikak erabiltzea errazten du, araketa zientifikoarekin lotutako metodoen ezagutza erraztuz: Hipotesien aukeraketa eta planteamendua; Tekniken ezagutza eta erabilera; Ideiak kontrastatu; Konklusioak atera.
5) Ikaslearen pertsonalitate-eraketa eta garapen intelektuala sustatzen du. 
 6) Buru argi eta askeak eratzen laguntzen du. Ikasleak gai direlako inguratzen dutena eta bere ezagutzarako aurkezten zaiena ikasteko. 
7) Inguruarengan ikaslearen jarrera, balio eta konpromiso jarrerak sustatzen ditu. Ezagutzen duten errealitate baten jabe izanik, parte-hartzea areagotzen du. 
8) Jakin-mina; kreatibitatea; pentsamendu kritikoa; 
ikerketarako jarrera; besteenganako irekiera; solidaritatea eta kooperazioa sustatzen ditu, eta baita, munduan bizi diren herrialde eta kulturen ezagutza eta ulermena.