Gaitasun emozionalak lantzea funtsezkoa izango da gizarteko behar sozial berriei erantzuteko

2014-03-01

Gaitasun emozionalak garatzen ­ikastea eta pertsona zoriontsuagoak sortzea dira hezkuntza emozionalaren bi helburu nagusiak. Gai horretan ­aditua da Rafael Bisquerra, ­Psikopedagogian katedraduna (Arta, Herrialde Katalanak, 1949), eta Bilbon izan zen urtarrilean, Erkide-­Irakaskuntzak hezkuntzaren geroaz antolatutako saioetan. Ikasleak ­gaitasun emozionaletan trebatzea ­funtsezkoa dela uste du XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko, eta ­horretarako curriculum akademiko ­osoan hezkuntza emozionala ­garatzeko bitartekoak jarri beharko­ ­liratekeela dio, “gaitasun emozionalak lantzeko bizitza osoko entrenamendua behar baita”. 

 
 
Zergatik da beharrezkoa hezkuntza emozionala? Zein arrazoi izan ditzake ikastetxe batek edo erakunde batek horretan inbertitzeko? 
Nahikoa dugu hainbat adierazle kontuan izatea, hezkuntza emozionala oso beharrezkoa dela argudiatzeko. Adibidez, irakaskuntza da antsietatearen edota estresaren adierazle altuenak dituen lanbideetako bat. Horrelako adierazleek ulertarazten dute azken hamar urtean antsiolitikoen kontsumoa bikoiztu izana. Horrez gain, datuek diote biztanleen % 8-10ek antsietatea edo estresa duela. Haserrearekin lotutako patologia ­emozionalak aipatu ditugu, baina bada beste emozio bat ere, tristura, patologia eragiten duena: depresioaz ari naiz. Azken hamar urtean, bikoiztu ­egin da antidepresiboen kontsumoa. Ikerketek diote biztanleen % 15ek depresioa duela, edo depresiorako joera, eta, XXI. mendean, biztanleen % 25ek izan dezakeela, hau da, lautik batek. Gainera, ikerlanek diote mende honetako arazorik larrienetako bat indarkeria izango dela. Beraz, iruditzen zait arazo horiei aurre egiteko ­ahalegina egitea merezi duela, eta uste dut emozioen kudeaketa dela horretarako modurik onena.  
Oraindik behar bezala kontuan hartu gabeko premia sozialei hobeto erantzutea da, beraz, hezkuntza emozionalaren helburu nagusia. Nola lortu daiteke hori? 
Nire ustez, lehendabiziko egitekoa hezkuntza emozionalaren beharraz jabetzea da. Hasteko, sentsibilizazio-lan handia egin behar da, baina, hezkuntza emozionalerako programak ikastetxeetan sartzea lortuz gero, asko aurreratuko genukeela iruditzen zait. Gaitasun emozionalak garatzen ikastea funtsezkoa izango da, gizartean ditugun zenbait behar sozial berriri erantzuteko. 
Hezkuntza emozionalaren zein beste erronka azpimarratuko zenituzke? 
Hezkuntza emozionalaren helburua pertsonen ongizatea da, pertsona zoriontsuagoak egiten saiatzea. Asko hitz egin daiteke ongizateari buruz. Normalean, emozioetatik abiatuta hartzen ditugu erabaki gehienak, guztiak ez esatearren. Eta, gehienean, ­erabaki horiek gure ongizatea areagotzera bideratzen dira; izan ere, horixe izan behar dute xede. 
Hezkuntza-jardunetik abiatuta, nola landu daitezke gaitasun emozionalak? 
Gaitasun emozionalak lantzeko, lehenik, kontzientzia emozionala ­izan behar dugu. Norberaren emozioen kontzientzia hartzea esan nahi du horrek. Nola sentitzen naiz? Nola sentitzen da bestea? Zergatik sentitzen naiz horrela? Nola sentitzea gustatuko litzaidake? Eta zer egin behar dut sentitu nahiko nukeen bezala sentitzeko? Kontzientzia emozionalaren bidez konturatzen gara uneoro estimuluak jasotzen ari garela eta estimulu horiek gure emozioak pizten dituztela; eta ­ekintza edo jarrera mota bat eragiten dutela guregan, batzuetan positiboa eta besteetan negatiboa. Kontuan ­izan behar dugu, dena den, gertaera berberaren aurrean pertsona bakoitza, une bakoitzean, era batera edo bestera senti daitekeela.
Era berean, emozio jakin batetik ­abiatuta erlazionatzen gara jendearekin ere. Horren jakitun izatea eta sentitzen ditudan emozioek besteekin dudan harremana baldintza dezaketela konturatzea da kontzientzia emozionala hartzeko modua. Eta, emozioen kudeaketarako bidean, norberaren emozioez jabetzea da erregulazio emozionalaren aurreko urratsa.
 
Gaur egun haurrek jasotzen dituzten estimulu guztiak aintzat hartuta, badute baliabiderik emozioen kontzientzia hartzeko eta emozio horiek erregulatzeko?  
Kontzentratzeko eta arreta jartzeko zailtasunak ekarri ditu gehiegizko estimulazioak. Asegaitz egin ditu haurrak, eta horrek frustrazioaren kudeaketa zaildu du. Gure garaian, frustrazioa saihestezina zen. Ni Mallorcako langile-familia batekoa naiz. 50eko urteetakoa, sekulako eskasia eta pobrezia zegoen garaietakoa. Gogoratzen naiz nola sarritan pastelak zeuden erakusleiho baten aurretik pasatzen ginen eta nola sekulako ilusioarekin begiratzen nion. Beti inbidiaz ­egoten nintzen, baina ez nuen inoiz pastel haietako bat ere dastatzeko aukerarik izan. Horretara hain geunden ohituta, ezen hori gure eguneroko ­errealitatearen parte baitzen. Gaur ­egun, guraso askok inolaz ere ez dute nahi euren seme-alabak frustratzerik. Eta, beraz, haurrek eskatu ere egin ­gabe, gauzak erosten dizkiete.
Baina, horrez gain, bada beste arazo bat ere: zapping  mentalitatea, hain zuzen. Burua alde batetik bestera darabilgu beti. Twitter   mentalitatea daukagu, deskonexio etengabekoa. Mezuen uneoroko bonbardaketak zuzentzen du gure jokabidea; pantailek bideratzen dute gure bizimodua.  
Egoera horren aurrean, zein erregulazio-teknika erabil daitezke? 
Emozioak erregulatzeko, teknika asko daude, eta zenbait gaitasun landu daitezke. Adibidez, konpromiso-kontratu bat egin daiteke irakasleen artean, eskola emateari utzi gabe, astean behin kontzentrazio-ariketa bat egiteko. Esate baterako, ideia ona ­izan liteke eskola bost minutuko erlaxazio-ariketa batekin hastea. Hasieran kontrakoa uste arren, ikasleen ­arreta nahiz eskolako errendimendua handitzeko balio lezake horrek. 
Kontzientziaren, arretaren eta kontzentrazioaren artean lotura zuzena dagoela konturatu behar dugu. Isilik gauden denboran, nahiz eta kontzentratzen saiatu, askotan beste pentsamendu batzuetara joaten da burua. Hori asimilatzea kostatu egiten zaigu, baina kontuan izan behar dugu ikasleek, batez beste, minutuan behin galtzen dutela haria eskolan. Beraz, ­eskola-ordu batean, batez beste, 60 aldiz joaten zaie burua beste zerbaitetara. Horregatik, eskola amaieran zer ulertu duten galdetzen badiegu, konturatuko gara ikasle batzuk ez direla ezertaz jabetu. Zergatik diot hori? Ba, hori guztia kontzientzia-, arreta- eta kontzentrazio-ariketen bidez landu daitekeelako. Eta oso garrantzitsua da hiru alor horiek lantzea, gero entzuten ari naizenari arreta jartzeko edo irakurtzen ari naizena ulertzeko. 
Kontzientzia, arreta eta kontzentrazioa lantzeaz gain, emozionalki autonomoa izatearen garrantzia azpimarratzen duzu. Zer egin dezake eskolak haurra txikitatik emozionalki autonomoa izan dadin?  
Emozionalki autonomoa izateak esan nahi du pertsona gai dela une zehatz batean behar dituen emozioak sortzeko. Pertsonok, gure bizitzako lehen hamar urteetan, gurasoen menpeko gara ia; pentsamenduaren erabateko dependentzia gertatzen da hor. Gero, familiaren menpeko izatetik lagunen menpeko izatera igarotzen gara. Nerabeak bere askatasuna alde batera utzi ohi du, eta taldea izan ohi da haren ordez erabakiak hartzen dituena. Eta, horren ondoren, lagun taldetik bikotera igarotzen gara. Badaude lehenik familiaren, ondoren lagunen eta gero bikotearen menpeko izan diren pertsonak. 
Zer emoziorekin busti nahi dugun eta zer emozio saihestu nahi ditugun erabakitzen lagundu behar liguke autonomia emozionalak. Ziurrenik, gehienok ezagutuko ditugu emozionalki toxikoak diren inguruneak. 
Adibide bat jar zenezake? 
Esate baterako, festa giroan nerabeen lagun talde bat elkartzen denean, oso ohikoa da norbaitek substantziaren bat eramatea. Demagun batek ez duela substantzia hori kontsumitu nahi, baina horretara behartua sentitzen dela taldeak presioa egiten diolako. Une horietan norberak bere kabuz jarduteko duen ahalmena oso garrantzitsua da, eta gaitasun horrek norberaren emozioekin du zerikusia. Izan ere, taldeak nahi duenaren kontra pertsona batek erabakia hartu ahal izateko, autonomia emozionala behar du. Autonomia emozionalak erakusten digu norekin landu ditzakegun lotura emozional positiboak, betiere askatasunak ematen digun arduratik abiatuta.  
Lehen gaitasun emozional soziala entzuteko gaitasuna dela diozu. Hori ere eskolan landu daiteke? 
Gaitasun sozialez hitz egiten dugunean, beste pertsonekin erlazionatzeko gaitasunaz ari gara. Gaitasun horietan lehena entzuteko gaitasuna da, eta eskolan landu daiteke hori. ­Ikasleei entzuten ez badute denbora galtzen ari direla ikusarazi behar zaie. Ikasgeletan zenbait arau ezartzerakoan, funtsezkoa izan ohi da hizketan ­ari denarekiko errespetua lortzea. Baina, horretarako, lehen-lehenik, hitz egiten ari denari entzun egin behar zaio, eta horretan ere ez dakigu guztiok. ­Edonork izan behar du hitz egiteko aukera, eta, hitz egitean, hobe da aurrekoak esan duenari erreferentzia ­eginez edo haren hitzak laburtuz hastea, argi utziko baitu hala benetan besteak esan duena entzun duela eta arretaz egon dela.
Irakasleon kasuan, berriz, haurrei entzutea garrantzitsua da, baina baita gurasoei entzutea ere. Irakasleok asko hitz egiten dugu, gehiegi, sarritan. Askotan, badirudi hitz egiteagatik ordaintzen digutela.  
Landu beharreko zein beste gaitasun sozial nabarmenduko zenituzke? 
Oinarrizko beste gaitasun bat ­agurtzea da, edo irribarre egitea, eskerrak ematea, negoziatzea, arazoak konpontzea, asertibitatea, enpatia, ­etab.
Nola txerta daitezke hezkuntza emozionaleko programak eskolan? 
Hezkuntza emozionalean, programen diseinua, plangintza eta balorazioa egitea da xedea. Programa horiek Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte landu behar lirateke, betiere, esparru teoriko batetik abiatuta eta lehenik irakasleak prestatuz. Izan ere, hezkuntza emozionalaren lehen helburuaren publikoa irakasleak dira. Irakasleak prestatuta daudenean eta hainbat material eta baliabide eskuartean izanda, gai izango dira hezkuntza emozionala aplikatzeko. Programen diseinuan, kontuan izan behar da ­erremintek duten garrantzia. Ikasleengana iritsi aurretik, bigarren helburuaren publikoa familiak dira. Izan ­ere, hezkuntza emozionaleko programek arrakasta izan dezaten, hirukiaren erpin guztiak izan behar dira gogoan: irakasleak, gurasoak eta ikas­leak.  
Noiz eta nola eramango dira aurrera programa horiek? 
Hezkuntza emozionala hainbat testuingurutan ezar daiteke, bizitzan zeharreko prozesua baita: hezkuntza formalean, ingurune komunitarioetan, organizazioetan… Hezkuntza-zentro bat organizazio bat da, eta, organizazio den heinean, irakasleak ere gaitasun emozionalak behar ditu bere funtzioa landu ahal izateko. Hezkuntza-inguruneari dagokionez, ahalik ­eta espaziorik egokienak aurkitu behar dira. Ziurrenik tutoretzako ordua da espazio egoki horietako bat, tutoretzaren helburua pertsonen garapen integrala izan ohi baita, ohiko jakintza-esparru arruntetako edukiak garatzetik harago. Beraz, hezkuntza emozionaleko programa ikastetxean txertatzen hasteko moduetako bat tutoretzako orduen bidezkoa izan daiteke. Tutoretza, orientazioa eta hezkuntza emozionala, funtsean, oso erlazionatutako elementuak dira.
Hezkuntza emozionalaren zeharkakotasunaz hitz egin duzu, baina desideratum  gisa. Ez da erreala? 
Curriculum akademiko osoan eta irakasgai guztietan hezkuntza emozionala garatzeko modua egitea litzateke idealena. Hori da desideratum-a; badakigu zaila dela, baina horretara gerturatzen saiatu behar dugu. Eta erdibidea hezkuntza emozionaleko programak hainbat eremu akademikotan txertatzea litzateke, tutoretzetatik hasita, hiritartasunerako hezkuntzarekin jarraituz eta gizarte-zientzietan, filosofian, etikan, hizkuntzetan, natura-zientzietan, gorputz-hezkuntzan, matematikan nahiz beste edozein irakasgaietan ere landuz. 
Eskola-jardun arrakastatsurako gakoetako bat irakurketa emozio positiboekin lotzea dela diozu. Azal dezakezu hori? 
Derrigorrezko Hezkuntzaren bukaeran ikasleek irakurtzen goza dezaten lortzen badugu, lortu dugu hezkuntza-helburuen % 50. Izan ere, ongizate modu bat bakoitzari gustatzen zaion hori irakurtzea da. Beraz, irakaslearen egitekoa horixe izan daiteke: ikasleak irakurriz zer testuingurutan gozatzen duen ikusi, eta horrelako testuinguruak sortzea. Proposamen zehatz bat egin liteke irakurketaren inguruan: irakasle bakoitzak konpromisoa har dezake, ikasleei hilean behin irakurri nahi dutena eskolara ­eramanarazteko eta eskola-ordua horretan emateko. Izan ere, ikasle bakoitzak bere interesekin konektatu duela adieraziko du horrek batetik, eta, bestetik, irakasleak ikaslearen interesekin konektatu duela. Ikasleek irakurketa emozio positiboekin lotzea lortu behar dugu; irakurketa izan dadila ­asebetegarri. Oso tristea da ikasleek ­irakurketa gustatzen ez zaien zerbaitekin edo asperdurarekin lotzea. Horrek irakurketa emozio negatiboekin lotzea baitakar, eta kontuan izan behar dugu emozio negatiboek jarrera negatiboak eragiten dituztela. 
Hezkuntza emozionaleko programak egoki txertatuz gero, zein onura izan ditzake eskola-jardunean? 
Oso informatuta eta modu koherentean eginez gero, gaitasun sozialak nahiz emozionalak hobetzeko balio dezake. Besteenganako jarrera hobetzen da, eta baita eskolarekikoa ­ere. Gelako giroa hobetzen lagun dezake, eta baita ikasleen errendimendu akademikoa hobetzen ere. Aipatutakoaz gain, jarrera disruptiboak saihesten laguntzen du. Arazoak eta gatazkak ere gutxitu egin ohi dira hezkuntza emozionalaren ondorioz, eta baita indarkeriazko jokaerak nahiz antsietatea eta estres-egoerak ere. 
Hala ere, ez da inor ikasita jaiotzen. Emozioak kudeatzen ikasteko ere entrenamendua beharko da. 
Uste dut hutsune handia daukagula hezkuntza emozionalean. Analfabetismo emozional instituzionalizatu batean bizi gara. Garrantzitsua da gaitasunekin inor ez dela jaiotzen esatea, behin eta berriz. Gaitasunak ikasi egiten dira. Adibidez, entzutea gaitasun bat da, baina entzuten ikasi egin behar da. Sarritan, ordea, agintzera eta ikasleei ­isiltzeko esatera mugatzen gara. Gaitasunak entrenamenduaren bidez garatzen dira. Garatzeak ez du esan nahi goitik behera ezartzea. Bizitza guztiko entrenamendua behar da; urte askoan presente egon behar duen entrenamendua da. Zenbait ezagutza ­akaso hiruhileko batean bereganatuko ditu ikasleak, baina gaitasun emozionalak ez. 
Gaur egun, askotan egozten zaio eskolari ekimena, sormena edota haurraren ikertzeko grina gehiegi frustratzen duela. Zer diozu horren inguruan? 
Nik uste dut xehetasunak kontuan izan behar direla, orokortasunek okerreko bidetik eraman gaitzakete-eta. Irakasle eta guraso batzuek, haurrei frustraziorik ez eragitearren, ia dena eginda ematen diete, inolako mugarik gabe. Muturreko joera da hori, eta ez dio batere mesederik egiten haurraren garapen pertsonalari. Beste hezkuntza-ingurune batzuetan, berriz, frustrazioa hain da muturrekoa, ezen norbereganatutako babesgabetasuna eragiten baitu. Horrek esan nahi du pertsona horrek sekulako frustrazioa duela eta ez duela pentsatzen saiatzen jarraitzeak merezi duenik. Beraz, dagoen bezala geratzen da, ez aurrera ­eta ez atzera. Azterketa garaian gerta daitezke horrelakoak, adibidez, behin eta berriz irakasgaiak gainditzeko nahiko puntu ateratzen ez dituzten ikasleen kasuan.
Nola lagun dezake hezkuntza emozionalak ikasgeletako aniztasuna kudeatzen? 
Aniztasunaren lanketa gaur egungo hezkuntzaren erronka garrantzitsuenetako bat da, eta, horretan, hezkuntza emozionalak lagun dezake. Lehenik eta behin, aurrean duzun pertsonaren dimentsio emozionala hartu behar da kontuan. Nola sentitzen den pertsona hori bere errealitatearen aurrean. Zenbait ikasleren kasuan, euren egoerarengatik norbereganatutako babesgabetasuna izan dezaketela ulertu behar da. Babesgabe sentitzen dira, eta ez dute ezertarako gogorik izaten, uste baitute, egiten dutena egiten dutela ere, ez duela ­ezertarako balioko. Egoera horretara iritsi bagara, oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzen ez duten gizarte- eta hezkuntza-testuinguruak sortu ditugulako da. Adibidez, etengabe suspenditzen ari den pertsona baten egoera. Hori eragotzi egin beharko genuke. Ikasleek euren ekintzen aurrean emozio positiboak biziko dituztela ziurtatu behar dugu. Eta ikasle guztiek aitorpen positiboren bat izan behar dute zerbaitengatik. Batzuen kasuan, gaitasun akademikoengatik izango da; beste batzuetan, harremanetarako duen gaitasunagatik; beste batzuetan, soilik egiten duen ahaleginagatik ­izango da, edo erakusten duen jarrerarengatik. 
Hezkuntza emozionalaren beharra sutsuki defendatu duzu. Edukien hezkuntzaren aurretik jarriko zenuke? 
Ez nuke bat bestearen aurretik jarriko. Nik uste dut garapen kognitiboa eta garapen emozionala modu paraleloan doazela. Arazoa da ikastetxe eta ikasgela gehienetan baliabideen % 99 garapen kognitibora bideratzen dela eta alderdi emozionala ezerezean geratzen dela.