Haurrak Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan

2014-10-01

Pasa den ikasturtean Haur Hezkuntzako 328 haur eta haur horien 18 irakasleak etorri dira Donostiako Ikasleen Unibertsitate Eskolara. Unibertsitate Eskolan, 3-6 urteko haur horiek 13 zientzia-lantegi eta 16 psikomotrizitate-saio egin dituzte, gure ikasleek gidatuta eta lagunduta. Esperientzia hori abian jartzeko arrazoiak, berorren onurak eta topatu ditugun zailtasunak ere azaldu nahi genituzke artikulu honetan.

 
 

 Orain dela lau urte hasi zen dena. Orduantxe jarri baitzen abian Bologna plana Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Plan berria ezarri ­izanaren ondorioz, gure ikasketak gradu bihurtu ziren, eta horrek, besteak beste, ikasleen ikastaldia urtebete luzatzea ekarri zuen.

Laugarren ikasturte berri hori espezialitate txiki baten moduan  zegoen aurreikusita. Minor izena jarri zitzaion laugarren urteari, eta, Haur Hezkuntzaren barruan, lau minor ­ematen hasi dira aurten gure eskolan: Atzerriko Hizkuntza; Heziketa Berezia; Euskara, hezkuntzarako tresna, eta Haur Hezkuntzako Lantegiak.
Azken minor horretan kokatzen da goian aipatu dugun esperientzia. ­Izan ere, Lantegiak zuen izena minorrak, eta, maiz gertatu ohi denez, izenak eman dio izana. Irakasleen Eskola lantegi bihurtu nahi genuen, eta horretan ahalegindu ginen buru-belarri.
Lehen pausoa, gurean, psikomotrizitate-gela bat atontzea zen. Aurreproiektu bat aurkeztu genion zuzendaritzari. Begi onez ikusi zuen zuzendaritzak, eta halaxe helarazi zion Gipuzkoako Campuseko Erretoreordetzari. Guztion artean eta hiru urteren ondoren, psikomotrizitate-gela bat ­inauguratu genuen iazko ikasturtean.
Orduko hartan (2013ko apirila), Zubietako Herri Ikastetxea hurbildu zen gurera, eta, psikomotrizitate-saioaz gain, plastikako lantegi bat ere antolatu genuen eskola horretako haurrekin. Jarduera horren arrakasta ikusita, horri guztiari hurrengo ikasturtean segida nola eman pentsatzen hasi ginen.

Lehen pausoa: gure ikasleak proiektuan konprometitzea

Esperientzia horrek irakasgaiaren planteamendu metodologikoa guztiz birpentsatzea zekarren berarekin. Argi eta garbi zegoen haurrak ekarri behar genituela, gure eskolan irakasgaia lantegi bihurtu nahi bagenuen. Nola lortu, baina, haurrak gure eskolara etortzea? Nola bideratu gonbidapena?
Esperientzian gure ikasleak konprometitu behar genituela erabaki genuen laster. Bestela, betiko dinamika sortuko genuen, alegia: irakasleak jarduerak proposatu, eta ikasleek horiek bete. Gainera, gure ikasleak laugarren maila egitera zihoazen, eta zeharo sinetsita geunden ikasle hutsak (zentzurik pasiboenean) baino zerbait gehiago izan behar zutela.
Bestalde, gure ikasleek hamabi asteko praktikaldia (Practicum III) bete behar zuten ikastetxe batean. Hamabi asteko praktikaldia nahiko denboraldi luzea da haurrekin nahiz haur horien tutorearekin ere harreman sendo bat eraikitzeko. Egoera horretaz baliatu behar genuen, haurrak gurera ekartzeko!
Ikasturtearen hasieran, ikasleak bildu genituen, eta gure asmoaren berri eman genien. Aukera polita iruditu arren, harridura eta errefus-aurpegiak nagusi ziren ikasleen artean. Ez zegoen nahikoa zabalduta, eta ez dago oraindik ere, ikasleak gelatik kanpoko jardueretan inplikatzeko kulturarik. Gainera, proiektu honek ­ikasleei “plus” bat eskatzen die: ikaste-prozesuetan aktiboki parte hartzea, ikasle huts izatetik harago joatea, alegia.
Dena den, ikasleak lasaitu egin genituen, gonbidapena egin genien, eta azaldu genien ez zutela besterik ­egin behar. Ikastetxeak nolabaiteko interesa azalduz gero, gurekin jarriko zen harremanetan, eta denon artean bideratuko genuen jarduera.

Bigarren pausoa: ikastetxeen konfiantza irabaztea

Azaroaren amaiera aldera joan ziren ikasleak praktikak egitera, eta, urtarrilaren erdialdean, gonbidapenak egiten hasi ziren. Berehala hasi ginen erantzunak jasotzen. Ikastetxe batzuek, gehienek, jadanik ikasturteko irteera guztiak antolatuta zeuzkaten, eta ez zuten gurera etortzeko aukerarik ikusten. Beste batzuek, berriz, interesa azaldu zuten, eta jarduera prestatzen hasi ginen, praktiketan ari zen ikaslea bitartekari hartuta. Hala ere, hutsune batzuk gelditu zitzaizkigun, eta zenbait ikastetxe prest agertu zen hutsune horiek bete genitzan haur talde bat baino gehiago bidaltzeko. Azkenik, aldez aurretik pentsatuta genituen zientzia-lantegi eta psikomotrizitate-saio guzti-guztiak egin genituen.

Hirugarren pausoa: jardueraren antolakuntza

Honetan ere, buru-belarri sartu ziren gure ikasleak. Haiek lagundu zieten ikastetxeetako irakasleei haurrak gurera ekartzen. Haurrak oso pozik zetozen aste batzuetan, maisu edo maistra izan zuten pertsona gazte horren “eskola” ezagutzera. Gainera, beraien irakasleek ere duela urte batzuk eskola honetan ikasi zuten kasurik gehienetan. Haiek ere pozik zetozen berriro “Irakasle Eskolara”.
Eskola honetara etorrita, haurrak zientzia-lantegiak egiten hasten ziren, talde txikitan banatuta. Gure ­ikasleek antolatzen zuten jarduera ­osoa: batzuek lantegiak gidatzen zituzten; beste batzuek haurrek egiten zutenari behatzen zioten, eta ebaluatu egiten zuten. Zientzia-lantegi horietan, gai hauek jorratu ziren, besteak beste: argia, soinua, erleak, frutak, lur- eta eguzki-sistema, etab.
Zientzia-lantegia bukatuta eta hamaiketako txiki bat egin ondoren, ­psikomotrizitate-gelara zuzentzen ziren haurrak. Gela horretan, harrera ­egin zieten gure ikasleek, eta, sarrerako erritualaren ondoren, saioari ekiten zioten. Kasu honetan ere, gure ­ikasleak arduratzen ziren saioez, lauzpabost laguneko taldetan banatuta. Besteek beraien ikaskideek zer egiten zuten ikusten zuten, eta ebaluatu egiten zuten. Esan beharra dago saio horietan Bernard Aucouturier-en Praktika Psikomotorraren ereduari jarraitu zitzaiola.

Laugarren pausoa: eta irakasleok zer?

Unibertsitateko nahiz ikastetxeetako irakasleok bigarren planoan gelditzen ginen jarduerak zirauen bitartean. Haurrak eta gure ikasleak ziren protagonista nagusiak, eta, beraz, gure zeregina bestelakoa zen: elkarren arteko trukea. Izan ere, gauza asko genituen hitz egiteko: nola ikusten zituzten hemengo lantegia eta saioa, nola egiten zituzten horrelako jarduerak ikastetxe bakoitzean, zeren falta sumatzen zuten...
Unibertsitatea eta Eskola elkarrengandik oso urruti bizi dira, eta horrelako jarduerek bien arteko zubiak eraikitzen laguntzen dute. Hori ere bazen gure helburuetako bat: Unibertsitatea eskolaren errealitatera hurbiltzea.

Bosgarren pausoa: balorazioa

Gure ikuspuntutik, oso positiboki balioetsi dugu lehen esperientzia hau. Etorritako haurrak gustura ibili ziren gure “eskolan”, gure ikasleek lagunduta. Gainera, askotariko jarduera didaktikoak gauzatzeko aukera ­izan dute biek ala biek.
Horretaz gain, gure ikasleak trebatu eta gaitu egin dira. Graduko ikasketetan ikasitako zenbait kontzeptu teoriko hezur-mamizko haurrekin praktikan jartzeko aukera izan dute. Egia da sortu dugun egoera ez dela bene-benetakoa. Nagusi bakoitzeko haur-kopurua askoz txikiagoa zen ­edozein ikastetxetan baino. Hala ere, haurrak, gure ikasleak eta materialak guztiz errealak ziren, eta errealitateak sortzen dituen ezustekoei erantzuna eman behar izan zaie.
Bestalde, ikastetxeetatik etorritako irakasleek aukera paregabea izan dute beraien ikasleei beste testuinguru batean behatzeko. Gainera, aurrez esan bezala, jarduera honek aukera ­eman die beraiek egiten dutena eta gaur egun unibertsitatean irakasten dena alderatzeko.

Eta azken puntua: mila esker etorritako guztiei!

Esperientzia hau ezin izango genuen gauzatu zenbait ikastetxek gure gonbidapena onartu izan ez balute. Azken lerro hauek honako ikastetxeentzat doaz, eskerrak emateko:
-Aitor Ikastola
-Arantzazuko Ama Ikastola
-Axular Lizeoa
-Ekintza Ikastola
-Hirukide Ikastetxea
-Lizartzako Herri Eskola
-Santa Teresa Ikastetxea
-Udarregi Ikastola
-Zubietako Herri Ikastetxea
-Zuhaizti Eskola Publikoa

 

ZUBIETAKO ESKOLA ETA IRAKASLE ESKOLA ELKARLANEAN

Unibertsitatearen eta eskolen arteko loturak sendotzen

 Erlazio pedagogietan indarra jarriz, elkarlanean hasi dira Zubietako Eskola eta Donostiako Irakasleen Eskola. Bien arteko truke-harremana sortu dute, hiru xede nagusirekin.

 2012-2013 ikasturtean hasi zen Zubietako Eskolaren eta Donostiako Irakasleen Eskolaren arteko harremana, Estibaliz Jimenez de Aberasturik, plastikako unibertsitate-irakasleak eta Elkarrikertuz ikerketa-taldeko kideak, eguneroko eskola-jarduera aztertzea eta bertan parte hartzea erabaki zuenean: “Ikerketaren munduan, gehiegi urruntzen gara askotan egunerokotik, eta, irakaslegaien irakasle naizenez, errealitatera hurbiltzeko eta benetako irakasleen jardunean parte hartzeko beharra sentitu nuen”. Aurretik ere, hainbat irakasle elkarrizketatu zituen, baina gelan bertan egon nahi zuen. Hala, harremanetan jarri zen Maria Herradorrekin, Zubietako Eskolako 2-3 urteko haurren irakaslearekin, eta zenbait ­egunez hara joaten hasi zen; hasiera hartan, praktiketako ikaslea balitz bezala, begiratzera eta haur-eskolako ­irakasle hark nola lan egiten zuen ­ikustera joaten zen soilik.

Izan ere, Elkarrikertuz taldearen helburua irakasle burutsuak nola sortu ikertzea izan da hasieratik. Lana ­egiteko moduari dagokionez, berriz, galderak planteatzen dituzte lehenik; galdera horiek komunitatera eramaten dituzten ondoren; komunitatetik, galdera gehiago jasotzen dituzte gero, eta elkarrekin pentsatzen dute azkenik. Horrexegatik, erlazio pedagogikoa hasi dute Zubietako Eskolarekin, ikerketa-taldearentzat eskolekin harremanean egotea bereziki garrantzitsua delako: “Objektuetan edo ­edukietan baino gehiago, erlazio pedagogikoetan jartzen dugu indarra. Ildo horretan, gure egitekoa irakasleei euren prestakuntzarako laguntza ematea da, baina ez aholkatzea edo doktrinatzea”.
Zubietako Eskolan, proiektuen bidez egiten dute lan. 2012-2013 ikasturtean zehar, “pelikula” proiektua landu zuten, eta, Aberasturi hasieran behatzaile gisa besterik joan ez bazen ere, segituan hasi zen proiektuan eta eskola-jardunean parte hartzen. Hark gomendatuta, Hayao Miyazaki zuzendariaren Nire auzokide Totoro filma lantzea erabaki zuten, eta gero eta gehiago inplikatu zen pixkana: “Geroztik, Zubietako Eskolako ikasgelan nagoenean, ez dut soilik behaketa ­egiten, behaketa parte-hartzailea deritzoguna egiten dut. Ni ikasgelan nago, eta irakaslearen beharren arabera jokatzen dut. Niretzat, izan ere, garrantzitsuena horixe da: irakaslearen beharrak identifikatzea, eta horiei ­erantzuten jakitea”.
Harremanak jarraitu egin zuen, ­eta elkarlanean jarraitu zuten , 2013-2014 ikasturtean ere, Zubietan arkitekturaren inguruko proiektu bat landuz. Proiektua animalien bizitokiekin eta haietako zenbaitek eraikitzen dituzten gordelekuekin hasi zuten, ­eta gizakiek historian zehar eta gaur egun zer-nolako eraikuntzak egin dituzten aztertu dute gero. Prozesu horretan, bi kasu zehatzetan zuzenean esku hartu zuen Aberasturik hainbat saiotan, Zubietako irakasle Herradorri laguntzeaz gain. Batean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko kide batekin joan zen. Sare handi bat eraman zuten, eta haurrei esan zieten haren azpian guztiek jolasteko moduko toki bat egituratu behar zutela: emakumezkoak modu batera eta gizonezkoak beste era batera zergatik jolasten diren hausnartzea zen helburua. Beste batean, berriz, Friedrich Hundertwasser arkitektoaren lana aurkeztu zien haurrei  Aberasturik. Ez ditu eraikin berriak egiten, baizik eta eraikita daudenen gainean esku hartzen du. Beraz, haren lanei jarraiki jardun zuen haurrekin ere.

Haurrak unibertsitatean

Unibertsitateko irakaslea Zubietako Eskolara joateaz gain, Zubietako Eskolako haur eta irakasleak ere izan dira unibertsitatean, arkitekturako proiektuarekin lotuta. Haurrak iritsi aurretik, hauxe azaldu zien Aberasturik irakasle-eskolako bere ikasleei: “Zubietako haurrak arkitekturako proiektu bat ari dira lantzen. Guregana datoz. Hortaz, zer presta dezakegu haiekin batera jorratzeko?”. Eta unibertsitateko ikasleek arkitekturako saio bat prestatu zuten: batetik, haurrei antzerki txiki bat egin zieten, bisitan zetozen turistak zirela esanez, eta blokeak erabiliz haien herriko hainbat toki eraikitzeko eskatu zieten psikomotrizitate-gelan; bestetik, plastikako gelara eraman zituzten, eta han, berrerabil daitekeen materiala erabiliz, unibertsitateko ikasleek erdi eginda zuten maketa bat osatzeko proposatu zieten. “Gure xedea ez da izan helburu zehatz batekin zerbait zehatza lantzea, elkarrizketan oinarrituz ­eta elkarlanaren bidez elkar ezagutzea eta aberastea baizik”.
Elkarlana sendotu egin dute ordutik. Zubietako Eskolan behaketa-lana egiten jarraituko dute unibertsitateko irakasleek. Horrez gain, kanpoko ­unibertsitateetako jendea Donostiara datorrenean, Zubietako Eskolara eramaten dituzte, hango jarduna erakustera, eta, elkarlanean, ekintzaren bat egiten dute eskolako haurrekin, gero elkarrizketari eta hausnarketari bide emateko. Gainera, Zubietako Eskolako irakasleak Irakasle Eskolako irakaslegaiei beren lan egiteko modua azaltzera joaten dira unibertsitatera, eta, horrez aparte, unibertsitateak antolatzen dituen bestelako saio eta jardunaldietan ere parte hartzen dute. Azkenik, Irakasle Eskolan prestatu berri duten psikomotrizitate-gelara gonbidatuko dituzte eskolako haurrak, irakaslegaiek saio bat prestatzen dute haientzat, eta, gero, txosten bat osatzen dute han landutakoarekin. ­Aberasturik azaldu duenez, Zubietako Eskolaren eta Irakasle Eskolaren artean, elkarlanaren bidez, truke-harreman bat proposatzen da: “Horrela, eskolak unibertsitatean sartzen dira, eta unibertsitatea eskoletan. Lan egiteko modu horretan, garrantzirik handiena alderdi guztietako kideon prestakuntzak du”.
Elkarlana Zubietako Eskolarekin hasi badute ere, unibertsitatea inguruko beste eskolei ere ateak irekitzen ari da pixkanaka. Eskola horietako haurrentzat unibertsitatean bertan saioak prestatzeko, benetako zenbait lantegi eraikitzeko asmoa dute: “Pixkanaka ari gara, baina helburua eskolen eta unibertsitatearen arteko elkarlanerako bideak zabalduz joatea da, eta, talde-lan horretan, unibertsitateko irakasleok eta ikasleak ez ezik eskoletako irakasle eta haurrak ere inplikatzea”.