LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki

2014-11-01

“Estatuko ikasle guztiek estatuak agindutako edukiak menperatzeko kontrol sistema ezarri nahi du LOMCEk”

 

LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko Gure Gida-ren alderdi pedagogikoa eta curricularra landu du Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasle eta Filosofia eta Hezkuntza Zien-tzietako doktoreak. Erasoaren kontzientzia hartu behar dugula dio, eta LOMCEk ez diela pedagogikoki eta sozialki beharrei erantzuten.

 
 

LOMCE pixkanaka hasi da ezartzen. Jaurlaritzak, akordio bidez, zenbait puntu lausotu dituen arren, ukaezina da ziurgabetasuna ekarri duela guraso, irakasle eta ikasleengana. Hezkuntza-sistemari eta eskola-proiektuei nola eragiten die beste erreforma bat ezartzeak?

Kontua ez da beste erreforma bat ezarri dela soilik, kontua da inpo­saketa erabatekoa izan dela LOMCE. Erreforma hau inolako kontsentsurik gabe ezarri da; ez dago hezkuntza-eragilerik ados lege honekin. Azken urteetan hezkuntza-mailan lortu diren hainbat alderdiri begira atze­rapauso handi bat dakar. Inplantatu  nahi den hezkuntza-eredua gizar­tearen eskakizunen aurka doa. Eta Euskal Herriari begira, gure hez­kuntza-sistemak behar duen bidea­ren aurka doa.
Honen aurrean, nola erantzun? Nik uste dut bi bide egon daitezkeela: onarpenerana bata eta erantzutea­rena bestea. LOMCE atzerapauso ikaragarri bat dela sinetsi arren, berau onartzea da bide bat; baina bide arriskutsua. Ematen du ez dugula nahikoa indar  biltzen aurre egiteko. Jende askok pentsatzen du legea ez dela osotasunean martxan jarriko, hauteskundeak etorriko direlako eta PPk gehiengoa galduko duelako. Hala ere, kontziente izan behar dugu legea martxan dagoela, bere prozesua hasita dagoela, eragina izaten ari dela, eta nik uste dut kontzientzia horretatik jarri behar ditugula martxan legeari aurre egiteko prozedurak; hori da LOMCEren aurrean dugun beste bidea.
Justifikatua al dago Euskal Herrian lege-erreforma ezartzea? PISAko azterketen emaitzak ez dira Europakoak baino okerragoak hemen...
PISAko emaitzei begira, adibidez, legearen justifikazioan aipatzen diren emaitza kaskarrak ez dira Euskal Herri mailan ditugun emaitzak. Gure emaitzak Europako emaitzen oso parekoak dira, oro har. Eta azpimarratzekoa da, bai Erki­dego Autonomoan eta Nafarroan emaitza altu horiek ekitatiboak direla, hau da, emaitzak altuak direla ikasle guztien kasuan. Emaitzetatik ezin da justifikatu LOMCE, eta beharretatik ere ez. LOMCEren oinarrietan aipatzen da gizartearen erronkei erantzuten diela legeak, baina zein ikuspegitatik? Ikuspegi profesional batetik erantzuten die, eta ez pertsona osoaren garapenaren ikuspegitik. Nik uste dut hori azpi­marratzeko alderdi garrantzitsu bat dela. Gaur egun, Europa mailatik planteatzen den eskakizunetik dator oinarrizko gaitasunetan hezi beharra, Europatik etengabe aipatzen da konpetentzietan hezi beharra, gizarte konplexu batean bizi baikara, aniztasuna da nagusi, desberdin­tasun ikaragarriak daude, informa­zioa etengabe jasotzen dugu eta zailtasunak ditugu informazio uholde horri aurre egiteko; horren aurrean beharrezkoa da oinarrizko gaitasunak garatzea, baina LOMCEk bizkarra ematen die.
Zergatik diozu egun bereziki beharrezkoa dela oinarrizko gaitasunak garatzea?
Oinarrizko gaitasun hauek pertsona orok garatu behar ditugun gaita­sunak dira, gizartearen eskaki­zunei erantzuteko, bai maila pertsonalean eta baita gizarte mailan ere. Derri­gorrezko Hezkuntzak bermatu behar du pertsona orok gaitasun hauek garatzeko aukerak edukitzea. Gaita­sun hauek ez daude lotuta edukien ezagutzarekin, haratago doaz. LOMCEk, ordea, ezagutzak lehenes­ten ditu, bai curriculumaren dekretu­etan eta  bereziki ebaluazioaren planteamenduan. Eta argi daukagu ebaluazioak ikaragarrizko garrantzia duela ikaste-prozesuetan, hau da, nola izango garen ebaluatuak, horren arabera ikasten dugu.
Euskal Herriaren ikuspegitik, gainera, beste zerbait dugu esateko LOMCEren aurrean. Erreforma honek intentzio bat du, historiaren, kulturaren eta hizkuntzaren ikuspegi zentralizatua, hau da espainiarra, ezartzeko intentzioa. Ezin dugu ahaztu eskolak pertsonaren identita­tearen eraikuntzan duen garrantzia. Eskolatik aldarrikatu behar dugu Euskal Herrian eskubidea dugula gure historia ezagutzeko, gure kultura eskuratzeko; hori baita bide bakarra norberaren identitatea eraikitzeko.

Konpetentziak baztertzea, edukien ezagutza eta ebaluazioa, hiru horiek lirateke erreformak aitortzen duen asmo neoliberal hori ezartzeko  tresnak?

Erreformaren asmo neoliberal hori hezkuntzaren ikuspegian islatzen da. Hau da, hezkuntzak zer lehenetsi behar du? Onenak lehenetsi behar ditu edo lortu behar du hezkuntzak pertsona bakoitzak, dagoen lekutik eta kontuan izanik haurren arteko desberdintasunak daudela eta, gainera, maila sozioekonomikoak eragin handia daukala, dituen eskubideak bermatzea? Hori oso garbi ikusten dugu PISAko emai­tzetan. Emaitzetatik hezkuntza-sistemak desberdindu daitezke: sistema batzuek, Finlandiakoak esate baterako, emaitza onak lortzen dituzte baina ekitate handiarekin, hau da, ikasle denek lortzen dituzte emaitza onak. Aldiz, beste sistema batzuek ere emaitza onak lortzen dituzte batez beste, baina horien artean ikasle gutxi batzuek lortzen dituzte oso emaitza onak eta beste batzuek emaitza oso baxuak ate­ratzen dituzte. Emaitzek erakusten digute sistemaren antolaketa. Ekita­tea erakusten duten sistemek helburu bat dute: heterogeneitatea abiapuntutzat hartuta, emaitza altuak lortzea ikasle guztiek; aldiz, eta nik hor kokatzen dut LOMCEren ikus­pegia, badaude beste sistema batzuk gutxi batzuek emaitza altuak lortzea lehenesten dutenak.
Begiratu behar dugu zein den LOMCEren hezkuntza-helburua, eta nola erantzuten dion ikasleen artean dagoen aniztasunari. Gutxi batzuen emaitza onetara bideratu nahi du sistema, eta ez denen emaitza one­tara. Eta ikuspegi horretan kokatzen da ikastetxeen artean egin nahi den lehia. Ebaluazioak ikastetxeak bereizteko funtzioa du; rankingak egin nahi ditu LOMCEk, eta ranking hauek publikoak izango dira, eta baliteke, rankingen arabera jasotzea laguntzak. Legeak ikasle onak eta ikasle txarrak bereizten ditu, eskola onak eta eskola txarrak, beraz, bazterketa areagotzeko bidean jartzen gaitu. Zer egingo dute esko­lek? Zein da arriskua? Eskolak emai­tza onak lortzera bideratzea, eta emaitza horretarako, ikasle onenen emaitzak hobetzen ahalegintzea, hau da, elitea elikatzea.

Aipatu duzun hezkuntza-eredu horrek, ez dio asko laguntzen inklusioari.

Adibideak baditugu zer egin behar dugun eta zer ez dugun egin behar. LOMCEk ekitatean oinarritutako hezkuntza oztopatzen du. Eskolaren zeregina da guztien eskubideak bermatzea, hori da hezkuntza-kalitatea. Ikasle guztien ikaste-prozesua bermatzen dugun eskola behar dugu, eta hori ardatz hartzen badugu gaitasun gehiago izango ditugu LOMCEri aurre egiteko. Hezkuntza-eskubidea hori da, eta eskubide hori ez da bermatzen homogeneitatetik abiatzen bagara, baizik eta heterogeneitatetik abia­tzen bagara. Gelan konpetitibitatea bultzatu beharrean bultzatu liteke elkarren arteko laguntza. Elkarrekin ikasiz hobeto ikasten dugu eta, gainera, konpetentzia asko garatzen ditugu.
PISAko arduradunak elkarrizketa batean Espainiako Estatu mailako hezkuntza-sistemaren ahulguneei buruz galdetzen ziotelarik bi alderdi aipatzen zituen: Batetik, ikasleak ohituta daudela buruz ikastera, gehiegi lantzen da memorizazioa eta eskolarizazioa bukatzean ikasle horiek ez dira gai ideien arteko erlazio sakonak egiteko, eta hori ahulezi ikaragarria da. Hezkuntzak ez du pentsamendu abstraktua garatzen, memorizazioa bakarrik lantzen du, eta LOMCEk areagotu egiten du ahulezi hori. Aipatzen zuen beste ahulezia motibazioari buruzkoa zen: sistema eta eskolak antolatuta dauden moduan, irakas­learen transmisioan oinarrituta, ikasleen parte-hartzea bermatu gabe, ikasleak ez daudela motibaturik ikusi zuen PISAko arduradunak; ikasleak aspertu egiten direla. LOMCEk alderantzizko bidean jartzen gaitu: gaur egungo kulturari, ikasleen kulturari erantzuten dioten espazioak sortu beharrean, interak­zioa, elkarlana, pentsatzea, parteka­tzea, parte hartzea bultzatzen duten espazioak bultzatu beharrean, badirudi LOMCEk emaitzak bilatzen dituela, bakarka ikastea, memoriza­zioa... eta horrek porrotera eraman­go gaitu. Horren kontzientzia izan behar dugu: erreformarekin kanpo­ko ebaluazioetan, PISAn, ziurrenik emaitza okerragoak lortuko ditugu, eta haurren konpetentzien garapenean ere atzerapauso handia egingo dugu.

Ebaluazioa tresna bat izan beharrean, helburua da LOMCErentzat. Aurten hasiko dira eskolatik kanpoko azterketak ezartzen, nahiz eta horiek ez duten espedientean eragingo. Zer egin dezakete irakasle-guraso-ikasleek errebaliden bidezko ebaluazioak halako pisurik izan ez dezan? Nolako ebaluazio-sistemak lagunduko luke?

Ebaluazioa oso garrantzitsua da. Ebaluazioaren bidez badakigu non gauden, zeintzuk diren gure hutsu­neak eta zer dugun hobetzeko. Ebaluazioa erreinbidikatu behar dugu, baina tresna moduan. Oso garrantzitsua da ebaluazioaz haus­narketa egitea: Nola egiten da ebaluazioa? Zertarako egiten da ebaluazioa?
Arrakasta daukaten sistemek badauzkate kanpoko ebaluazioak, baina ebaluazio horien emaitzak autoebaluazioarekin lotzen dira. Sistema egokia da kanpoko inputak baliogarriak bihurtzen direnenean ikastetxearen hausnarketa bidera­tzeko eta hobekuntzak bideratzeko, ez ikastetxeak sailkatzeko. Baina ebaluazioa positiboa izan dadin, eskola barruan egitura batzuk behar dira, ebaluazioaren eta emaitzen inguruko hausnarketa egiteko. Horretarako irakaslego guztiak hausnartzeko aukera izango duten espazioak sortu behar dira. Bere errealitatetik abiatuz, hobekuntzak identifikatzeko denbora eta espazioa behar dute irakasleek. Nik zalantza daukat ezarri nahi den eskolaren antolaketa-sisteman hori posible izango den, horretarako hezkuntzan ikaste- eta irakaste-prozesuekin loturiko lidergoa behar baita. Aldiz, LOMCEk planteatzen duen zuzen­dari-profila desberdina da, profil hori administraziotik datorren pertsona bat da, printzipioz ez duena berma­tzen lidergo gaitasuna izango duenik.

Ikasleei begira, zer funtzio bete behar du ebaluazioak?

Ebaluazioak prozesuarekin lotuta egon behar du. Ebaluazioak datuak eman behar dizkigu ikasi behar dugunarekiko zer dakigun eta zein den egin behar dugun bidea ikusteko, bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat. Ikasleari datuak eman behar dizkio bere prozesua auto­erregulatzeko, eta irakasleei ikasleen erregulazio hori bideratzeko eta bere prozesua egokitzeko. Horrela plan­teatuta, ebaluazioa hausnarketa bide bat da, ikasleen ikasten ikasteko gaitasuna areagotzeko tresna bihurtu daitekeena. Baina LOMCEren plan­teamenduan, ebaluazioa bukaeran gertatzen den zerbait da, prozesuari bizkarra ematen diona. Gainera, curriculuma ikusita eta Espainiako ministeritzari entzunez, susma liteke, batxilergoko probak eta DBHkoak erantzun anitzeko probak izango direla. Horrelako proben bidez  buruz ikasitako ezagutza soilik erakutsi dezakezu. Horrez gain, zer edukietara bideratzen du ebalua­zioa? Estatuko ikasle guztiek estatuak agindutako edukiak menperatzen dituela bermatzeko kontrol sistema bat ezarri nahi du LOMCEk. Ebalua­zioa bihurtzen da ideologikoki PPk erakutsi nahi duen historia ikasteko edo behartzeko tresna nagusia. Beraiek azpimarratzen dute kontrol horren garrantzia, eta badirudi hemen ez dugula horren kontzien­tzia argia hartzen.

Baina erkidegoek aukera dute beraien edukiak planteatzeko, ezta?

Bai, baina ebaluatuko diren irakas­gaiak estatuak markatzen dituen horiek dira. Ez da bakarrik edukien % 50 inposatua daukagula, baizik eta % 50 hori dela ebaluatua izango dena.

Sistemaren zentralizazio edo espainiartzeaz gain, bertikalizazio bat ere badakar LOMCEk, ezta? Selektibitateak batxilergoa markatzen du, batxilergoak DBH... Edukiei gero eta garrantzia handiagoa emanaz eta konpetentziei kenduz, Haur Hezkuntzatik jarriko ditugu haurrak selektibitatea prestatzen?

Ebaluazioa izango da sistemaren inposaketaren ardatz. Eta arriskua daukagu beldurragatik, rankingak direla-eta, joku horretan sartzeko. Sistema horrek dituen arriskuez jabetu behar dugu, bai ikaste-prozesuari begira, ikasleek oztopoak izango dituzte LOMCErekin bizitza­rako, gizartean aritzeko, norberaren garapenerako beharrezkoak dituz­ten konpetentzia hauek garatzeko. Alderdi kognitiboa lehenesten du, eta gaur egun ondo dakigu beste alderdi batzuek ere, afektibitateak eta motibazioak, esate baterako, zer nolako indarra daukaten ikaste-prozesuetan. Baina LOMCEk horri guztiari bizkarra ematen dio, eta hori ikaste-prozesuaz gaur egun dakigun guztiari bizkarra ematea da.
Eta Euskal Herriko ikuspegitik, LOMCE oztopo bat da gure historia, gure kultura, gure hizkuntzaren transmisioan eta eraikuntzan jarraitzeko.

LOMCEk dakarren horri guztiari aurre egiteko, eskolek zertan jarri beharko lukete indarra, zure ustez?

Nik uste dut erasoaren kontzientzia hartu behar dugula. Arrisku handi baten aurrean gaude. Euskal Herriko hezkuntza-sisteman eskuratu ditu­gun hainbat lorpen galtzeko arris­kuan gaude LOMCEri aurre egiten ez badiogu. Era berean, une hau interesgarria da behar dugunari buruzko kontzientzia hartzeko. Gaur egun Euskal Herrian zer behar dugu? Baditugu hainbat diagnostiko, orain dugu diagnostiko hauen aurrean garatu behar ditugun bideak zein diren aztertu behar dugu. Adibidez: Eusko Jaurlaritzak iaz neurketa bat egin zuen eta hor argi agertu zen euskara arloan lortutako emaitzak ahulak zirela; eta nire galdera da: zer egin da, zer politika jarri dira martxan ahulgune horri aurre egi­teko? Nik oraindik ere jarraitzen dut entzuten ingelesa bermatu behar dela, ereduak oraindik baliogarri direla... eta azken hori demostratu da ezetz. Diagnostiko argiak izan behar ditugu, baina bide argiak eraiki behar ditugu  gure ahuleziei erantzu­teko, bai administrazioaren aldetik eta baita ikastetxeen aldetik ere. Ahuleziak agerian ditugu, baina ezartzen ditugun politiketan edo neurrietan kanpoko diskurtsoek pisu handiagoa hartzen dute.

Eskola asko LOMCEren aurka egon arren, zuk zeuk esan duzu, onartzeko prest daudela. Onartu nahi ez badugu, zer egin?

Desobedientzia. Gaur egun beldurra ematen digu desobedientziak, baina Euskal Herriko hezkuntza-sistema desobedientziaren bidean eraiki dugu, ikastolen sorrera gogora dezagun... Hizkuntza-ereduen ingu­ruan ere ikusi dugu  desobe­dien­tziaren bidetik hurbildu zirela ikastetxe asko A eredutik B-ra eta ondoren murgiltze ereduetara.
Kasu honetan argi daukat banakako desobedientzia ez dela nahikoa, gizarte osoaren mobilizazioa beharrezkoa da, eta, horren barruan, administrazioaren mobilizazioa beharrezko ikusten dut. Zure hezkuntza-sistemaren aurka doan zerbait, legearen ikuspegitik beretik ere zure eskumenaren aurka baldin badoa, zergatik onartu? Adminis­trazioak presio sozial bat behar du, eta presio sozial hori ulermenetik dator, hezkuntza-eskubideen urra­keta bat egongo dela ulertzetik. Gure ikasleek eta seme-alabek denbora eta aukerak galduko dituztela ulertu behar dugu, eta ezin dugula hori onartu.
Herrietan, gurasoen artean, esko­letan eta admistrazioetan kontzien­tzia hartu behar dugu, eta kon­pro­misoa hezkuntzarekiko.  Hain­beste ikuspegitatik da erreforma negati­boa, denok izan dezakegula zerbait LOMCEri ez esateko. Horren aurrean harago joatea eta gure hezkuntza-sistemak garatu behar dituen ildoak zein diren adostea lortzea itzela izango litzateke; eta beharrezkoa da.