Zein dira haur-eskoletan atxikimendu segurua bermatu ahal izateko kontuan eduki beharreko irizpideak

2014-12-01

Eskolan ume batzuek  helduarekin ego­­teko beharra izaten dute, ingurua esploratzeko interes eza, antsietatea eta errefentziazko zaintzailearen beharra baldin eta lasai egongo bada. Umearen errefentziazko zaintzaileak egiten badio harrera pozik gelditzen da umea; zeregin horretan beste zaintzaleren bat arduratzen bada, ordea, negarrez gelditzen da. Kasu batzuetan, etxean ere horrela izaten da, umeak amarekin bakarrik egon nahi du. Horrek zer esan nahi eskolako zaintzailea "amatzat" hartu duela eskolan? Hortaz, haurra eta amaren artean, edota haurra eta zaintzailearen artean, atxikimendu ziurgabea sortu da, nahiz eta ume horrek heldu horrekin egon nahi izan?

Beste batzuetan berriz, etxean umeak ez du uneoro amarekin egon beharrik izaten eta esploratzeko nahia izaten du, baina eskolan antsietatea eta ziurgabetasuna erakusten ditu. Horrek zer esan nahi du umearen eta helduaren arteko harremana edo atxikimendua txarra izan dela?

Bi kasuetan, gehienetan, erreferentziazko zaintzailea ez badago, hasieran, negarrez egongo da umea, baina lasaitutakoan pixkanaka gelako txokoak esploratzen hasiko da.

Kasu horretan, beti kezka berbera agertzen da: umearentzat zer da hobe bere zaintzaile kutunarekin egotea (haurra berekin oso pozik dago baina ingurua esploratu gabe, jolastu gabe...) edota nahiz eta bere errefentziazko zaintzailea ez egon esploratzen eta jolasean aritzea?

 
 

Atxikimenduaren teoriaren inguruko ikerketen emaitzek diote haur bat, estresaren eraginpean egon ­arren, bere oreka aurkitzera hel daitekeela eta homeostasisa berriz aurki dezakeela, baldin eta hartaz arduratzen den heldua eskuragarri badu eta, haurraren beharretara egokituz, heldua haren euskarri bada. Jakinekoa da baldintza hori ez dela beti betetzen. Haatik, pertsona bakoitzaren historia pertsona horrek gurasoekin, familia sistema osoarekin edota zaintzaile esanguratsuekin izan dituen harremanen emaitza da.

Haur txikien garapenean zerikusia daukaten helduek nola bizi dituzten beraien emozioak, hala jartzen dituzte jokoan haurrarekin daukaten harremanean. Eta hori zeharo inkontzientea da, kontzientzia hartu arte. Pertsona askok bizitza osoa igarotzen du mundukoekin, munduarekin, zer-nolako harreman mota duen ­ohartu gabe, batzuetan egonezin ­galanta bizi izanda ere. Pertsona ­horientzat, halakoxea da bizitza, besterik gabe.
Atxikimendu seguruan hezi denak era horretako atxikimendua eskainiko dio bere umeari. Aldiz, atxikimendu ez-seguruan hazi denak hori errepikatuko du (askotan ondorio ­larriak utzita), ez duelako besterik ezagutzen. Bere emozioak identifikatu ezin dituen helduak ezin izango ditu haurrarenak identifikatu, haurraren behar afektiboei erantzuna emateko prestutasun psikologikoan gabeziaren bat duelako. Bere buruarekin duen berbera. Jaso ez duena eman ­ezin izanaren arduradun ez da inor. Horixe da guraso askoren kasua. Kontuan izan behar dugu, horrez gain, haurtxoek beren gurasoen eredua beraiena balitz bezala hartzen dutela eta sistema horri jarraitzen diotela. Beraz, gero, gauza berbera egingo dute beraientzat esanguratsuak ­diren helduekin (hezitzaileekin, maisu-maistrekin…). Azpimarratu beharrekoa da egungo gizarteko garapen-ildoek haurren sozializatze- eta kultura-eremuan eskaintzen dituzten balditzek zer-nolako eragina duten pertsonaren garapenean. Haurraren heziketan eta garapenean, gurasoak ez ezik, erantzukizuna duten erakun­deak ere heziketa-eraren arduradun dira, zer, nola, zer helbururekin… kudeatzen duten kontuan hartuta.
Esaten da badaude atxikimendu ez-seguruan hazten ari den haur batzuk. Gehienak ez dira kasu larriak. Ez omen dira beti nahaste bilakatzen. Nolanahi ere, ardura hartzeko besteko kopurua badela esan daiteke.
Behar afektiboak asebete ez direnean eta sentimendu horien balioa aitortzen ez denean garatzen du haurrak atxikimendu ez-segurua.
Haur-eskola, eta atxikimenduaren garapena bermatzeko irizpideak.
Hasteko, oso une aproposa da ­egokitzapen-epea, haur-eskolara ­iristen den familia ororentzat. Egokitzapen-epeko denbora haien beharretara egokitzen bada, familiaren eta zaintzaileen arteko harremana erraztu egingo da. Hezitzaileek denbora ­izango dute haurraren eta guraso eta familiaren arteko atxikimendua nolakoa den aztertzeko eta atxikimendu-harremanean funtzionatzeko modu desberdinak daudela ulertzeko. Horrelako uneetan, lagungarria da, gelako estimuluetan barneratu aurretik, gurasoei haurra besoetan edukitzeko eskatzea, besoetan dutela aurrera diezaioten hitzen bidez zer une iritsi zaion. Egun batzuetan beraiekin ­egongo dela esango die, bertako zaintzaileekin eta beste umetxoekin batera, elkar ezagutzeko, tokia ezagutzeko… Eta, aurrerago, han dagoen pertsonak −izena beti erreferentziatzat hartuta− zainduko duela. Haurrari ordua iristen denean haren bila itzuliko direla esateko beti eska diezaieke hezitzaileak gurasoei. Ulertu beharra dago horrelako uneetan guraso askok izaten duten angustia. Atxikimendu berri segurua eraikiko bada (arautegi zurrunetatik at), familiaren eta haurtxoaren arteko atxikimendua era batekoa zein bestekoa ­izan, haur-eskolak familiei iritsi berri diren tokia behar bezain segurua dela erakutsiko die.
Haurra bakarrik egotera iristen denean, banatzeko unean patxadaz jokatzea komeni da. Jakin dezatela gurasoek aurrez zeinen garrantzitsua den une hori. Hobe da negarrez hasiko den beldurrez haurra konturatu gabe alde egiteko etxekoek erabil ditzaketen trikimailuak saihestea. Negarra sanoa da. Ez da erosoa helduentzat, baina bai sanoa haurrarentzat. Ez dago bereizteko uneko dolurik negarrik gabe. Seguruenik, une horretan hezitzaileak gertu edukitzeak segurtasuna emango die gehienei. Eta etxekoek alde egindakoan, haurrak ­beraien gauzez arduratzen hasiko ­dira poliki-poliki. Indibiduatzea beti ­atxikitakoarengandik bereizteko ­uneetatik dator. Tarteka, negar egingo dute haurrek, edo hasperen, bazterrera joan eta, tristura aurpegitxoarekin, “ama, ama” deika hasiko dira, beren objektutxoa besarkatuko dute, edota hozka egingo diote, ezetz esango dute eta, batik bat, erreferentziazko heldu horren beharra izango dute… Dena da naturala, bizitzako une berezi horretan. Prozesu horretan, haur gehienek katarroa, sukarra edota antzeko sintomak izan ohi dituzte, eta, indibiduatze-prozesuan, oso sanoak dira. Zaindu beharrekoak, era berean.
Etxekoak haurraren bila itzultzen diren unea ere zaindu beharra dago. Une horretan, minutu batzuez euste-besarkada barnekoia izaten lagundu behar diegu egunero. Une horietan, haurrak negar egin dezake, edota barre, beste aldera begiratu, edo ihes ­egin. Elkartze eta bat egite hori gertatuko da, alde bien ilusioa eta maitasuna berriro segurtatzen den arte. Soilik fase hori igaro ondoren emango dira eguneko azalpenak.
Haur-eskolako denboran haurrek ­izaten dituzten egonezinen inguruan
Atxikimendu-erak sailkatu egiten dira, haurren funtzionatzeko moduak ulertzeko. Sailkapenak, ordea, lehergailu izan daitezke. Haurrari jartzen zaion etiketa zaindu beharra dago, horrek zein beste edozein eratako aurreiritziek eragina izan baitezakete. Hori esanda, argi utzi behar da atxikimenduaren inguruan haurrengan sumatutako egonezinak bideratu beharra dagoela.
Argi eta garbi, 6-8 hilabetetik 30 hilabetera bitarteko sintomatologia guztia ez da atxikimendu ez-seguruaren eragina. Garapen-etapa horretan ere, haurrek —gehiengoak behintzat— oso gertu behar dute atxikitako pertsona. Bereizketa-denborak, bai fisikoak eta baita psikologikoak ere, bere tolerantzia epea dauka, eta ez da egunero berbera izango. Bereizketa-denbora hori gainditzen denean dago arriskua. Atxikitako helduaren faltak eragindako estresak haurraren funtzionalitate-eremua, oraindik ­garapen-etapagatik makala izanik, haurra desantolatzea ekar dezake, neurona-konexioak ere desorekatuta egoten baitira estres-uneetan.    
Haur-eskolako zaintza-uneetan sentituko du bereziki haurrak lotura berria eraikitzeko konfiantza, eskaintzen zaion hori segurutzat bizi badu. Horretarako, erreferentziazko zaintzaileak ahalik eta zaintza-une gehien ematea da egokiena. Eta haurrak berarekin egon nahi izatea ez da inondik ere arraroa, “hornitzailetzat” ikusten duelako askotan. Ez dugu ahaztu behar haurrek, hainbat hilabetean, zaintza ez ezik amaren bihotz-erritmoa ­eta tentsio arteriala sentitzeko premia ere badutela, bereak ere erregulatzeko. Horri ere atxiki behar dio, bere biziraupena bermatzeko. Jakina da haur asko heldu batzuekin errazago egoten direla beste batzuekin baino, amarengandik ezagutzen duten sintonia-erresonantzia antzekoagoa dutelako.
Beste gauza bat da haur batek zaintzailea “amatzat” hartzea. Hori gertatu bada, hezitzaileak era inkontzientean ilusio hori sorrarazi diolako izan da. Haurrak badu bere ama. Ordenarik ez izate horrek eragin negatiboak izan ditzake amaren eta umearen arteko erlazioan. Zer esanik ez, ­amaren eta hezitzailearen artekoan. Horregatik da horren garrantzitsua bakoitzak bere tokia aurkitzea eta hori besterik ez betetzea, ez da gutxi-eta.
Erreferentziazko hezitzaileak sarri esango dio beste hezitzaile batek zainduko duela, bera ez dagoenean. Beste horrek ere badakiela zer den behar duena, etxekoek haur-eskolan uzten dutenean egiten duten bezala.
Ingurua esploratzeko, besteekiko interesa pizteko, objektuak bizitzen ­ikasteko erabili ahal izateko, hau da, bakarrik aritzeko gaitasunak badituela jabetzeko, haurrak, nahitaez, esanguratsua den heldu hori integratuta ­izan behar du bere buruan. Elkarrekiko izatean datzan sentimendu horrek  etengabea izan behar du. Atxikimendua irudikapen mentala da, eta, berori eraikitzeko, erreferentziazko heldua behar du.
Atxikimendua segurua ez denean, gabezia dago gorputza eta psikismoa bateratzean. Haurtxo horiek, batzuetan, erreferentziazko helduaren altzoan edo magalean egoteko beharra izaten dute, hau da, sostengu fisikoa jasotzekoa, zaintzako uneetatik aparte ere. Osotasunean eutsita dagoela sentitzeko premia dute. Euste horrek ez luke izan behar helduak haurra bere altzoan barnerantz ixteko modukoa, euspena ematen diona baizik. Beti helduaren ezkerreko ­aldean kokatuta egotea komeni da. Haurra uzterakoan distantzia laburrean egitea komeni da, askotan ukitzeko beharra izaten dutelako.    
Haur-eskolak zenbait gako eskain diezazkieke gurasoei, beren haurrarekin bizitzen ari diren atxikimendu-prozesua ulertzeko. Betiere, gurasoen eta haurtxoaren arteko erlazio-­jokoan dagoen guztia errespetuz jasota. Haur horren gurasoak dira. Ez dute epaiketarik behar, eta haurtxoak ez du zatiketa gehiagorik behar. Harrerako eta jasotzeko uneetan, lagundu egingo zaie une barnerakoi batean euste-besarkada sortzen, gurasoek haurra beraien besoekin batu arte, ­une horretan haurrak negar egiten badu ere, bereziki orduan behar duelako besarkada hori. Horretarako, beti gune bera, interferentziarik sortuko ez duena, erabiliko da, jesarleku eroso batekin.
Haurtxoaren funtzionamenduan zerbait deigarria antzematen bada, lehenengo, gurasoekin patxadaz hitz egingo da, behatutakoa azalduko zaie, sintomak seinale direla esango zaie, haurtzaroa etapa ona dela laguntzeko… Eta azalduko zaie espezialista baten esku-hartzeak lagun diezaiekeela eguneroko bizitzan umearekin gai batzuk nola bideratu aurkitzen (batzuetan, erantzuna horrelako zerbait izaten da: “ni horrelakoa nintzela esan didate, edo zailagoa oraindik, ­eta hemen nago orain, bizitza normala egiten”; edo “hitz egin dugu gure artean baina ez dakigu nola egin”, edota “hau azkarra da, guri buelta zelan hartuko dabil beti”…). Hedatuta dago pentsamolde hori (ez etxean bakarrik), hau da: haurtxoari sasi-heldu ­erako manipulazio-gaitasunak ezartzen zaizkio, erreala ez den kognizio-maila emanez.
Lagungarria da beti, eta beharrezkoa ere bai batzuetan, gurasoei beren semea edo alaba egunerokoan zer-nolako gaitasun eta baliabideekin ari den hazten azaltzea. Batzuetan (egunero ez), argazkiek laguntzen dute gurasoei eguneko gertaerak begi-bistan jartzen. Hala, haur errealaren garapen-prozesuko hainbat une ezagut ditzaten.