Rosella SANTAGATA: Zer-nolako garrantzia dauka dokumentazioak eta, zehazki, bideoaren erabilerak irakasleen prestakuntzarako?

2015-03-01
 
 

Oso erreminta baliagarria da ­bideoa, irakasleek ikasgelan egiten dutenaren gainean, hots, euren ­jardunaren eta jokabidearen inguruan, pentsatzeko eta gogoeta egi­teko nahiz irakaskuntza-prozesua hobeto ulertzeko.

Bideoaren erabilera azaltzera jo aurretik, eta irakasleen prestakuntza ulertzeko, kontuan izan behar da ­oinarrizko ideia bat: irakaskuntzak ­izaera soziokulturala du. Izan ere, mundu osoko irakasleen helburua berbera bada, hau da, guztien xedea haurrek ikastea bada, zergatik erabiltzen dituzte toki batean eta bestean estrategia desberdinak? Tesia egin nuenean, Estatu Batuetako eta Italiako irakasleen jarduna ikertu nuen, ­eta ikusi nuen arau desberdinak dituztela bietan, praktika desberdinak dituztela, haurren sozializazioa lantzeko era desberdina dutela, eta horrek guztiak irakasleen gelako jarduna baldintzatzen duela. Ikerketa hartatik, ondorio nagusi bat atera nuen: ­irakaskuntza bere testuinguru soziokulturalean soilik uler daiteke. Ideia kulturalek zuzenean eragiten diete gure hezkuntza-praktikei. Era berean, ikasleek ere funtsezko zeregina jokatzen dute prozesu horretan guztian: modu jakin batean ikasten dute gizartean, eta, gero, eskema kultural horiek ikasgelan errepikatzen dituzte. Horrek esan nahi du hezitzaileek konplexutasun hori guztia kontuan ­izan behar dutela irakasteko orduan.
Irakasleen prestakuntzaz hitz egiten dugunean, prestakuntzan eragina duen beste alderdi bat ere oso kontuan izan behar dugu: gaur egungo ­irakaslegaiak edota irakaskuntzan hasiberriak direnak garai batean ikasle izan ziren, irakaskuntza mota bat ­jaso zuten, era bateko zein besteko ­irakasleak izan zituzten, eta horrek guztiak hezkuntza ulertzeko modu bat sortu zuen haiengan. Hortaz, eurek jaso zuten ikaskuntza-modua da gero eurek gelan aplikatuko dutena; uste eta jokamolde jakin batzuk izango dituzte, eurei ere ikasle zirenean horrela irakatsi zietelako. Ez dute pentsatuko egiten duten hori zergatik egiten duten, ez dute gogoetarik ­egingo euren jarduteko moduaren gainean; aitzitik, inertziaz jokatuko dute. Zentzu horretan, irakasleen prestakuntza sozializazio-prozesu gisa ulertzen dut nik, bereziki praktika berriak irakasten edota hainbat estrategia ezagutarazten ari gatzaizkielako. Baina ez hori bakarrik: estrategia zehatz batzuk irakasteaz gain, pentsatzeko modu berri bat ari gatzaizkie irakasten. Hortaz, irakasleak prestatzeko orduan, kontuan izan behar ­dugu nondik datozen etorkizuneko ­irakasle horiek, eta zer-nolako esperientzia bizi izan duten eurek ikasle garaian. Hortaz, irakasleen prestakuntzari begira, oso argi izan behar dugu irakasle horiek motxilarekin ­datozela, eta ideia jakin batzuk dituztela irakaskuntzaren, gelan egin behar dutenaren nahiz ikasleekin izan beharreko harremanaren inguruan.
Irakasleen prestakuntzan eragina duen beste alderdi bat denbora da. ­Epe zehatz bat izaten dute irakasleek prestakuntza jasotzeko. Beraz, profesional onak izan daitezen, oso argi ­izan behar dugu zer irakatsi eta nola ­irakatsi. Gelan dituzten edota izango dituzten ikasleen gaineko aurreiritzi eta usteak irakaslegai edota irakasle hasiberri horiekin lantzea komeni da, oinarrizko helburua irakasle horiek ­izango dituzten ikasle guztien gaitasunak atera eta gararaztea baita.
Garrantzia eman behar zaio irakasleen prestakuntzari. Izan ere, irakasleek gai izan behar dute euren ­artean irakaskuntzaz hitz egiteko eta euren eguneroko jarduna partekatzeko; ez dute beldurrik izan behar ikasgelako ateak zabaltzeko eta elkarri ­laguntzeko. Horretarako guztirako, hainbat erreminta izan ditzakete ­eskura: horietako bat bideo-analisia da. Bideoak ikustea eta aztertzea ­lagungarria izan daiteke, prestakuntza jasotzen duten hezitzaileek haurrekin jarduteko hainbat modu ezagut baititzakete horrela, horien gainean eztabaida eta gogoeta egin baitezakete, elkarlanean eskolan harremanak ­izateko eraz hitz egin baitezakete, irakasteko modua eraginkorra ­izaten ari den edo ez hausnar baitezakete, etab. Esan bezala, beraz, eskolak bideoan grabatu eta horiek aztertzeak lagundu egiten du, baina hori ez da nahikoa. Denbora asko eskaini behar zaio eskola-jarduna planifikatzeari ere, ­eta, horretarako, taldean lan ­egitea da egokiena. Binaka edo hirunaka lan ­eginez, irakasleek euren esperientzia parteka dezakete, eta batak bestearengandik ikas dezake. Horrez gain, dagokigun gaiari buruzko liburuak elkarrekin irakurtzeak eta horren gainean hitz egiteak ere laguntzen du. ­Finean, elkarrekin lan egiteari garrantzia eman behar zaio.
Aipatu bezala, irakasleen prestakuntzarako gure erreminta nagusia bideoa da. Bideoaren lanketan, oinarrizko lau alderdi izaten ditugu kontuan: lehenik, helburuak zein ­diren ­oso argi jakin behar da, bideoak erabilera ugari izan baititzake; adibidez, irakasteko modu zehatz bat ezagutzeko eta horren gaineko galderak ­egiteko erabil daiteke, edota irakaskuntzaren gainean gogoeta egiteko nahiz bideoan ikusten denari kritika egiteko eta hobekuntzak proposatzeko. Beraz, bigarrenik, erabiliko den bideoaren nolakotasunean eragina izango dute helburuek; adibidez, bideo batek praktika onak erakuts ditzake, beste batek gela arrunt bateko jarduna azalduko du, edota, kasuren batean, bideo labur bat beharko dugu, akaso haurren pentsamendu matematikoa aztertzen ari garelako, eta arazo baten aurrean haur batek ematen duen erantzun labur bat ikertu nahi dugulako. Hirugarrenik, garrantzitsua da bideo horiek ­ikusteko jarduna gidatua izatea. Eta, azkenik, bideo horiek ikusiz irakasleek ikasi dutena ere ebaluatu egin ­behar da. Hortaz, hasieran helburu batzuk ezartzen baditugu, bideoa modu eraginkorrean erabili dela ebaluatzeko gai izan behar dugu gero, ­eta baita aurrean izan ditugun erronkak dokumentatzeko ere.
Irakasleen prestakuntzaz ari garenean eta bideoak aztertzen ditugunean, irakaskuntza-prozesu guztia kontuan hartzea gomendatzen da. Hau da, irakaskuntza-prozesuaren barnean sartzen da irakatsi aurretik eta ondoren gertatzen den guztia ere. Horrexegatik, komeni da planifikazioa asko lantzea eta fokua analisian nahiz hausnarketan ere jartzea. Baina prozesu horren guztiaren muina ikasleen ikaskuntza da; hau da, gure lan guztia ikasgelan ditugun ikasleei zuzendu behar diegu. Adibidez, planifikazioaz hitz egiten dugunean, esan nahi dugu ikasleek gelan planteatzen diren arazoei irtenbidea nola eman ­ahal izango dieten pentsatu behar ­dutela irakasleek. Hortaz, ikasleek ­erabiliko ­dituzten teknikak, estrategiak eta ­metodoak aurreikusi behar dituzte: “Bigarren mailako ikasle batek nola ­ebatz dezake problema hau? Eta beste zer teknika erabil ditzake? Zein ­izango dira arazorik arruntenak eta ohikoenak?”. Lehen faseko lana da hori, baina, gero, pentsamendu matematikoa lantzen ari bagara, pentsamendu mota hori nola sustatu hausnartu beharko dugu: “Zer galdera ­egingo dizkiet? Lan idatzirik eskatuko diet? Nolakoa?”. Baliagarria izan daiteke irakasleei euren ikasleen pentsamenduan sartzen lagunduko dien ­edozein estrategia: “Zer ari dira pentsatzen ikasleak? Nola ari da funtzionatzen ikasle horietako bakoitzaren garuna? Zein da euren pentsamendu matematikoa?”.
Lan handia egin daiteke ikasleen pentsamenduaren erregistroaren gainean ere; kontua ez da soilik pentsamendu hori ikusaraztea, baizik eta jardun hori idatziz ere erregistratzea, dokumentatuta gera dadin. Irakasle gisa, gure ikasleek nola pentsatzen duten dokumentatuko dugu, eta, horrela, ikasturtean zehar ikasle horren pentsamenduan gertatzen den garapena monitorizatu ahal izango dugu, eta bakoitzaren jarraipena egiteko aukera izango dugu. Era berean, ebidentzia hori, hots, pentsamenduaren erregistro hori, erabiliko dugu etorkizuneko eskolak planifikatu ahal izateko. Gure ikasleek ikasteko duten moduan, dituzten erronketan, konpontzen dituzten arazoetan… oinarrituko gara gure jarduna berrikusteko eta etorkizunean emango ditugun eskolak eta gure jarduteko modua hobetzeko.
Irakaskuntza-ekintza bat aurrean dutenean, irakaskuntza-ekintza horrek zer helburu nagusi duen pentsatu behar dute irakasleek; hau da, gela horretako ikasleek lortu beharreko helburu nagusien gainean gogoetan egin behar dute, eta, gero, ebidentziak edo probak aztertu behar dituzte, zehaztutako helburura iristeko haurrak zer aurrerapen ari diren egiten ikusteko. Finean, irakasleek euren ikasleak ikasten ari direla demostratu behar dute. Horretarako, haurrak esaten duen horretan oinarritu-ko dira batzuetan; beste batzuetan, ­berriz, haurren lan egiteko moduan. Adibidez, haurrei eska diezaiekegu euren pentsamendu matematikoa esplizitatzeko moduren batera. Beste batzuetan, ordea, ez da izaten ikaskuntza-prozesuaren ebidentziarik. ­Izan ere, gerta daiteke nahikoa elementu ez edukitzea eskola-ordu ­batean haurrek ikasi duten edo ez jakiteko. Eta galdera interesgarri batera garamatza horrek: zer egin dezake ­irakasle batek ikasleek euren pentsamendua adieraz dezaten eta eskolan pentsamendu horren arrastoak utz ditzaten aukera gehiago sortzeko? Hortaz, bideoa ikusten dugun heinean, lehen-lehenik, ikasleen pentsamendua eta ikaskuntza-modua aztertuko ditugu, eta, gero, irakasleak ­erabili beharreko estrategiez gogoeta egingo dugu; hau da, ikaslearengan zentratuko gara lehenik, eta, gero, irakaslearengan. Zera galde dezakegu: eskola-ordu honetan zer egin du irakasleak ikasleei laguntzeko? Zerk ­balio izan die ikasleei, eta zerk ez? Eta azken urratsa eskola nola hobe dezakegun pentsatzea litzateke: ikasleek zer ulertu dute? Zer ez? Zer landu behar dute gehiago? Aurrera begira zer egin pentsatzea litzateke kontua, ­betiere jarduna hobetzea helburu hartuta.
Laburbilduz, esango nuke, ikaskuntza-prozesu baten garrantzia ­ulertzeko, testuinguru soziokultural eta historikoa oso kontuan izan behar dela. Zergatik? Testuinguru jakin bateko kide garelako, eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua testuinguru horretako arauek eta praktikek baldintzatzen dutelako. Jardun horretan irakasleei laguntzeko, oso erreminta baliagarria da bideoa, baina tresna bat da, inola ere ez helburua. Eta, gainera, oso ondo pentsatu behar da nola erabili. Amaitzeko, irakaskuntza-jardunaren ikerketa oso konplexua denez, garrantzitsua da elkarlana, une oro hausnartu behar delako nola ari garen irakasten eta aurrera begira nola hobe dezakegun praktika hori.