0-3. Hezitzaileen formazioa

2015-04-01

Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako jauzia

 
 

0-6 urte arteko hezkuntza-ereduari ­jarraipena eman nahi izan diote Reggio ­Emilian eta Lehen Hezkuntza amaitu arte ­luzatu dute esperientzia. Santa Crocen, ­hiriko auzorik zailenetako batean —etorkin-kopuru handiena, langabezia tasa altuena ­eta arazo sozial gehien duen auzoan— ­eraiki dute 0tik hasi eta 11 urte arteko lehen eskola unitarioa, Udalak hala erabakita. ­Orain dela 50 urte baino gehiago jaio eta ­arrakastaz garatu den Reggio Emiliako ­esperientziak 6 urtetik aurrera jarraipena ­izango du hala, haur-hezkuntzako zikloan ez ezik, goragoko adinetan ere, Loriz ­Malaguzziren filosofia oinarri duen praktika ezarriko baita.

Duela 10-12 urte hasi ziren Reggio ­Emilian Haur Hezkuntzaren eta ­Lehen Hezkuntzaren arteko elkarlan bideak urratzen. Lankidetza hark fruituak eman ditu eta garai batean gazta parmesanoaren biltegia izandako ­eraikin batean ezarri dute 11 urtera artekoen eskola unitarioa, Scuola Primaria Loris Malaguzzi deiturikoa. ­Uneotan 190 haur daude orotara. Testuinguruaren didaktikan eta tailerretan oinarrituta ikasten dute bertan, testulibururik, pupitrerik, ikasgairik eta ordutegi hertsirik gabe, ikasle bakoitzaren nahieraren eta erritmoen ­arabera. Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara igarotzeko jarraitu duten ibilbidearen berri eman dio hik hasi-ri Maddalena Tedeschik, prozesu horretan parte hartu duen pedagogoak.

Eztabaida luzearen eta hausnarketa sakonaren ondotik etorri da Lehen Hezkuntzarako jauzia. Ezaugarri bereziak izango ditu 0 eta 11 urte arteko haurrak hartuko dituen eskola unitario horrek? Edota izaera berritzailea eduki arren orain arteko esperientzien jarraipena izango da? Tedeschik azaldutako eran, galdera nagusi horien bueltan gogoeta luzea egin ostean, Reggio Emiliako esperientziaren muina diren zenbait balio nagusi kontuan izatea erabaki zuten eskola berriaren sorreran. Balio horietan lehena eskola horretan lan egingo zuten profesional guztien —irakasleak, sukaldariak, garbitzaileak…— formazio bateratua izan zen. “Lehen Hezkuntzan ordura arte existitzen ez ziren figura batzuk sortu genituen, hala nola, pedagogoarena, atelieristarena eta irakasle ikertzailearena. ­Etengabeko formazioaren bitartez, ­eguneroko esperientziatik sortzen dugun dokumentazioaren gaineko hausnarketa eta ikerketa egiten dugu. Dokumentazioak berebiziko garrantzia hartu du formazio-prozesu horretan guztian zehar, esperientzia berria denez, ez baikeneukan Lehen Hezkuntzaren inguruko tradizio dokumentaturik. Eguneroko jardunak eskaintzen dituen bizipenetan oinarrituz ari gara dokumentazio hori osatzen eta horren gainean egiten dugu gogoeta eta ikerketa”.
Eskola unitario honen sorreran azpimarratu beharreko beste balio bat pertsona guztien identitatearen errespetua da eta zeregin horretan espazioak berebiziko garrantzia hartzen du, Tedeschiren esanetan. Eskola eraiki ahal izateko, gazta-biltegi zaharraren berregituraketatik hasita, arkitektoak eta hezkuntzako profesionalak elkarlanean aritu dira: ­“Eraikinaren hasierako izpiritua gordetzen saiatu gara, eta biltegiaren espazio zabal horiek errespetatzen. Gero, eremu horretara egokitutako altzari espezifikoak diseinatu ditugu”. Reggio Emiliako gainontzeko ikastetxeetan bezala, plazak toki pribilegiatua hartzen du eskola honetan ere. Haur guztiak elkartzen diren eremua da, ideiak trukatzeko gunea, adin guztietako haurrak, langileak nahiz gurasoak topatzen diren lekua. Plazan ez ezik, eskolako beste eremuetan ere nahi eran mugi daitezke haurrak ingurune batetik bestera. Bakarka, talde txikitan nahiz talde handian lan egiteko eremuak dituzte. ­Eguna nahiko luzea bada ere —8etan hasten dira eta 16:00etan amaitzen dute—, ez daukate ordutegi hertsirik eta denbora ez dute irakasgaika zatikatuta; kontrara, ikaskuntza-prozesuak jarraikortasuna du; haurrek ikerketarako testuinguruak izaten dituzte eskura, eta interesatzen zaien hori ­egiteko aukera izaten dute uneoro. “Adin ezberdinetako haurrak elkarrekin jarduteko espazioak ere badaude. Gure eskola oso bizia da eta uste dugu haur txikiek zaharragoengandik ikasten duten moduan, helduenek ere txikienetatik ikasten dutela. Guk haurren arteko kooperazioaren eta talde-lanaren bidez pentsamendu kritikoa eta pentsamendu sortzailea sustatu nahi ditugu”. Pedagogoak gaineratzen duenez, horrek zerikusi zuzena du curriculuma ulertzeko moduarekin. Reggio Emilian ez dute uste curriculuma egi absolutuak edota eduki itxiak eskuratzeko bitartekoa denik, baizik eta etengabe norbere buruari galderak egiteko erreminta da, modu pentsakorrean eta kritikoan, uneoroko gogoeta bultzatzen duen tresna.
Eskola “posible den horren guztiaren” espazio gisa ulertzen dute Reggio Emilian. Egunaren hasieran, haur bakoitza bere erreferentziazko ­ikasgelara joaten da (adin bereko ­ikaskideak elkartzen dira han) eta ­asanblada bat egiten dute lehenik. Handik aurrera ikasleak talde txikitan elkartzen dira edota bakarka jarduten dute, interesekoak dituzten gai horiek ikertzen. “Haurrek ez daukate testu-libururik, horretan gastatu beharreko dirua liburutegi aberats bat osatzeko erabiltzea erabaki genuen. ­Era guztietako liburuak daude bertan, eta ez bakarrik espezifikoki Lehen Hezkuntzara bideratuak”.
Curriculumaren interpretazio zintzoa egitea izan da eskola berria ­eraikitzerako orduan hezkuntza-filosofiaren erdigunean jarri duten beste balioetako bat. Italian, estatuak emaniko curriculum gisara, “lanerako ­irizpideak” izeneko dokumentu bat daukate; jarraibideak dira eta ez nahitaez bete beharreko programazio ­itxia. “Orientabide oso irekiak dira, baina zoritxarrez, praktikan, irakasle batzuek hartu eta hitzez hitz segitu beharreko dokumentu itxi bilakatzen dute”. Egiatan, ordea, interpretazio-aukera ugari eskaintzen dituela dio Tedeschik, era bateko zein besteko ­irakurketak egiteko modua ematen duela, eta, horren gainean, irakasle bakoitzak bere lan egiteko era pentsatu eta erabaki dezakeela.
Testuinguruan gauzatzen den proiektuan oinarritzen dute pedagogia eskola honetan, testuinguruaren didaktika deritzote horri, eta horixe da esperientziaren sorburuan kontuan izan zuten beste oinarrizko balio bat. “Xedea da benetako testuinguru baten barruan erlazioan jartzea gurasoak, irakasleak zein haurrak, eta baita haiek dituzten egiazko galderak, desirak eta nahiak ere. Izate sistemiko eta holistiko batez ari gara”. Tedeschik adierazi bezala, testuinguru didaktiko horretan haurrek eurek autogestionatzen dute euren denbora eta beraiek erabakitzen dute denbora hori zein proiektutan igaro. Ez dute ohiko koaderno itxirik erabiltzen, uztaidun artxibategiak baizik, haurrek era guztietako materialak nahi duten ordenan sar ditzaten, lanak mugitzeko aukera izan dezaten eta eurek sortutako edukiak berregituratzen joan daitezen. “Haurrek egiten duten hori berreraikitzeko beharra dute, eta euren kabuz egiten duten horri zentzua eman beharra, eta hala, euren buruekin birtopatzekoa. Zentzu horretan haur zein irakasleek egiten duten horren arrastoak uzteak sekulako garrantzia du, horrelaxe elkartzen baita bakoitza daukan, egin duen eta den horrekin”. Norabide horretan, ahalegin berezia egiten dute teknologia berrien eta gailu digitalen erabileran, batetik arlo hori haurrei gertukoa zaielako eta haien interesekoa delako, eta bestetik, umearen gaitasun birtualak garatzen lagun dezakeelako, hau da, momentuko errealitatea gaindituz izan daitezkeen mundu posible horiek imajinatzen.
 Scuola Primaria Loris Malaguzzi sortu aurreko eztabaidan kontuan ­izan zuten beste balio garrantzitsu bat hezkuntzaren eta eskolako espazioaren izaera publikoa da. “Ideia hauek guztiak familiekin partekatu nahi ditugu, baina ez haiek informatzeko, baizik eta gurasoekin elkarlanean eskola eraikitzeko helburuz”. Hezkuntza-komunitate osoaren
ekarpenak beharrezko dituen funtsezko eztabaidetako bat curriculumaren inguruko da. Komisio bat eratu dute gurasoen eta eskolako profesionalen artean eta curriculumaren gaineko hausnarketatik ateratzen diren oinarri pedagogikoak guztien artean erredaktatzen dituzte. Baina gurasoek ez dute maila teorikoan soilik parte hartzen, baita praktikoan ere: altzariak eraikiz, paretak margotuz, haurrekin tailerrak eginez, materialak sortuz…
Reggio Emiliako 0-11 urte arteko eskola berria aipaturiko oinarri horien gainean eraiki da, eta Tedeschik azpimarratutako moduan, balio horiek garatzeko aukera ematen du “baldin eta irakasleek euren lana ­etengabeko ikerkuntza bezala planteatzen badute”. Eta eransten du, horixe dela orain deskribatzen ari den eskola hau besteetatik ezberdintzen duen ezaugarri nagusia.
Lehen promozioa atera da dagoeneko Reggio Emiliako eskola unitario honetatik, maila ertainera igaro dira ­ikasleak. Hango irakasleek diote, haur horiek, bereziki, lan kooperatiborako, talde-lanerako eta besteekin harremanak izateko erraztasunak dituztela. Ikasle horien jarraipena egiteko eta Lehen Hezkuntzatik eskola ertainerako jauzi hori dokumentatuta ­egon dadin, jarraipen batzorde bat ­osatu dute haur horien gurasoek.