PI DEL SOLDAT: Familiak ikasgelaren parte direnean

2015-12-01

Familiak ikasgelaren parte direnean

 Bartzelonako San Pol de Mar herrian, umeek ez ezik, familia osoek hasi dute 2015-2016 ikasturtea, Pi del Soldat udal haur-eskolan. Ikasgelako egunerokoaren parte izango dira uztaila bitartean haurrak nahiz horien gurasoak, aitona-amonak eta, oro har, gertuko pertsonak. Horrela, eraldatu egin nahi dute udal haur-eskolaren proiektu hezitzailea, “pertsonekin batera, eta ez pertsonentzat”.

 
 

Esku artean duen oparia partekatu nahi izan zuen Rocio Galindok, Bartzelonako San Pol de Mar herriko Pi del Soldat udal haur-eskolaren zuzendariak, Hik Hasik 0 urtetik 3ra bitarteko haurren hezitzaileentzat antolatutako prestakuntza-zikloan. Izan ere, halaxe definitu zuen, opari gisa, haur-eskolaren proiektu hezitzailea eraldatzeko prozesua bizitzeko eta gidatzeko aukera: “Eskola publiko batean eta beharrezko duen udalaren babes politikoa izanda horrelako autoeraldatze-prozesu bat abiatzea..., bizitzak eman digun opari bat da hori”.

Hain zuzen, eraldatze-prozesu kontzeptuari “auto” gehitu dio Galindok, barrutik ari baitira haur-eskolaren heziketa-proiektua alda-tzen; alegia, lantaldetik edo, bestela esanda, pertsonengandik abiatuta, eta pertsonekin. Izan ere, “oso desberdina da gauzak norbaitekin egitea edo norbaitentzat egitea. Norbaitentzat ari zarenean, halako hierarkia bat sortzen da: nik erabakitzen dut zer den zuretzat onena. Aldiz, bidea hezkuntza-komunitatea osatzen duten pertsonekin batera egitea proposa-tzen dugu guk: elkarrekin erabakitzea norabidea, bidegurutzeetan denon artean hautatzea zein den jarraitu nahi dugun bidea...”.

Erreferentzia inspiratzaileetatik nortasuna eraikitzen

2014. urtearen hasieran sendotu zen Pi del Soldaten eraldatze-prozesua, Rocio Galindok haur-eskolaren zuzendaritza hartzean; baina aurrez hasia zuten bidea hango hezitzaileek. Haur-eskola tradizional honek Iruñeko haur-eskoletako esperientzien berri izan zuen, eta, hari horretatik tiraka, Loris Malaguzzik Italiako Reggio Emilia eskualdean garatutako esperientzia pedagogikoak ezagutu zituen, bai eta Emmi Piklerrek Hungarian garaturiko bidea ere. Ezagutu ez ezik, haien irakaspenak beraien eguneroko jardunean txertatzen ere saiatu ziren, baina metodologia soil gisa hartuta: “erreproduzitzera mugatzen ziren”, beti urrats berdinak eginez.
Prozesuaren une horretan hartu zuen haur-eskolaren gidaritza Galindok, eta, zerbait zinez berritzailea egiteko eta “forma berri batera eramango gintuen eraldaketa hasteko”, galdera sakonak egiteko beharra jarri zuen mahaigainean: “Nortasun berri bat eraikitzeko, gauza berritzaileak egiteko, galdera berriak egin behar dizkiozu zeure buruari”.
Eta galdera sakon eta berri horietako bat jarri zuen irakasle taldearen erdigunean: benetan zintzoak al ziren ustez inspiratzen zituzten pertsonekiko eta ideiekiko? Izan ere, “edozein ikastetxetako proiektu pedagogikoa hartu, eta zaila da maila teorikoan ados ez egotea; baina zehazteko eta gauza-tzeko orduan ikusten da inspiratzen zaituen pedagogia horretatik gertu edo urrun zauden”, dio Galindok. Beraz, Pi del Soldaten jarduna bat zetorren Piklerrek eta Malaguzzik sustatutako printzipioekin? Galdera horri erantzutean, zalantzak sortu ziren ea familiek eta, oro har, hezkuntza-komunitateak eskolan izan beharreko presentzia eta parte-hartzea erreferentzia inspiratzaile horiek proposatutakoak bezainbestekoak ote ziren.

Familia ikasgelan sartzen da

Galindok bere ibilbidean ezagututako hainbat haur-eskolatan, haurra ekartzen zuten unera mugatzen zen gurasoen parte-hartzea eskolan, “eta, egiazki, besoetatik kendu behar izaten genien haurra gurasoei; izugarria zen”. Hasiak ziren pauso batzuk ematen Pi del Soldaten, egin nahi zuen aldaketaren bidean, eta 10:00ak bitartean haurra ikasgelaraino ekartzen eta sartzen uzten zieten gurasoei. Ordu horretatik aurrera, ordea, hezitzaile bat izaten zuten zain haur-eskolaren atean; hark hartzen zuen haurra, ikasgelaraino laguntzeko. Gurasoak haur-eskolaren atean gelditzen ziren 10:00etatik aurrera.
“Iristean, galdetu nien: eta hori, zergatik? Zergatik etor daitezke 10:00ak arte? Zergatik sentitzen duzue muga bat jarri behar zaiola gurasoek eskolan duten presentziari?” Izan ere, Reggio Emiliako esperientziak inspiraziotzat hartuz gero, eskolak familien parte-hartzea edo presentzia sustatu ohi du horietan. Bada, lantaldean galdera horiek egitean, “kontu interesgarriak” agertu ziren: batzuen ustez, familiek “oztopatu” egiten zuten ikasgelako dinamika; beste batzuentzat, “familiek egitura bat, beraien leku definitua” behar zuten ikastetxearen baitan... Beste batzuek honako hau esan zioten Galindori zuzenean: “Ez diegu mugarik gabe irekiko eskola gurasoei”.
Galindoren ustez, ohikoak dira erreakzio horiek galdera berritzaileen aurrean, “ezagutzen duenaren aurrean bakarrik irekitzen baita gure burua. Gure garunak sortuak ditu eskema mental batzuk, eta segurtasuna ematen diote horiek”. Horregatik, lantaldeari beraien garunen erreakzio arrunt baten aurrean zeudela ulertaraztea izan da Galindoren lana, erresistentzia horiek arruntak zirela sentiaraztea, eta horiei aurre egitea, berriz, posible dela ikusaraztea.
Denbora behar zutela ulertuta, lantaldearekin gaia lantzen jarraitu zuen, eta haien kezkak jasotzeari ekin zion. Zerk arduratzen zituen galdetu zi-tzaienean, hezitzaileen kezka nagusia hauxe zela ikusi zuten: “Ez badiegu mugarik jartzen, zenbait guraso egun guztirako geldituko dira eskolan, eta behatuta sentituko naiz nire lanean”. Bada, beste galdera sakon batekin erantzun zien Galindok: “Zergatik arduratzen zaituzte gurasoek zuen lanari behatzeak? Seguru al zaudete egiten duzuen lanaz? Zerbait hobetu behar al dugu gure jardunean, lanean ari garenean gurasoen aurrean eroso sentitzeko?”.
Kezkak eta beldurrak landu eta guztien artean partekatu ondoren, “ekin-
tzarako ordua” iritsi zen: “Ezin genuen plano mental batean gelditu, beldurrak horixe baitziren, mentalak. Gauzak probatu egin behar dira, esperimentatu. Umiltasunez, lehen aldiz egiten ari zarela onartuta, eta zure jarduna behin eta berriz berrikusteko jarrerarekin”.
Gauzak horrela, ikasturteari berritasun batekin heldu zioten 2014ko irailean: aurrerantzean, familiak nahi zutenean sartuko ziren haur-eskolan, eta nahi beste denboraz gera zitezkeen.

Egokitzapenik ez, familiarizazioa baizik

Aldaketak bete-betean eragin zien ikasturte hartan haur-eskolan lehen ikasturtea hastekoak ziren haurrei eta haien familiei. Izan ere, ordu arte, egokitzapen-fasea deiturikoa pasatu behar izaten zuten Pi del Soldat haur-eskolan hasitako haurrek lehen ikasturtean. Izenak berak adierazten duen moduan, haurrak errealitate berri batera egokitzeko edo moldatzeko prozesua litzateke hori, “eta halaxe da zinez: gauzek forma bat dute, eta haurrak forma hori hartu behar du, forma horretara moldatu bere burua”.
Egokitzapen-prozesu hori gurasoei azaltzeko erabili ohi zuten aurkezpen-txostena erakutsi zien Galindok Hik Hasiren prestakuntza-zikloko parte-hartzaileei. Aurkezpen horretan, ohikoak ziren haurrak negarrez agertzen diren argazkiak, bai eta negarra gainditu behar dutela zioten mezuak ere haien ondoan. Gainera, aurkezpen osoan zehar, hezitzaileak ziren mezu horien igorleak. Baina, “ustez pertsonengan oinarritzen den ikastetxe bat baldin bagara, ezin dugu besteen ahotik hitz egin, kasu honetan haurren ahotik; adierazten utzi behar diegu. Eta, argazki horietan, haurrak beraien bizipena adierazten ari ziren negarraren bidez”.
Aurreko dinamika horri kontrajarrita, 2014ko irailetik abian duten prozedura ilustratzen duten argazkiak erakutsi zituen Galindok prestakun-tza-saioan: haurrak lasai, jolasti eta irribarretsu daude ikasgelan, beraien senitartekoak gelako txokoren batean begira dituztelarik. Ez negarrik, ez negarra gutxiesteko mezurik. Familiak ere ikasgelaren parte dira prozedura horretan, beraz, eta abian jarritako prozedura horri familiarizazio-prozesu deitu diote.

Gurasoak: ikasgelan egoten ikasten

Baina, hezitzaileen kezkak eta beldurrak aintzat harturik, hainbat gomendio ematen dizkiete ikasgelaren parte izango diren senitarteko horiei. Hasteko, helduek ez dezaten erabat har haurrena den espazio hori, ume bakoitzeko heldu bakarra etor daiteke ikasgelara egunean, salbuespenak salbuespen; heldu hori gurasoetako bat, aitona edo amona eta, oro har, haurraren gertuko edonor izan daiteke. Heldu horrek ezin du izan ikasgelan mugikorrik piztuta, eta ezin du egunkaria irakurtzen egon ere: umeekin aktiboki egotea da heldu horien egitekoa. Hori bai, haien presentzia garrantzitsua bada ere, umearen martxan ez sartzeko eskatzen diete: alegia, ez dute umea jolastera edo lagunekin jolastera animatu behar... Umearen erritmoa errespetatzeko eta une bakoitzean behar dutena egiten eta adierazten uzteko eskatzen diete hezitzaileek umearen gertuko heldu horiei. “Ez da askorik hitz egin behar. Haurrarentzat inportantea da heldu hori presente egotea, irribarre batekin eta begirada samur batekin”.
Bestalde, heldu horrek haurraren inguruan duen kezkaren bat argitu nahi badu hezitzailearekin, bilera bat eskatu behar du, eta ikasgelatik kanpo egingo da bilera hori: ikasgela haurren espazioa da, eta errespetatu egin behar da. Bestetik, haurrek eta gurasoek eskola osoan zehar ibiltzeko aukera izango dute: ez dute beraien presentzia ikasgelara zertan mugatu, eskola osoa komunitate guztiarena baita, eta, beraz, baita beraiena ere.
Zaintzarekin loturiko uneak ere hartu dituzte aintzat gomendioak egiterakoan. Adibidez, umeari pixoihala aldatu behar bazaio eta haur horren gertuko heldua une horretan ikasgelan baldin badago, hezitzaileek heldu horri utziko diote pixoihala aldatzen; dena dela, beraiek ere gertu egongo dira, pixkanaka haurrarentzat intimoak eta babesekoak diren une horietan parte hartzen hasteko. Jatorduei dagokienez, helduek aukera dute jangelan gelditzeko, baina, ikasgelan bezala, haurrari espazioa emanez eta jatera animatu edo behartu gabe.
Azkenik, gurasoei eskatzen diete sekula ez alde egiteko haurrari agur esan gabe, umeak pixkanaka ulertu egingo baitu laster itzuliko direla. Eta, haurrak negar eginez gero, errespetatu egingo da haurraren negarra, haurrak komunikatzeko duen baliabide gisa ulertuta.
Galindoren esanetan, beharrezkoak dituzte gurasoek gomendio edo jarraibide horiek. Izan ere, oso zaila egin ohi zaie haurrarekiko distantziari eustea, eta beraien rola zein den azaldu egin behar zaiela uste du: “Gelan jarraibideak ez direla betetzen ikusiz gero, naturaltasunez eta maitasunez azaltzen diegu”. Ildo horretatik, gurasoek, behaketarako posizio horretan jartzean, beraien haurra “beste modu batera ikusteko” aukera dute, eta asko ikasten dute haurrari, beraiei eta beraien arteko harremanari buruz.
Horren erakusgarri, familiarizazio-prozesu horretan parte hartu duten gurasoekin osaturiko bideoa jarri du Galindok. Bideo horretan ikusten denez, haurraren eta gurasoen arteko lehen banaketa izan ohi den hori “modu natural” batean bizitzeko aukera eskertzen dute gurasoek, “drama, oihu eta negarrik gabe. Jada ez da zerbait traumatikoa”. Hainbat gurasok laneko atseden-tarteak baliatzen dituzte haurra bisitatzeko, edo, lehen egunetan, haurrak behar duen denboraz gelditzen dira, haurrarekiko banaketa lehenbailehen egiteko presiorik gabe.

Komunitate-sena sortzen

Baina, familiak ez ezik, hasieran erresistentziak agertu zituen hezitzaile talde hura ere gustura dago gaur egun familiarizazio-prozesu deitu diogun horrekin. “Orain ‘hara zer aldea!’ esaten didate, beraientzat ere samurragoa delako gelako giroa”, dio Galindok. Gainera, ikasgelan dauden helduak ez dira beraien haurrez soilik arduratzen, gainerakoekin ere laguntzen diete hezitzaileei; eta, beraz, familiak ikasgelan izatea laguntza ere bilakatu da haientzat. “Gurasoen artean, hezitzaileen eta gurasoen artean, haurren eta beste haurren gurasoen artean..., estuagoak dira harremanak orain. Talde- edo komunitate-sena indartu egin da”.
Hala ere, erresistentziak ez dira erabat gainditu. Hezitzaile batzuek oraindik “kaos sentsazioa izaten dute. Baina egoera da kaosa, edo beraien baitan sentitzen dutena? Izan ere, askok beraien eremua izan denaren gaineko kontrola galtzen ari direla sentitzen dute, eta hortik dator kaos sentipena. Baina hau ez da inoren eremua; hau eskola publiko bat da”. Ildo horretatik, “haurren laguntzaile izatetik familien laguntzaile” izatera igarotzeko eraldatze-prozesuarekin jarraitu nahi du Galindok, urratsez urrats, familiekin harremanak “naturaltasunetik eta maitasun handiz eraikiz”.

 

Familiak, hezkuntza-komunitatearen parte ikasturtea hasi aurretik

 Ikasturtea hasi aurretik bilakatzen dira familiak hezkuntza-komunitateko kide, Pi del Soldat udal haur-eskolan. Lehen ikasturtea hasi aurreko uztailean, haur-eskola bisitatzeko eta hezitzaileak nahiz gainerako haur eta gurasoak ezagutzeko aukera izaten dute, guraso berrientzako bilera antolatzen baita. Bilera horretan, bestalde, familiarizazio-prozesua egin nahi dutenentzako jarraibideak eta gomendioak aurkezten dizkie haur-eskolak gurasoei. Eta, familiaren batek, lan-arrazoiak edo bestelakoak tarteko, ezin badu ikasgelan presentzia aktiboa izan ikasturtean zehar, hezitzaileen zaintza bermatuta izango dutela adierazten zaie; “kulpa-sentimendua izaten dute egon ezin dutelako, eta hori kentzen saiatzen gara”.

Horrekin batera, haur-eskolak ere bisitatzen ditu lehen ikasturtea hastear duten haurrak, beraien etxean bertan. Izan ere, “familiekin zubiak eraiki nahi ditugu, baina beti beraiei eskatzen diegu eskolara joateko”. Horregatik, opari bat besapean hartuta, hezitzaileek beren zaintzapean izango dituzten haurrak beren etxeetan bisitatzen dituzte uztailean zehar: “Ez ote da umearentzat hobea ezezaguna zaion zaintzaile horrekin lehen kontaktua bere etxean egitea?”, galdetu du Galindok. Gainera, haurra garatzen ari den eremuan bertan ikusteko aukera du horrela hezitzaileak, eta informazio baliagarria eskuratzen du.