GIPUZKOAKO PARKETXE SAREA

2016-02-01

Gipuzkoako parke naturalak klik batean

 Gipuzkoako Parke Naturaletako parketxeek eta interpretazio-zentroek bat egiten dute Gipuzkoako Parketxeen Sarean. Hala, horien inguruko informazio guztia klik bakar batean eskuragarri dago sarean, parketxe-sarearen webgunean, ‘parketxesarea.org’ helbidean. Gune horretan, parketxeetako eskaintza modu bateratuan ikus dezakete erabiltzaileek.

 
 

Ingurumenaren gaineko heziketa eta natura-inguruneen ezagutza sustatzea eta, modu horretan, ingurumenarekiko errespetuzko balioak bultzatzea, asmo horixek ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Kutxak eta Ataun, Aia nahiz Oñatiko udalek sorturiko Gipuzkoako Parketxe Sareak; eta zeregin horretan dihardu 2009az geroztik. Modu horretan, elkarlanaren bidez eta indarrak batuz, Gipuzkoako parketxe eta interpretazio-zentroen lana koordinatzea eta norabide berean jartzea lortu dute eragile horiek; eta, bide batez, baita parketxe bakoitzak bere aldetik egindako lanaren oihar-tzuna eta eragina biderkatzea ere.

Naturarekiko heziketa eta ezagutza hori bultzatzeko, naturarekin lotutako aisia-jarduerak eta natura-ingurunearekin bat eginda gauzatzen diren hezkuntza-jarduerak sustatzen ditu parketxe-sareak. Horrekin batera, Gipuzkoako parke naturalen egoera eta premiak hobeto ezagutzeko ikerketa-proiektuak egiten dituzte. Horien guztien inguruko informazioa aurki daiteke parketxeen webgunean, parketxesarea.org helbidean.

Informazio osatua eskura

Klik bakarrean, Gipuzkoako parke naturaletako parketxeen eta interpretazio-zentroen inguruko informazio zabala aurki dezakete erabiltzaileek webgune horretan.
Esaterako, Jarduera berezien egitaraua izeneko atalean, modu bateratuan ikus daitezke, hilabetez hilabete, Gipuzkoako parketxe guztietan antolaturiko ekintza esanguratsuenak. Horrez gain, toki propioa du parketxe eta interpretazio-zentro bakoitzak webgunean. Beraz, hainbat parke naturaletako parketxeen webguneak aurki daitezke webgune honetan:
Aizkorri-Aratz parke naturalean dauden Anduetza eta Arantzazu parketxeenak, Aiako Harria parke naturaleko Arditurri parketxearena, Aralar parke naturaleko Barandiaran eta Lizarrusti parketxeena eta Pagoeta parke naturaleko Iturraran parketxearena. Parke natural bakoitzaren informazioa eskaintzen da gune horietan, bai eta horietan egin daitezkeen ibilbideen inguruko informazioa ere. Horrez gain, parketxearen nahiz parketxeak antolatzen dituen jardueren inguruko informazioa ere aurkituko du erabiltzaileak: egitarauak, kokapena, argazkiak, harremanetan jartzeko bideak...

Heziketa, gune guztietan

Helburutzat heziketa hartuta parketxeek antolatzen dituzten ekintzak ere jasota daude guneetako bakoitzean. Beraz, ikastetxeek nahiz heziketa-taldeek interes handiko informazio zabala dute eskura, eta, horri esker, adibidez, Arditurriko parketxeak ikasleentzat Izan zaitez historiaurreko gizaki egun batez lantegia eskaintzen duela jakingo dugu, edo Pagoetako Iturraran parketxekoek 2015-2016 ikasturterako hezkuntza-programa bat antolatu dutela.

Harpidetzeko aukera

Dena dela, informazio hori eskuratzeko, ez da beharrezkoa une oro webgunea bisitatzea. Izan ere, bada harpidetzeko aukera ere.
Hala, erabiltzaileak parketxeko buletinera harpidetu daitezke, eta parketxe guztietan egiten diren jardueren informazioa jasotzeko aukera dute horrela, edo, nahiago izanez gero, parketxe zehatz batzuetako jarduerei buruzko informazioa jaso dezakete soilik. Horrez gain, parketxe-sareak antolatzen dituen jarduera berezien inguruko informazioa ere jaso dezake norberak bere posta elektronikoan, horretarako eskaera egiten badu.