IKASTOLAK 2050

2016-02-01

Ikastolen lana da bizimodu orekatu baterako eta elkartasunerako heziko den gizakiaren eraikuntzan inbertitzea

 35 urte aurrera begira jarrita, ‘Ikastolak 2050’ liburua idatzi du Iosu Txapartegi Txapas irakasle eta pentsalariak, ikastolek hemendik urte gutxira beteko duten zeregina imajinatzeko eta ondorio batzuk ateratzeko xedez. Erein argitaletxearen Haran bildumaren barruan atera du liburua, bildumaren zuzendari Antxon Lafonten eskariari erantzunez.

 
 

Nik ez dakit 2050. urtean zer izango den, baina oraingo kezkatik eta oraingo pentsamendutik idatzi dut; ezin da bestela. Hori bai, begirada 2050. urtean jarrita”, aitortu du Txapartegik. Izan ere, aurrera begirako liburu bat da Ikastolak 2050, eta kezka honetan oinarrituta dago idatzita: gaur hemen ditugun haurrak datorren mundurako ondo prestatzea.

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan 30 urtez lanean ibili ostean metatutako esperientziatik eta herrigintzan egindako jardunetik abiatuta idatzi du Txapartegik liburua. Duela 10 urte erretiroa hartu bazuen ere, ikastolara joaten jarraitzen du, haurrekin abesteko eta haiei pianoa jotzen irakasteko; eta beste hainbat herri-ekimenetan ere parte hartzen segitzen du. Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kide ere bada.Ikastolek orain arte egindako ibilbidearen nondik norakoen berri emateaz gain, gaur egungo egoera orokorra zein den azaltzen du Txapartegik liburuan, eta, aurrera begira jarrita, Euskal Herri eta mundu gizatiarrago eta justuago bat eraikitzeko, orain ikastoletan dabiltzan haurrek izango dituzten erronkak zein diren aurreikusten saiatzen da. Horretarako, beharrezkoa izango den prestaketak nolakoa izan beharko lukeen zehaztu du. Hausnarketa sakon eta zabala egin du Txapartegik, gogoetarako aukera ematen duten hamaika hari-muturri tiraka. Utopia gisa edo desiragarri den zerbait bezala dago planteatuta haren tesia. Bereziki, irakasle eta guraso gazteentzat idatzi du liburua, urte askoan irakaskuntzan aritu den baten testigantza izan dezaten.Hemendik 20-30 urtera, ikastolak Euskal Eskola Nazionalaren zutabe izango direla pentsatzea zentzudun hipotesia dela iruditzen zaio Txapartegiri. Etorkizunera egokitzeko ikastolek erakutsi duten gaitasun harrigarria ere azpimarratu du. Horretarako, ikastolen oinarri izan diren hiru puntu hauek nabarmendu ditu: euskalduntasuna, herritartasuna eta komunitatean burututako kudeaketa. Eta, hiru indar-lerro horiei jarraituz gero, luzarorako ziurtatuta ikusten du ikastolen etorkizuna.Baina, garaiak nahiz pentsamoldeak aldatuz doazenez, hezkuntza-arloan ere zenbait egokitzapen garrantzitsu egin beharra dagoela ikusten du. Hasteko, hemen eta munduan bizi dugun egoeraren larritasunaz ohartarazten du liburuan. Beste guztiaren gainetik munduan nagusitzen ari den fenomeno bat oso kontuan hartzekoa irudi-tzen zaio: “Gizakion arteko ezberdintasunen handitze izugarria. Munduko biztanleen % 0,7k ondasun guztien % 44 omen dauka”. Horrexegatik, ikasgaia gaztetatik barneratzea komeni da, Txapartegiren esanetan: “Behekoei lagundu bai, baina, aldi berean, goikoen aberastasun erraldoiei ‘aski da’ esaten ikasi behar lukete ikasleek, matematikako edozein teoremaren parean. Ez bakarrik justiziaren izenean. Batez ere, batzuen eta besteen arteko leize-zulo horrek ez duelako gizarte orekatu baterako biderik eskaintzen”.Horrez gain, biharko arazo handienetako bat ezagutzaren pribatizazioa izango da, liburuaren egilearen ustez. Gaurko haurrek horren aurka egin beharko dute borroka, eta jakintzaren demokratizazioaren alde egin beharko dute. Izan ere, Mendebaldeko ekinbide soziala eta politikoa finantza-errentako merkatuen morroi dabil, autoreak gaineratu duenez, eta goitik behera ezartzen zaizkigu bizimodu eta iritzi globalak, mendeetan baliagarri izan diren jakintza ugari amildegira bultzatuz. “Pentsamendu ‘ahula’ren zuztar ezkorrenak gainditu dira Mendebaldean: azaleko bizimodua, dena erlatiboa denaren dogma, konpromisoei ihes egitea, ideia kolektiboen gaitzespena… Ardura handiz hartzeko egoerak jaiotzen ari dira; nork ukatuko du horrelakorik?”.Gaur egungo hazkunde eutsiezinak ere arduratzen du Txapartegi. Euskaldunon kontsumo-maila mundura orokortuz gero, beharrak asetzeko hiru planeta beharko genituzkeela dio, eta etengabeko hazkundearen paradigman jarraitzen dugula salatzen du: “Hazkundea, bai, esaten da; baina zer hazkunde, ordea? Edo, agian, desazkundea da bultzatu behar dena? Kontzientzia sozialean, oraindik berritasun handia duen pentsamendua da; baina munduko ikertzaile ugarik babesten duen irtenbidea. Hasita gaude gure haur eta gazteak arazo horretaz jabearazten?”.Munduko beste fenomeno bat migrazio-mugimendu gero eta lasterragoena da, Txapartegiren hitzetan. Hala, pentsamendu kultural arras ezberdinek elkarrekin topo egiten dute etengabe. Nola uztartu, baina, nortasun sendo baten onurak eta globalizazioaren ondorioz eta, batez ere, herri txikiei begira suerta daitezkeen arriskuak? Kontzientzia hiritar unibertsal bezain sustraizkoa duten gizaki horiek dira irtenbiderako gako, maisuaren iritziz. “Gizarteko erlazio berri baten ameslari eta borrokalariak, non posible izango den interes orokorra interes partikular bihurtzea, aurretik interes partikularra interes orokor bihurtzea lortu delako”.

 

Paradigma aldaketa, auzi politikoa

Kontua da, ordea, ate-joka datozen errealitate horien guztien jabe egiten ote ditugun ikastolako haurrak. Politikaren azpian dagoen pentsamendu gizatiarraren berri txikitatik eman behar zaio umeari, Txapartegiren aburuz, eta, inolako lotsarik gabe, haurrari esan egin behar zaio, berak ulertzeko moduan, zer arazo dauden munduan; hala, txikitatik hasiko baita pentsatzen errealitate horiek zer konponbide izan dezaketen. Maisuak gehiago dio: beharbada, “haurrak diren bitartean zoriontsuak izan daitezkeen pentsamolde lasaigarriarekin jarraitzen dugu; edo bakoitzak bere bizimodua ateratzen lagunduko dion prestaketa izatea aski dela pentsatzen dugu. Noski, haur bakoitzari etorkizun duina ziurtatzea da hezkuntzaren helburu nagusietako bat. Baina badakigu kontua ez dela soilik subjektua ongi prestatzea; baldintza sozial egokiak sortzea ere nahitaezkoa da, bizimodu duin bat ziurtatu nahi badiogu datorrenari”.Testuinguru horretan, hainbat galdera planteatzen ditu Txapartegik: zer dugu euskaldunok munduari eskain-tzeko? Zer mailatakoak izango dira munduak planteatzen dituen erronka nagusien aurrean euskaldunok eskainiko ditugun soluzioak? Non koka-tzen gara euskaldunok nazioen artean? Pentsamendu kontserbadorearen eta berritzailearen artean, zer puntutan ikusten dugu geure burua? Zeintzuk dira mundu hobeago baten bidean euskaldunok eskaintzen ditugun elementu kulturalak? Nola izan gaitezke ezberdin berdinen artean?“Iritsi da garaia kulturalki susper-tzeko bidean jarri den Euskal Herriak begirada luza dezan eta munduaren konplexutasunaren kontzientzia har dezan”. Hori da, Txapartegiren ustez, ikastolei planteatzen zaien erronka nagusia: pentsamendu partikularra eta unibertsala lotzen ikastea txiki-txikitatik; ikasleek beren burua egoera orokorragoetarako antolatzen ikastea; gure ahalegin unibertsalaren eremuan pentsatzea… “Munduarekiko begiradak arrisku handiko eta esperantza gutxiko errealitatea itzultzen digu. Baina egoera horretan biziko dira ikastolan pozik ikusten ditugun haurrak. Etorkizun horretarako belaunaldiak prestatzea dagokio ikastolari. Hori da ikastolaren ardura, euskal gizarte guztiaren ardura”. Paradigma-aldaketaz eta gizaki berrituaz mintzo da Txapartegi. Denentzat ona izango den mundu bat nola eraiki daitekeen pentsatu behar dela dio, eta, horretarako, hezkuntzatik hasita balio positiboak indartu behar direla. “Adibidez, umea senti dadila gustura besteari laguntzen dionean, eta ez bestea baino gehiago denean”.Norabide horretan, jendarte gizatiarrago bat irudikatu nahi du Txapartegik. Horretarako, baina, heziketa-arloan kontuan izan beharreko zenbait aldaketa aipatzen ditu:

 

“Ederki bizi gaituk” sentsaziotik “bizimodu ona daramagu” konbentzimendura igarotzea.

“Gizakiok gara munduko gailurra eta zilborra” antropozentrismotik “ama-lurraren babespekoak gara bizidun guztiok” pentsamendu biozentrikora igarotzea.Jarrera arduratsuen aldeko apustua izatea gure pedagogiaren zutabe sendoenetako bat.Globalizazioak onurak ekarri dituela onartu arren, tokian tokikoaren alde egitea, eta besteen garapena ez trabatzea.Barne Produktu Gordinaren zenbakiak produkzioaren zenbakietan neurtzeaz gain, ongizatearen beste zenbait maila ere neurtzea: zorionaren, lasaitasunaren edota ziurtasunaren mailak; ekologiaren zaintza-mailak; solidaritate-mailak, edo ezberdintasunak gutxitzeko ahaleginenak…“Gehiago ez da beti hobe” pentsamendua zabaltzea.Orokortasunaren ikuspegia indartzea; hau da, ekimen bakoitzak duen eragina ez da neurtu behar segidako ondorio mugatuetan soilik, begirada luzatzea komeni baita, eta epe ertainera eta luzarora izango dituen ondorioak kontuan izatea. Iraunkortasuna bermatuko duen pentsamendu arduratsua susta-tzea.Giza zibilizazio orekatuago bat amestea eta eredu komunitarioa eta berdinzalea bultzatzea.Absolutuen eremutik aldenduz baina erlatibismo makurrean jauzi gabe, haurrak portaera-eredu egoki batean heztea.“Nahikoa dut honekin” esaten eta gehiago kontsumitzeari ezekoa ematen erakustea haurrari; hau da, gehiago kontsumitzeko irrika baino helburu preziatuagoak merezi ditugula ikusaraztea.Ezagutza zientifiko oinarrizko bat beharrezkoa izango dela onar-tzea. Eta, horrekin batera, humanitateak eta teknika, artea eta zientzia, politika eta matematika edota soziologia eta ingeniaritza loturarik gabe ikusten eta irakasten dituen eredua atzean uztea.Artearekin lotuta doan sentsibilitatearen eremua garrantzi handiz lantzea. Albisteen iturriak kontrastatzea eta komunikabideen inguruko heziketa askotariko iritzien arteko eztabaidan oinarritzea.

 

Oreka eta elkartasuna, iparrorratz

Hori guztia lortzeko, ordea, zer baliotan hezi behar da haurra? Eta zer pedagogia mota erabili behar da? Jorge Oteiza eskultore eta pentsalariaren esanak dakartza gogora Txapartegik, ikastolek bultzatu beharreko balioak azaltzeko orduan. Izan ere, autoreak liburuan jasotzen duenez, Oteizak bizitza osoa eman zuen gizarte-ekintza (herrigintza) oreka orokor baten eta elkartasunaren inguruan antolatzeak duen garrantzia azpimarratzen. Giza portaera antolatzeko estilo horri “estetikoa” deitzen zion, eta kexu agertzen zen haurraren heziketan esparru estetikoa desagertuta zegoelako. “Balio horietan oinarritutako gizarte bat amesten dugu askok. Ikastolen lana da bizimodu orekatu baterako eta elkartasunerako heziko den gizaki horren eraikuntzan inbertitzea”. Txapartegiren irudiko, horrek baditu dagoeneko hezkuntzan planteatzen hasiak dauden hainbat eskakizun. Horietako bat ikastoletako gelen funtzioa aldatzea litzateke, “irakasleak daki eta ikasleak ez daki” horretan jarraitzea atzera begiratzea bailitzateke. Eta ikastoletan sustatzen den “ikasle mutuen” eredu horri amaiera ematea komeni dela dio, gizarte hobekuntza ezin delako eredu mutuetan oinarritu, ikuspegi globala duten ikasle osoetan baizik. Horrekin batera, problema bat planteatzen ikastea interesgarriagoa litzateke problema bat ebazten jakitea baino, Txapartegiren arabera. Haren ustez, erantzunetan baino gehiago (iraganeko eredu mekanizista) galderak planteatzeko gaitasunetan oinarritzen diren ereduak dira interesgarri.Horrekin batera, ziurgabetasun- eta konplexutasun-egoera orokortuan, garrantzia hartuko du norberaren uste funtsezkoenak konbentzimenduan eta onura orokorrean oinarritzeak, Txapartegiren iritziz; hau da, argudioen egiatasunean eta galderak egitean eta erantzutean datzan besteekiko harremanetan oinarrituko den etika pertsonala babesten du. Bestalde, iraganera begiratzea ere komeni dela dio, mitologian bilduta utzi dituzten seinaleak ezagutzeko. “Gure kasuan, etorkizunean lagungarri izango ditugun balioak dira: elkarkidetasuna, egiarekiko zintzotasuna, oinarrizko berdintasuna eta ekitatea, gizarte zibilaren nagusigoa, balio demokratikoak, apaltasun zibikoa, aberastasunarekiko jarrera neurtua eta beste balio batzuekin —justiziarekin, elkartasunarekin— partekatua…  Harrotasun pitin batekin esan dezakegu nazioarteko edozein mahaitan azaltzeko moduko balioak direla guztiak”. Aldi berean, beldurren eta frustrazioen fenomenoei ere erreparatu behar lieke pedagogiak, Txapartegiren irudiko; hala, kontuan hartu behar litzateke errealitate guztiek dituztela mugak; ez dagoela zoriontasun infiniturik; ezer ez dela betiko; berrietan berriena ez dela aurrekoa baino perfektuagoa; lorpenak ahaleginaren ondorio direla; gehien desio dugunaren sukarra, sarri, laster batean itzaltzen dela; gehiegikeriek berezko dutela txarkeria; sariaren eta aitormenaren zain egon gabe komeni dela on egitea; famak eta handiusteak gehienetan amaia azkarra izaten dutela…

 

Ikasleekin ez ezik, gizartearekin inplikatutako irakasleak

Etorkizunak eskatzen duen irakasle edo hezitzailearen profila irudikatzeko, Imanol Urbietaren hitzak dakartza gogora egileak liburuan: “Eskolak sortu behar ditu haur sortzaileak. Horretarako, aurretik irakasleak berak izan behar du sortzailea, ausarta, eta ez funtzionarioa”. Eta Oteitzarenak erabiltzen ditu Urbietarenak orokor-tzeko: “Baldin eta badakigu herri batek behar duen gizakiak nolakoa izan behar duen, haur baten hezitzaileak nolakoa izan behar duen ere jakingo dugu: gizaki hori bera izan behar du”. Txapartegik gaineratu duenez, inguruko errealitateaz eta munduko egoeraz oinarrizko jabetza bat duen irakaslea da Oteizak eskatzen duena. Izan ere, maisuak adierazten duenez, hezitzaile batek, lehenik, buruan izan behar du zein gizarte mota eraiki nahi duen, eta orduan jakingo du zer den onena haurrarentzat. “Gizarte-eredu bat buruan ez duen pedagogoa gaizki samar ibiliko da. Umearekin konprometitzeaz gain, inguruarekin ere konprometitu behar du irakasleak. Umeak eredu biziak behar ditu, eta eredu biziak gizartearen inplikatzea esan nahi du”. Norabide horretan, irakasle bati bere zentroaren kudeaketan aktiboki parte har dezan eskatu behar litzaioke, Txapartegik liburuan zehaztu duenez. Era beran, uste du herriko bizitza sozialean presente egoteak ere asko erraztuko liokeela heziketa-lana. “Kontraesana da ikasleei kritikoak eta emankorrak izan daitezela eskatzea eta, bestetik, zentroaren kudeaketan parte hartzeko edo ardurak hartzeko irakasle zenbaitek erakusten duten nagia”.Irakatsi behar duenari buruzko ezagutza eguneratua da Txapartegik irakasleari eskatzen dion bigarren prestaketa. “Irakasle bat gai da lur sendoa duten jakintza-printzipioak era ulergarri batean irakasteko. Ikaslea ikerketa berrietara bultzatzeko ere bai. Etorkizuneko irakaslea etengabeko azterketa eta kontroletan baino gehiago fidatzen da ikaslearekin duen erlazioan”.Irakasleak kontuan izan beharko beste puntu bat ere aipatzen du Txapartegik: lanaren gardentasuna, hain zuzen. “Gelako ateak erdi zabalik, beste irakasleekin etengabeko harremanak izanez, metodoak eta estiloak partekatuz, beren lanaren ebaluazioa egitea eskertuz”. Horrekin batera, amaitzeko, ausardia pittin bat ere eskatzen dio irakasleari, bidean “betikoa” egiten gera ez dadin.