IRENE KÄOSAAR: Gure helburu nagusia da hezkuntzaren inguruko ikuspegia aldatzea, begirada ikasle bakoitzaren potentzialtasunean, interesetan eta esperientzietan jartzea

2016-05-01

Hik Hasik antolatuta irakasle-taldeak Estoniara egindako bidaia-pedagogikoan, Estoniako Hezkuntza Ministerioarekin bilera egiteko aukera izan dute, Tallin hiriburuan. Herrialde horretako hezkuntza-sistemaren helburuak eta erronkak azaldu ditu honek. Sobietar Batasunaren altzoan Hezkuntzaren inguruan garaturiko ikuspegi akademizista atzean utzi, eta pertsonetan, ikasle bakoitzean zentraturiko ikuspegia garatu nahi dute hezkuntzan herrialde independiente gisa. 5 urteko plangintza orokorra garatu dute horretarako, lehen aldiz hezkuntza-etapa guztiak hartuko dituena kontuan, haur eskoletatik hasi eta unibertsitateraino. Errusiar hiztun diren ikasleak integratzea izango dute, berriz, erronka nagusienetariko bat.

 
 

Zein dira Estoniako Gobernuaren asmo eta erronka nagusiak hezkun-

tzaren alorrean une hauetan?
2015. urtetik plangintza oso ona daukagu, nire ustez, gure hezkuntza-sistemarako: Estoniako Bizitza Osoan Zeharreko Hezkuntza Estrategia. 5 urteko iraupena izango du, eta, lehen aldiz, plangintza hori hezkuntza-etapa guztietarako izango da. Izan ere, aurrez, etapa bakoitzak bere plangintza propioa zuen: haur eskolek berea, beste bat hezkuntza orokorrak, bestea unibertsitateak… Orain, plangintza bakarrari esker, hezkuntza-sistema osoaren argazki orokorra egin dezakegu.
Estrategia horrek 5 helburu nagusi ditu; edo, hobeki esan, helburu nagusi bakarra du, eta gainerako 4 xedeak horren zerbitzura daude. Helburu nagusi hori da hezkuntzaren, ikasketa- eta irakaskuntza-prozesuaren inguruko ikuspegia aldatzea. Zer esan nahi dugu horrekin? Begirada norbanakoan, ikasle bakoitzean jarri nahi dugula: hezkuntza oinarritu behar da indibidualtasunean, bakoitzaren interesetan, esperientzietan eta potentzialtasunean. Sobietar Batasunaren parte izan ginen orain dela 25 urte arte, eta hezkuntza-sistemaren inguruko ikuspegi oso desberdina genuen orduan: hezkuntza gaitasun akademikoetan oinarritzen zen, erabat. Beraz, gure irakaskun-tza- eta ikasketa-prozesuak aldatzeko erronkari heldu behar izan diogu orain: irekiagoak izatea; umeetan, ume bakoitzean interesa jartzea; inklusiboagoak izateko asmoak txertatzea gure hezkuntza-estrategietan...
Plan estrategikoaren bidez, beraz, metodologia aldatu nahi dugu hezkuntza-maila guztietan. Eta baita irakasleen ikuspegia ere, irakasleek hezkuntzaren helburuak ulertzeko duten modua, hain zuzen ere. Alegia, jabetzea garrantzitsuena ez dela ikasleek Pitagoras-en Teorema ikastea, baizik eta gizartera irekita dauden pertsonak heztea, besteekin komunikatzen eta elkarlanean lan egiten jakingo dutenak, pentsamendu kritikoa izango dutenak eta informazioa aztertzeko gai izango direnak.

Gabeziak somatzen al dituzue eremu horietan zuen ikasleen artean?

Gure hezkuntza-sistemaren arazo nagusia honakoa da: ikasleak oso azkarrak dira, akademikoki jakintza handia dute, baina ez dakite hori bizitza errealean, egunerokoan erabiltzen, ez dagoelako loturarik gaitasun akademikoen eta bizitza errealaren artean. Hori da gure ardura nagusienetako bat.
Eta, nola egingo dugu aldaketa hori hezkuntza-sisteman? Bada, plangin-tzako gainerako lau helburuen bidez. Noski, lehenengo eta behin irakasle eta eskola-zuzendari konpetenteak eta motibatuak behar ditugu. Eta, horretarako, formazioa gakoa izango da. Bigarrenik, harreman estuagoa sortu behar dugu hezkuntza-sistemaren eta lan-merkatuaren artean.
Hirugarrena, iraultza digitalarekin lotua dago. Gu eHerrialde bat gara, IKTak gizartearen parte dira Estonian, eta oso harro gaude horretaz. Baina errealitate horretara hurbiltzeko aldatu egin behar dugu hezkuntza-sistema; adibidez, testu-liburuak eta irakaskuntza-materiala eguneratu behar ditugu.
Laugarrenik, hezkuntzan aukera-berdintasuna eta ikasketa-prozesuan parte-hartzea sustatu behar dugu. Horrek esan nahi du heziketa inklusiboa egin behar dugula, bestelako hizkuntza eta kulturak ere aintzat hartuko dituena, besteak beste.

Estoniak oso emaitza onak lortzen ditu PISA azterketetan. Zein dira arrakastaren gakoak?

Hainbat arrazoi daude tarteko. Batetik, estoniar hezkuntza-sistema deszentralizatua da, inklusiboa eta oinarri sakonak ditu. Metodo eta teknika parte-hartzaileak gero eta gehiago erabiltzen dira, modu horretan lidergoa eta aitzindaritza garatzeko eskolan bertan nahiz erakundeen artean.  
Gainera, sistema-politikoak sorturiko araudiek boteretu egiten dituzte eskolak. Hala, beraien curriculum propioa garatu dezakete eta beraien kabuz erabaki zein den ikasleak hezteko modurik onena, beti ere nazio mailako curriculumaren markoan.
Horrekin batera, irakasleen etengabeko formazio profesionalean indarra jarri dugu, eta horri esker eskoletako zuzendarien lidergoa ere garatu da. Bestetik, ikaskuntza-prozesuaren emaitzak ebaluatzeko kanpo-azterketak egin ditugu eta feedback guneak sortu ditugu. Horrek bidea eman digu irakasleen prestakuntza hobetzeko, goi-mailako trebakuntza profesionala eskainiz.
Azkenik, gure arraskataren beste gakoetako bat dira arazo sozialak dituzten eta hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleei zuzenduriko laguntza-sistemak: ikasteko aukera malguak dituzte, laguntza-sozialak, gelaz kanpoko orientazio pedagogiko osagarria jaso dezakete (irakasle-bereziak, pedagogo sozialak, psikologoak...), barnetegi-eskoletan egoteko laguntzak jasotzen dituzten arazo-sozialak dituztenak...

Eskola porrotaren ratioa oso baxua da Estonian.

Bai, eta harro gaude horretaz. Ratioa 0,2koa da Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, oso baxua beste herrialde batzuekin alderatuta. Curriculum nazionalean zehaztuta dago zer egin dugun eta zer egiten ari garen horren inguruan, baita zer egin beharko genukeen hori hobetzeko ere.

Errusiar eskoletan, nola berma-tzen duzue estoniar hizkuntzaren ezagutza eta erabilera, eta errusiar komunitatearen integrazioa estoniar gizartean?

Oro har, bi eskola mota ditugu Estonian: estoniar hizkuntza erabiltzen duten eskolak eta errusiar hizkuntza erabiltzen dutenak. Ikasleen %20 gutxi gorabehera errusiar eskoletara joaten dira. Horrek esan nahi du 5etik 1ek errusieraz ikasten duela. Baina eskola guztiek curriculum bera jarraitzen dute, diferentzia bakarra hizkuntza da.
Bestetik, estrategiak ditugu estoniar hizkuntzaren ezagutza eta erabilera bermatzeko. Estoniar hizkuntza irakastea derrigorrezkoa da, haur eskoletan 5 urteko haurrekin hasi eta Lehen Hezkuntzan ere jarraitzen dute estonieraz irakasten. Bigarren Hezkuntzan aldiz, 16 urtetik aurrera alegia, derrigorrezkoa da estonieraz irakastea.
Alde horretatik, arazoak ditugu. Izan ere, errusiar ikasleen herenak ez du estonieraz maila egokia lortzen Lehen Hezkuntza bukatzean, arazoak dituzte estonieraz komunikatzeko. Ondorioz, arazoak izango dituzte Bigarren Hezkuntzan, ikasketa guztiak estonieraz egin behar baitituzte. Egoera horri aurre egiteko lanean ari gara, besteak beste irakasleak prestatuz, edo irakaskuntza-material berria sortuz.
Horrez gain, Estoniako Gobernuak diru-laguntzak ematen ditu errusiar eta estoniar eskolen artean ikasle-trukeak egiteko. Eskualde batzuetan, batik bat Errusiarekin mugan daudenetan, estoniar populazioa oso baxua da zenbait herritan, %3 ingurukoa, eta apenas erabiltzen den estoniera kalean edo bizitza publikoan. Zonalde horietan hainbat ekimen antola-tzen dugu estoniera eta integrazioa bultzatzeko. Aldiz, hegoaldea oso estoniarra da, eta irletan ere estoniera bakarrik erabiltzen da. Bada, eskualde horietako eta Errusiarekin mugan dauden eskualdeetako ikasleen arteko trukeak antolatzen ditugu, adibidez. Hartutako neurriak arrakasta izaten ari dira hein batean, baina bidea egin behar dugu oraindik.

Hezkuntza bitarteko eraginkorra al da bi komunitateak integratzeko?

Integrazioa gure arazo nagusienetarikoa da. Errusiar eta estoniar eskolak oso segregatuta daude; bakoitzak bere mundua du, eta eskola bakoitza oso lotuta dago bere komunitatearekin. Errusiarrak gehiengoa diren zonaldeetan errusiar komunikabideak dira nagusi, eta horrek ere eragina du, aldatu egiten baitu biztanleen mentalitatea eta gure gizarteko gai nagusien inguruan duten ikuspegia. Gai batzuen inguruan eztabaida dago bi komunitateen artean, gai politikoa da.
Egia da integraziorako oso baliagarria dela errusiar ikasleak estoniar eskoletan egotea. Baina niretzat berebiziko garrantzia dute errusiar eskoletan martxan jartzen ari garen Hizkuntza Murgiltze Programek. Hain zuzen, programa horien zentroko zuzendaria izan nintzen duela 8 urte arte, eta niretzat gakoa dira. Gaur egun, hiru aukera ditugu errusiar gurasoentzako: %100 errusieraz irakasten duten eskolak dituzte, zeinetan estoniera ikasgai bat den; hizkuntza-murgiltze programak dituzten eskolak; edo estoniar eskolak.

Errusiar biztanleak populazioaren %35 dira, baina errusiar eskoletan ikasten duten umeen ehunekoa baxuagoa da, %20 ingurukoa. Zergatik diferentzia hori? Errusiar familiek beraien seme-alabak eskola estoniarretan heztea erabakitzen dute? Bilakaerarik egon al da joera horretan?

Inportantea da argitzea errusiar hiztunen gutxiengoa egiaz oso multikulturala dela. Errusiar hizkuntza lingua franca bat da sobietar garaian emigratu zuten biztanleentzat. Sobietar Batasunaren gainbehera eta gero, ukraniar, armeniar, georgiar, azerbaijaniar edo errusiar etnietako gero eta pertsona gehiagok onartzen dute estoniera lingua franca bezala.
Beraz, gutxiengo etniko horien artean gero eta gehiago dira estoniera hezkuntzarako hizkuntza gisa erabiltzen duten eskolak aukera-tzen dituzten familiak. Dena dela, joera hori ez da hazten ari, batez ere hezkuntzarako hizkuntza gisa errusiera erabiltzen duten 35 eskolak Hizkuntza Murgiltze Programa aukeratu dutenetik.

Demagun herri batean Lehen Hezkuntzako eskola bat sortzeko beharra dagoela. Prozesu hori nola eramaten da aurrera hastapenetik?

Bigarren Hezkuntzako zentroa balitzateke, estatu-erabakia izango litzateke. Aldiz Lehen Hezkuntzako zentro bat balitzateke, tokiko gobernuaren erabakia litzateke, edo pribatua, eskola-pribatuak ere bai baitaude, nahiz eta asko ez diren; ikasleen %2-3ak ikasten du eskola pribatuetan. Dena dela, beharra ikusiz gero gurasoek eska diezaiokete Udal Gobernuari eskola bat sortzeko. Hala ere, Estonian horrelakorik ez da askotan gertatzen, eskola gehiegi baititugu leku bakoitzean.
Izan ere, zoritxarrez, azken 15 urteetan gure ikasleen kopurua % 40 jaitsi da, baina eskola kopuru bera daukagu. Eta guretzat erronka da hori kudeatzea. Eskola-sarea osatzeko programa sortu dugu, eta Lehen Hezkuntzako zentroak eta Bigarren Hezkuntzako zentroak bereizteko lanean ari gara. Izan ere, Sobietar Batasunaren garaian eskola ba-tzuetan maila guztiak ematen ziren, baina gure tradizioa desberdina da eta lan egiten ari gara banaketa hori gerta-tzeko. Horrela, oinarrizko hezkuntza, alegia, haur eskolak eta derrigorrezko hezkuntza, tokiko gobernuen eskumena lirateke eta Bigarren Hezkun-tza, berriz, Estoniako Gobernuaren esku legoke.

Zeri erantzuten dio ikasle kopuruaren jaitsiera bortitz horrek?

Arrazoi nagusia da gure populazioak behera egin duela. 1,3 milioiko populazioa dugu, herrialde oso txikia da Estonia. Aurreikusten dugu 2012-2040 artean Estoniako populazioa %10 jaitsiko dela, herrialdea osorik hartuta kontuan, eta zenbait eskualdetan populazioaren jaitsiera %25 ingurukoa izango da. Bi eskualde bakarrik haziko dira populazioan, gure aurreikuspenen arabera: Tallin eta Tartu hiriak hartzen dituzten bi eskualdeak, hain zuzen.
Familia bakoitzean 1,2koa da batez besteko haur kopurua. Arazo demografikoa da gaur egun estatu arazo nagusienetariko bat, eta horrek, era berean, arazoak sortzen ditu eskolak antolatzerakoan: populazio jaitsiera handia duten zonaldeetan haurrak mugitu egin beharko dira eskolara-tzeko.
Gaur egun zorionez populazioaren beheranzko joera leundu egin da, baina arazoak ditugu 1990 erdialdean jaio zen belaunaldiarekin. 1991n lortu zuen Estoniak berriz ere herrialde independente izatea, eta oso aro emozionala izan zen, familiek ume asko izan zituzten. Baina 90 hamarraldiaren erdian aldatu egin zen joera hori. Izan ere, jendeak 2-3 urteko epean aldaketa handiak espero zituen gizartean. Eta noski, aldaketa ez zen hain bizkor gertatu, nahiz eta egiaz gizartea azkar aldatu den erlatiboki: 25 urte dira independentzia berreskuratu genuenetik eta herrialde erabat desberdina gara orain. Baina jendearentzat aldaketa ez zen nahikoa azkarra izan, eta 90ko erdialdean jaiotze-tasa asko jaitsi zen. XXI. mendeko lehen hamarraldian ere mantendu egin zen tendentzia hori.

Estonian bisitatu ditugun ikastetxeetan irakasleek inbertsio falta aipatu dute arazo nagusi gisa.

Dirua beti da arazoa. Gure hezkun-tza-sistemaren finantziazioari dagokionez, estatuak ordaintzen ditu irakasleen soldatak, irakaskuntza-materiala eta ikasleen bazkariak; izan ere, ikasleentzat jatordua doakoa da eskolan.
Noski, gure arazo nagusienetarikoa irakasleen soldatak dira; estatu mailako lehentasunetarikoa bat da irakasleen soldatak igotzea, eta bide horretan goaz: orain 5 urte arte soldatak oso baxuak ziren, azken 5 urteetan gora egin dute. Gure helburua da 2020 urterako estatuko langileen soldaten batez bestekoa baino %20 handiagoa izatea irakasleen soldata.
Tokiko administrazioen egitekoa da eskolen azpiegiturak ordaintzea; eskola-materiala izan ezik, gainerako gastua udal administrazioen ardura da. Baina tokiko gobernuen egoera asko aldatzen da herri batetik bestera, eta, beraz, eskolen egoera ere oso desberdina izan daiteke. Eskola ba-tzuetan ikus dezakegu beharrak aseta dituztela: ordenagailuak dituzte, jostailuak, kirol materiala… Baina beste eskola batzuetan ez dute halakorik, tokiko gobernuak ez duelako dirurik. Hori orekatzea da gure helburua.

Eskolek ikasle kopuruaren araberako finantziazioa lortzen dute. Zehaztuta al dago ikasle bakoitzeko eskolak jasotzen duen diru kopurua?

Urtero zehazten dugu eskolak ikasle bakoitzeko jasoko duena. Aurten adibidez, eskolak ikasle bakoitzeko 1.157 € jasotzen ditu irakasleen soldatetarako, 92 € eskolako arduradunen soldatetarako, 12 € irakasleen eta eskolako arduradunen garapen profesionalerako, 136,5 € jatorduetarako, eta 19,7 € inbertsioetarako.

Hasieran aipaturiko hezkuntza plangintza orokorraren helburu nagusien artean aipatu duzu irakasleek hezkuntzaz duten ikuspegia aldatzea, eta gakoa dela irakasle konpetente eta motibatuak izatea. Hain garrantzitsu diren heinean, zer neurri dituzue irakasleen egoera hobetzeko?

Alor horretan, lehentasun nagusia irakasleen formazioa da. Guretzat oso inportantea da irakasle gazteak lortzea. Baditugu programa batzuk horretara bideratuta, adibidez Young teacher to school (Irakasle gazteak eskolara) izenekoa. Heziketa pedagogikorik ez duen baina irakaskun-tzara hurbildu nahi duten profesional formatuei zuzendua dago. Ikasketa-maila altua izan dezakete gai zehatzetan, jakintza tekniko aberatsa, baina ez dute prestakuntzarik irakaskuntza edo pedagogia gaietan. Estatuak ordaintzen die formazio hori eta ondoren bi urtez eskola batean lanean egon behar dute. Dena dela, 10 urte daramatza programa horrek martxan eta badakigu gutxi gorabehera %60k derrigorrezko bi urte horiek baino gehiago pasatzen dituela hezkun-tzan lanean. Honekin irakasle-gazte gabeziari erantzun nahi diogu.
Izan ere, gure irakasleen batez besteko adina 48 urte baino gehiagokoa da; eta hori arazo bat da bi arrazoigatik. Alde batetik, 48 urte baino gehiagoko irakasle batek formazioa jaso zuen garaian, hezkun-tzaren eta horren helburuen inguruko ikuspegi jakin bat jaso zuela. Baina, esan bezala, gure plangintza estrategikoan jaso dugun helburu nagusia da hezkuntzaren inguruko ikuspegia aldatzea. Beraz, ez da hain erraza gure helburuak garatzea adin horretako irakasleekin, beraientzat aldaketa ez baita hain erraza. Bigarrenik, irakasleen adina arazoa da 10-20 urte barru gure irakasle gehienek erretiroa hartua izango dutelako, ez dagoelako belaunaldi aldaketarik.

Eta, formazioaren alorrean, zer eskaintzen diezue?

Irakasleen formazioarekin lotuta, orain dela 3 urte hainbat aldaketa egin genituen. Ordu arte ikastetxe bakoitzak bere plangintza propioa zuen, eta bakoitzak erabakitzen zuen irakasleek trebakuntza arloan zer behar zituzten. Baina orain dela 3 urte finantzaketa modu hori aldatu egin genuen eta zentralizatu egin genuen erabakimena. Unibertsitateekin eta trebakuntza-erakundeekin lanean ari gara trebakuntza behar eta aukera nagusiak detektatzeko; ondoren, halako aukera sorta bat eskaintzen dugu, eta ikastetxe bakoitzak hortik aukeratu behar du zein trebakuntza eskaini bere irakasleei. Izan ere, egin genituen ikerketek erakutsi ziguten sarri eskolek ez zituztela aukera egokiak egiten formazioari zegokionez; agian ez zeuden prestatuak beraien ikuspegia aldatzeko, eta oso trebakuntza-aukera akademizistak egiten zituzten. Beraz, beraien trebakuntza-aukerak ez ziren egokienak gure hezkuntza-helburuak betetzeko, guk beste norabide bat eman nahi baitiogu irakaskuntzari, eta bestelako formazioa behar dute irakasleek horretarako. Noski, ikastetxeek autonomia gehiago nahi dute alor guztietan, baina erabaki politikoa da hau.
Bestalde, aholkularitza eta eskola inklusiborako formazioa eskaintzen diegu eskola guztiei. Gure irakasle guztiek behar dute jakin nola egin behar duten lan behar bereziak dituzten ikasleekin, edo nola egin lan beste kultura batekoak diren ikasleekin. Beste alde batetik, eskolek eska dezakete behar jakin baterako dirua, adibidez, eskola-giroa nola antolatu jakiteko, gurasoekin elkarlana nola egin jakiteko… eskola bakoitzaren behar zehatzetarako, alegia. Hezkun-tza Ministerioak horiek guztiak hartu eta erabakitzen du zeini lagundu eta zeini ez, zer den lehentasunezkoa eta zer ez.

Arrakastarako gakoen artean behar bereziak dituzten ikasleek jasotzen dituzten laguntzak aipatu dituzu. Nolakoa da horien heziketa? Zentro bereziak daude? Curriculum egokitua dago beraientzat?

Europar Batasuneko kideek hezkun-tza inklusiboaren inguruan adostutakoan oinarritzen gara. Oro har, behar berezidun haurrak tokiko ikastetxe arruntetan eskolaratzen dira eta horietan bertan eskaintzen zaizkie behar dituzten baldintza bereziak. Dena dela, beharrezkoa bada aukerak ematen zaizkie espezializaturiko aparteko ikastetxe edo ikasgela batean eskolaratzeko; gurasoek aukeratu beharko dute eskola orokor horretan edo aparteko ikastetxe berezian eskolaratu euren haurra.
Estoniako Hezkuntza Informazio Sistemaren arabera, ikasleen
% 16,8ak nolabaiteko behar bereziak ditu. Horietatik gehienak, % 76a, eskola arrunt bateko ikasgela arrunt batean ari dira ikasten, eta, kasurik gehinetan, ikasle horiek ikasteko ezintasunak edo buru- nahiz portaera desordenak dituzte, aldi baterakoak edo iraunkorrak; gutxiengo batek ezgaitasun edo elbarritasunen bat du. Behar bereziak dituzten ikasleen
% 9 ari dira ikasten eskola arruntetan dauden aparteko ikasgela berezietan, eta % 15 aparteko eskola berezietan.
Beraz, ikasle kopuru orokorrarekiko, % 4a da aparteko ikasgeletan edo aparteko eskola berezietan hezkuntza berezia jasotzen duten ikasleen portzentaia; gutxi gorabehera 6.000 ikasle dira guztira. Beraz, oraindik ere eskola berezituak ditugu, bai, nahiz eta espero dugun eskola arrunta izatea hezkuntza inklusiborako tresna nagusia.
Legez, estatuko gobernuak honako egoeretan ziurtatu beharko luke eskola eta ikasgela bereziak sortzea: ikusmen arazoak dituzten ikasleentzako; entzumen eta mintzaera arazoak dituzten ikasleentzako;
ezintasun fisikoez gain, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzako; ezintasun anitzak dituzten ikasleentzako; ezintasun intelektualak dituztenentzako; desordena emozionalak eta portaerazkoak dituzten ikasleentzako; eta portaera arazoekin lotuta tratamendu berezia behar duten ikasleentzako.
Bestalde, nazio mailako hiru curriculum ditugu: oinarrizko hezkuntzarako; ezintasun intelektualak dituzten ikasleentzako; eta goi bigarren hezkuntzarako curriculum nazionala. Gainera, posible da ikasketa-aldia luzatzea behar bereziak dituzten ikasleentzako, eta oso ohikoa da eskola arruntetan dauden behar berezidun ikasleek neurrira eginiko hezkuntza-plan propioa izatea.