ESTER ALVAREZ. Nola landu daiteke ikasleekin doluaren gaia?

2017-12-01

 

 

 
 

Dolua ez da hurbileko baten heriotzaren kudeaketa soilik; argi jakin behar dugu pertsona guztiok bizitzan zehar hainbat unetan topatuko dugun prozesu bat dela dolua; saihetsezina da, eta aurre egin behar izango diogu gertatzen zaigun aldi bakoitzean. Zergatik? Bizitzak aldaketak dakartzalako. Aldaketa horiek beti uzten dute atzean norbait edo zerbait, eta egoera berri bati irekitzen dizkiote ateak. 

Haurtzaroan ere, hainbat galerari egin beharko dio aurre haurrak, hala nola rol-aldaketari anaia edo arrebaren bat jaiotzean, gurasoen banaketak eragindako galerari, lagun bat galtzeari, etxez aldatzeari, migrazioak dakartzan galera askotarikoei, garapenari lotutako galerei (adibidez, haurra izateari uztea), eta abarri. Galera horietako bakoitza atsekabearekin dator, eta modu berezi batean hunkituko du haurra.

Galerara egokitzeko prozesua da dolua, eta, horri aurre egiteko moduaren arabera, oso aberasgarria izan daiteke prozesuaren emaitza maila pertsonalean, edota korapilatu egin daiteke eta sufrimendua ekar diezaioke pertsonari. Horrexegatik da horren garrantzitsua dolua egiten ikastea, bai haurrarentzat eta bai helduarentzat.

Galera esanguratsu baten aurrean, irakasleek honako estrategia hauek jarri ohi dituzte abian gaiari ahal bezain ondo aurre egiteko:

  • Ekiditea. Galera gertatu ez balitz bezala jokatzea.
  • Ordezkatzea. Beste gai batzuetan zentratzea. Orain arte aipatu ditugun estrategiek badute abantaila bat: bizipenaren desdramatizazioa egiten dute. Baina badute desabantaila garrantzitsu bat ere: galera izan duen haurrak edo haren ikaskideek izan ditzaketen beharrak ase gabe geratzea, behar bezala ez zaintzeagatik.
  • Laguntza emozionala ematea soilik. Babesa eta maitasuna adieraztea. Helduarengan eta haren traumaren elaborazio-prozesuan zentratuta dagoen enpatiatik abiatutako esku-hartzea izaten da. Abantaila: haurrak une horretan maitatua eta ulertua izateko izan ditzakeen beharrak asetzea eta segurtasuna komunikatzea. Desabantaila: arreta gehiegi erakar dezake alor horretara, eta, horrela, emozioak anplifika ditzake, edota beren erritmo naturaletik urrundu ditzake.
  • Estrategia tradizionala. Aurrez zehaztutako berehalako erantzun-sistemetan oinarritutakoa da. Batzuetan, ez diote galdera bati ere erantzuten, eta gizartean dauden usteetan, sinesmenetan edo erlijioan oinarritzen dira. Abantaila: une horretan berehalako jakin-mina “asetzea” lortzen da, eta helduarentzat “erabilgarriak” diren argudioak eskaintzen dira. Desabantaila: desoreka emozional zirkunstantzialari “adabakiak” jartzen dizkio, balio arbitrarioa eta partziala duten ebazpenekin.
  • Estrategia didaktikoa edo hezitzailea. Helduarengan zentratuta ez dagoen bakarra da. Planifikatutako prestakuntza-proposamen pertsonalak lirateke. Abantailak: elkarrekin sortutako ezagutzatik, sentiberatasunetik eta haurrarenganako errespetutik antolatzen dira, eta bizitzaren eta heriotzaren ulermen handiagoa eta kontzientziaren konplexutasun handiagoa lortzen dute. Desabantaila erlatiboa: heldu bat behar da hori aurrera eraman ahal izateko, eta helduak beharrezkoak izango ditu umiltasun-dosi bat, sentiberatasuna, autoprestakuntza eta heldutasun pertsonala. Gurasoen eta hezitzaileen arteko koordinazioa eskatzen du, eta hori ez da beti posible izaten.

 

Beraz, galera eta dolua aurkeztu eta irakasleen ohiko estrategiak aletu ondoren, hel diezaiogun hasierako galderari: zer egin dezakegu irakasleok haurrari doluan laguntzeko?

 

Hasteko, geure doluak landu

Haurrak heldua behar du dolua egiteko; hau da, haurrek ezin dute ez dolua egin eta ez egiten ikasi, heldu baten laguntzaz ez bada. Zaila izan daiteke doluan dagoen haur baten minera hurbiltzea; gainera, gure dolu propioak interpelatuko ditu, eta gure baitan bizi izan ditugun absentziak, agurrak, aldaketak islatuko dira hor. Galera horiei lotutako emozio guztiak ager daitezke berriro.

Gauzak horrela, haurraren doluaren eta atsekabearen aurrean, horiek saihestu nahian erantzun dezakegu (garrantzia kenduz, ez ikusiarena eginez, gaia aldatuz…). Baina haurrak dolua aurrera eramatea oztopa dezakete horrelako jarrerek, eta hurrengo doluetarako baliabide aproposik gabe geratuko da. Beraz, garrantzitsua da haurrari dolua egiteko baimena, aukera eta espazioa eskaintzea.

Irakasleak ondo ezagutu behar du bere burua, ezagutza horixe izango baita hezkuntza-prozesuaren tresnarik garrantzitsuena, bi arrazoirengatik: lehenengo, ikasleek identifikazioz jasoko dutelako ikaskuntzaren parte handi bat, eta, beraz, irakaslea izango delako haien eredua. Eta, bigarrenik, guk ordurako ibilia dugun bidearen punturaino soilik lagun diezaiokegulako beste norbaiti.

Izan ere, doluaren bidea egin badugu, atsekabea eta bestelako emozioak beldurtu gabe ikus ditzakegu, badakigulako prozesuaren parte bat besterik ez direla, eta, horren ondoren, sentimendu baketsuagoak agertuko direla. Ezagun egingo zaigu, gainera, bide hori egitetik lortzen den nolabaiteko aberastasun pertsonala ere.

 

Jarraitzeko, planifikatutako prestakuntza proposamen pertsonaletan oinarritutako esku-hartzea eskaini

Horretarako, irakasleak edo eskolak berak aurretik defini ditzake galera gertatu ondoren edota galera gertatu baino lehen abian jarriko diren beharrezko hainbat pauso, protokolo batean. Hor, komeni da kontuan hartzea planifikatu egin behar direla bai banakako esku-hartzea (galera izan duen haurrarekin eta haren familiarekin), eta bai taldeko esku-hartzea (gelako ikasle taldearekin, eskolako komunitatearekin…).

Planifikazioak beti sormena piztea eskatzen du, eta, horretan pentsatzen hasteko, askotariko jarduerak gara daitezke.

Esku-hartze aringarriari begira (galera gertatu ondoren), honako jarduera hauek gauzatu daitezke gelan: ipuin-kontaketa, jolas sinbolikoa, doluan dagoen haurrarekin elkarrizketak izatea, agurrean laguntzeko “erritualak” egitea (banakakoak zein taldekoak), emozioak adierazten laguntzeko jarduerak abiatzea, familiarekin koordinazio-bilerak egitea, irakaslearen burua zaintzeko jarduerak abian jartzea eta abar.

Bestalde, esku-hartze prebentiboari begira (galera gertatu aurretik), honako jarduera hauek gara daitezke:

  • Ideia-jasa, askotariko galeren inguruan dituzten ezagutzak jasotzeko; horietatik abiatuta hautemandako ikaskuntza beharrak defini daitezke, eta horiek lantzeko aproposak diren jarduerak programatu daitezke.
  • Aldaketaren, galeren, heriotzaren, atsekabearen edo porrotaren gaiak zuzenean edo zeharka lantzeko egokiak diren jarduerak proposa daitezke, hala nola ikus-entzunezkoak, margolan edo irudiak, esaera zaharrak, ipuinak, poemak, kantak edo askotariko testu motak (metodologia egokitu beharko da adinaren arabera, noski); munduan zehar hainbat herrialdetan dolua egiteko dituzten moduak eta ohiturak ere azter daitezke; edota eskolako baratzea egin daiteke, bizitzaren eta heriotzaren zikloak ikasteko.
  • Doluaren inguruko prestakuntza-saioak egin daitezke…

 

Bukatzeko

Kontuan hartu behar dugu galera, heriotza, sufrimendua eta porrota ukatu egiten direla gaur egungo gizartean. Nola egin dezakegu pedagogia bat garapen osoari begira, gai horiek guztiak bizitzaren parte diren heinean barnean hartuta? Esaten da hitzetan jartzen ez dena ez dela existitzen. Beraz, gai horiek tabu bihurtu nahi ez baditugu, jorratu egin beharko ditugu gure eskoletan. Gainera, batetik, galtzearen, huts egitearen, sufritzearen eta porrot egitearen esperientziak eta, bestetik, hilgarria izatearen kontzientziak, ikuspegi filosofiko batetik begiratuta, bizitza bera definitzen lagundu diezagukete, eta zentzua eman diezaiekete, ongizatea sufrimendurik gabe ezin baita bere osotasunean ulertu, Aldous Huxleyk Bai mundu berria lan ezagunean zioen moduan.