NORA SALBOTX “Ikasleen begietan, irakasle on batek egiten duenarekiko maitasun moduko bat transmititu behar luke”

2018-01-01

 

Behetik gora ekinez eta txikitik eraginez urratu du bidea Nora Salbotxek (Iruñea, 1973), eta esperientzia oparoa pilatu du hezkuntzaren arloan: Amaiurko eskola txikian irakasle hastapenean; eta irakasleen formakuntzan ondoren —Mondragon Unibertsitatean nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoan—. Herrigintzan ere urte luzez aritu da lanean: batetik, Baztan oinarri harturik, “Herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoaren bidez Euskal Herri osoan eragiten; eta bestetik, sindikalgintzan. Magisterioko eta psikopedagogiako unibertsitate ikasketak edukitzeaz gainera, landa eremuko eskolen gaian nahiz komunikazioarenean espezializatu da. Eta beste ororen gainetik, hezkuntzaren inguruko ikuspegi humanista garatu du. Beti ere, jarrera baikor batekin eta euskal hezkuntza nazionala eraikitzea jomuga hartuta. 

 

 
 

Amaiurko eskola txikiko zuzendari izan zara urte luzez, gero irakasleen prestakuntzara egin duzu jauzi —Mondragon Unibertsitatean lehenik eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ondoren—, sindikalgintzan ere bazabiltza, “Herri Hezitzailea Eskola Herritarra” egitasmoko eragileetako bat zara… Esperientzia luze-zabal horrek eman diezazukeen ikuspegitik, gaur egun euskal eskolak zein erronka nagusi dituela esango zenuke? 

Herri mailako kontsentsu edo akordio bat egitea ezinbertzekoa eta premiazkoa da nire ustez. Eta akordio horrek hezitzailea behar luke izan, balioetan oinarritu beharko litzateke, eta beraz, politikoa izango litzateke. Politikoa bai, baina inondik inora ere ez partidista. Politikoa diot akordio horrek talde-herri-komunitate bati eraginen lioketen erabakiak hartzeko tresna izan behar lukeelako. 

Nire ustez, hezkuntza akordio hezitzaile batez ari garelarik, halabeharrez, hainbat oinarrizko balio edo zutabe kontuan izan beharko lirateke. Hasteko eta behin, haurra subjektu politiko gisa hauteman behar da. Haur sendo, aberats eta gaitu bat eraiki behar dugu gure begirada kolektiboan. Konturatu behar dugu errealitatearen interpretazio irudimentsu zoragarriak egiteko gai dela haurra. Gaur egun, ordea, askotan, kontrakoa egiten dugu: estatuen onuradun den subjektu pasibo gisa irudikatzen dugu haurra, ahula eta ezgauza den norbait bezala. Bada, ongintzazko begirada hori gaindituko duen ordezko bat aldarrikatu nahiko nuke nik. Haur ekintzaile batez ari naiz, zeinak ahaldunduta eta antolatuta, gure jendarte honen onurarako hainbat ekarpen egin ditzakeen. Ongizate kolektiboari ekarpena egingo dion haurra, nerabea, gaztea izan behar genuke jomugan; ekarpen inklusiboak egingo dituena gaur egungo jendartean periferikoak diren izate horiek guztiak barnebiltzeko egokiak izan daitezkeenak. 

Bestetik, errespetua, berdintasuna eta aniztasuna izan behar genituzke ardatz. Hezitzailea dena etikoa delako. Duintasuna, eskuzabaltasuna, ekintzailetasuna, harreman orekatuen aldeko sena, hezkidetza, inklusioa… ere sustatu behar lituzke hezkuntza akordio horrek. Eta pertsamendu dibergentea indartu beharko luke, pertsona kritikoak hezteko. Finean, askapen kolektibo zein pertsonalerako balioko lukeen heziketa mota dut gogoan. 

Eta, bi zutabe horiekin batera kontuan izan beharreko beste bat partaidetza da: gobernantza eredu berriak, erabaki guneen demokratizazioa, auzolana... Finean, gobernu modu herritarra landu behar dugu, umeei ere ahotsa emango diena eta erabakiak hartzerako orduan leku bat egingo diena. Eta horrekin batera, tokiko erakundeek kudeatutako hezkuntza aldarrikatu nahiko nuke, horiek direlako pertsonengandik hurbilen daudenak, ergonomikoak direnak, pertsonen neurrira egindakoak eta inguruko beharrak hobekien ezagutzen dituztenak. Eta aldi berean, baita ere, erakunde horiek komunitate horretako kideek eurek kudeatzen dituztelako, behetik gora herritarren ordezkaritza hartuta.

 

Errealitatea asko aldatu da urte gutxian: Interneten eztanda, bizitzaren abiada, superestimulazioa, ziurgabetasuna, likidotasuna… Horrek guztiak haurraren beraren ikuspegia ere aldatzea ekarri du. Eskolak jakin al du errealitate berri horretara egokitzen? Zentzu horretan zein litzateke gaur egun eskolaren papera? Kontuan izanik denok onartzen dugula ezin dela izan edukien transmisore huts, edota haurrek eskolaz kanpo eskolan bezainbeste ikas dezaketela.

Jendartea aldatu da, ados. Eskola ez da behar zen abiadan egokitu, horretan ere ados. Nik ez dut bat egiten hala ere postmodernoen diskurtso zenbaitekin eta ez dut sinesten likidotasun honetan dena hain erlatiboa denik. Posmodernitatearen edo denbora likidoaren diskurtsoaren aitzinean badira gain-modernitateaz edota kontrol jendarteaz solas egitea nahiago duten autoreak ere. Nik ere benetan uste dut gizartea diskurtso postmodernoek irudikatzen dutena bezain hibridoa eta konplexua dela. Alta, autore posmodernoek diote gizarte likidoan errelato handiak amaitu egin direla, eta nik ez dut partekatzen ikuspegi hori, eta hain zuzen ere, gaurko errealitate hibrido eta konplexu honetan, errelato handiek, era batera edota bertzera —berreraikita, moldatuta, batzuetan mozorrotuta ere bai—, hortxe darraitela uste dut. 

Behin hori adierazita, erranen nuke baietz, haurra aldatu dela, edota geuk aldatu dugula erran beharko genuke, akaso. Gehiago dakigun heinean orain arte ezezagun zitzaizkigun afera eta ezaugarri aunitzen gainean lupa jartzeko aukera dugu, baina horrekin batera, haurren bizitzetan injerentzia handiagoz jokatzen dugula ere erranen nuke. Espazioa, jolasa, intimitatea, denbora… mugatu dizkiegu, kontrolpean jarri ditugu eta hori ez zait inolako garapena edota aurrerapena iruditzen, kontrakoa baizik. 

Eta eskolaren paperari buruz galdegin didazunez, tira, eskola laguntzaile bat izan beharko litzateke, umeei ikertzeko, mundua ezagutzeko –bere inguru hurbiletik hasita eta antipodetako edozein txokotaraino— eta bertzeekin interakzionatzeko aukerak ematen dizkiena. Beti ere jakinik haurra subjektu aktibo bat dela, bere garapenaren eraikuntzaren protagonista, eta, beraz, gure lana hori gerta dadin aukerak eta egoerak eskaintzea litzatekeela.

Amaitzeko, iruditzen zait gaur egungo eskolak komunikazioa bertze paradigma batzuetan oinarritu behar lukeela, zeinetan isilik egotea ez den meritu bezala konputatzen duen jarrera bat, baldin eta pertsona batek zeozer errateko badu. Eta zeinetan emaile-hartzaile eskema konduktista hura gainditzen den eta edukomunikazioaren praktikan sakontzen baitugun. Izan ere, jada alde batean igorlea eta bestean hartzailea dagoen eskemak —zeinetan komunikazioa alde bakarrekoa den— ez digu balio. Eredu horretan oinarritu izan da gure eskola. Baina, gaur egun, badakigu komunikazioa ez dela alde bakarrekoa. Erpin batean igorle-hartzaile bat egon daiteke eta bestean beste igortze-hartzaile bat, eta ondorioz, komunikazioa bi aldetakoa edota alde anitzekoa da. Gainera, igorleak bidaltzen duen mezua hartzaileak bere galbahetik pasako du beti, alegia, hartzailea subjektu aktibo den eredu batez ari gara, eta horrek irakaskuntzan berebiziko garrantzia du. Beraz, geletako eskema lineal eta transmisibo horiei aldeanitzeko eredu parte-hartzaile, malgu eta horizontalekin ihardestea litzateke xedea, eta ikaslea komunikatzaile bilakatzea.

 

Zentzu horretan, eta egungo errealitatea hobetzea helburua hartuta, ezagutzen ote dugu behar beste haurra? Eta haurraren kultura? Eta zenbateraino jarri dira praktikan eskola berriaren ideiak?

Plano teorikoan akaso bai, inoiz ez bezala ezagutzen da haurra hainbat zientzia eta alorretatik begiratuta. Gaur egun, gainera, neurozientziarenak gehitu zaizkiei aitzinetik genituen teoria guzti horiei. 

Alde batetik, ezagutza horiek guztiak ez elkar-erlazionatzetik, eta beraz, ikuspegi holistiko batez ez ematetik etor daiteke arazoa. Ezagutzaren zatiketa, jendarte honetan ematen diren bertze hainbat zatiketa bezalaxe, interes batzuen onurarako egin da, ez justizia sozialaren edota berdintasunaren mesedetan preseski. Hain zuzen ere, pertsona eta jendartea justu kontrakoa delako, eta modu osoan, globalean funtzionatu behar duelako, baldin eta osasuntsu egongo bada.

Haurraren kulturaz, berriz, eta horrek dakartzan ondorio politikoei, pedagogikoei, kulturalei… —inkluso urbanistikoei— buruz deus gutxi dakigu oraindik. Edozein eratara, positiboa naiz zentzu horretan ere, batetik, ikusten ditudalakoz Euskal Herrian han eta hemen esperientzia solte franko bide horretan apuntatzen dutenak, eta bertzalde, OinHerri (“Herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoa) eta gisako eragileei esker gaia sozializatzen hasia delakoz. 

Eskola berria, teorian, denok praktikatzen dugu. Maisu-maistrei beren lan ereduaz galdetzen zitzaien ikerketa interesgarri bat egin zen. Ikertaldean ziren, bertzeak bertze, HUHEZIko Mariam Bilbatua eta Kataluniako Ana Teberovsky. Ez da kasualitatea Euskal Herrian jasotako inkestetan bere burua konstruktibismoan lerratzen zuen hainbertze jende agertu izana, bistan da ezetz. Honek bere alde ona eta bere alde txarra dituela erranen nuke. Alde ona litzateke jabetzea hemen ontzat ez dugula edozer gauza edota edozein praktika hartzen. Politikoki zuzena hori delakoz bada ere, badirudi maisu-maistrok ez dugula eredu tradizionaletan lerratu nahi eta hori lan bat egin denaren seinale da, eta erakusten du badela gauzak hobetzeko grina. Alde txarra ere ikusten diot, ordea: autokonplazentzian erortzekoa, hain zuzen. “Dagoeneko nik ongi egiten dut, ni konstruktibista naiz” leloan gelditzea horren sakoneko esanahietara eta ondorioetara joan gabe. 

 

Eskolak, oro har esan baliteke, erantzuten al dio haurraren kulturari/interesari/beharrari? Zertan ikusten duzu baietz eta zertan ezetz? Adibide zehatzik jartzerik bai zure esperientziatik?

Modu ez antolatu batean nahi bada, baina haurraren kultura horri erantzun beharraren edo nahiaren adierazpide aunitz badira han eta hemen. Bai hezkuntza formalaren kontestuan bai eta hortik kanpora aisialdi edota arte eta kultur emankizun eta adierazpide askoren testuinguruan ere. 

Beraz nik uste dut gure lehen erronka hori dena jostetik letorkeela. Han eta hemen gertatzen ari diren esperientzia eta jarduera hezitzaile zoragarri horiek guztiak ikuspegi beraren baitako jarduerak direla ulertaraziko digun diskurtso bat behar dugu. Abiapuntu horretatik hasita problematizatu behar dugu afera hau, eta hori izango da gero kontzientziaziora eta antolaketara igarotzeko bidea.  

 

Uneotan, irakaslegaiekin ere ari zara lanean. Etorkizuneko irakasleen formatzaile zara NUPen. Psikologo zein pedagogo gehienak bat datoz esatean irakasle bakarrak miraririk ez, baina asko eragin dezakeela haurraren garapenean. Hori hala, zein ezaugarri izan behar ditu zure ustez irakasle on batek? Eta zuri dagokizun arloan, zein jakintza nagusi barneratuarazten saiatzen zara irakaslegaiei? 

Bada galdera honen lehen zatiari erantzuteko ikasleek berek erraten dizkidatenak ekarri nahiko nituzke hasteko: haientzako irakasle on batek bere gaiarekiko maitasun moduko bat transmititu behar luke, pasioa, emozioa. Gaiaz jakiteaz gain, erakutsi behar luke hura gogoko duela, alegia, egiten ari den hori bizi duela. Gogo edo pasio hau klaseetan transmititzen duten irakasleak dituzte gustukoen ikasleek. Era horretako irakasleekin motibatzen direla diote. 

Ene ustean, teoria eta praktikaren arteko loturak egitea garrantzitsua da unibertsitatean ari garelarik. Batetik, sinesgarritasuna ematen diolakoz edukiari, bizitza errealarekin konfrontatzen duelako teoria. Bertzalde, ekintza bidezko ikerketaren gaitasun eraldatzailea handia delakoz, dudarik gabe. 

Galdera honek Mari Carmen Navarroren lan batean jasotako pasadizo bat ere badakarkit burura. Izan ere, irakasle on batek izan behar dituen gaitasunei buruz galdegin zien behin bere Haur Hezkuntzako gelako haurrei, magisteritzako praktikak egiten zebilen ikasle baten presentziaren karietara. Maiz zerrendatzen ohi ditugu XXI. mendeko hezitzaileen kualitateak, hor ez nuke ekarpen berri handirik eginen; beraz, Haur Hezkuntzako umeek errandakoak gogoraraztea interesgarriagoa deritzot, aldarrikatzen dugun haur indartsu, gaitu, eta aberats horrek errandakoak,  hain zuzen, teoria zoragarriak egiteko gauza den ume horrek gogorarazten dizkigunak, alegia. 

Beraz, haiek eskatutakoari ikusgaitasuna emate aldera hauexek ziren orduko hartan eskatzen zituztenak: “Irakasleak haurren izenak jakin behar ditu, aldika errieta egin behar du, olerkiak idatzi, gurasoei haurren sekretu zenbait kontatu, dantza, kantua eta antzerkia egin behar ditu, lan politak ere bai, ipuinak kontatu, triste dauden haurrak animatu, haurrak erlaxatzen lagundu eta haiekin egunero egunero solas egin”. Zein xumeak eta zein sakonak diren aldi berean irakasleok izan behar genituzkeen ezaugarriak, eztala?

 

Eta eskolak dituen erronka berriei erantzuteko, nola joan etengabe hobetzen? Duela 20 urteko irakasle batek adibidez nola barnera ditzake erronka berri horiek? Nola eskuratu tresna berriak? Etengabeko formazioaz hitz egiten dugu, baina zer nolako formazioa, barnetik pasatzen ez bada?

Formazio piloa egiten da, eta egiten den guzti horretatik asko, gehiegi akaso, kaxoi batera doa zuzenean. Izan ere, arestian aipatutakoaren bidetik, teoria-praktika arteko loturarik ikustarazten ez zaigun heinean, zail zaigu ikasitako horretatik praktika eraldatzaile edota berritzaileak inplementatzea. Nire ustez, saiakerak badira han eta hemen, baina funtsa zera da: formakuntzak ikastetxeetako eta geletako errealitatean izan beharko lukeela oinarria. Beraz, haietara joan, maisu-maistrekin egon, haien galdera, kezka eta arazoei buruz hitz egin eta hortik aitzinera formakuntza esanguratsu eta zinez praktiko bat eraiki, taldean, modu partekatuan eta egunerokoarekin elkarrekintzan; modu dialektikoan, beraz.

Erranen nuke XXI. menderako formakuntza IKTen erabileraren gaitasun on batekin erlazionatu dela, ohartu gabe gela interaktiboaz solas egitea afera preteknologiko bat dela, interaktibotasuna komunikazio kontzeptu bat baita Marco Silvak aski ongi azaltzen duen moduan. Alegia, munduko teknologia guztia izan dezaket, baina ez badut aitortzen komunikazioa alde-anitzekoa dela, ari naiteke alde bakarreko mezu transmisioa sustatzen, interaktibotasun horren kaltean. IKTek bistan da, erraztu egiten digute interaktibitatea, lagundu dezakete alde anitzeko komunikazio horretan, baina bermatu ez du egiten. Eta kontuz! Ez dezagula ikuspegi teknokratiko eta akritiko bat erabili IKT horien sustapenean ere.

 

Errealitatea hori izanik, eta eskola txikien arloan duzun esperientzia eta jakituria lagun, zer ekarpen egin diezaioke hezkuntza-sistemari eskola txiki horien jarduteko moduak? (adinak nahasian, proiektuka lan, tailerrak, konstruktinbismoa, familiekiko harremanak, komunitatearen indarra…)

Urteak kosta zaigu eskola txikietakooi, landa eremuko hezitzaileoi, eskola graduatuaren egiteko modu eta diskurtso hegemoniko horren gainetik bertze eredu bat bazela azalaraztea, ikustaraztea. Lan bikain askori esker gaur bertze egoera batean gaudela bistan da. Gaurko egunean eskola graduatu hegemoniko horretatik ere hasi zaizkigu begiratzen, txikiak handiari zeozer erakusteko izan dezakeelakoan. 

Pentsaezina zen hori duela zenbait urte, eskoletako sabaiak erortzen zitzaizkigun bitartean herrietan frontoi ikaragarriak egiten edo zahar berritzen ziren garaian, biharamunean ETBk partida bat ematera etortzeko baldintzak betez-edo. 

Baina, tira… gatozen harira… ikerketetan garbi geratzen ari da arrakastako eredu eta praktikek ezaugarritzen duten aldagaietako bat adinartekotasuna dela. Egia erran, ikaskuntza, interakzioaren bitartez eta ezagutza asimetrikoak konfrontatzearen laguntzaz ematen dela garbi badugu, aterako genukeen lehen ondorioa zera litzateke: aniztasuna desiragarria eta hezitzailea dela. Haurra erdigunean jartzen duen eredu batean, alegia, sistemaren estrategia zatitzaileak edota XX. mende hasierako hezkuntza-sistemaren eskema gainditzen duen eredu batean, aniztasuna behar beharrezkoa dela argi erakusten du horrek. Adinartekotasunak bizitza errealarekin zerikusia dauka eta aberasgarria da edozein ikuspuntutatik; bertzeak bertze, berdinen arteko tutorizazioa eta elkarrekintza, norberaren erritmoekiko errespetua, autonomia eta komunikazioa baitakartz berekin.

 

Herri txikietan begibistakoa da eskola eta komunitatea elkar-elikatzen direla. Bestalde, behin eta berriz errepikatzen da, haurren heziketa ez dela soilik eskolaren egiteko, eskolak bakarrik ezin duela, hor dagoela familia, baina hor dagoela baita ere herria: hor daudela eskolaz kanpoko jarduerak, aisialdiko ekintzak, haurrek kalean jolasean igarotzen duten denbora… Zein garrantzia du horietako bakoitzak? Eta nola bidera daiteke eragile horien guztien arteko elkarlana? 

Elkarlanerako testuinguru naturala zure hurbileko hura denean eta harekiko irekita zaudenean, bertako taldekideen komunitate pertzepzioa lortzea da lehen helburua. Horretara zabalik egotea da zioa, eskola eta herria continuum baten modura ulertzea eta, ahal den heinean, irakasle-ikasle-ikas eta irakas objektu hiruko didaktiko klasikoaren erdigunean ezarrita dugun epizentro hori desplazatzen saiatzea, figura geometriko berri baten bila, non hiruki horri herria, hizkuntza, bertako instituzio eta eragileak, natura eta gisako bertze erpin batzuk gehitzen dizkiogun. 

Soziologo askok diote gaur egungo jendarte interkonektatu eta globalizatu honetan hiria eta herriaren arteko mugak lausoak direla, eta continuum bat dagoela bata bertzea lotzen, baina hiria eta herriaren artean zerbaitetan aldea nabaritzen bada, hori pertsonen arteko harremanetan eta komunikatzeko moduetan antzematen dela. Kasu ikerketa batean behaketa bat egin genuen Baztango herri batean (txikia ez dut erranen hain erlatiboa baita neurriaren afera hura!). Bertako karriketan, harreman zoragarriak ikusi genituen, edozein aitzakiapean: mus tximista txapelketa, play partidak, eskolako irteera ordua, kantu afaria —baita auzo-konpostontzira zabor organikoa botatzera zihoazen uneetan ere—… adineko amatxi bat pareko etxeko nerabearekin familiari buruz, eguraldiari buruz edo dena delakoari buruz solasean ikus daiteke, lasai asko. Modu naturalean, belaunaldien arteko etenari aurre egitea ohikoa da bertan. Horrela elikatzen dira elkar, eta elkarrengandik ikasten dute, bakoitzak bere hizkera eta ulerkerarekin, bistan da. Roberto Aparicik dio nahiko nabarmen konturatzen garela zerozer komunikatzen dugunean eduki zehatz horren ezagutza aurrez badakarrela komunikazio ariketa horrek berak, eta aldiz nekezago konturatzen garela zeozer horren sakoneko ezagutzara komunikazio ekintza horren bitartez eta komunikazio horri esker iritsi garela. Beste hitz batzuetan esanda, zerbait komunikatzen ari garenean komunikatzen dugun horren gainean hausnartzen dugu eta edukia berreraikitzen dugu, sakoneko ezagutzetara iritsiz. Teoria horri, komunikazio hori belaunaldi artekoa izateak prozesua aberasten duela gehituko nioke nik.

 

Zure beste arloetako bat sindikalgintza da. Nafarroako LABeko Hezkuntza arduraduna zara. Murrizketen aurka eta hezkuntzako profesionalen lan-baldintzen alde lan egitetik harago, sindikalgintzak zer ekarpen egiten dio hezkuntzari?

Sindikalgintza beti erlazionatu izan dugu lan esparruari dagokion alderdi klasiko horrekin. Egia da, hala ere, LABen duela 3 urte abiatu zela hausnarketa bat ikusten zelako sindikatutik ere hezkuntza politikan zerbait egiterik bazegoela, edota nolazpait ikusten zelako zerbait egiteko premia. Hezkuntzari loturiko hausnarketa horien bueltan ohartzen ginen, garai batean —80etako urte inguruetan eta— berrikuntza pedagogikorako mugimenduek eta antzerakoek indar handia izan dutela eta ekarpen izugarria egin diotela Euskal Herriari, jarduera pedagogikoari dagokionez, hobekuntza asko ekarri dituelako. Eta esan genezake, lan horri esker nahiko aitzindaria izan dela Euskal Herria. Gertatzen dena da, ordea, berrikuntza pedagogiko horretan aitzindari izan den jendea piskanaka jubilatzen ari dela, eta hein batean ikusten dugula belaunaldi berrietan ez dagoela hezkuntzari buruzko hain ikuspegi kritikoa, eta nolazpait despolitizatu egin dela hezkuntza. Gure ustez, baina, izaera politiko hori berreskuratu behar luke eta horretarako esku-hartze konkretuak behar dira. Gainera, sareen arteko elkar ezagutza eta elkarrizketa eskasaren arazoa ere hor legoke. Testuinguru horretan, eta, bertzeak bertze, hausnarketa horien ondorioz sortu zuen LABek Iruten proiektua, ekintza sindikalerako lerro klasikoaz gain, hezkuntza politikakoa ere irekitzeko. Euskal Herriko ikastetxe, sare, hezitzaile eta esperientzia interesgarri horiek denak harilka-tzeko xedez, herri proiektu sendoa artikulatu eta irun nahian. 

Eskoletan eta hezkuntza komunitateetan gauza interesgarri asko ari gara egiten, baina horrek guztiak aterki moduko bat behar du, egiten ari garenari forma emango diona eta zerbait komuna egituratuko duena, kontzientzia horretatik etorriko baita egiazki herri bezala erantzun bat. Gakoa da jendea kontzientziatzea eta antolatzea sinetsita herri gisara badugula beste proiektu edo alternatiba bat. Finlandiarrek oso garbi dute beren hezkuntza-sistema nolakoa den eta nolakoa izan behar den, eta guk ez dakit horren garbi ote dugun. Beno, badakigu legea nolakoa den, baina ez egiazki gure praktika pedagogikoak nolakoak diren. Alegia, Euskal Herrian zer egiten dugu pedagogikoki? Pedagogikoki zuzena zer den badakigu, hau da, Euskal Herrian irakasleok badakigu denak ez duela balio pedagogian, baina gero horren atzean asko dago hausnartzeko eta sakontzeko, sarri gure teoria ideala eta praktika bat ez datozelako. 

 

Amaitzeko, Euskal Herriarentzat zein hezkuntza-eredu diseinatuko zenuke? (Nondik hasi, nola egikaritu, irakasleek zer egin dezakete, eta eskola-komunitateak zer? Administrazioen zain egon gabe).

Nire ustez, diseinatuta dago jada, Hik Hasik jarri digu plataforma, berriki plazaratu duen “Hezkun-tza proposamena”-ren bidez. Orain eragileoi eta norbanakooi dagokigu zimentu horien gainean eraikitzen hastea... Noizbait teilatura ailegatuko gara, baina goazen etxea azpitik goiti eraikitzen saiatzera, mantso-mantso, ahal dela era bateko zein besteko bidaidez inguratuta, tximinira ailegatu arte. Hezkuntza eragileen artean sakabanaketa dagoen une batean, Hik Hasi gai izan da zimentu batzuk ezartzeko, oro har, hezkuntza eragile guztiok eta norbanakook partekatzen ditugunak. Hortik aurrera, zer? Nik uste dut besteoi dagokigula azpitik goiti eraikitzea. Esango nuke batzuetan horretan saiatu garela, baina teilatutik hasita. Alderantziz egin behar dugu, hortik etorriko delako etortzekotan alternatiba bat. Bestenaz, beti ibiliko gara txikira jokatzen.