ZERGATIK DA JUSTUAGOA ‘ZERRENDA BAKARRA’ NAFARROAKO HEZKUNTZAKO DEIALDI PUBLIKOAN? Mikel Lizaso

2018-02-01

 

 

 
 

Zerrenda bakarra LAB sindikatuaren aldarrikapena izan da aspaldidanik. Zergatik? Gaur egun, euskarazko eta gaztelaniazko zerrendak ditugunez eta oposizioak daudenean bi hizkuntzetako frogak egun eta ordu berean egiten direnez, elebidunak behartuta egon ohi dira azterketa hizkuntza batean edo bestean —euskaraz edo gaztelaniaz— egitera. Beraz, bi zerrendetako batean egoteko aukerari uko egin behar izaten diote, nahiz eta zerrenda horretan egoteko behar diren ezaugarri guztiak bete. 

90eko hamarraldi erdira arte zerrenda bakarra zegoen. Ez gintuzten irakasleok bereizten profil linguistikoaren arabera. Euskaraz irakasteko gaitasuna zuenari euskaraz irakasteko deitzen zioten eta gaztelaniaz irakasteko gaitasuna zuenari gaztelaniaz irakasteko. Guretzat justuena hori da, alegia, pertsona batek euskaraz eta gaztelaniaz irakasteko gaitasuna baldin badauka, bietan eskolak emateko aukera izatea. Eta horixe da honen guztiaren funts nagusia eta orain aldarrikatzen ari garena. 

Zerrenda bikoitza “UPNren erregimena” deitzen diogunaren urte horietan abian jarri den praktika bat izan da. LAB aspaldian dabil nafar administrazioan ematen den irregulartasun hori salatzen, alde batetik, elebidunak diren maisu-maistra eta irakasleen aurkako diskriminazio garbia adierazten duelako eta, bestaldetik, horren aurrean badagoelako soluziorik: zerrenda bakar eta bateratu baten sorrera.

Orain dela zortzi urte inguru hasi ginen zerrenda bakarraren gaia lantzen eta aldarrikapen hau egiten. Eta pixka bat baita ere kontzientziazio lana egiten. Izan ere, gai hau inolako masa kritikorik gabe zegoen, agenda sozio-politikotik erabat baztertua, eta LABeko delegatu batzuk hasi ziren kontu hau mugitzen eta aldarrikapenak egiten. 

Nafarroako Gobernu aldaketaren ondotik, joan den irailean, Maria Solana buru duen Hezkuntza Departamentuak Mahai Sektorialean jakinarazi zuen zerrenda bakarra osatzeko erabakia hartuta zegoela, baina hainbat gertakari politiko tarteko, oraingoan ere ezinezkoa izan da. Gezurra badirudi ere, XXI. mendean badago gaitasun handiagoa izanda ere aukera gutxiago izatea ahalbidetzen duen egoera eskizofrenikoa babesten duten alderdi politiko, sindikatu eta hedabiderik eta ahalegin guztiak egin dituzte orain arte pairatu dugun irregulartasun administratibo erraldoi horri eusteko.

Alderdi, sindikatu eta hedabide horiek euskararen eta nazionalismoaren mamua pizten dute zerrenda bakarraren aukera aipatzen den bakoitzean, paradoxikoki behin eta berriro ukatua izan den berdintasunaren izenean. Euskararen mamua piztu nahi izan dute, beren interes partikularren aurka doan eskubidea delako, eta gizartearen parte batek horiei ematen dien sostenguaren jatorria ere, hein handi batean, hortik dator. Alegia, gaztelaniaz soilik dakiten maisu-maistrak euren babesgune pribilegiatuan daude. Izan ere, irakasle euskaldunek halabeharrez hizkuntza baten edo bestearen inguruko hautua egin behar dutenez, soilik euskarazko zerrendetan parte hartzea aukeratu ohi dute, gaztelaniazko lanpostuen aukera, bere osotasunean, elebakarrak diren maisu-maistra eta irakasleen eskuetan utziaz. Hori pribilegioa da eta aipatu eragile guztiak ez daude prest pribilegio horri uko egiteko, ezta atzean dituen onura sozioekonomiko eta politikoak bazter batera uzteko ere. Horren atzean helburu politiko jakin bat dagoela uste dugu guk: “Kontuz! Euskaldunak datoz-eta” mantra aplikatzea irakasleriaren barruan ere. Hala, gaztelaniaz soilik dakitenei igortzen dieten mezua zera da: “Zuek, lasai, izango duzue eta zuen koto pribatua, eta euskaraz eta gaztelaniaz dakitenek hautatu egin beharko dute edo koto pribatu horretan sartu, edo euskarazkoan soilik sartu”. 

Horren guztiaren atzean sekulako diskriminazioa dago, eta gaur egun, estatu espainiarreko beste inongo administraziotan ez da horrelakorik gertatzen, nahiz eta bi hizkuntza hitz egin. Esate baterako, Galizian, Valentzian, Balear Irletan, Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan, afera hau erabat gainditua dago, bi hizkuntzen ezagutza nahitaezkoa delako irakaskuntzan aritzeko. Nafarroan zergatik sortzen dira honen aurkako ahots, inertzia eta iritziak? Zerrenda bakarraren aukerak, gainera, ez du suposatzen aipatu erkidego horien estatusera iristea, ez baitu inor behartuko euskara ikastera. Baina euskaldunok beste hizkuntza bat jakinda ere aukera gutxiago izatera kondenatuta egotea erabat injustua da. Guk onartzen dugu errealitate soziolinguistiko jakin baten baitan gaudela eta momentuz ez dela errealista funtzio publikoan lan egiteko bi hizkuntzak eskatzea —nahiz eta gure fineko helburua hori izan—, baina bai gutxienez exijitzea pertsona batek bi hizkuntzetan eskolak emateko profila badu, aukera hori ahalbidetzea. 

Afera honekin, gainera, hezkuntza kalitateaz ere ari gara hitz egiten. Izan ere, irakasle batzuei arlo batzuk ematea eta ikasle batzuekin aritzea oztopatuz gero, kontua ez da soilik irakasle horien eskubide bat urratzen dela —gaitasuna duen hizkuntza batean eskolak ematekoa—, baizik eta ikasle eta familia horiei irakasle horren kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea ere kentzen zaie, alegia, irakasle horien jardun profesionala eta zerbitzua jaso ahal izatekoa. 

Azken urteetan gure lana izan da zerrenda bakarraren aldeko aldarria egitea, bereziki kontzientziazio lana, lehen masa kritikorik ere ez baitzegoen injustizia hori salatuko zuenik. Horrez gain, ikusten genuen politikoki ere blokeo handia zegoela. UPNrekin ezinezkoa zen ezer egitea arlo horretan. Eurek gehiengoa zutenez, eta PSNren sostengua, zerrendaren gaia blindatuta zuten. Baina kontzientziazio lanak aurrera egin ahala, eta gobernu aldaketarekin, azken hilabeteetan gaia atzera ere mahai gainean jarri da. Administrazioak berak onartu du badaudela baldintzak zerrenda bakarra jartzeko eta aukerarik zuzenena hori dela. Xedea zen zerrenda bakar hori lehen aldiz udaberrian egingo diren Bigarren Hezkuntzako oposizioetan aplikatzea. 

Hortaz, Maria Solana Hezkuntza Kontseilariak zerrenda bakarra egiteko aukera iragarri zuenean, gure aldarrikapena aurrera zihoala sentitu genuen. Ez genuena espero zen, tartean, PSN zerrenda bakarraren aurkako ekimen legegile batekin irtengo zenik, eta are gutxiago Izquierda-Ezkerrak (IE) sostengua emango zionik. Lauko Gobernua Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-ek eta IEk osatzen dute eta soilik bi botorengatik irabazten diote beste blokeari. Hortaz, IEko bi diputatuek beste aldera egiten badute, jada gehiengoa beste blokeak du. Eta horixe da kasu honetan gertatu dena: legez jasota geratu dela zerrenda bakarrak ez duela aurrera egingo. Hezkuntza Kontseilariaren oniritzia izateaz gainera, sindikatuen gehiengoak ere bat egiten zuen zerrenda bakarraren egitasmoarekin bai mahai orokorrean (Administrazio osoa hartzen duen mahaian), eta baita mahai sektorialean ere (Hezkuntzako mahaian). LAB, ELA eta Steilas bat etorri ziren zerrenda bakarraren proposamenarekin, xehetasunak xehetasun; eta CCOOk eta UGTk ere ez zuten kontra bozkatu. Alegia, denek ikusten zuten bidezko aldarrikapena zela. 

PSNren ekimen legegile horri, IEren babesari esker aurrera atera denari, guk segregazio legea deitzen diogu. Izan ere, modu horretan lege bidez ez zegoen zerbait lege bidez jarri dute. Zertarako? Zerrenda bakarra oztopatzeko. Alegia, legez banaketa hori bermatuta geratuko da. Horregatik deitzen diogu segregazio legea, bereizi egiten duelako: gaztelaniaz bakarrik dakitenek euren eremua edukitzen jarraituko dute eta inork ezingo die ukitu eremu hori; eta euskaraz eta gaztelaniaz dakigunok gure erreserba euskaldun hori izango dugu. Gure ustez, diskriminazioa ezin da legez bermatu eta profil linguistikoen arabera irakasleak banatzea zalantzarik gabeko diskriminazioa da. Norbait bi edo hiru hizkuntzatan eskola emateko gai denean hizkuntza bakoitzeko oposizio bat egin beharra salagarria da. Egoera horrek ez du zerikusirik nafar hiritar guztiek administrazioan lan egiteko beharko luketen aukera berdintasunarekin. Adibidez, ingeleseko irakasle batek bi oposizio egin behar al ditu euskarazko zerrendan eta gaztelerazkoan lan egin ahal izateko? Non dago hor aukera berdintasunaren printzipioa? Zein zentzu du zerrenda bakarrak eskaintzen dituen aukeren ondoan?

Ekimen legegile honek, gainera, ez die soilik zerrenda bakarraren aldekoei eragingo, administrazioko langileengan ere ondorio zuzen eta kaltegarriak izango ditu. Esate baterako, une honetan profil bereziko hainbat ikastetxetan dauden 200 kontratu elebidun inguru ataka larrian jarri dituzte eta euren egoeraren prekarizazioa aurreikustea erraza da. Parlamentuan onartutako legearen arabera, irakasle bakoitzak soilik oposizioa egin duen hizkuntza profilean egin ahal izango luke lan. Beraz, kontratu elebidun horietan, zirt edo zart, hizkuntza bat edo bestea aukeratu beharrari bidea ireki zaio orain eta horrek lehen kontratu osoak zirenak partzial bihurtzeko arriskua dakar berarekin. Lan arloan lege berri horrek ekarri duen anabasaren adibide bat besterik ez da.

Honen guztiaren ondorioz, momentuz badirudi ezinezkoa izango dela zerrenda bakarra ezartzea. Batez ere, IEk, maila politikoan, blokeo honi eusten dion bitartean. Baina aurrera egiteko komeni da mito batzuekin apurtzea. Horietako bat da zerrenda bakarrak gaztelaniaz soilik dakiten irakasleei lana kenduko diela dioen mitoa. Beldurra ereiteko erabili duten argudioa da, baina gezur hutsa da. Hasteko eta behin, kontuan izan behar dugu jadanik funtzionarioa denak, alegia, gaur egun AG ereduan lan egiten duten irakasleek euren postua bermatuta daukatela. Eta zerrenda bakarrari buruz hitz egiten dugunean ez gara ari esaten bat-batean AG eredua desagertu egingo denik, edo gaztelania hutsez ikasten duten ikasleek derrigorrez euskaraz ikasi beharko dutenik. Dena nahasi egiten da, eta mezu hori ari dira bidaltzen beldurra sartzeko. Eta hori oso arriskutsua da, azken batean, gure arteko lehia ari direlako sortzen. Eta lehia hori artifiziala da. Ez da existitzen. Gu institutuetan, askotan, departamentuetan batera egoten gara, eta sarri ikasleak ere partekatzen ditugu. Ez duguna ulertzen da zergatik ezin dugun zerrenda bat konpartitu. Eta beste aldetik, esan behar da honekin ez dela AG eredua desagertzen, baizik eta gizarteak egiten duen eskariaren arabera zehaztuko direla zenbat ikasle ditugun gaztelania hutsez ikasi nahi dutenak eta zenbat gaztelaniaz eta euskaraz. Eta hori orain ere horrela da. Esan nahi duguna da zerrenda bakarrak horrekin ez duela amaitzen. Alegia, gaztelania hutsez ikasten jarraitu nahi duen jendeak horretan jarraituko du. Horri guk ezin diogu uko egin, hori delako gizartean daukagun errealitatea. Jakina, sindikatu bezala saiatuko gara bultzatzen jendea D ereduan matrikulatu dadin, horrekin ez diogulako uko egiten gaztelaniari, baizik eta ongi-etorria ematen diogulako euskarari. 

Bigarren mito batekin ere amaitu nahi dugu. Kontua da funtzionarioek euren postua bermatuta dutela onartzen badugu, argudio bezala bitarteko irakasleen afera soilik geratzen zaigula. Baina guk dioguna da, bitarteko irakasleen kasuan ere, norbaitek euskaraz irakasteko aukera baldin badauka, euskaraz irakatsiko duela. Nahiz eta askotan argudio gisa erabili  “lana kenduko dizute…”, edo “aukera gutxiago izango dituzu…” eta antzerakoak. Hortaz, honekin zer esan nahi dut? Finean, AG ereduarengan zerrenda bakarrak izango lukeen eragina oso txikia izango litzatekeela. 

Uneotako egoera da, IEk aurreko egoera onargarria ikusten ez zuenez, baina zerrenda bakarra ere nahi ez zuenez beste proposamen bat egin duela, erdibideko hautu bat, nolabait esatearren. Proposamena da hautagai bakoitzari bi oposizio egiteko aukera ematea. Orain arte egun eta ordu berean egiten ziren oposizioak, baina orain IEk proposatzen duena da bi egun jartzea —hizkuntza bakoitzerako bat— eta jendeari bietan parte hartzeko aukera ematea. Gure ustez, ez du zentzurik azterketa bera bi aldiz egin behar izateak hizkuntza banatan, ez behintzat azterketa horietako bakoitzean jakintza berbera demostratu behar badu, kontua ez baita azterketa horietan hizkuntza gaitasuna neurtzen dutela. 

IEk egin duen proposamenaren harira ireki den bide horrekin ere ez dakigu oraindik zer gertatuko den, baina edozein kasutan egoera berri bat sortuko da. Ikusiko dugu afera honek nola eboluzionatzen duen, baina gure helburua eta borroka zerrenda bakarraren aldekoa izango da.