Munduari begiratzeko modu bat

2018-03-01

 

 

 
 

Haurtzaroaren eta 0-3 adin tartearen garrantzia behin eta berriz azpimarratzen da. Adin-tarte horretan oinarrituta garatuko duelako gero haurrak bere nortasuna eta aterako delako bizitzara. Myrtha Chokler psikomotrizistak aldizkari honetako gai nagusian oroitarazten duen moduan, norbera izatearen sentimenduaren muina lehen urteetako esperientzia horien gainean egituratzen da. Mundura sortzen den unetik gaitasundun dator umea, sendo, autonomiarako grinaz… baina aldi berean baita erabat hauskor ere. Horregatik behar du alboan sostengua emango dion heldua, babesa eskainiko diona, lagun egingo diona, goxotasuna eta afektua adieraziko dizkiona, segurtasun fisikoa nahiz emozionala emango diona. Hain zuzen ere, heldu horren presentziaren eta begiradaren baitan garatuko delako haurra.
Hezitzaile gisa, baina, nola ikusten dugu haurra? Zein betaurrekorekin begiratzen diogu? Itziar Arregi eta Eider Salegi Mondragon Unibertsitateko Hazitegi iker-taldeko kideen esanetan, haurrarekiko begirada horren gainean hausnartu behar dugu, ezinbestean. Ezin dugulako ahaztu hezitzaileok izugarrizko inpaktua eragiten dugula haurrarengan. Beraz, segun eta nola begiratzen dugun haur hori, begirada horren araberakoa izango da gure esku-hartzea, eta hemen eta orain egiten dugunak, alegia, helduon uneoroko jokabideak zerikusi zuzena izango duelako haur horren geroan.
Sarri, ordea, Ana Santamaria irakasle eta Montessori ereduko gidariak aldizkari honetako lehen ekarpenean dioen legez, ez al dugu haurren gain uzten etorkizunaren pisua? Ez ote dizkiegu helduoi dagozkigun hainbat ardura haien bizkarrean botatzen? Ez al ditugu heldutasun jakin bat eskatzen duten zenbait erabaki hartzera behartzen? Ez ote ditugu “autonomiaren” izenean, maiz, haurrak bakarrik uzten? Alegia, umeak berez dakarren sendotasun horretan indar egin beharrean, ez ote dugu, askotan, are eta hauskorrago egiten haurra?
Zeren, bai, helduok erantzule gara; hemen eta orain gurekin dauden haurrek izango duten bizi-tzaren erantzule, hein batean bederen. Eta baita eraikitzen ari garen jendartearen eta egiten ari garen munduaren erantzule ere. Miren Camison haur filosofoak testu berean dioen moduan, hezkuntza ez delako izate abstraktu eta ikusezin bat. “Pertsonak gara eragile. Gu denok: guraso, irakasle, senide, adiskide, herritar…”. Beraz, nola koka gaitezke gutako bakoitza haurrekiko harremanean? Zer-nolako jarrera har dezakegu haurren heziketan, jakinik horrek era bateko edo besteko gizartea eraikitzea esan nahiko duela?
Izan ere, Ibai Iztueta Bigarren Hezkuntzako irakasleak aldizkari honetan aipatzen duen eran, mundua konplikatua zen lehen ere, baina gero eta konplikatuagoa izango da, ziur asko. “Eta duintasun pixka batekin aurrera egingo badugu, eta protagonista izango bagara, beharrezko izango dugu mundua interpretatzeko behar besteko kultura maila”. Gizarte batean balio humanizatzaileak nola mamitzen diren aztertzeaz mintzo da, berriz, Jon Sarasua pentsalaria artikulu berean. Eta haurrak haztea, heztea, heltzea, ikastea, garatzea… humanizazio-prozesu bat da. Mundua hobetzeko giltzarrietako bat. Eta, egiteko hori umea gure artera sortzen den unetik hasten da, haurrari begiratzeko modua, munduari begiratzeko modua ere badelako.