Euskal hezkuntzaren zoru etiko eta pedagogikoa

2018-05-01

 

HEZKUNTZA NOLA HOBETU LITEKEEN GOGOETA EGITEKO ETA ONDO FUNTZIONATZEA ERAGOZTEN DIGUTEN INERTZIAK GAINDITZEKO BETAURREKO BERRIAK BEHAR DITUGU.

 

 
 

Hik Hasik hezkuntza-proposamena aurkeztu eta handik sei hilabetera, apirilaren 21ean, hausnarketarako jardunaldi irekia egin du Donostiako EHUn. 2016-17 ikasturtean Hik Hasiren talde iraunkorrak euskal hezkuntza hobetzeko 10 giltzarriko proposamena egin zuen, eta, hainbat unibertsitatetako aholkulariek eta zenbait adituk egindako ekarpenekin egokitu, aberastu eta doitu zuen.

Ikasturtearen hasieran iritzi publikoari zabaldu ostean, hezkuntza-eragileei eta administrazioei helarazi zien proposamena. Hala nahi izan duten guztiekin elkartu da Hik Hasi gaiaren inguruan hitz egiteko eta haien ekarpenak jasotzeko. Eta, dei egin dioten leku denetara joan da proposamena aurkeztera. Ikastetxe eta hezkuntza-zentro guztietara ere bidali da testua hezkuntza-komunitateko kideen ahalik eta parte-hartze zabalena lortzeko xedez.

Orain, proposamena aurkeztu eta sei hilabetera, jardunaldiak antolatu ditu euskal hezkuntzaren zoru etiko eta pedagogikoaz modu zabalean hitz egiteko. Jardunaldiok ez dira soilik eskolara begira antolatu, denontzako eskola eta denontzako herria jomuga hartuta baizik, alegia, herri hezitzailearen begirada luze-zabalaren pean. Horregatik, parte-hartzaileen artean izan dira eskola eta unibertsitateetako irakasleak, aisialdiko hezitzaileak, euskara elkarteetako kideak, administrazioetako arduradunak, hainbat sindikatu eta alderditako ordezkariak, eta abar luzea.

“Euskal hezkuntzaren zoru etikoa eta pedagogikoa” jardunaldia Hik Hasik proposatutako euskal hezkuntza hobetzeko hamar gako horietatik abiatuta, hausnarketarako eta solasaldirako plaza izan da; norberaren esperientziak, nahiak eta desioak kontatzeko eta besteenak entzuteko espazioa; finean, iritzi, ideia eta ametsak partekatzeko gunea.

Duela bi mende sortutako egitura administratibo zentralistek eragin izugarria dute gure ohituretan, antolaketa ulertzeko moduan eta ikuspegian. Pentsamendu askeagoa izan nahi badugu, egunerokotasunetik distantzia hartu beharra dago. Gaurko hezkuntza nola hobetu litekeen gogoeta egiteko betaurreko berriak behar dira. Ondo funtzionatzea eragozten diguten inertziak gainditzeko ahalegin berezia gaude egin beharrean. Eta, hain juxtu, horretantxe saiatu zen Hik Hasi jardunaldian: bakoitza bere barnera begira jartzen, hobekuntzarako gakoak elkarrekin partekatzen, hezkuntzaren gainean begirada berri bat eraikitzen...

Partaideek iritzi-trukaketa librean jardun zuten apirilaren 21 hartan, gustura, giro ederrean aritu ziren ideologia mota ezberdinetako eragileak; sare bateko zein besteko irakasleak; psikologo eta pedagogo adituak nahiz egunero eskolan umeekin lanean aritzen diren hezitzaileak; eskola barruetako profesionalak eta herrietako elkarteetako ordezkariak. Izan bedi pluraltasun eta dibertsitate hori euskal hezkuntza etikoago eta pedagogikoago bat eraikitzeko oinarri.