ZIENTZIAREN BIZILABE. Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika gazteen eskuetan

2018-10-01

Labe bat da Bizilabe, baina ez janariak prestatzeko sukaldeko labe bat. Zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako esperimentuak egosten diren labea baizik. Eta bizia. Gazteek erabiltzen dute, eskuekin gauzak eginez eta probatuz, esperimentatuz, ikertuz, bizituz. Bizilabe Elhuyarrek gazteei eskaintzen dien espazio bat da, non gazteek zientzia eta teknologiaren mundura gerturatzeko aukera duten. Modu askean, aisialdirako leku bat dute zientzia egiteko. Elhuyarrek, Bilboko Udalaren laguntzaz, espazio horietako bat irekia du Bilbon, eta aurrerantzean Euskal Herriko eskualde gehiagotan ere irekitzeko asmoa du. Hik Hasik Bilboko Bizilabe bisitatu du eta arduradunen laguntzaz labea barrutik ezagutu du.

 
 

Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika gazteei gerturatzeko xedez sortutako egitasmoa da Bizilabe. Elhuyarrek tokian tokiko administrazioekin lankidetzan, Euskal Herrian eraiki nahi duen gaztetxoentzako ikerketa zentroen sarea da. Eskualdeka antolatuta, tokiko herritarrei ekarpena egiteko, gazteen hezkuntza osatzeko eta eskualdeari lehiakortasunean laguntzeko xedea du. Gazteei, eskola orduetatik kanpo proiektugin-tzan jarduteko espazio bat eskaintzen die Bizilabek. Euskal Herrian eratu nahi duten sare hori osatzen hasiak dira eta lehen pieza da Bilboko Bizilabe. Aurten abiatu du bigarren ikasturtea. Aitziber Lasa Iglesias Elhuyarreko zientzia-hezkuntza arloko arduradunak dionez, “ideia da gaztetxoek modu askean aisialdirako espazio bat edukitzea zientzia egiteko. Espazio horretan benetako zientzialariak aurkituko dituzte, eta gazteekin egongo den hezitzaileak, iker-tzaileen laguntzarekin, gazteek beren proiektu propioak lantzea bultzatuko du, eta horretan lagunduko die. Aurkituko duten jendea edo jarduna zientzia eta teknologiarekin lotura zuzena duena izango da: dela ikertzaileak ezagutuko dituztelako tailerren bidez, dela momenturen batean inguruko enpresetan zertan dabiltzan ikusteko aukera izango dutelako... Nolabait esateko, zientzia eta teknologiaren ikuspegi errealista, egunerokoa, benetakoa eta gizatiarra eskaini nahi zaie 10-19 urte bitarteko gazteei”.

2011. urtean hasi zen Elhuyar proiektu hau lantzen. “An-tzeko zerbait ezagutu genuen Alemanian eta Euskal Herrira ekartzeko modukoa zela iruditu zitzaigun”, dio Elhuyarreko zientzia-hezkuntza arloko arduradunak. “Geroztik egitasmoaren eredua lantzen aritu gara: hori nola sortu eta egokitu gurera, nola sustatu eta landu, arlo metodologikoa landu eta eguneratu... Gure helburua Euskal Herriko eskualdeetan Bizilabe espazioak eskaintzea izango litzateke. Herrietan musika eskolak dauden bezala, zientzia eskolak egotea. Hori dela-eta, zenbait eskualdetako administrazioekin eta garapen agentziekin elkarlanean hasiak gaude: Bilbon, Urola Erdian, Debabarrenan... Horiei sustapen-lana eta baliabideak eskatzen dizkiegu, argi baitaukagu gazteentzat oso merkea izan behar duela, ia-ia doakoa, denek izan dezaten joateko aukera”. Administrazioez gain, eskualdeetako enpresak ere bidelagun dituzte; alde batetik babes ekonomikoa lortzeko, eta beste aldetik enpresetako aholkulariak eta profesionalak Bizilaben gazteekin ari-tzeko edota enpresak bisitatzera joateko. “Garrantzitsua da gazteek zuzenean ezagutzea inguruko enpresetan zer egiten den, azken finean, hori baita errealitatea eta hor aritu baitaitezke beraiek etorkizunean”, gaineratzen du Lasak. Unibertsitatearekin ere elkarlanean dabiltza. Bertako ikertzaileak trebatzen dituzte gero Bizilaben gazteekin jarduteko.

Zientziaren inguruko uste okerrak apurtzen

Europan hainbat eta hainbat ikerketa egin dira azken urteotan zientziaren eta gazteen bokazioaren arteko loturak aztertzeko. Hauek dira ateratako ondorioetako batzuk:

1- Zientzia eta teknologia gaiak gustuko izatea ez da nahikoa, gazteek beren buruak etorkizunean arlo horietan ikusteko.

2- Adin giltzarria 10-14 urte da. Normalean 14 urtetik aurrera egiten dira orientazio-ekintzak, unibertsitate ikasketak aukeratu aurretik. Baina lehenago hasi behar da. 14 urterako badakite zientzia gustatzen zaien ala ez eta bide horretatik joan nahi duten ala ez.

3- Zientziak ez du balio soilik zientzialari izateko. Bizitzarako beste baliabide batzuk eskuratzeko ere baliagarria da.

4- Zientziaren eta zientzialarien inguruan aurreiritzi eta uste oker asko dago: zientzialariak arraroak edo frikiak direla, notarik onenak ateratzen dituztenentzat direla ikasketa horiek, industria zikina dela... Horiek haustea oso garrantzitsua da.

5- Gazteak ahalduntzeko zientziaren inguruko ezagutza errealista ematea garrantzitsua da: ikustea zer proiektu dauden, zein pertsonek egiten duten lan horretan...

6- Familiaren eta ingurune sozialak eragina du: zientzia kapitala deritzona. Gaztearen bizitzan zenbat zientzia dagoen esan nahi du, horrek eragina duelako: gurasoren bat zientzialaria edo ingeniaria den, museoetara joan ohi den, dokumentalak ikusten dituen...

Ondorio horiez gain, bada beste elementu garrantzitsu bat: bizipenak. “Gazteen eta zientziaren arteko lotura ikusteko Europako hainbat proiektutan parte hartu dugu eta horietako batean, Stimula proiektuan, ondorioztatu zen bizipenek eragin handia dutela gerorako gure autopertzepzioan: zer izan nahi dudan, zer egin nahi dudan, zenbat zientzialari ezagutzen ditudan, non egiten duten lan, zertan dabil-tzan...”. Bizipenek ematen dute hori dena argitzeko aukera, eta batez ere bizipen luzeek, ez ekintza solteek. Horregatik da Bizilaberen ezaugarri nagusietako bat bizipen luzeak eskaintzea. “Guk gazteei zientzia bizipenak eragin nahi dizkiegu, zientzia bokazioa piztu komunitatearen inplikazioarekin”.

Hori bideratzeko, Bizilabek hiru tresna darabiltza:

- Izan asmatzaile edo ikertzaile proiektugintza: jardun jarraitu bat eskaintzen zaie gazteei ikasturte osoan. Astean behin ikerketa edo asmatzaile lanak egitera joan daitezke, euren gogoz, eurek nahi duten gaiaren inguruan. Hasieran gauza desberdinak egiten dituzte, probatu eta ezagutu. Eta behin ideia bat dutenean, zientzia proiektu bat garatzen dute. Zientzialarien laguntza izaten dute prozesu osoan zehar.

- Tailer zehatzak: ikertzaile gazteek hainbat gairen inguruan eskaintzen dituzten tailerrak dira. Sei saiokoak izan ohi dira. Tailerren helburua inspirazio iturri izatea da.

- Komunitatea eraikitzeko harreman bizipenak: zientziaren inguruko komunitatea eraikitzea garrantzitsutzat jotzen dutenez, hainbat ekintza egiten dituzte harreman bizipen horiek edukitzeko. Esate baterako, zientzia proiektuak erakusteko azokak, familian eta lagunartean bizitzeko ihes-gelak, enpresetara bisitak, herriko elkarteekin batera ekintzak eta abar.

 

Elena Sevillano: “Informaziorik ez badugu, erraz manipulatzen gaituzte”

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean irakasle lanetan dihardu Elena Sevillanok, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailean. Gerora mediku izango diren ikasleak pasatzen dira bere eskuetatik, eta garbi dauka ikerkuntzan aritzeko beldurra uxatu eta grina piztu behar zaiela. Horregatik, ikerketa-proiektuak eginarazten dizkie ikasleei. Ikertzea zer den bizitzen dute. Eta hor dago gakoa. Horrek zientziara eta ikerkuntzara asko gerturatzen dituela dio. Helburu horrekin berarekin kolaboratzen du Bilboko Bizilaben. Ikerlari eta aditu gisa gazteei laguntzen dihardu.

Zein da gizarteak zientziarekiko duen jarrera?

Alde batetik, zerbait harrigarria bezala ikusten dugu. Baina, beste aldetik, beldurra ematen digu. Egunkari guztietan belarri bat klonatuta duen sagu baten argazkia ateratzen denean, harridura eta beldurra eragiten ditu; “hori egiten badute, zer ez dute egingo!”. Garrantzitsua da miresmenaren eta beldurraren arteko oreka bilatzea.

Zerk sortzen du desoreka?

Ezjakintasunak. Nik uste dut oso garrantzitsua dela txikitatik hastea hezkuntza-zientifikoa baloratzen. Bestela, informaziorik ez baldin badaukagu, oso erraz manipulatzen gaituzte.

Zer egin daiteke hezkuntza-zientifikoa lantzeko?

Txikitatik hasi. Umeek ikertzaileen ezaugarriak dituzte: interesa daukate haien inguruan gertatzen dena aztertzeko, behatzaile oso onak dira eta esperimentuak egitea gustatzen zaie. Eta beste gauza garrantzitsu bat, adinarekin galtzen joaten dena: ez daukate galdetzeko beldurrik. Dena galdetzen dute, dena jakin nahi dute. Hortaz, ume guztiak dira ikertzaileak.

Gero, urteekin, interes hori galtzen joaten da. Zer egin daiteke interes hori mantentzeko eta zientziari beldurra kentzeko?

Zientzia egin, esperimentuak egin. Praktikatuz lortuko dugu zientziari beldurra kentzea. Bokazio zientifikoak sustatzeko ekintzak behar ditugu, bai ikastetxeetan bai ikastetxeetatik at. Bizilabe bezalako aukera egotea oso garrantzitsua da bokazio zientifikoa sustatzeko eta zer gauza egin daitezkeen ikusteko. Hezkuntza arautuari dagokionez, metodologia aldatu behar da. 10 urtetik gorako ikasle askok Zientzietako ikasgaiak aspergarriak, alferrikakoak eta zailak direla diote, eta gainera, ez dute erlaziorik ikusten ikasgai horien eta errealitatearen artean. Hori normala da ikasgai horiek nola planteatzen diren ikusita. Horregatik diot metodologia aldatu behar dugula; proiektuak landuz askoz hobeto ikusiko dute lotura hori.

Zuk, unibertsitatean eskolak ematerakoan, zer eta nola planteatzen duzu?

Ikerketa proiektua deituriko ikasgai bat daukagu 3. mailan eta ikerketa proiektu bat egin behar dute hasieratik bukaeraraino: zer ikertu erabaki, proiektua idatzi, finantziazioa lortu, materiala lortu, esperimentuak egin, emaitzak aztertu eta bukaeran egiten dugun kongresu baterako aurkezpena prestatu. Sorpresak hartu izan ditugu, oso proiektu interesgarriak eta denetarikoak agertzen direlako. Esate baterako, talde batek piercing asko egiten direla eta sarritan infektatu egiten direla ikusita, hori ikertzea erabaki zuen; alegia, infektatzen bada zer mikroorganismo den identifikatu eta desinfektatzeko teknika desberdinak probatu.

Alderik nabaritzen al duzue proiektua egin aurretik eta ondoren?

Bai. Ikasturte hasieran galdetegi bat pasatzen diegu iker-tzea gustatzen al zaien galdetuz. Interesa baduten arren ez dakitela nola egin erantzuten dute. Beraien bizitza profesionalean ikerketa proiektuak garatuko al dituzten galde-tzean, gehienek ezetz diote. Eta hori oso kezkagarria da. Gero eta mediku gutxiago inplikatzen dira ikerketa desberdinetan, eta gizarteak aurrera egiteko garrantzitsua da ikerketa proiektuak egitea. Ikasturte amaieran, behin proiektua egin ondoren, “orain interesik ba al duzue ikerkuntzan?” galdetzen diegu. Eta baietz esaten dute. Badakite nola ikertzen den, beldurra galtzen diote ikertzeari eta beraien bizitza profesionalean ikertuko dutela esaten dute.

Eta Bizilaben, zer egin izan duzu gazteeekin?

Mikrobiologia tailerra egin genuen. Tailerrek grina sor-tzeko aukera ematen dute. Ate bat irekitzen zaie gazteei eta gero beste ate bat irekitzeko aukera ematen die horrek. Gauza berriak probatzen dituzte: laginak hartu eta mikroskopioan aztertu, probatu... eta beldurra galtzen dute. Dena da berria eta erakargarria.

 

Bilboko Bizilabe

Bizilabe egitasmoaren lehen kumea da Bilbokoa. 2017ko urrian ireki zituen ateak Deustuko Udaltegian, Gaztelekuarekin espazioa partekatuta, eta Bilboko Udalaren eta Bilbao Ekintzaren babespean. Zientzia-bizipenetarako egokitu zuten espazioa eta ikasturte honetan labea berotzen joango da. Ireñe Barrena Molina koordinatzailea izango da horren lekuko gazteekin batera.

Bilboko Bizilabek 12-17 urte bitarteko gazteei luzatzen die eskaintza, nahiz eta aurrera begira adin tarte hori zabaltzeko aukera ikusten duten. Alde batetik, ikasturte osoko iraupena duten proiektugintzako saioak dituzte, Izan asmatzaile edo ikertzaile deiturikoak. Ireñe Barrena koordinatzaileak azaltzen duenez, “astean behin ordu eta erdiko saioak izaten dira. Astelehenetik asteazkenera eskaintzen ditugu, egun bakoitzean bi talde: bata 12-14 urteko gazteena eta bestea 15-17 urtekoena. Saio horietan probatzeko eta ikertzeko aukera dute, euren bokazioa topatzeko gauza desberdinak eginez, asmatuz... Gaur hau, hurrengo astean beste gauza bat, hurrengoan beste bat... Bakoitzak ikus dezan zertan sentitzen den eroso eta zer gustatzen zaion. Eta behin zerbait gustatuz gero, horren inguruko zientzia proiektu bat egiteko aukera dute. Batzuk biologiako gauzak aztertu eta ikertzen dituzte mikroskopioekin, DNAk eta horrelakoak aztertuz. Beste batzuk bideo-jokoak programatzen dituzte edo, hiru dimentsiotako inprimagailuak erabiliz, aldez aurretik horretarako prestatuta dagoen teknologiarekin programazioak eta marrazkiak egiten dituzte”. Saio horiez gain, ostegunetan tailer zehatzak eskaintzen dituzte. Esate baterako, kriptografiari buruzkoa, mikrobiologiaren ingurukoa, slime tailerra polimeroekin eta kimikaren inguruko gaiekin... “Sei saioko iraupena duten tailerrak dira eta 6. egunean gaiarekin lotutako enpresa batera joaten gara”, gaineratzen du Barrenak.

Udazkeneko larunbatetan, ostera, familiei eta publiko zabalari irekiko dizkie ateak Bilboko Bizilabek. “Zientziaren inguruko komunitatea sortzea garrantzitsua ikusten dugunez, hori bideratzeko ekintzak egiten ditugu”, azal-tzen du Barrenak. “Azaroaren 17ra arte ihes-gela edo escape-room bat eskainiko dugu 7 urtetik gorakoentzat. Familian edo lagunekin etortzeko aukera dago. 50 minututan talde bakoitzak zientzia-misio bat eraman beharko aurrera. Horretarako, hainbat kode deszifratu beharko dituzte, pistak lortuz gelatik ateratzea lortu arte. Kode horiek asmatzeko matematika lantzen da eta talde lana eta sormena ere garrantzitsuak dira”. Bizilabeko eskaintzen informazio osatua www.bizilabe.elhuyar.eus webgunean topa daiteke.

Hutsuneak betetzen ditu, dagoena osatu

Zientzia eta teknologiaren eremua oso zabala da, eta gazte askok ez dute jakiten zer den zehazki gustatzen zaiena. Beraien kabuz, beraien eskuekin, ukituz, probatuz... ezagutzeko aukera ematen du Bizilabek. “Ikastetxeetan ez dagoen ikuspegia eskaintzen dugu guk, askeagoa. Gazteak eurei interesatzen zaien horretatik abiatzen dira, ez irakasleak esandako proiektu batetik”, azaltzen du Bilboko Bizilabeko koordinatzaileak. “Eta haiek haien eskuz sortzea... hori izugarria da! Zentzu horretan hezkuntza arautuaren osagarri izango litzateke Bizilabe. Ikastetxeetan mila gauza ikasten dira, baina praktikarako edo sorkuntzarako espazioa faltan botatzen dute gazteek. Hemen lehen egunetik hasten gara eskulan sinple bat egiten eta denak sentitzen dira arkitekto. ‘Nire eskuekin egin dut’ esatean, beren burua gai sentitzean dute. Horrek autonomia lantzeko aukera handia ematen die”. Iritzi berekoa da Aitziber Lasa Elhuyarreko hezkuntza arduraduna ere. “Zientzia azoketan parte hartzen duten gazteekin atzerrira joatea tokatu zaigunean, beraiek antolatu izan dute dena: trena edo hegazkina hartzea komeni zaien, ordutegiak... Gazte horien autonomia eta ahalduntzea bilatzen dugu eta ikusgarria da zelako jarrera izaten duten! Oso polita da gaitasun pila bat lantzen dituztela ikustea: hizkuntzak, harremanak, aurkezpena...”. Barrenak gehitzen du atzerrira joan gabe ere, hemen, Bizilaben aurrera eramaten dituzten prozesuetan ere gaitasun asko lantzen direla: “Programatzen hasten direnean eta ingelesez dagoela konturatzen direnean, beraiek ere ingelesez egiten dute”.

Zientzialariak lagun

Teknologian eta zientzian oinarritutako proiektuak izaten dira guztiak, helburua gazteak arlo horretara gerturatzea baita. Eta Ireñe Barrenarekin batera beste zientzialari bat izaten dute laguntzaile. “Bi profilak iruditzen zaizkigu garrantzitsuak: ikertzailearena eta hezitzailearena. Gaiaren aldetik ikertzaileen laguntza edukitzea oso interesgarria da. Baina, horrez gain, gazteekin ari garela eta talde lanean aritzen garela kontuan izanda, hezitzailearen lana ere garrantzitsua da”, dio Barrenak.

Bizilaben parte hartzen duten zientzialari profesionalak hala unibertsitatean ikertzen ari direnak nola enpresetan lanean dabiltzanak dira. “Zientzia eta teknologiaren ikuspegi erreala, egunerokoa eta gertukoa eman nahi baldin badugu, zientzialariak hemen egotea eta gazteek eurekin harremana izatea funtsezkoa da”, dio Barrenak. “Haien laguntza izateaz gain, konturatuko dira pertsona normalak direla eta hainbat uste eta estereotipo hausteko balioko die”. Izan ere, estereotipo asko daude zientzia diziplinaren eta zientzialarien inguruan: ‘nik ez dut nire burua ikusten’, ‘ez naiz gai sentitzen’, ‘denak argiak eta azkarrak dira eta ni ez’... “Hori dena apurtzeko beharra dago. Horregatik esaten diegu ikertzaileei kontatzeko hasieratik zenbat aldiz errepikatu duten ez zekitela zer ikasi, zer bidezidor egin duten eta abar”, gaineratzen du Lasak. “Garrantzitsua da gazteek ‘ez dakit’ entzutea zientzialari bati edo irakasle bati. ‘Ez dakit, baina nik horrela bilatuko nuke’. Zeren inork ez daki dena. Besteak gu baino argiagoak direla uste dugu, eta ez da hala. Metodoa da daukatena, baina argiagoak ez dira. Oso garrantzitsua da uste horiek apurtzea eta gu ere zintzoak izatea gazteekin”.

Behin hori onartuta, lan egitea askoz errazagoa dela aipa-tzen du Lasak. “Irakasleei kosta egiten zaie beraiek kontrolatzen ez duten zerbaiten inguruan gazteak lanean jartzea. Eta kuriosoa da, baina horretan gehien ausartzen diren irakasleak ‘nik ez dakit’ esaten dutenak dira. ‘Nik ez dakit, bilatu zuk, lagunduko dizut, animatuko zaitut. Metodoan lagunduko dizut, baina edukian zuk iritsi behar duzu’. Hori esatean, irakasleak lasaitu egiten dira eta ikasleek ausardia eta konfiantza hartzen dituzte eta proiekturik onenak hortik sortzen dira”.