HERIOTZARI BURUZKO ERAKUSKETA: Heriotza aurrez aurre

2019-05-01

IDOIA SARA. Irakaslea

Heriotzaren tabua haustea, haren gainean hausnartzea eta heriotzaren fenomenoa gerturatzea dira Donostian zabaldu berri duten Heriotza1 erakusketaren helburu nagusiak. Jose Angel Achon Deustuko Unibertsitateko katedradunak egin ditu komisariotza-lanak, eta lan horien emaitza da hemengo zein kanpotik ekarritako piezekin osatu den erakusketa ederra. Katalogoan kontsultatu daitekeen bezala, sei ataletan antolatuta dago bilduma, zeinetan kontuan hartzen diren pertsonak heriotzaren aurrean izan dituen eta dituen jarrerak: Irudikatu, Beldurra, Errituala, Zentzua bilatzea, Heriotzatik itzul-tzea eta Utopiak.

 
 

Oraingo honetan, beraz, San Telmo museoak aukera paregabea eskaintzen digu heriotzaren gaia jorratzeko. Erakusketaz gain, martxoaren 13tik maiatzaren 26ra bitartean, jarduera osagarri ugari antolatu dituzte; irakasleei, familiei eta orotariko publikoari zuzentzen zaizkie jarduera horiek. Horien artean, Death café proposamena dugu, non heriotzari buruz mintzatzeko abagunea ematen zaigun, kafearen edo tearen lurrunetan eta bizkotxo zati bat eskuetan dugula; izan ere, gutxi izaten dira patxadaz herioaz aritzeko ditugun aukerak. Gehienetan, heriotza gertatutakoan hitz egiten da soilik, emozionalki korapilatsuak diren une mingarrietan; sosegurik gabeko uneetan, beraz.

Sexuaren tabua gaindituta, heriotza bihurtu da nonbait XXI. mendeko tabu handia, gai honen inguruan ez baita naturaltasunez hitz egiten. Hamaika arrazoi egon daitezke, tartean: ezjakintasuna, beldurra, gustu txarrekotzat hartzea, etab. Badira tabuaren ideiarekin guztiz bat ez datozenak ere, heriotzari buruz inoiz baino gehiago hitz egiten dela diotenak. Maila politikoan, esaterako, eutanasiari edota heriotza-prozesuei buruzko eztabaidak areagotzen ari dira azken urteotan, baina gaia behar bezala gizarteratu gabe. Hernández Arias (2000) filosofoak dio gaur egun heriotzak misterio izateari utzi diola arazo bilakatzeko, ez baitugu herio-tzaren esentziari buruz hausnartzen.

Egun, erailketak eta suntsiketak ikuskizun bilakatu dira zenbaitetan. Duela gutxi, adibidez, Zeelanda Berrian, bi meskitaren aurkako erasoaren zuzeneko irudiak eman zituen hiltzaileak sare sozialetan, bideo-joko bat bailitz bezala, gorputzari atxikita zeraman kameraren bidez. 50 bat pertsonaren heriotza eragin zuen erasoaldiak, eta beste horrenbeste zauritu izan ziren. Muturreko adibidea dugu hori, baina zer pentsatua eman dezake. Zenbat eta zenbat irudi ikusten ditugun prentsan, telebistan, sakelakoetan, etab. inolako iragazkirik gabe. Edonoren eskura (baita haurren eta gazteen eskura ere) dauden hildakoen irudiek heriotzaren hutsaltzea ekar dezakete, eta heriotzaren esentziatik urruntzen gaituzte. Horren aurrean haurrek plazaratzen dituzten galderei erantzuteko, lasaitzeko asmotan edo, “guri hemen ez zaigu halakorik gertatuko; urruneko kontuak dira” eta horrelako mezuak helarazten dizkiegu behin baino gehiagotan, heriotza eragiten duten gatazken gaineko hausnarketa bultzatzeko baliatu beharrean. Kasu honetan, hausnarketarik gabeko gehiegizko informazioak babesik gabe uzten ditu haurrak, helduak, eta beldurrari bidea irekitzen zaio. Helduok ez daukagu, noski, galdera guztien erantzunik, baina, zintzoki gure usteak plazaratuz gero, eredu bilakatu gaitezke elkarrizketari ekinez; bere buruari galdetzen dion pertsonaren eredu, alegia.

Dena dela, garbi dago gizakiaren-tzat heriotzak erabateko garrantzia duela, heriotzarik gabe ez baitago bizitzarik, eta txanpon beraren bi aurpegiak baino ez direla. Heriotza, beraz, edozein unetan, edozein adinetan, ustekabean edota gaixotasun baten ondorioz gerta daiteke.

Joan Carles Mèlich (2003) filosofoak dio heriotzaren esperientzia gizatasunaren jatorrian berean dagoela; jaio bezain laster hiltzen hasten garela. Neska-mutikoak txiki-txikitandik hasiko dira horretaz konturatzen, nahiz eta heriotzak bere osotasunean zer ekartzen duen ezin ulertu eta intuizio moduko bat besterik ez izan. Hortaz, haurrei fenomeno hau ezkutatu nahi izatea euren buruari bizkar ematea da, giza esentzia bera uka-tzea. Hau da, haurrek bizirik dagoen guztia noizbait hilko dela antzematen dute berehala, eta, hezkuntza oso eta integratzaile baten alde egin nahi bada, eskolak aintzat hartu beharko lituzke aurretiazko ezagutza horiek.

 

Heriotzaren pedagogiaren beharra

Zentzu horretan, heriotzaren pedagogiaren beharra dugu, eta irakasleon erantzukizuna da eskolan hausnarketa zintzo bati ekitea. Heriotzaren aurrean jarrera-aldaketa bat sustatzen den neurrian, bizitza osatuago baten aldeko hautua egiten baita.

Agustín de la Herránek eta Mar Cortinak (2006) diote, gure eskoletan heriotzaren gaia eduki orokor gisa aintzat hartzen ez dugun bitartean, modu normalizatuan eta egunerokoan sartzen ez dugun bitartean, ez dugula erabat bizitzen irakatsiko, ez baikara osotasunean biziko; eta iritzi berekoak gara gu ere. Azken batean, heriotzaren pedagogiaren bitartez, errealitatera egokitzen ikasten da; norberak eta gizakiak oro har dituen mugak onartzen laguntzen du; norberaren beldurrak gainditzeko aukera ematen du, eta barne-hazkundea gauzatzen da.

Ildo beretik, William Kroenek (2002) dio, heriotzari buruz edota heriotzak bere baitan dakarren minari buruz hitz egiten dugunean, oinarrizko zutabeak jartzen ari garela pertsona emozionalki osasuntsu hezteko; besteak beste, norberak dituen beldurrak adierazteko aukera dagoenean, emozioen lanketan aurrerapauso handia ematen delako.

Baina helduak, lehenik eta behin, barne-hausnarketari ekin beharko lioke, haurrekin hitz egiteko hain beharrezkoa den sosegua eta ezaguera izateko. Helduok gure beldurrak haurrengan proiektatzen baditugu, baliabide propioak garatzeko aukera mugatzen diegu (Izagirre, 2003).

Baina gure gizartearen ereduaren barnean, gero eta zailagoa da heriotza ulertzea. Ongizateari lotuta, “gaztetasun betierekoaren ideia” sustatzen da, eta helduaroan gazte izatearen itxura proiektatzea helburu bilakatu da askotan. Era berean, medikuntzaren garapenarekin batera, gaixotasun askori aurre egitea lortu da, eta bizi-iraupena areagotu egin da urte gutxitan. Batzuetan, bizitzaren kalitateari begiratu baino, luze bizitzeari eman zaio lehentasuna. Gauzak horrela, heriotza ekar dezakeen hori (gaixotasuna, zahartzaroa, urteengatiko narriadura) saihesten dugu askotan, eta haurrei ahal dela ezkutatu egiten zaie heriotza bera ere.

Oro har, ospitaleetan igarotzen dira heriotza-prozesuak. Gure gizarteak higienizazio-prozesu bat bultzatu duela esan dezakegu, eta hil-zorian dagoena haurren begi-bistatik at gelditzen da. Egoera horretan, zaila da heriotza bizitzaren eta naturaren parte dela ulertzea. Josu Cabodevillak eta bestek (2008) esaten duten modura, helduok pentsatu ohi dugu, oker pentsatu ere, heriotzak erakar dezakeen sufrimendutik aldendu behar ditugula haurrak, emozionalki ahulak direlako babestu egin behar ditugula. Baina, babestu beharrean, babesik gabe uzten ditugu, gertakari eta errealitateaz jabetu gabe ezin dituztelako beharrezkoak diren baliabideak garatu; dolu- edota galera-egoerei behar bezala aurre egiteko eredurik gabe uzten ditugu. Aldiz, heriotzak edo gaixotasunak erakar dezakeen saminaz naturaltasunez eta zintzotasunez hitz egiten badugu, etorkizunerako zutabeak jartzen ari gara, haurrari tresna baliagarriak ematen dizkiogulako edozein dolu-egoeratan estrategia pertsonalak garatzeko. Irakasleon zeregina da haurrarenganako konfiantza izatea eta euren teoria propioak eraikitzeko gai direla aitortzea.

Rodolfo Ramosek eta Patricia Acinasek (2010) ere heriotzaren pedagogiaren beharraz hitz egiten dute. Prebentzioaren alde egiten dute, dolu-prozesuak bilakaera egokia izan dezan eta kanpoko laguntza espezializatua beharko lukeen dolu traumatikoa saihets dadin.

Finean, hezkuntza humanizatuagoaren alde egiteko urgentzia dugu. Hilkortasun-kontzientziarekin bizi-tzen ikasteak, besteak beste, lagun dezake heriotza edota edozein galera esanguratsuaren aurrean prestatuago egoten, humanizatzen gaituelako eta bizitzaren zentzuaren inguruko oinarrizko auziak planteatzen dituelako. Osasuntsu hazi eta hezi ahal izateko, beharrezkoa dugu bizitzak biltzen dituen galera txiki eta handi guztiak integratzea (Ducay, 2003).

Hilkortasun-kontzientziak maitasun kontzeptuaren esanahia zabaltzen laguntzen du, eta sentimenduak adierazi beharra agerian uzten du; gauzen balioa erlatibizatzen du, eta ditugun horiek baloratzen eta zaintzen lagundu dezake.

Baina gertuko galerek izen-abizenak izaten dituzte, eta oso zaila eta mingarria zaigu gertuko pertsona baten heriotza onartzea, baita ulertzea ere askotan. Lotura sendo eta garrantzitsu baten hausturak sufrimendu handia ekarri ohi du, eta gizakiaren izana eta existentzia beraren oinarriak kolokan jartzen ditu. Horrek eragin handia izaten du oinarrizko erlazioetan (Ripoll, 2005). Orobat, jakina da bestearen heriotzak mina eragiten duen bitartean, norberarenak beldurra eragiten duela eta beldur hori unibertsala dela. Kulturak eta erlijioek errito, azalpen eta, finean, ukazio eta onarpen modu ugari garatu dituzte. Pello Lizarralde (2008) idazlearen arabera, lagun hurkoaren heriotzak asaldatzea ekartzen digu, gure heriotza begien aurrean jartzen digulako.

Laburbilduz, heriotza munduko hainbat kulturatan nola irudikatu izan den erakusten digu San Telmo Museoak, objektu, artelan, argazki, dokumentu, komiki eta abarren bitartez. Horrez gain, heriotzaren fenomenoari aurre egiteko erabili diren erritu, ohitura eta sinesmenak erakusten dizkigu. Azken batean, garaian garaiko eta tokian tokiko pertsonen interpretazioak eta ereduak ezagutuz, bai eta festaren eta fantasiaren bitartez ere, gure ikuspegia bera aberasten da.