Erronka berriak ezin dira soluzio zaharrekin konpondu

2019-06-01

 

HEZKUNTZA BERRIKUNTZAK BI ALDAKETA NAGUSI ESKATZEN DITU: IRAKASLEAK AHALDUNTZEA ETA TALDEAN LAN EGITEA; ESKOLAKO EGITURA PUSKATZEA; ETA KOMUNITATEAREKIN BAT EGITEA

 

 
 

Zer eskatzen digu XXI. mendeko hezkuntzak? Zer eskatzen digute eskoletako mahaietan eserita dauden neska-mutilek? Aldaketa. Erronka berriak ezin dira soluzio zaharrekin konpondu. Einsteinek hala zioen: “Eromena da gauza berberak egiten jarraitu eta emaitza desberdinak espero izatea”. Gaur egun bada gauza berberak eginez emaitza desberdinak lortuko dituela pentsatzen duen jendea. Eta Einsteinek arrazoi zuen, ez da egia.

Horregatik, aldaketa behar dugu. Eta, gainera, gero eta garbiago dago aldaketaren fokua non dagoen: irakasleongan eta ikastetxearengan. Fratok badu Ilustrazio garaiko eskola deskribatzen duen irudi bat: fabrikarena (Fratoren komikiak ikusteak on egingo liguke, gauza asko ikusarazten baitituzte). Bere garaian funtzionatu zuen eskola da, baina orain eraldatzen saiatzen ari garena. Zer aldatu behar dugu, ordea?

PiLT musika taldeak “Hil da Jainkoa!” zioen abesti batean. Francesc Imbernón-ek, berriz, zenbaki honetako elkarrizketa nagusian “Hil da irakaslea” dio. “Gora irakasle-taldea!” gehitzen du. Haren iritziz, bakarrik, bere gelan eta bere kasa lan egiten duen irakasleak ez dauka etorkizunik XXI. mendean. Eredu horrek ez du funtzionatzen, ez du balio nahi dugun aldaketarako eta berrikuntzarako. Talde-lana nahitaezkoa dela dio: elkarrekin pentsatzea, elkarrekin ikertzea, elkarrekin eztabaidatzea, elkarrekin erlazionatzea, elkarrekin bide berriak irekitzea…

Eta elkarrekin sinestea egiten den heziketa lanean eta lan horrek duen balioan. Izan ere, Imbernónen iritziz, irakasleoi kosta egiten zaigu geure lanaren balioan sinestea. Ez gara ezagutzaren profesional sentitzen. Eta beraz, irakasleok ahalduntzeko premia azpimarratzen du. Irakasleok argi eduki beharko genuke lankideekin batera gauza garrantzitsuak egiteko gai garela. Ez daukagu itxaron beharrik zuzendaritzak, ikuskaritzak edo unibertsitateak zer esango. Irakasle bakoitza, gure lankideekin batera, ezagutza pedagogikoa sortzeko gai gara. Beraz, “zer diogu guk, irakasleok?”, galdetu behar dugu. Hori da ahalduntzea.

Ikastetxeari dagokionez, orain arteko egitura puskatu beharra dago berrikuntzak sartuko badira. Hala nola, adinak nahastu, irakasle bi edo hiru sartu gelara, ikasleak batetik bestera ibiltzeko askatasuna eduki, ikasgaien eskola ordu iraupena aldatu, espazioak ireki, erritmoak errespetatu, proiektuka lan egin, irakasleen arteko antolaketa aldatu…

Zorionez, ez dira hitz hutsak orain arte aipatutakoak. Zenbaki honetako gaian bi ikastetxeren berrikuntzen berri ematen da. Askotariko adimenean eta lan kooperatiboan oinarrituta, eskolako egitura apurtzen ari dira metodologia berriak probatuz. Eta abiapuntua irakasleen formazioa izan da; edo hobeto esanda, formazio horrek ekarri dien ikuspegi aldaketa. Irakasleen arteko bizikidetza positiboa eta giroa asko zaintzen dituzte eta talde-lanak euren arteko harremana hobetu du. 

Ekuazioa aski garbi dago: irakasleen arteko talde-lana + eskola egitura eraldatua = proiektu berritzailea eta asebetegarria.