Gotzon Barandiaran: “Bost urteko haur bat etor dakizuke Alemaniako pintore baten erreferentziarekin, baina gero ez daki nor den Jose Luis Zumeta”

2019-07-01

Euskal kulturaren transmisioaz eta ezagutza kaskarraz kezkatuta mintzo da Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgilea. Sarri, euskal gizartea hizkuntzarekin tematuta egon den arren, Barandiararenk argi du hizkuntza bat ez dagoela normalizatzerik kulturarik gabe, eta kultura ezin dela normalizatu hizkuntza ez badago normalizatuta. “Gurean horren zapalduta, horren baztertuta, horren gutxiagotuta… dagoen hizkuntza batek gutxiagotutako, baztertutako eta zapaldutako kultura bat dakar. Horrek dakarrena da gure kultur sistema eta ekosistema ez direla osasuntsuak”.

 
 

Zuzenean euskal kulturaren transmisioari helduz, zein da gaur egungo egoera? Etena egon dela esaten duzue? Hain sakona da? 

Hezkuntza arautuan, guk dakigula, euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatua. Besterik da, egunerokoan, hezitzaileek, andereñoek, maisu-maistrek… asko erabiltzen dituztela kultura edukiak. Baina ez dituzte lantzen kultura edukiak curriculumeko ezinbesteko gai bezala, bere horretan. Kulturgintzako edukiak bestelako helburu batzuk lortzeko izaten dira. Adibidez, literaturaren arloari helduz, hizkuntzaren trebakuntzarako soilik erabili izan da urteetan literatura. Eta oso bitarteko baliagarria da, eta jarraitu behar da horrela erabiltzen ere, baina ez horrela bakarrik. Literatura irakurtzen irakatsi egin behar da, eta idazten irakatsi egin behar da. Eta antzekoa gertatzen da gainerako kultura adierazpideekin ere.

 

Kulturgintzari eta haren transmisioari buruz ari zarenean, zertaz ari zara zehazki? 

Kulturgintzari buruz ari garenean, kultura adierazpideei buruz ari gara: arte plastikoak, musika, literatura, bertsolaritza, antzerkia, dantza, komikigintza… sormena bere barneko oinarri duten adierazpideak dira. Jakintzaren eta esperientziaren uztarketa gisara ulertzen dugu transmisioa. Euskal kulturaren historia ezagutu egin behar da, baina ez da nahikoa horrekin. Guk ahalegindu egin behar dugu ezagutza horretatik esperientziarako saltoa egiten. Alegia, sortzen. Pertsona batek jakin behar du bere sentimenduak eta pen-tsamenduak adierazteko modu asko egon daitezkeela. Pertsona baten garapen integralerako, oso inportantea da sortzea. Eta kultura adierazpideen bitartez, pertsonari tresnak ematen dizkiogu modu desberdinetara sortzeko: hitzez, irudiz, gorputzez… normalean sormena ez baita zerotik hasten; lehenengo, ezagutu egin behar da. Hau da, lehenengo, zaletu egin behar duzu. Lehenengo, eredu bat eduki behar duzu, norbait ikusi, entzun, ukitu, sentitu… duzulako: “Hara! Nik agian horrelako zerbait egin nahiko nuke”, edo “Nik horrelako zerbait erabil dezaket nire gogoeta eta sentimenduak adierazteko”. Horregatik, ezagutza eta esperientzia uztartuta ulertzen ditugu guk.

 

Ezagutza eta esperientzia aipatu dituzu, baina tartean legoke zale-tzea, ezta? Zeren gerta baitaiteke, sortzaileak bai, baina sortutako hori kontsumituko duen inor ez egotea. 

Normalean, sortzailea zalea da. Idazlea irakurlea da lehenengo eta behin. Edo bertsolariak, ezer baino lehen bertsoak entzun egin ditu, eta beste batzuk aditu ditu kantuan. Askotan galdetzen dugu, esate baterako, zertarako balio ote duen gure umeek Mikel Laboa ezagutzeak. Hasteko, balio du umeak hori entzun dezan eta erabaki dezan gustatzen ote zaion edo ez, eta pentsa dezan, berak ere antzeko zerbait egin nahiko balu, baliagarria zaion edo ez. Baina gutxienez ezagutu dezala, bestela, etengabe euskaldunak ez diren erreferentziak etorriko baitzaizkio… Horretarako, ez daukate inolako eraginik egin beharrik.

 

Hortaz, agian, erreferentziak ere falta dira?  

Badaude, baina ez ditugu ezagutzen. Esate baterako, zu joan zaitezke Euskal Herriko eskola batera liburuaren egunaren aitzakiarekin, eta hainbat horma-irudi ikus ditzakezu eskolako pasabideetan idazleen izen eta lanekin, eta, baliteke horien artean euskaldun bat bera ere ez egotea, edo bakarren bat. Edota, bost urteko haur bat etor dakizuke AEBko edota Alemaniako pintore baten erreferentziarekin, baina, gero, ez daki nor den Jose Luis Zumeta, edo Itziar Okariz, edo Eider Eibar. Hori gabezia handia da, eta gaur egun sarri samar gertatzen da. Askotan irakasleei prestakuntza eta ezagutza falta zaizkielako; baina etxe giroko transmisioan ere izugarrizko etena dago. Segur aski, urte askoan beste helburu batzuk izan ditugulako —adibidez, kalitatezko gauzak egitea, eta hori ere inportantea da— eta transmisioan despistatu egin garelako. Gaur egun guraso direnak baliteke orain dela 20 urte oso musikazaleak izatea eta orduko taldeak eta doinuak ezagutzea, baina ez dakite gaur egun zer musika mota egiten den. Eta, hortaz, eten handia gertatu da horretan. Ezagu-tzen dituzte garai hartako erreferentziak, baina ez gaur egungoak.

 

Hortaz etena dago hezkuntza arautuan ez ezik, familietan ere.  

Bai, eta horretan ere ez dakigu zeri oratu, ez daukagulako norengana jo. Iaz Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrek Siadecori eskatuta argitaratu ziren datuen bidez, jakin dugu gaur egun guraso diren horietatik irakurtzen dutenek ez dutela euskaraz irakurtzen nagusiki eta ez dutela euskarazko musika entzuten nagusiki. Irakur-tzen dutenek erdaretan irakurtzen dute, eta musikarekin ere gauza bera gertatzen da.

 

Euskararekin gaude edo egon gara arduratuta eta ez horrenbeste kulturarekin? 

Bai. Eta, neurri batean, normala da. Baina hizkuntza bat ez dago normalizatzerik kulturarik gabe, eta kultura ezin da normalizatu hizkuntza ez badago normalizatuta. Gurean horren zapalduta, horren baztertuta, horren gutxiagotuta… dagoen hizkuntza batek gutxiagotutako, baztertutako eta zapaldutako kultura bat dakar. Eta hori da gaur egun daukagun egoera, nahiz eta batzuek nahiko duten diagnosia edertu, eta badakigu oso aurrerapauso handiak eman ditugula, baina egoera dena da. Gure hizkun-tza ez da ofiziala bere lurraldean, eta horrek esan nahi du kultura ere ez dela ofiziala bere lurraldean. Horrek dakarrena da gure kultura sistema eta ekosistema ez direla osasuntsuak. Eta horretan, erabat lotuta daude hizkuntza eta kultura.

 

Eta indargunerik edo argi-izpirik ikusten duzu? 

Jende asko ari gara gauza asko egiten, eta hori indargune bat da. Gainera, oso kalitate oneko gauzak ari gara egiten. Hezkuntzari dagokionez, adibidez, esperientzia asko daude merkatu logikatik eta logika kapitalistatik kanpo lan egiten dutenak. Askotan, horri ez diogu erreparatzen edo ez dugu balioan jartzen, baina, kultura batentzat, oso inportantea da hori, eta beste indargune bat litzateke hori ere. Bestalde, antolaketa ere oso maila altukoa da, eta hori oso inportantea da. Horretan guztian falta zaigun gauza bakarra da elkartzea; falta zaiguna da helburu kolektibo bat. Helburu kolektibo hori adostuko bagenu eta urtetan eta urtetan pilatzen ari garen esperientzia hori norabide berean jarriko bagenu, emaitza izugarriak edukiko genituzkeela uste dut.

 

Horretarako, zer egin daiteke? Eskolek nola joka dezakete? Irakasleek zer erreminta dituzte eskura? 

Kultura ekosistema bezala hartzen badugu, zalea, sortzailea, antola-tzailea, komunikabidea, eta hezkun-tza (edo transmisioa) etengabeko elkarreraginean daude. Zirkulu batean egonik, elkar elikatuko balute bezala da. Hori horrela dela uler-tzen badugu, horretan transmisioak duen garrantziaz jabetuko ginateke, baina konturatuko ginateke, baita ere, transmisioaren ardura ez dela bakarrik eskolarena; transmisioaren ardura badutela kazetariek ere, edota antolatzaileek, sortzaileek, zaleek, familiek… Ama edo aita batek kontzientzia hartu behar du, eta jakin behar du, berak irakasten ez badio umeari bere hizkuntzan kultura bat badagoela, kultura produkzio bat badagoela eta historia bat badagoela, ume horrek ez duela kultura horretako ezer ikasiko, baina beste kultura batzuetako erreferentziak jasoko dituela. Jasoko ditu kultura espainolaren erreferentziak, frantsesarenak, ingelesarenak, anglosaxoiarenak, estatubatuarrarenak… eta hortik elikatuko da. Eta ez da elikatuko soilik aisialdirako edo denbora-pasarako, baizik eta, horren arabera, mundu ikuskera oso bat eraikiko du. Ez da erraza, baina uste dut bide bat hori dela: kontzientzia hartzea eta ekosistema gisara funtzionatzen saiatzea. 

Gure esperientziak erakusten digunez, irakasle bakoitzaren araberakoa da kulturaren lanketa eskoletan. Norbanakoaren zaletasuna, gogoa, ezagutza… sartzen da jokoan. Sor-tzaile lanetan edo kulturgintzan dabilen bati baino gehiagori entzungo diozu esaten irakasle bat izan zuela erreferentea eta hark piztu ziola kulturarekiko grina. Baina, noski, ez dugu uste kulturaren ezagutza, lanketa, grina… norbanakoaren esku utz daitekeenik. Eta, hori, oro har, eskola denetan gertatzen da berdin.

 

Beraz, kulturgintzaren transmisioa zoriaren araberakoa da? Alegia, haur bati etxean transmititu diezaiokete, baina beste bati ez; irakaslearen arabera eskolan landu dezakete haur batzuek, baina beste batzuek ez…

Bertsolaritzaren esperientzia da, adibidez, oso kontuan hartzekoa. Bertsolaritzak bere geroa, edo behintzat etorkizun hurbila bermatu baldin badu, izan da bertsozaleak eta bertsolariak ari direlako bertsolaritza irakasten. Hortaz, beste diziplina batzuekin ere, zergatik ez dugu egiten gauza bera? Hezkuntza arautuan gutxienez, zergatik ez dute parte hartzen kulturgintzan edo kultura adierazpide bata zein bestea ofizio duenak adierazpide horren transmisioan eta irakaskuntzan?

 

Denentzat badago tokirik? 

Zergatik ez? Lantzeko modu asko egon daiteke.

 

Bertsolaritza antolatzen den bezala antolatu behar balira kultura adie-razpide guztiak… 

Kontua da zeri ematen diogun garrantzia. Zergatik ematen dituzte gure umeek horrenbeste ordu gai jakin batzuk ikasten, eta zergatik hain gutxi beste batzuk ikasten? Hori, nire ustez, oso eztabaidagarria da. Gainera, herri bezala benetako apustua egiten baldin baduzu hezkuntza edo heziketa integral baten alde, kulturgintza landu behar duzu, eta sormena landu behar duzu. Bestela, beren kabuz ezer egiteko kapaz ez diren pertsonak sortzen dituzu. Eta sormenak gaitasun bat ematen baldin badizu, gaitasun hori da inoren zain egon gabe zeure kabuz egitekoa. Beraz, zergatik ez diegu hori erakutsiko gure umeei? 

Ez dago sortzailerik zerotik hasten denik. Umeari edo gazteari bere bidea egiten utzita ere, nonbaitetik edan beharko du. Eta, guk herri honen kulturak duena eskura jartzen ez badiogu, beste nonbaitetik hartuko du. Zergatik hartu beharko ditu beste kultura batzuetakoak eta ez bere kulturakoak? Nik ez diot ikusten zentzurik zure kultura ezagutu baino lehen Japoniako kulturaren erreferentziak edo AEBkoarenak jasotzeari.

 

Hortaz, haurren heziketan parte hartzen duten askotariko entitateen ardura kontua ere bada. 

Noski. Adibidez, irakasleek musika lantzeko ez baldin badakite badutela badok.eus bezalako tresna bat, edo literaturarako armiarma.eus dagoela, edo dantzan.eus… hori gabezia bat da. Eta hori gertatzen da ez dugulako ekosistema bezala jokatzen. Gainera, ez daukagunez herri bezala helburu kolektiborik, zaila da ezer lortzea. 

Egoera horren aurrean, gure xedea da eskola-komunitateari esatea sortzaileok ekosistema horretako parte sentitzen garela eta heziketa prozesuetan parte hartzeko prest gaudela: gure lana erakutsiz, gure esperientzia partekatuz, gure ezagutza helaraziz… 

 

Adibiderik jar dezakezu? 

Adibidez, Nafarroan, “Musikariak ikastetxeetan” izeneko esperientzia eraman dugu aurrera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak egindako deialdi baten bidez, eta oso emaitza onak eman ditu. 23 musikari aritu dira ordu eta erdiko saioak eskaintzen ikastetxeetan. 86 saio egin dituzte denera, D eta E ereduetako 40 ikastetxe baino gehiagotan. Oso balorazio onak izan ditu proiektuak, bai ikasleen aldetik eta baita irakasleenetik ere. Musikariek ordu eta erdian euren sormen prozesua nolakoa den azaldu dute, kanta baten adibidetik abiatuta. Horrekin batera, euskal kantagintzaren oinarri batzuk ere eman dituzte, eta oso emaitza ona izan du. Hortaz, horrelako egitasmoak zergatik ezin dira iraunkortu eta sistematizatu?

 

Baina lehen ere kulturgintzaren transmisioa banakoen esku zegoen, eta hala ere, euskal kulturaren ezagutza, zaletasuna… handiagoa zen. 

Kontua da kulturak 90eko hamarraldian askoz ere balio sozial handiagoa zuela, eta balio hori galtzen joan dela. Kultura helburu kolektibo handiago baten parte zen eta gaur egun ez da hala. Horrexegatik, balioa galdu du. Eta balioa galdu duenez, transmisioan ere garrantzia galdu du, eta kontsumoan nahiz atxikimenduan ere bai, lehen kulturgilea helburu kolektibo baten parte sentitzen zelako, eta gaur egun ez. 

 

Behin eta berriz aipatu duzu sormenaren garrantzia. Sortzaileak sortzea garrantzitsua izango da, baina askotan entzun izan da Euskal Herrian sortzaile asko dagoela baina ez zalerik edo kontsumitzailerik.

Gure erronka nagusia orain ez da sortzaile gabezia, baizik eta zale gabezia. Guk orain daukagun premiarik handiena da zaleak sortzea. Hemendik 30 urtera zaleen kopurua hirukoiztea izan behar genuke helburu; bestela, oso zail daukagu irautea. Gerta dakigukeelako hemendik 30 urtera profesionalik gabeko kultura bat edukitzea, eta hori heriotza da hizkuntza batentzat eta kultura batentzat. 

 

Eta nola sortu zaletuak? 

Zaleak sormenaren eta esperientziaren arteko uztarketatik sortuko dira. Eta ez gara aldarrikatzen ari gure umeen % 100ek izan behar dutenik sortzaile. Baina, gutxienez, aukera izan behar dute sormenak ematen diena beren gorputzean bizitzeko eta sortzaile izatea zer den ezagutzeko. Eta gaur egun ematen diegu aukera hori? Haur Hezkuntzan etengabe aritzen dira dantzan, margotzen, kantuan, antzerkia egiten… baina, Lehen Hezkuntzara iristen direnetik aurrera, askoz ere gutxiago. Eta pena da, jokabide horrekin, gure haur eta gazteei aukerak murriztu egiten baitizkiegu.

Adibidez, alde handia dago musika talde bat diskoan entzutetik musika talde hori zuzenean ikustera edo musika talde horretako partaideekin aurrez aurre egotera. Horrez gain, nik uste dut bai hizkuntzaren eta bai kulturaren transmisioari dagokionez, haurrei eta gazteei horien bueltan sozializatzeko aukerak eman behar dizkiegula. 

Sozializatzeko paradigma aldatu du sareak. Internetek eta bere adierazpide guztiek —telefonoak, tabletak, ordenagailuak…— aldaketa handia ekarri dute, eta euskal kulturak hor ere egon behar du. Herrietatik hasita Interneteraino. Sarea da bat, baina plaza fisikoak bertako kulturarekin bete behar dira, umeek euren herrian euskaraz ari diren sortzaileak ikusteko eta entzuteko aukera eduki dezaten.