ZERGATIK DA GARRANTZITSUA ESKOLETAN SOFTWARE LIBREA ERABILTZEA, ETA EZ GOOGLE ETA MICROSOFT-EN PRODUKTUAK?

2020-04-01

Alain URIZAR, Miren BERASATEGI, Imanol MANTEROLA eta Izaro BASURKO

 

Hezkuntzan ere Librezale taldeko kideak

 
 

Z

uen galderari beste batzuk gehitu dakizkioke: axola al digu pribatutasunak?, axola al digu euskarak?, axola al digu hezkuntzan enpresa erraldoiak sartzeak?

Galdera horiek eta beste batzuek eraginda sortu zen duela hiru bat urte Hezkuntzan ere Librezale (HeL) taldea. Egun, 300 inguru IKT zale, irakasle eta gurasok osatzen dugu talde hori.

Hezkuntzan urte batzuk daramatzagunontzat, ez da berria afera hau. Aspalditik ari gara Microsoft-en produktuen ordez software librean oinarritutakoak erabiltzea bultzatzen: dela Linux banaketak, dela bulegotika-paketeak. Eta esan behar dugu toki askotan lortu dugula. Adibidez, gaur egun ez dira gutxi Luberri sistema eragilea edota LibreOffice bulegotika-paketea erabiltzen duten ikastetxeak.

 

Zergatik sortu du halako oihartzuna gai horrek orain?

Bada, azken urte hauetan enpresa teknologiko erraldoi horiek Euskal Herriko hezkuntzan izaten ari diren sarrera areagotu egin da, batez ere, Google-n hezkuntzara zuzendutako produktuak agertzearen ondorioz. EAEren eta Nafarroaren kasuan administrazioa bera ari da produktu horien erabilera bultzatzen; gauza bera esan dezakegu Ikastolen Elkarteari edo beste hezkuntza-eremu batzuei buruz ere.

Kezka nahiko hedatua dagoela esan dezakegu, eta, horrelakoetan, nonbaiten bat egiten dute kezka horiek; gure kasuan, Librezale taldearen Telegram kanalean. Iritziak, haserreak, adibideak... botatzen hasi ginen, eta horrek guztiak bere entitatea izan behar zuela erabaki genuen; hortik sortu zen Hezkuntzan ere Librezale taldea.

Aipatutako iritziek, haserreek, adibideek eta izan zitezkeen hautabideek Telegram kanal berri horretan jarraitu zuten. Egungo egoera eta etorkizun hurbilean irudikatzen genuena aldatzen hasteko, zerbait egin behar genuen. Horrela, gure kezka adierazten zuen eta irtenbide bat proposatzen zuen idatzi bat egin genuen elkarlanean (https://hezkuntza.librezale.eus).

Egungo Euskal Herriko hezkuntzan Google-k eta Microsoft-ek daukaten presentziaren argazki orokor batekin hasten da idatzia:

Jakin dugunez, Eusko Jaurlaritzak Google-n eta Microsoft-en esku utziko ditu EAEko milaka ikasleren identitate digitalak. Hezkuntzako beste esparruetan ere egoera antzekoa da, Iparraldean, Nafarroan edo Ikastolen Elkartean besteak beste. Bestalde, Chromebook gailuen hedapena ikastetxeetan gero eta zabalagoa da, askotan erakundeek berek bultzatuta.

Hona hemen haien tresnak erabiltzeak gure ustez dakartzan ondorioak:

Gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ezinezko egiten du ikasleon pribatutasuna bermatzea. Gure ikasleak entitate publikoek bultzatuta produktu bilakatzeak inplikazio larriak ditu.

Bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da, zaharkitze programatua berrerabileraren kontra baitoa.

Gure ikasleek erabiliko dituzten gailuetan euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Are gehiago Chromebook gailuetan; gaur egun, ez daude euskaraz hainbat atal.

Ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea hezkuntza digitala murriztea da. Gaitasun digitala, Europako eta Euskal Herriko hezkuntza legeen arabera, ikasleek lortu beharreko oinarrizko gaitasun bat da, eta tresna horietara mugatzeak ez du inola ere hori bermatzen.

Hezkuntza-komunitatean tresna horiekiko dependentzia sortzeko arrisku larria dago. Enpresa pribatuen produktuen erabiltzaile eta bezero izan daitezkeenak sortzen ari gara, erakundeek bultzatuta.

Bukatzeko bi irtenbide planteatzen dira:

Arrazoi hauek guztiak kontuan hartuta, uste dugu unea iritsi dela eztabaida-prozesu bat bultzatzeko. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten hautabideak egon badaude, eta digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko unea da.

Administrazioari dei egin nahi diogu, ahaldunduko gaituen azpiegitura libre eta jasangarri bat ezartzeko orduan digitalizazio-prozesua gida dezan eta laguntza teknikoa eman dezan; eta ez dezan soluzio komertzial interesatu baten esku utzi gure ikasleon hezkuntza digitala.

Idatzia eragile batzuei banatu zitzaien, hala nola sindikatuei, alderdiei, hezkuntza-erakundeei eta bestelako eragileei. Orain, atxikimendua jasotzeko fasean gaude. Gure asmoa jasotakoak publiko egitea eta aurrerapauso berriak ematea da, betiere, Google, Microsoft eta enparauek hezkuntzan duten presentzia murrizteko asmoz.

 

Horren aurrean, ba al da 

hautabiderik? Zer egiten ari gara?

HeL taldekook ez gara geldi egoten garen horietakoak, eta hasiak gara Microsoft eta Google-renak ez diren hainbat ordezko programa eta software aztertzen, betiere software libreari lehentasuna emanez. Aurretik aipatu dugunez, sistema eragileen artean, badago jendea Luberri sistemarekin ari dena, Windows-ekin aritu beharrean. Beste askok Google Drive utzi egin dute, eta Nextcloud hodei librean hasi dira lanean. Era berean, Microsoft Office bulegotika software-suitearen lizentziak erabili beharrean LibreOffice erabiltzen hasi dira erabiltzaile asko, zeina euskaraz eskuragarri dagoen Librezale elkarteari esker. Testuak, kalkulu-orriak, aurkezpenak eta grafikoak prozesatzeko, datu-baseak kudeatzeko eta antzeko atazetarako software librea da LibreOffice eta, Collabora-rekin batera, online lankidetza ahalbidetzen du.

Nabigatzaileei dagokionez, Mozillaren Firefox-ek eta bilatzaileei dagokionez DuckDuckGo-k edo SearX-ek pribatutasun handiagoa eskaintzen dute, Chrome-k eta Google-k baino. Gmail posta elektronikoaren ordez, besteak beste Zimbra probatzen hasita gaudela ere esan behar dugu. Groupware aukerak dituen programa informatiko honek ere lankidetza ahalbidetzen du.

Hain azkar hedatu den Google Classroom aukeraren aurrean, berriz, Moodle e-learning plataforma nabarmendu behar da. Ikuspuntu pedagogiko batean oinarrituta dago, deszentralizatua da, eta software librearekin eraikita dago. Gainera, munduan zehar gehien erabiltzen den irakaskuntza-plataforma da, eta duela gutxi arte zabalduena inguru hurbilean.

Gure aldetik Telegram taldea sortu eta erabiltzen jarraitzen dugun arren, hasi gara Matrix erabiltzeko urratsak ematen ere; komunikazio zuzenerako protokoloa da Matrix, software librean oinarritua, gardenagoa eta deszentralizatua.

Oso argi dugu ikasleek hautabide horiek erabil ditzaten nahi badugu behar-beharrezkoa dela prestakuntza. Prestakuntza horrek gure beharretara egokitu behar du, ez baita erraza enpresa teknologiko handi hauen aurka egitea. Horregatik, garrantzi handia dute  antolatzen diren ikastaroek; badakigu EAEko Berritzeguneetan zenbait ikastaro eskaini direla, eta baita UEUn ere. Gainera, entzun dugu UEUk ildo honi garrantzia eman nahi diola hurrengo urteei begira. Ea egia den eta eskaintza horiek eskaerez betetzen ditugun.

 

Gai honen inguruko beste ekimenik ezagutzen al duzue?

Jakin dugu Madrilgo Erkidegoan EducaMadrid izeneko online plataforma eskuragarri dagoela (https://www.educa2.madrid.org/educamadrid/). Hango arduradunarekin hitz egin dugu, eta plataforma horren oinarriak argitu dizkigute teknikariek: librea izan behar du, burujabea, pribatutasuna babestu behar du, publizitaterik ez du izan behar, elkarlanerako balio behar du, eta irakasleen kontrolpean egon behar du. Ikasteko gune birtualak, edukiak sortzeko tresnak, lankidetza-inguruneak, hodei-biltegiratzea, posta elektroniko segurua eta askoz gehiago eskaintzen ditu Madrilgo Erkidegoak plataforma horren bidez. Madrilgo esperientzia hori eredu izan daiteke guretzat, baina, HeL taldearen komunikatuan esaten dugunez, administrazioen gidaritza beharko litzateke horretarako.

Katalunian ere esperientzia polita dute Xnet plataformarekin: oso kanpaina sendoa egin zuten hango eskoletan hezkuntzan GoogleSuite-k ezartzen dituen baldintzen aurka, "Ez sinatu GoogleSuite erabiltzeko baimena" lemapean. Dezenteko harrabotsa sortu zuen ekimenak, eta eztabaida piztu zuen jendartean.

 

Beraz, zergatik gaude Microsoft, Google eta horrelako enpresak gure eskoletan sartzearen aurka?

Pribatutasuna bermatzeko. Nora doaz gure datuak? Enpresa horiek gure ikasleen (eta irakasleen) erabilera-datuak hartzen dituzte ordainetan, hori da haien negozioa. Haurren hastapenetako Interneten erabilera enpresa pribatu baten datu baseetan erregistratua gelditzen da, eta akatsak egiteko unea da berez. Egun, ez da zalantzan jartzen enpresa horiek pertsonen profilak egiten dituztela lortutako datuekin, eta, profil horien arabera, era bateko edo besteko “errealitate“ digitalak aurkezten dizkietela, haien jokamoldeak, iritziak, kontsumo ohiturak eta abar moldatze aldera. Eta ez du balio ezkutatzeko ezer ez dugula esateak; publiko egiten al dugu gure alabaren osasun-txostena, adibidez?

Zaharkitze-programatua saihesteko. Auto berria erosten al dugu bost urtean behin? Bost urte igarotakoan ordenagailuak zakarrontzira bota behar al ditugu orain? Chromebook gailuek, adibidez, ez dute eguneratzerik onartzen bost urte pasatu ondoren, eta, horren ondorioz, aplikazioek huts egiten dute. Gero eta euskal ikastetxe eta familia gehiago konturatzen dira, modu mingotsenean, merkea zirudien gailu hura erostea trikimailu hutsa zela, ezin baitute ordenagailuarekin lan egin. Familiek gastu handia egiten dute urtero, eta ezin diegu IKTen multinazionalei hezkuntzako gastua puzten utzi, are gutxiago gure gailuei etekinik handiena ateratzen laguntzen diguten sistema libreak eskura ditugunean.

Euskararen erabilera bermatzeko. Argi dago multinazionalek euskara baztertu egiten dutela. Microsoft-ek software gutxi batzuk bakarrik euskaratzen ditu, baina Eusko Jaurlaritzak, gure diruz ordainduta, lan guztia egiten diolako! Bestalde, Chromebook gailuen atal garrantzitsu asko ere ez daude euskaraz, ezta Google Suite eta beste asko ere (Apple-k gailu eta zerbitzu bakar bat ere ez du euskaraz ematen). Ez du zentzurik euskal hezkuntzan erdaraz dabiltzan softwareak erabiltzen jarraitzeak; gure ikasleekiko inkongruentzia nabarmena da, euskara sustatu nahi bada behintzat. Erabil ditzagun funtzio berak euskaraz egiten dituzten tresna libreak!

Ikasle kritikoak sortzeko. Gaitasun digitala, Europako hezkuntza-legeen arabera, ikasleek lortu beharreko oinarrizko gaitasuna da. Behin eta berriz multinazionalen produktuak irakatsiz, ikasleen autonomia mugatzen dugu, erabiltzaile kritiko izateko laguntza eskaini beharrean, eta kontsumitzaile fidel eta menpekoak sortzen ditugu. Medikuntzan sendagai generikoak erabiltzen diren modu berean, erabil ditzagun hezkuntzan software libreak, multinazionalekiko dependentzia murrizteko, bai erabileraren aldetik eta bai softwarea eskaintzen duten enpresen aldetik ere, hemengo software-sorkuntzan eta mantentze-lanean aritzen diren enpresen alde egiteko.

Mendekotasuna ez sortzeko. Doan eskaintzen zaizkigun zerbitzu erakargarri hauen bidez, biharko bezeroak lortzen dituzte enpresa horiek, leialtasuna sustatu nahi dute. Horrelako praktiketatik urrun egon beharko luke hezkuntzak.

Laburbilduz, digitalki kritikoak, libreak eta euskaldunak diren ikasleak hezi nahi baldin baditugu, eman diezaiegun lehentasuna ezaugarri horiek dituzten tresnei, eta ez helburu nagusi etekin ekonomikoa duten enpresen tresnei.