Gizarte hezitzaileen rola eskolan

2021-04-01

Lehen Hezkuntzako eta Gizarte Hezkuntzako graduak ikasi ditu Leticia Rodriguezek, eta bi alorretako profesionalak elkarrengana gerturatzeko asmoarekin egin du Gizarte Hezkuntzako Gradu Amaierako ikerketa. Gizarte hezitzaileak hezkuntza formalari ekarpenak egingo lizkiokeela ondorioztatu du azterketan eta eskola eta komunitatearen arteko erlazioa sustatuko litzatekeela.

 
 

Tradizionalki eskolak etorkizuneko hiritarrak hezteko ardura izan du. Hori dela-eta, irakaslea hezkuntza formaleko erreferente nagusitzat hartu da eta zailtasunei aurre egitea espero da. Argi dago profesional horren gainean itxaropen handiak jarri ohi direla beti; dena den, non gelditzen dira hezkuntzako beste eragileen esku-
hartzeak?
Familiaren, komunitatearen, erakundeen eta agente sozialen rola ere funtsezkoa da. Gaur egun arte egin diren aurrerapausoak eta lortutako helburuak betetzea ez zen posible izango elkarlanik gabe. Testuinguru honetan, hezkuntza formala eta ez formalaren arteko batasunaren inguruan hitz egitea beharrezkoa da.
Lehen Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntzako graduak burutu ostean, behin baino gehiagotan hausnartu izan dut gizarte hezitzaileak eskolan duen rolaren inguruan. Gizarte hezitzaileak errealitate duin baten alde egiten du, gehienetan Hezkuntza Curriculumetik at gelditzen diren egoerei erantzunez. Gaur egun, Espainiako Autonomia Erkidego batzuetako eskoletan figura honen txertaketa errealitate bat da. Hala ere, leku bakoitzean gizarte hezitzaileak duen lan egoera ezberdina da.

Egindako azterketa edo ikerketa
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gizarte Hezkuntzako profesionalak duen egoera ezagutu nahian, horren inguruko azterketa bat egin nuen Gizarte Hezkuntzako Gradu Amaierako Lanaren bitartez. Lan horri esker, ez nintzen nire iritziarekin bakarrik gelditu, hezkuntza formaleko zein ez formaleko profesionalen ikuspuntuak ere ezagutu ahal izan nituen. Hala, irakasleei zuzendutako galdetegi bat eta gizarte hezitzaileei zuzenduriko elkarrizketa bat prestatu nituen. Guztira, hainbat hezkuntza etapatako 45 irakaslek eta esku-hartze familiarrean lan egiten duten bi hezitzailek parte hartu zuten ikerketa horretan.
Informazioa jasotzeko bi teknika ezberdin erabili arren, oinarrizko puntuak berdinak izan ziren: profesionalaren profila, lan testuingurua eta ikuspuntu pertsonala aztertu nahi izan nituen. Modu horretan, irakasleei egindako galderen bidez, egungo eskolako errealitatea gertutik aztertzeko aukera zegoen. Gizarte hezitzaileen kasuan, berriz, hezkuntza formalean esku-hartzean izandako esperientziak ezagutu ahal izan nituen.
Zer diote irakasleek gizarte
hezitzailearen inguruan?
Ikerketan parte hartutako irakasleak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritu dira lanean. Gehienek Lehen Hezkuntzan lan egiten zuten ikerketa egin genuen momentuan eta beraien eskoletan ez zegoen gizarte hezitzailerik. Dena den, azken honen esku-hartzea beharrezkoa dela aitortu zuten.
Gizarte Hezkuntzako profesionalaren lan egoeraren inguruan galdetzean, orokorrean bi erantzun mota jaso ziren. Alde batetik, irakasle gehienek gizarte hezitzailea kanpoko erakundeekin lotzen zuten, nahiz eta gutxi batzuek Hezkuntza Administraziorako lan egiten duela erantzun. Bestalde, figura honen esku-hartzea Gizarte Zerbitzuekin, familiekin eta ikasleen beharrekin erlazionatu zuten. Beste modu batean esanda, irakasleen iritziz gizarte hezitzailearen lan esparru nagusia ondorengoa da: arrisku egoeran dauden ikasleekin eta familiekin lan egitea.
Aurrera jarraituz, bi profesionalen artean zer hobetu daitekeen galdetu genuen, eta lau erantzun mota eman genituen aukeran. Irakasle gehienek elkarlana eta komunikazioa hobetu behar zirela aipatu zuten. Ondoren, gizarte hezitzailearen lan-funtzioak ondo zehaztuak egon behar direla garrantzitsua ikusten zuten. Erantzunen ehuneko baxuena bi profesionalek partekatu behar dituzten espazioei buruzko aukerak izan zuen. Azkenik, ia inork ez zuen ez dago ezer hobetzeko erantzuna hautatu.
Galdetegiaren bukaeran bestelako iruzkinak idazteko aukera eman zen. Horri esker, irakasleek gehien nabarmentzen dituzten puntuak jaso ziren. Alde batetik, gizarte hezitzailea eskolan oraindik ez dela oso ezaguna aipatu zen. Ondorioz, beste profesional batzuek bere funtzioak betetzen dituzte. Dena den, eskolan bere beharra dagoela azpimarratu zuten berriz, baita beste arloetako profesionalena ere. Esaterako, osasun arloko langileen presentzia eskatu zuten. Ildo horretatik jarraituz, irakasleen artean diziplina arteko taldeen bitartez eskoletan dauden kasuei modu eraginkorragoan erantzuteko aukera dagoela irizten dio irakasle kopuru handi batek.

…eta zer diote gizarte hezitzaileek?
Gizarte hezitzaileekin burututako elkarrizketetan arreta jarriz, esan bezala, bi profesionalek familia esku-hartzean eskarmentu handia dute. Hala ere, eskola esparruan ere lan egin dute, askotariko ekarpenak eginez.
Hezitzaileetako batek Gipuzkoako eskoletan denbora luzez esku-hartu zuen. Bere zeregin nagusiena ikasle ijitoen integrazioa sustatzea zen, haien kultura ezagutaraziz eta norberaren berezitasunak eskolan kontuan hartuak izan daitezen lagunduz. Hasiera batean, esku-hartzea soilik ikasle ijitoekin eta haien irakasleekin egin zuen. Hala ere, gizarte hezitzaileak ez zuen hori egokia ikusten. Hau da, programa gainerako ikasleen artean zabaltzea beharrezkoa zela pentsatzen zuen, izan ere, gatazka gehienak berdinen artean gertatzen ziren. Hala ere, ez zen aurrerapauso hori eman.
Beste hezitzaileak Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez arrisku egoeran dauden haur zein nerabeekin esku-hartzen du. Hortaz, bere lanak hezkuntza zentroekin harremanetan egotea eskatzen dio. Hezkuntza formalean maila indibidualean zein talde mailan lan egiten du bereziki. Lehenengo kasuan, haur edo nerabearen irakaslearekin koordinatzen da batez ere. Hala ere, ikaslearen gelan behar jakin bat baldin badago, zuzeneko esku-hartzea burutzen du. Adibidez, azken urte hauetan Autoestimu Tailerra garatu izan da.
Gizarte hezitzaileak, ikasleekin lan egiteaz gain, irakasleekin elkarlanean aritu behar dira. Horren aurrean, elkarrizketatuei ondorengo galdera egin zitzaien: “Nolakoak dira hezkuntza formaleko eta ez formaleko profesionalen arteko harremanak?”
Eskolan gizarte hezitzailearen presentzia, kasu batzuetan lan-intrusismoa bezala sentitu daiteke. Hobeto esanda, irakasle batzuek hezkuntza ez formaleko aditua haien lana eta gaitasunak epaitzera datorrela pentsa dezakete. Hortaz, bi profesionalen arteko elkarlanean zailtasunak egon daitezke, hala nola, irakasleak ez onartzea gizarte hezitzaileak gela barruan esku-hartzea edo erabakiarekin ados ez egotea, edo gizarte hezitzailearen aholkularitza eta laguntza ez onartzea. Horrez gain, gizarte hezkuntzako profesionalaren funtzioak argi ez egoteak zailtasunak areagotzea eragiten du.
Dena den, eskolako harrera ezberdina izaten da gizarte hezitzailearen egitekoaren arabera. Hau da, prozesua goitik behera gauzatzen denean, gizarte hezitzailearentzako hezkuntza formaleko esparruan sartzea errazagoa izaten da. Esate baterako, Gizarte Zerbitzuetako hezitzaileak gehienetan zuzendaritza edota orientazio taldearekin zuzeneko kontaktua du, ikasle edo irakasleekin esku-hartu gabe.
Orokorrean hasierak ez dira errazak izaten bi profesionalentzako. Gizarte hezitzaileek irakasleen sentikera ulertu arren, beraien presentzia guztiz onartua ez denean ez dira ongi sentitzen. Hala ere, argi dagoena da bien arteko harremanek denborarekin hobera egiten dutela.

Ondorioak
Galdetegi eta elkarrizketen bidez jasotako informazioa aztertu ostean, hainbat ondorio atera ahal izan ditugu:
Integratzailea ez da gizarte hezitzailea. Gizarte Hezkuntzako arloan hainbat profesionalek egiten dute lan. Hala nola, gizarte hezitzaileak, gizarte langileak eta integraziorako teknikariak, besteak beste. Azken horien inguruan hitz egiteko orduan, nahaste terminologikoa dagoela ikusi da. Izan ere, eskolan laguntzaile moduan lan egiten duen integratzailea, irakasleen artean askotan hezitzaile gisa ezagutzen da. Baina ez hori bakarrik, gizarte hezitzailearen zereginak orientatzaileak edo aholkulariak ere bete ditzaketela pentsatzen da. Beraz, bakoitzaren profila ondo bereiztea beharrezkoa da funtzioak argi izateko.
Hezkuntza Administrazioaren parte. Gaur egun gizarte integratzailea Hezkuntzarako lan egiten duen gizarte arloko profesional bakarra da. Beraz, gizarte hezitzaileak eskola edo institutu batean esku-hartuz gero, beste erakunde baten bitartez egingo du. Beraz, gizarte hezitzaileak barrutik lan egingo balu, instituzionalki bere figura aitortuta egongo litzateke. Horrek hezkuntza zentroan bere presentzia handiagoa izatea eta proiektuak epe luzera planteatzea eragingo luke. Modu berean, bere eskubide guztiak onartuak egongo lirateke (Borges, 2018; Arpal, 2019 eta Gizarte Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Orokorra, 2015)
Profesionalen arteko harremanak. Irakasleek gizarte hezitzailearen inguruan duten iritzia baikorra dela ikusi da. Lehen esan bezala, gehiengoak adierazten du gizarte hezitzailearen laguntza beharrezkoa dela hezkuntza zentroan. Hala ere, gizarte hezitzaileen ekarpenak kontuan hartuz, tradizionalki eskolan lan egiten ez duten profesionalen onarpena oraindik ez da guztiz gauzatu. Hori ondorengo arrazoiengatik izan daiteke: lan intrusismoa, epaitua izateko beldurra, hezkuntza ulertzeko modua, hezitzailearen funtzioak argi ez izatea eta ondorioz, bere esku-hartzea ez ulertzea, etab.
Gizarte hezitzailearen funtzioak eskolan. Hezitzailearen zereginak argitzea ezinbestekoa da hezkuntzako profesionalen arteko erlazioa hobetu nahi bada. Izan ere, horrek gizarte hezitzaileak eskolan duen funtzioa ulertzen lagunduko du eta, era berean, larritasun sentimendua gutxituko du. Hona hemen identifikatu diren funtzioak:
Hezkuntza arloko profesionalekin koordinatu: hezitzaileak eskolako beharrei irakasleekin batera erantzungo die. Horretarako, aldez aurretik esku-hartze plan bat adostuko da.
Ikasleen giza trebetasunak garatzen lagundu: gizarte hezitzaileak gehienetan arlo akademikotik at gelditzen diren gaitasunetan lagunduko du. Esaterako, ikaslearen auto-erregulazioan, portaera gaitasunetan, ikasteko estrategietan, etab.
Familia eta eskolaren arteko bitartekaritza lana: edozein kezka edota zalantzaren aurrean, haien arteko komunikazioa errazten lagunduko du.
Eskola eta komunitatearen arteko erlazioa sustatu: komunitatearen errealitatea eskola testuinguruan ezagutzera emango du. Modu berean, erakundeen arteko elkarlanaren alde egingo du.
Irakasleei formakuntza eman: irakasleen eskaerak eta beharrak kontuan izanda, formakuntza eta aholkularitza emango ditu.
Esku-hartzeari buruzko txostenak idatzi: esku-hartze plana garatu, ikasleen jarraipena egin eta esku-
hartzearen ebaluazioa burutuko ditu, besteak beste.
Gizarte Hezitzailea ez da suhiltzailea. Irakasleen erantzunak gogora ekarriz, gehienek gizarte hezitzailea arrisku egoeran dauden ikasleekin eta familiekin lanean aritu behar dela pentsatzen dute. Gainera, ikasleen jarrerak lantzeko eta familiekin duten harremanetan laguntzeko orduan beharrezkoa dela ere aipatu zuten. Gizarte hezitzaileen ekarpenak ez dira irakasleen ikuspuntutik asko aldentzen, izan ere, beraien lana ikasle profil horrekin burutzen dute.
Ildo horretatik abiatuz, esan beharra dago gizarte hezitzailea ez dela suhiltzaile bat. Hots, profesional honen jarduera ezin da soilik arazora mugatu. Bere funtzioak hezkuntzarekin lotura baldin badu, burutzen duen zereginak irakasleen hezkuntza jarduera osatu beharko luke. Hau da, prebentziotik abiatzea ere funtsezkoa da (Vega, 2013).
Orain arteko informazioa kontuan hartuta, argi dago aldaketa beharrezkoa dela hezkuntza formala eta ez formalaren batasuna posible izateko. Dena den, azken hau prozesu bat bezala ulertu behar da, non aldaketa nagusiena profesionalen arteko mugak gainditzean gertatuko den.
Lankideen artean komunikazioa, laguntza eta argitasuna izatea funtsezkoa da. Hala ere, batzuetan ez da erraza barneko kezkak askatzea eta gainerakoekin partekatzea. Hori horrela izanik, profesional batzuek beste batzuek baino denbora gehiago beharko dute hezitzailearen lana ulertzeko eta onartzeko. Horren aurrean, norberaren erritmoa errespetatu behar da, denborak aldaketa ekarriko duelako.
Egoeraren onarpenarekin ikuskeraren zabalkuntza emango da. Haur eta nerabeen ongizatea bermatzeko orduan, guztiok alde berdinera arraun egin behar dugula ikusiko da. Ikerketan parte hartutako gizarte hezitzaile eta irakasle gehienen kasuan, pentsaera horren alde egiten dute. Azkenean, elkarlanaren bidez inklusioa eta aukera berdintasuna erdiestetik gertuago egongo gara.

Erreferentzia bibliografikoak
- ARPAL, E. (2019). “La educación social en la escuela desde el punto de vista de los profesionales de la educación social”, Revista de intervención socioeducativa, 71: 180-201. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=7040438
- BORGES, C. (2018). “Educación Social e Escola en Alemaña”, in CID, X. M., RIVEIRO, S., CARRERA, M. V., CASTRO, M., RODRIGUEZ, X., FERNANDEZ, A., CID, A, ALONSO, P. eta CANDIA, F. (Koord.), Educacion Social e Escola. Unha análise da última década, (2006-2016), 137-154. Ourense, Espainia: CEESG. http://ceesg.org/files/documentos/docs/actas-e-relatorios-01-03-2018-libro-de-actaseducacian-socialeescola20062016.pdf
- Gizarte Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Orokorra. (2015). La Educación Social en el Estado Español: La profesión educativa emergente dentro y fuera del ámbito educativo. http://www.eduso.net/archivo/index.php?c=29
- VEGA, A. (2013). “La educación social en la escuela: complemento imprescindible”, Revista de Educación Social, 16: 1-14. http://www.eduso.net/res/pdf/16/escomple_res_16.pdf