Ahozko hizkuntzarako IKT baliabideak

2022-05-09

Hizkuntza baten ikasketan eta lanketan ahozkotasunak duen garrantzia eztabaidaezina da. Horren jakitun da Eneko Landa Lehen Hezkuntzako eta Atzerriko Hizkuntzako irakaslea. Bere jardunean ahozko hizkuntzaren lanketan ikusi dituen gabeziak aztertu ondoren, hutsune horiek betetzeko teknologia berriez baliatu izan da. IKTak eguneroko baliabide gisa erabili ditu eta ikasitakoa lankideekin eta gertukoekin partekatzeaz harago, orain, irakurle ororekin partekatzera doa.

 
 

Komunikazioak elkar ulertzera eta balioestera bideratzen du komunitatea”.
Rollo May
Ahozko hizkuntza lantzeko, ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilerarekin zuzenean lotuta dauden hainbat alderdi ezagutzea, praktikatzea edo garatzea. Ahozko adierazpena landuz, hizkuntzaren erabilera bera sustatzen saiatzen gara; beraz, esan dezakegu komunikazioa eta adierazkortasuna lantzea dela helburua. Hizkuntza erabiliz ikasten da, eta erabilerarekin esperimentatzen da. Erabiltzen ez den hizkuntza, bestalde, galdu egiten da, eta erregresio horrek ere eragin negatiboa du motibazioan.
Ahozko hizkuntza, nagusiki, hiztegia ikastearekin lotzen da; hala ere, komunikazio-sistema konplexu baten parte da. Ahozko hizkuntza, bere definiziorik zabalenean, honako alderdi hauek osatzen dute: hiztegia, morfologia, gramatika, fonologia, diskurtsoa eta pragmatika. Trebetasun horien jabekuntza, sarri, adin goiztiarrean hasten da, ikasleak fokua idatzizko oinarrizko kontzeptuetan jarri baino lehen.
Hezitzaile aditu eta oinarrizko curriculum gehienak bat datoz eskoletan ahozko praktikak duen garrantzia azpimarratzeko orduan, baina handia da teoriaren eta praktikaren arteko arrakala. Asko dira ahozko hizkuntzarekin lotutako zailtasunak: ebaluatzeko eta erregistroak hartzeko orduan, irakasleen prestakuntza eta baliabide falta, denbora eza... Horren guztiaren ondorioz, inprobisaziorako joera nabarmena dago ahozko jardunean. Ikasleek jasaten dute gabezia hori gehien; izan ere, segurtasun falta handia eragiten die ahozkoan, eta, horregatik, parte hartzeko beldur dira askotan.
Hutsune horri erantzun egokia ematea da eskolaren ardura; horretarako, ikasle guztiei gutxieneko tresna eta esku-hartze didaktiko egokiak eman behar dizkie, egoera zailetan trebetasunez nola jokatu behar duten jakin dezaten.
IKTen erabilera ahozko hizkuntzan
IKT baliabide berrien agerpena iraultzailea izan da gizartean lan egiteko moduan, eta, bistan denez, ikasgeletan ere islatu da. Gaur egun, ikasle gehienek beren ordenagailua edo tableta, mugikorra, Interneterako sarbidea eta abar dituzte. Hezkuntza sistemak aurrerapauso handia eman du ildo horretan, eta, gaur egun, gaitasun digitala gure curriculumaren oinarrietako bat bilakatu da. Oso erabilgarriak dira ditugun baliabideak, aplikazioak, liburu digitalak eta abar; halaber, ahozko adierazpenaren irakaskuntzari dagokionez, tarte handia dago hobetzeko.Teknologia-tresna ugari ditugun arren, geldialdi orokorra eta inprobisazioa dira nagusi oraindik. Eskura ditugun baliabide berriez baliatuta, alderdi hauek hobetu ahal izango ditugu:
Parte-hartzea.
Ahozko ekoizpenen ebaluazioa.
Ahozko produkzioen erregistro-
bilketa.
Ikasleen motibazioa.
Ebaluaziorako, autoebaluaziorako eta koebaluaziorako tresnak.
Proiektu motibagarri eta erakargarri berrien sorkuntza.
Ondoren, oso praktikoak diren hainbat tresna aztertuko ditugu, bai eta maila guztietako ikasleekin izan ditzaketen erabilerak ere:

1. Classdojo: oso baliagarria ahozko adierazpena lantzeko.
Classdojo doako plataforma bat da, batez ere ikasgela kudeatzeko sortua; baina, konfigurazio egokiarekin, ahalmen handia du ahozko adierazpena lantzeko. Online tresnak gela birtual askotarikoak sortzeko aukera ematen du, eta, batez ere, ikasleen portaera eta lana ebaluatzea du eginkizun nagusia, puntuazioetan oinarrituta. Tresna erraz erabil daiteke, eta baremoak pertsonalizatzeko aukera ematen du, maila bakoitzaren beharretara egokitzeko. Puntuazio-irizpideak egokitzeko aukerari esker, eta konfigurazio onarekin, oso lagungarria izango zaigu:
Ikasgelako esku-hartzeak kudeatzeko.
Ikasleak motibatzeko.
Hiztegi eta egitura berriak sartzeko.
Ikasitako hiztegia errepasatzeko.
Ahoskera eta hitz-jarioa hobetzeko.
Errutinak barneratzeko.
Ahozko ekoizpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa berehala ebaluatzeko.
Ikasleen aurrerapena erregistratzeko.
Adiskidetasuna eta talde-lana sustatzeko
Online tresna, nagusiki, arbel digital batean erabiltzeko diseinatuta dago. Arbel horretan, munstro dibertigarriak agertzen dira gure ikasleen izenekin eta bakoitzaren puntuazioarekin. Aplikazioak gure edozein ikasleren munstroan edo ikasgela osoan klik egiteko aukera ematen digu, ondoren esku-hartzeak baloratzeko. Ebaluazio-irizpideak gure beharrizanetarako konfiguratu daitezke guztiz; bai puntuazioari dagokionez, bai ebaluazio-irizpideari dagokionez. Adibidez, ikasle batek saioan parte hartzen badu, irakasleak haren esku-hartzea baloratu ahal izango du, hainbat alderdi ebaluatuz aldi berean: ahoskera, arintasuna, gramatika-egiturak, hiztegia, etab. Horrela, ikasleak bere lanaren berehalako feedbacka lortzen du, eta irakasleak aplikazioan grabatutako ahozko esku-hartze bakoitzaren erregistroa dauka. Ikasleen parte-hartzea sustatzen da horrela. Irakasleak aplikazioa ordenagailutik, tabletatik eta mugikorretik aldi berean kontrolatzeko parada du. Aukera hori oso baliagarria da ikasgelan mugitzen garen bitartean taldeko edo bikoteko elkarrizketak baloratzeko, esate baterako (beheko irudietan ikus daitezke adibideak).
Funtsezkoa da ikuspegi kooperatiboa ematea eta taldearen helburu bateratu baten aldeko puntuazioak saritzea; bestela, baliabidea behar bezala erabili ezean, lehiaketa-giroa sortu dezake ikasgelan. Hargatik, funtsezkoa da puntuazio-baremoak ondo definitzea eta talde-ikuspegia sustatzea. Aplikazioa onuragarria izateko, berebiziko garrantzia du programazio eta egokitzapen ona izateak. Taldearen beharren arabera ongi programatuz gero, aplikazioak arrakasta izango du, dudarik gabe. Hari esker, ikasleen parte-hartzea asko handitzen da, eta baita motibazioa ere;  erronka bateratu bat lortu nahiak gelan gehiago inplikatzera eta ausartzera animatzen ditu ikasleak. Bien bitartean, irakasleak gelan gertatzen den guztiaren erregistroa idatzi ahal izango du. Orobat, gurasoek ere euren seme-alaben puntuazioak gailu mugikorretik ikusteko aukera izango dute (irakasleak nahi izanez gero). Aukera hori oso baliagarria izan daiteke gurasoak ikasketa-prozesuaren partaide bilakatzeko.

2. Audacity, Voocaroo eta Soundcloud: audioak sortu, editatu eta gorde.
Hiru tresna horiek erabiliz, ahozko adierazpena lantzeko oso jarduera egokiak diseinatu ahal izango ditugu. Elkarrekin erraz erabiltzeko modua ematen dute hiru baliabideek, eta oso erabilgarriak dira jarduera asko prestatzeko ere. Labur-labur aztertuko dugu bakoitza, eta zenbait adibide erakutsiko dizkizuegu:
Voocaroo: edozein ordenagailutan audioak online grabatzeko aukera ematen digu, ondoren URL edo Qr kode baten bidez partekatzeko. Oso erraz erabiltzen da, eta Interneterako konexioa duen ordenagailu edo tableta bat baino ez dugu behar.
Audacity: doako online tresna  da, eta goi mailako prestazioak dituzten audio-fitxategiak editatzeko aukera ematen digu. Oso intuitiboa eta erabilerraza da ahotsa grabatzeko, musika txertatzeko, artxibo zatiak ezabatzeko, pistak moztu eta itsasteko, eta abar. Grabazioak mp3 formatuan gordetzen dira.
Soundcloud: aplikazio honek audioak hodeian sartzeko aukera ematen digu, bai eta audioak webgune batean integratu ahal izateko kode bat ere. Aurretik audioa online grabatzeko aukera ematen zuen, baina, gaur egun, aurretik grabatutakoak baino ezin dira igo eta gorde. Oso baliagarria da gure grabazio guztiak hodeian biltegiratuta eta ordenatuta edukitzeko, partekatzeko, erregistroak gordetzeko, editatzeko eta abar.

Hiru tresna horien bidez egin ditzakegun jarduerak:
Aplikazio horien bitartez, hainbat jarduera arrakastatsu eraman daitezke aurrera:
Eskola-irratia: eskolako irratiaren erabilera ezaguna da irakasle askorentzat. Antzina, eskolako irratia sortzeak, baliabide teknikoez gain, irakasleen lan eta inplikazio handia eskatzen zuen. Lehen aipatutako tresnei esker, eskola-irrati bat sortzea ume-jolas bihurtu da kasik. Ordenagailu bakar batekin audioak sortu, editatu eta sarera igo ditzakegu. Aplikazio horien bidez, ez dugu zuzeneko irratirik izan beharrik, nahierara jarri ahal izango dugu martxan. Horrela, irakasle bakoitzak erabakiko du zer unetan erabili audioak, eskola gelditu beharrik gabe, irrati tradizionalarekin gertatzen ez den bezala.
Arte-galerietarako gidak: ikasleek artelanak sortu, eta horien ondoan QR kodeak jarriko dituzte. Horretarako, Voocaro eta Audacity aplikazioen bitartez grabatu eta editatuko dituzte audioak aurrez. Tableta eskuan, bisitariek koadro bakoitzaren audioa entzun ahal izango dute euren berri jakiteko.
Escape Room: aurretik aipatutako aplikazioen bitartez, Escape Room bat sortuko dugu. Pistak eta azalpenak QR kodeen bidez emango dira.
Ahozko ariketen grabaketa: Interneterako konexioa duen ordenagailu bat besterik ez dugu behar ahozko ariketak grabatzeko. Ordenagailu bat jarriko dugu mahai bakoitzaren erdian, eta, bi kliketan, gure ikasleen elkarrizketak grabatu ahal izango ditugu. Ikasle bakoitzaren elkarrizketa-erregistroak gordetzea ahalbidetzen digu aplikazioak; audioak grabatuta ditugunean, etxean lasai aztertzeko eta ebaluatzeko aukera izango dugu.

3. Corubrics: esku-hartzeak eta aurkezpenak objektiboki ebaluatzeko.
Googleren kalkulu-orrietarako osagarria da, guztiz doakoa, eta ebaluazio-errubrikak sortzeko prestatua. Google kontu bat sortu behar dugu martxan jartzeko. Oso tresna intuitiboa da, eta oso erraz egokitu daiteke gure ikasleen beharretara. Errubrika sortu ondotik, dokumentu partekatu bat sortu ahal izango dugu gure ikasleak ebaluatzeko, banakako edo taldekako ebaluazioa sustatzeko. Oso baliagarria da aurkezpenak, ipuin-
kontaketak edota ahozko edozein esku-hartze baloratzeko. Modu objektiboan, taldeka eta era eraikitzailean ebaluatzeko aukera ematen du. Ikasleek aurkezpen bakoitzaren txosten kualitatiboa eta kuantitatiboa (nota, alegia) jasotzen dute, eta badakite zer alderdi hobetu behar dituzten. Halaber, aukera ona da ahozko esku-hartze guztien erregistroa gordetzeko eta gure ikasleen aurrerapenaren jarraipena egiteko. Corubricsek abantaila ugari eskaintzen ditu beste tresna batzuekin alderatuta, hainbat ebaluazio mota planteatzeko aukera ematen baitigu:
Irakaslearen ebaluazioa
Parekoen arteko koebaluazioa
Ikaslearen beraren autoebaluazioa
Ondorioz, egun ditugun IKT baliabideak aztertu behar ditugu, eta ikuspegi berri bat eman behar diogu ahozko hizkuntza lantzeko dugun moduari. Inprobisazioa alde batera utzi, eta kontzienteki lan egin behar dugu; aipatutako aplikazio eta tresnei erabilera egokia emanez eta jarduerak aldez aurretik ondo prestatuz, betiere. Programa eta egokitzapen egokiak erabakigarriak izango dira arrakastarako baliabideak izan daitezen. Funtsezkoa da taldea ezagutzea eta haien beharren arabera konfiguratzea. Benetan diotsuet, behar bezala erabiliz gero, arrakastaren berme direla!

Bibliografia
- CALSAMIGLIA, H. eta TUSON, A. (1999). Las cosas del decir. Manual del análisis del discurso, Bartzelona: Ariel Lingüística.
- ZABALA ALBERDI, JOSUNE (2018). Ahozko komunikazioa irakastea. Norabide bat ahozko hizkuntzaren argitan. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
- AMONARRIZ GORRIA, K.; OSA, E., eta ARRUTI, I. (2004). “Ahozkotasuna ere ez-kurrikularrean hizkuntz proiektuaren markoan”, Soziolinguistika aldizkaria, 51: 137-158.
- GARCIA AZKOAGA, I.; IMAZ GAZTELURRUTIA, A.; DIAZ DE GEREÑU LASAGA, L., eta ALEGRIA SUSPERREGI, A. (2010). “Ahozkotasunaren irakaskuntza bigarren hezkuntzako testuliburuetan”. Tantak aldizkaria, 22.