Untzi Museoa

 
 

Untzi Museoa Donostiako portuan dago, Kontsulatuaren dorretxean. Eraikin hau XVIII. mendekoa da. Untzi Museoa euskal itsas ondarea eta historia zaintzeko, aztertzeko eta hedatzeko sortutako zentroa da. Helburu horiek lortzeko, hainbat arlo jorratzen ditu Museoak, hala nola hezkuntza ekintzak, ikerketa, argitalpenak, erakusketen ekoizpena zein itsas ondarea babeste eta berreskuratzea.

Museoaren bi solairu nagusietan iraupen luzeko aldi baterako erakusketak egiten dira, gai monografikoak jorratzeko, eta era iraunkorrean, urpekontzi baten barrukaldea tankera duen espazioan, “Itsas zabalean” bideoinstalazioa bisita daiteke. 15 minutuko iraupena duen ikusentzunekoa euskal historian zeharreko urpeko bidaia gisa planteatzen da.

Museoko Hezkuntza Zerbitzuak programa eta tailer pedagogiko desberdinak garatzen ditu publiko guztientzat. Zenbait programa didaktiko aldi baterako erakusketei daude lotuak eta beste batzuk era iraunkorrean eskaintzen dira:

•Bale arrantza. Antzerkia.
•Pasaiatik Ternuara, bakailaoaren atzetik.
•Elkano, nora hoa? Mahai jolasa.
•Arrantza erak. Tailerra.
•Ondarea zer den ikasten.
•“Donostia, itsas hiria”. Ibilbide historiko-literarioa.
•1813ko sutetik kanpo geratu zen hiri ondarea. Ibilbidea.