2001eko uztaila: II. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

hik hasik antolatutako II. Udako Topaketa Pedagogiko hauek ilusioz eta gogoz antolatzen hasi ginen. Iazkoa erronka gisa hartu genuen, gure aldizkariaren 50. zenbakiaren kaleratzea aitzakiatzat harturik. Apustu hark erantzun ezin hobea izan zuen, eta aurten ere topaketak antolatzera animatu gintuen.

Lehenengo aldiak izaten duen berritasun eta primiziarik gabe, aurtengo ikastaroek iaz adinako erantzunik izango ote zuten zen gure kezka. Aitzitik, matrikulatu kopurua ikusirik, iazkoa errepikatzera goazela esan daiteke. 600 pertsona inguru matrikulatu dira 20 ikastarotan, eta hizlari eta antolatzaileon artean 700 lagun inguru bilduko gara uztailaren 3, 4 eta 5ean Donostian.

Erantzun honek argi uzten du euskal irakaskuntzan gabiltzanok prestakuntza gosea daukagula. Eguneroko lana hobetzeko aukera emango diguten ikastaroak nahi ditugu, gure beharretara egokitutako ikastaroak. Hori jakinik, hik hasiren erronka dauden gabezia, hutsune eta kezkei erantzuna emateko aukera eskaintzea da, bai ikastaroen eta saioen bidez, eta baita elkarrekin egoteko topagunea sortuz.

Horrela, aurten 20 ikastaro izango dira, horietako bitan taldea bikoiztu delarik eskaerari erantzun ahal izateko. Hainbat gai eta arlo ukitzen dituzten ikastaroak dira, zehatzak eta praktikoak. Teoria arloa jorratzen da batzuetan, infomatika eta teknologia berriak beste batzuetan, gaurkotasuna eta kezka sortzen duten gaiaren ingurukoak dira beste zenbait, eta espresioarekin eta komunikazioarekin zerikusia duten ikastaro arinak beste zenbait. "Etorkinak eta kulturaniztasunaren trataera hezkuntzan" ikastaroa bertan behera gelditu da erantzun eskasa jaso duelako. Guk ilusio handia geneukan gaurkotasuna duen eta kezka sortzen duen gai hau lantzeko. Gero eta etorkin gehiago dago gure artean eta eskolan eman behar zaien trataera eta heziketa euskal ikuspegitik aztertu nahi genuen. Bruselan gai hau jorratzen ari diren pertsonak etortzekoak ziren. Baina, esan bezala, ikastaroa aurrera ateratzeko adinako erantzunik ez zuen jaso.

Goizeko lanari arratsaldeko saioek emango diote segida, modu lasaiagoan, baina gogoa duenari ikasteko eta esperientziak elkartrukatzeko aukera emanez.

Urte osoko lanaren emaitza ikustera goaz. Hilabeteetan jorratutako soroan uzta jasotzeko unea iritsi da. Jende askok lagundu digu soro horretan lurra prestatzen, hazia ereiten edota ureztatzen. Lerro hauetatik laguntza guztia eskertu nahi dugu, eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta EHUko Pedagogia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarena. Lehenengoarekin, iaz bezala, topaketen aurreko hasiera ekitaldia antolatzen jardun dugu. Gipuzkoako Foru Aldundia gazteen hizkera informalaren erabilera bultzatzeko egiten ari den lana, ikastetxeetako ahaleginarekin lotu nahi izan dugu, eta aurkezpenean Joxerra Garziak eskainiko duen hitzaldia izango da horretarako bide emango duena. Pedagogia Fakultateko aipatu sailaren aldetik, ostera, ikastaroetarako lekua aurkitzeko eta egokitzeko garaian jaso dugun jarrera, laguntza eta prestutasuna ere benetan eskertzen ditugu.

Eta orain, uzta jasotzeko garaia iritsi denean, argi utzi nahi dugu ez dugula guretzako nahi uzta hori, denon artean banatzeko baizik. Ikastaroetan parte hartzen duzuen guztion artean eta interesa agertzen duen edonoren artean banatu nahi dugu. Atera bekio bakoitzak ahal duen etekinik handiena, bai berarentzat eta baita, oro har, euskal hezkuntzarentzat ere. Horrela, gero eta soro handiagoa, oparoagoa eta aberatsagoa izango dugu. Ahalegin horretan jardun du hik hasik orain arte eta hemendik aurrera ere hala jarraituko du.

Ikastaroak