2002ko uztaila: III. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

III. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak hastear daude. Aurten ere hiru egunetan zehar elkarrekin jarduteko eta ikasteko hitzordua egina daukagu. 765 lagunek eman dute izena eta 31 ikastaldetan banatuko dira. 70 hizlari arduratuko dira edukiz betetako saio atsegin, praktiko eta landuak eskaintzeaz, hots, uda sasoiari egokitutako ikastaro erakargarri bezain baliagarriak emateaz.

Aurtengo topaketen ezaugarrietako bat ikastaro kopurua da. Lehendabiziko urtean 12 ikastaro eskaini genituen; iaz 22ra igo zen kopurua; eta aurten 30era. Igoera horrekin aukera zabaldu nahi izan dugu; teoria pedagogikotik hasi eta teknologia berriei, gorputz espresioari, hizkuntzari, zehar lerroei, gai espezifikoei eta ikastetxeko proiektuei egin diegu leku eta bakoitzaren barruan hainbat ikastaro prestatu ditugu. Abanikoa zabaldu egin dugu eta jaso dugun erantzunak egokia izan dela baieztatu digu.

31 ikastaldeetatik 26 guztiz euskaraz dira, eta gainontzeko bostetan gutxienez erdia euskaraz. Horixe da, hain zuzen ere, topaketen beste ezaugarri garrantzitsua. Euskal irakaskuntzan gabiltzanon prestakuntzak ere hizkuntza berean izan behar duela uste dugu, eta usteak erdi ustel geratu gabe, ezaugarri hori bermatu egin dugu.

Topaketen eskaintzen diguten abagune hau euskal irakaskuntzan zabiltzaten guztiok omentzeko aprobetxatu nahi dugu. Gaur egun jasaten ditugun erasoen aurrean tinko jarraitzen duzuen irakasle eta profesional guztion lana eta proiektuak azalaratu nahi ditugu. Gure babesa eta bultzada luzatzearekin batera, egunero-egunero burutzen duzuen lana errekonozitu eta omendu nahi dugu. Aurtengo topaketen hasierako agurra zuentzat da, eta Joxan Ormazabalek, ikasle baten ahotan jarrita, bereziki zuentzat prestatu duen olerki hau ere bai. Animo eta segi horrela!

Bide bat

zabala, estua

laua, malkartsua

euskaraz pausoa.

Denok bidaiari

zuek gidari

andereño edo maisua

itzal ez dadin

euskararen sua.

Lagundu

irakatsi

hezi

bidean hainbat lore

hainbat hesi.

Orain eta hemen

bide ertzean

atseden hartzean

jakin ezazue

zuen oroitzapena

gorderik daramagula buruan

eta zuen maitasuna

bihotz-bihotzean.

Ikastaroak