2004ko uztaila: V. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

Uztailaren lehen bi egunetan izango dira V. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak Donostian, hik hasik eta EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak antolatuta. Ikasturte amaierako osagai bat gehiago bilakatu dira dagoeneko, eta horren lekuko dira parte hartuko duten 700 lagunak. Neska-mutilik gabe eta gremioko beste lankideekin elkartuta, gehiago ikasteko, bizitzeko eta esperimentatzeko gogoz daudenak, denak ere.

31 ikastaro jarri dira aukeran aurten, eta batzuk aurrera aterako ez badira ere jende gutxik eman duelako izena, beste batzuk gainezka egin dute, hala nola;"Zer egin dezakegu gelan haur hiperaktibo eta arreta gabeekin?", "Ordenagailuaren erabilera musika gelan", "Neobook", "Klarionatik sagura", "Ipuinak nola kontatu", "Haurrentzako masajea" eta "Psikomotrizitatea". Interes asko piztu dute "Estresa irakaskuntzan: irakasleak eta ikasleak", "Idatziko hizkuntzaren trebaketa prebentiboa", "Heriotza heziketan" eta "Bideoa"ikastaroek ere, eta gisa berean informatikakoek. Espezializatuagoak diren beste eskaintza batzuk ere egin ditugu, taldea osatzerakoan zailtasunak izateko arriskua ikusi arren, interesgarria iruditzen zaigulako ekarpen askotarikoei atea zabaltzea. Urteroko apustuak izan ohi dira.

Ikastaroen artean bada indar berezia eman nahi izan diogun bat: "Modenako (Italia) 0-6 udal haur eskolak". Adin horretako haurren heziketa eta asistentzia hizpide izan dira azken urteotan eta 34 urteko esperientzia duten italiarrek zer kontatua izango dute. Ongi funtzionatzen duten eskolak dira, herrian erreferentzia bihurtu direnak, eta guretzat baliagarri izan daitezkeen hainbat gauza azalduko dituzte.

Aldaketen artean, ordutegiarena aipatu behar dugu. Izan ere, ikastaroak bi egunetan eta goiz eta arratsaldez egingo dira aurten, egutegi kontuak direla-eta horrela moldatu beharra egokitu delako. Izango da aurreko urteetan bezala hiru egunetan eta goizez soilik egitea nahiago duenik, eta baita bi egunetan goiz eta arratsaldez egiteari abantaila gehiago ikusten dionik ere. Zuen iritziak kontuan hartuko ditugu hurrengo urteetarako, denon artean ahalik eta zukurik gehien ateratzeko topaketei.

Beste behin ere, ikasteko aukera emateaz gain, elkartzeko eta biltzeko gune bat eskaini nahi izan dugu, topagune bat, alegia. Seguru gaude denon artean giro ezin hobea sortuko dugula eta elkarrekin gozatzen eta ikasten asmatuko dugula.

Ikastaroak