2005eko uztaila: VI. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

Uztailak 4, 5 eta 6. Egun seinalatuak izango dira Hik Hasirentzat eta inguruan bilduko diren guztientzat. Batetik, VI. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak egingo direlako Donostian. Eta bestetik, Hik Hasi aldizkariaren 100. zenbakiak argia ikusiko duelako.

100. alea kalean izateak Hik Hasik 10 urteko ibilbidea egin duela esan nahi du. 10 urte. Inork gutxik uste zuen hainbeste iraungo zuenik. Beharrezkoa ikusten zen euskal heziketari edo irakaskuntzari buruzko aldizkari bat edukitzea. Askok somatzen zuten horrelako tresna baten premia. Baina aldi berean, apustu zaila edo bideragarritasunik gabea zela uste zen orokorrean. Inork ez zion etorkizun handirik ikusten.

Urteak pasa ahala, uste hori bere horretan gelditu da; usteak erdia ustel. Aldizkaria hilero-hilero iritsi da ikastetxe guztietara eta harpidedunen postontzietara. Azken horiekin gogoratzen gara bereziki 10 urte pasa eta gero. Hik Hasi proiektuaren oinarrizko zutabe zarete zuek, harpidedunok, eta bihotzez eskertzen ditugu zuen ahalegina eta babesa.

Aldizkariaren inguruan beste hainbat proiektu eta ekimen ere sortu dira, eta horietako bat Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak. Aurten seigarren aldiz bilduko gara Donostian ikastaro sorta baten inguruan. Ikasturte amaierako lanaren zama arinduta, beste umore eta filosofia batekin elkartzen gara urtero.

Beharrak eta gabeziak ikusita, eskaintza zabala eta anitza egin dugu aurten ere, interesak ere hala baitira. Eta betiko gure erronkari eutsiz, nola ez: euskarazko ikastaroak izatea. Oraindik ere gaztelaniaz edo frantsesez eskaintzen diren ikastaroak gehiago dira, eta euskal irakaskuntzan euskaraz lan egiten dugunez, funtsezkoa iruditzen zaigu prestakuntza ere euskaraz jasotzea. Horra hor Hik Hasiren erronka eta ekarpena.

Lanaren ondoren atseden hartzea gogoko izaten dugu, eta elkarrekin posible bada, hobe. Asmo horrekin antolatu dugu aurten ere azken eguneko bazkaria. Boligrafoa, papera eta ordenagailua utzi, eta platerak eta edalontziak dituen mahaiaren inguruan biltzeko aukera dugu. Ikastaroan ikasitakoak komentatzeko, besteei erakusteko, haiek egin dutenaren berri jasotzeko eta beste hamaika kontutarako tarte aparta ematen du bazkariak eta bazkalosteak. Ondo hasitako gauzak ondo bukatu behar omen dira. Eta 10. urte honek merezi du.

Ikastaroak