[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

Maria Montessori, mendea bete duen pedagogia aurrerakoia 2017-02-07

Magisteritza ikasi ostean, atzerrian Maria Montessoriren pedagogia-ereduan formatu ostean, euskaraz lan egiteko gogoz, Aiurri Montessori-eskola ireki dute ikasturte honetan Gasteizen 6 urte bitarteko haurrentzako. Duela mende bete iraultzailea izan zen pedagogo italiarraren metodoak aurrerakoia izaten jarraitzen du gaur egun mundu osoan, askatasunean, errespetuan eta material eta ingurune egokituan oinarriturik, haurra delako bere hezkuntza-proiektuaren ardatz. Haurraren neurrira eginiko eskola da Jundizekoa, non esperimentazioaren, eguneroko bizitza errealaren eta Montessorik berak diseinaturiko material sentsorialaren bidez eta gida bide-lagun duelarik, haurrak bere beharren eta erritmoaren arabera ikasten duen eta garatzen den.

Magisteritzako ikasketetan ikusi zuten Malen Olaldek eta Nagore Pitillasek “haurrarekiko errespetuan eta askatasunean oinarritzen zen pedagogia” zela eurak asetzen zituena, eta ez oro har hemen hedatua dagoen hezkuntza-eredu tradizionala. Biak Rebeca Wilden bidez iritsi ziren Maria Montessoriren pedagogiara, Olalde Wilden liburuetatik eta Pitillas Pestalozzitik bertatik. Maria Montessoriren hezkuntza-eredutik haurrak zer-nolako askatasunean bizi diren egiten zitzaion erakargarri Pitillasi. Limiteak argi dituen askatasuna da ordea, Montessoriren pedagogia-ereduak oinarrian duen askatasuna, Olaldek zehaztu bezala. Autorearentzat askatasuna haurra autodiziplinan eta independentzian formatzeko bitarteko bat da: “Lehen haurtzaroko hezkuntzan, askatasuna nortasunaren garapenari mesede egiten dion baldintza gisa ulertu behar da, ikuspuntu fisiologikotik nola psikologikotik; eta eragiten dio kontzientziaren garapen libreari ere. Hezitzaileak, ondorioz, bizitzaren gurtze sakon batean inspiraturik, haurtzaroko bizitzaren nolakotasunari interes humano sakon batetik begiratu beharko lioke. Haurtzaroko bizitza ez da abstrakzio bat: haur bakoitzaren bizitza da”.

Indian formatu zen Pitillas Montessori-gida izateko, eta AEBetan egin zuen ondoren lan; eta Olalde Londresen formatu zen eta Costa Ricara joan zen ondoren lanera. Gasteiza etorri eta Ibone Del Pozo eta Nerea Peralesekin —Katalunian formatuak dira biak— Aiurri Montessori eskola sortu dute ikasturte honetan Gasteizen, Montessori sistemaren bidez euskaraz irakasteko gogoz. Iazko irailean ireki zuten Jundizen ikastetxea, 6 urte bitarteko haurrentzat. 3 urte bitartekoak Haurren Etxean elkartzen dira Del Pozo eta Peralesekin —gaur egun 6 daude, baina 15entzako lekua dago—, eta 3tik 6ra bitartekoak Haurren Komunitatean elkartzen dira, Olalde eta Pitillasekin —12 haur daude eta 25entzako lekua dago—.

Lan itzela izan zen maiatzetik irailera eskola prestatzea, eta irekitzea, baina biziki motibagarria. Jundizko industriagunean eraikia zegoen eskola atondu, material guztiak aukeratu, erosi, prestatu eta asko eurak egin dituzte. Egitasmo pedagogikoa antolatu, matrikulazio- eta aurkezpen-lanak egin, homologazioa erdiesteko hilabete luzetako prozesu burokratikoan murgildu... “baina egunero-egunero hona lanera etortzea aukera zoragarria da —azaldu du Del Pozok—, eta haurrak zeinen gustura etortzen diren ikustea, benetan motibagarria”.

Maria Montessorik ikuspuntua aldarazi zuen

Aurrerazaletzat kontsideratua bada ere, mende bete du Maria Montessoriren pedagogiak. Haatik, azken urteetan loraldi bat bizi du: ikastaroak, tailerrak, sare sozialetan blogak eta atariak... Montessoriren filosofia eta materialak bogan daude. “Baina izen hori daraman guztia, ez da Montessori —azaldu du Olaldek—.”

Montessori-eskolak mundu osoan zabalduak daude gaur egun, asko eliteko eskolak dira, baina sorburuan Maria Montessorik (1870-1950) Erromako aldirietako haur pobreekin eta ezinduekin garatu zuen askatasunean eta limiteetan, estimulazioan eta errespetuan, eta, bereziki, haurrarengan oinarritzen den hezkuntza-sistema aurrerazale hau. Montessori Italian Medikuntzan lizentziatu zen lehen emakumea izan zen, eta filosofiatik, psikologiatik eta antropologiatik edan zuen pedagogiara iritsi aurretik, humanista handia zen, kristaua eta feminista. 1898an arazoak zituzten haurrekin lanean hasi zen, eta han ikusi zuen ume haien problema ez zela medikoa, pedagogikoa baizik. Haiei laguntzeko behatzen hasi zen, haurren natura ulertu nahian. 1907an lehen Haurren Etxea ireki zuen Erroman, eta bi urte geroago Montessori-gida izateko lehen ikastaroak eman zituen, eta mundu mailan hasi ziren eskolak irekitzen. Italian bertan zabalkunde handia izan zuen Montessorik idatziriko pedagogiak, Benito Mussolinik haurrak entrenatzeko erabili baitzuen haren metodoa, eta halatsu Adolf Hitlerrek Alemanian, Montessorik berariaz Mussoliniren laguntza ukatu zuen arte, eta bi diktadoreek euren herrialdeetako Monte-ssori-eskola guztiak itxi arte. Montessorik Kataluniara ihes egin behar izan zuen, eta ordutik hainbat lekutan, hala nola, Herbeheretan, AEBetan, Indian... bizi izan zen.

Maria Montessorik honela zehaztu zuen bere pedagogiaren muina: “Hezkuntza berriaren oinarria haurraren beharrak kontuan izan eta, bere bizitza osoki gara dezan, premia haiek asetzea da”. Hezkuntza tradizionalaren helburua “haurra etorkizun batean bizi behar zuen bizitza sozialerako prestatzea” zela zioen Montessorik, “Haurra ez da ez giza-pertsonalitate, ez gizaki-sozial gisa hartzen, etorkizunean nor izatera iritsiko den izaki bat da, eta formatua ez dagoen bitartean, pedagogia zaharrarentzat, haurra ez da ezer. Baina ez, haurrak nortasun askea du, gizaki guztiek bezala”.

Askatasuna, limiteak eta errespetua

Askatasunarena da Maria Montessoriren pedagogia-ereduaren printzipio nagusietako bat, eta Aiurri ikastetxeko gidak erakarrri zituen kontzeptu nagusia ere bai. Baina askatasun hori limiteekin bat eginik dator, Olaldek argitu bezala: “Haurrak askatasuna behar duen bezalaxe, limiteak behar ditu seguru sentitzeko. Eta lehen limitea da nire askatasuna bukatzen dela zurea hasten denean. Limite horiek guztiak, ordea, errespetuan oinarritzen dira: norbere buruaren errespetuan; gainontzekoekiko errespetuan bigarrenik, eta ingurunearekiko errespetuan hirugarrenik (materiala zaintzea, ingurunea zaintzea...)”. Errespetua baita, izan ere, Monte-ssoriren metodoaren beste hitz gakoetako bat: batetik aipatu berri dugun errespetu hirukoitza (norbere buruarekiko; hurkoarekiko eta ingurunearekiko) eta, bestetik, haurrarekiko errespetua da pedagogia-eredu hau berezi egiten duen gakoetako bat: “Haurren beharrak, interesak eta erritmoak errespetatzea da Montessoriren metodoaren muinetako bat —Pitillasen hitzetan—. 6 urte bitarteko haur hauek —eta nagusiagoek, eta helduok ere— beharrak dituzte, korrika egiteko beharra dute, oihu egiteko beharra... ez da kapritxo bat; beraz, behar hori mozten badiegu, korrika egiten uzten ez badiegu, edo mugitzeko aukeraren bat ematen ez badiegu, ondorioak izango ditu, ez du, adibidez, lan egiteko gogorik izango. Haurraren mugimendua errespetatzea, interesak errespetatzea, bere heziketa-prozesua errespetatzea da. Montessorik idatzia utzi zuen, ‘ez iezadazue niri jarraitu, jarrai iezaiozue haurrari’”.

Montessorirentzat haurra ikasketa aktiboaren bidez heltzen eta hezten da, pedagogoarentzat haurra izaki aktiboa baita a natura. Hartara, hezkuntzaren egitekoa haurrak dakarren jarrera hori, gizaki bezala osotasunean eta armonian errealiza dadin, gidatzea eta orientatzea da. Haur bakoitzari, bizi-tzako alor guztietan, bere gaitasunetan garatzen laguntzea da Montessoriren hezkuntza-helburua. Gaitasun sozial eta emozionalerako, jabekuntza fisikorako eta jardun akademiko eta intelektualerako prestaketa kognitiborako bideratuak daude beraz, Montessori-eskolako jarduerak.

Horretarako guztirako, giden laguntza daukate haurrek: Del Pozo, Perales, Pitillas eta Olalderena, “gu ez gara irakasleak, gidak gara”. Montessori-eskoletan, gida bat eta laguntzaile bat egoten da haurrekin, gidak hala eskatzen duen haurrari arreta osoa eskaintzen dion bitartean, laguntzaileak gelako gainontzeko haurrak artatzen ditu. Aiurrin, ordea, laurak dira gida formatuak, eta egunez egun txandatu egiten dute gidaren eta laguntzailearen rola. “Gure lana, lehenengo, behatzea da —azaldu du Pitillasek—. Eseri eta haurrak behatzen ditugu: nola sartzen diren gelan, zer material aukera-tzen duten, edo aurretik zenbat kostatzen zaien material bat aukeratzea —aukeratzen ikastea bera prozesu bat baita—, material batekin zenbat denbora daraman behatzen dugu, zer material eskain diezaiokegun haren interesa asetzeko... Hezitzaileok bigarren planoan jartzen gaitu Montessoriren pedagogiak, erdigunean haurra dago, haurra baita bere ikasketa-prozesuaren protagonista”. Honela idatzia utzi zuen Montessorik 1909an: “Gure sisteman hezitzaileak, aktiboa baino gehiago, pasiboa izan behar du, eta bi osagai dituen pazientzia behar du, jakin-min zientifiko handia eta behatu nahi duen fenomenoarekiko errespetu erabatekoa. Haurtzaroan bere dizdira intelektualarekin agertzen den gizatasuna, begirune erabatekoarekin errespetatu behar du gidak”.

Egunik egun, hilabeterik hilabete, kurtsorik kurtso, haurrak adinean aurrera doazen neurrian, gidaren parte-hartzea gero eta txikiagoa izatea da helburua. “Gidak gero eta pasiboagoak izatea da asmoa, eta haurrak gero eta aktiboago euren ikasketa-prozesuan” —azaldu du Olaldek.

Behaketaren ondorioz, gida formatuak jakingo du haurrak unean unean zer interes duen eta elikatuko du haren hezkuntza- eta garapen-prozesuan aurrera egiten laguntzeko. Izan ere, Montessorik zioen haurrek sentiberatasun bereziko garaiak igarotzen dituztela, 0-6 bitarteko epean haurrek adimen xurgatzailea dutela zioen, interes eta jakinmin bereziko etapak, “haurrek gaitasun eta posibilitate handiak erakusten dituzten garaiak dira. Esate baterako, haur bat une batean ariketa konkretu batean interesatzen da biziki, adinean aurrerago eginaraztea alferrekoa litzatekeen jardueran. Energia guztia ariketa zehatz horretan kontzentratzen duenean, haurra denbora luzez murgiltzen da jardueran eta zehaztasun eta pazientzia ikaragarriz exekutzaten du, helduak ere imitatu ezingo lukeen zehaztasunez. Garai sentibera horretan funtzio bat beregana dezake, edo gaitasun batez modu perfektuan jabetu daiteke, esate baterako, garai batzuetan soilik barneratzen dira hizkuntza baten soinuak, eta jabe daiteke hizkuntzaz betiko primeran. Hezkuntzan garai sentibera hauek baliatzen baldin badira, emaitza ikaragarriak lortzen dira, inteligentziaren progresio jarraiari eta uniformeari loturiko aurreiritziekin zerikusirik ez dutenak”.

Montessori-gidak, behaketaren bidez garai horiez jabetu eta haurren garai bakoitzeko interesa elikatu behar dute aproposa den materiala, jarduera edo ekintza proposatuz. Horixe da, Aiurriko lau giden arabera, hezkuntza-sistema honen erronkarik zailena, “unean-unean haur bakoitza nola dagoen behatzea, zer interes duen eta nola elika daiteken aztertzea eta proposamen estimulagarri bat egitea” —Del Pozoren hitzetan—. Baina, era berean, Montessorik berak, gako horretan ikusten zuen bere metodoaren arrakastaren oinarria.

Bere hezkuntza-helburua lortzeko, eta haurrek garai sentibera bakoitzean duten interesa elikatzeko, printzipio didaktiko batzuk ezarri zituen Montessorik: Espazioaren antolaketa, ingurune eta material egokitua haurren interesen arabera (garapen-aldi bakoitzari loturiko interesa), eta haurrarengan zentraturiko didaktika (aktiboa beraz, indibiduala eta ikertzailea).

Esperimentaziotik dator jakintza

Aiurriko espazio osoa zaindua da. Ederra da. Goxoa. Armoniotsua. Ordenatua. Estimulgarria zinez. Eta natura deitzen du. Bost txokotan atonduak daude Haurren Etxea eta Haurren Komunitateko gelak: bizitza praktikoa; ingurune sentsoriala; lengoaia; matematikak eta artea. Haurren Etxean sartu eta berehala eskailera hori bat dago, eta ispilu bat aurrealdean. Haurtxoak bere burua proban jarriko du eskaileretan gora eta behera, psikomotrizitate lodia landuz, eta ispiluan jarraituko ditu bere mugimenduak, bere burua eta gorputza ezagutuz, gaitasunez eta ezintasunez jabetuz. Ondoan, hainbat material ditu bere tamainan, bere eskura. Montessorik berak sorturiko piezak dira, puzzleak, irudi geometriko eta kolore primarioetako material sentsorialak, enkajatzeko piezak, barneratzeko zilindroak... psikomotrizitate fina lantzeko. Ondoko gelan —Haurren Komunitatean— antzeko materialak izango dituzte, baina konplexuagoak. Manipulazioaren esperientziak dakar jakintza intelektuala. Beste txoko batean eguneroko bizitza praktikoko elementuak dituzte: botoiak lotzeko eta askatzeko oihaldun markoak; kremailerak... norbere burua zaintzeko txokoa, eskuak eta arropak garbitzeko txokoak... Lengoaia lantzeko materialak daude ondoan, beti ere objek-tu edo animalia errealetatik abiaturikoak... “Lengoaiarekin hasiera-hasieratik hasten gara lantzen, guztiari hitza jartzen baitiogu, bai bizitza praktikoko gauzak egiten ari direnean edo baita material sentsorialekin lanean ari direnean ere”. Euskara eta ingelesa dira ikastetxean erabiltzen dituzten hizkuntzak, gida batek euskaraz egiten die haurrei eta besteak ingelesez, bi hizkuntzak barneratzen joan daitezen.

Hezitzaileen arabera, lanik handiena, une oro haurren erreferente eta eredu izatearekin batera, anbienteak ondo pentsatzea eta prestatzea da. Halaxe adierazi zuen Monte-ssorik berak ere: “Hauxe da arazo berria: haur gogotsu eta aktiboarentzat egokituriko anbientea prestatzea. (...) Materiala eta ingurunea egokitzean, modu analogoan, estudioa ari gara bideratzen, trebezia intelektuala. Gure metodoak tradizio zaharrak hautsi ditu: haurra geldi egotera behartzen duen bankua kendu du eta irakaslearen plataforma kendu du, hezitzaileak ez baitu gehiago ohiko metodoetan beharrezko diren leziorik eman behar. Gauza hauek eraldaketa sakonago baten azaleko lehen ekintza dira, haurrari bere joera naturalen arabera libreki ekiten uztean oinarritzen den eraldaketa”.

Bizitza praktikoari eskainitako alorra eta material sentsomotrizarekin atonduriko txokoa erabiltzen hasten dira haur txikiak lehen-lehenik, eta, ondoren, oinarrizkotik material konplexuagoetara, konkretutik abstraktura igarotzen dira, haur bakoitza bere erritmora, apurka matematiketara iritsiz. “Baina guztia prozesu bat da —adierazi du Olaldek—, ikasketa-prozesu bat; adibidez, bizitza praktikoaren txokoan edo sentsomotrizean erabiltzen dituzten objektuek 10eko oinarria dute, —dorre arrosak 10 aldeko 10 kubo ditu, adibidez—, irudi geometrikoak erabiltzen dituzte txikitatik... horrela urrats bakoitza hurrengorako prestaketa bat da”.

Guztiak material errealekin eta naturalekin osaturiko txokoak dira, armoniotsuak, eta ikerketa estimulatzen dutenak. Begietara ederrak. Eta haurren neurrikoak dira. Espazioak, Montessorirentzat haurren behar eta gaitasun fisiko eta psikologikoak ase behar baititu. Material eta esperientzia aukera zabal bezain zaindua eskainiko dituen ingurune egokitua da pedagogiaren beste oinarrietako bat. Montessoriren aburuz, “haurrak bere independentzia eskuratzeko eta libre izaten ikasteko, haurrarentzat ingurune estimulagarri eta natural bat egokitzea da bidea, bere burua eraikitzeko aukera izan dezan deskubrimendu pertsonalaren bidez”.

Espazioak eta material gehienak antzekoak dira Aiurrin eta munduan zehar barreiatuak dauden ehunka Montessori-eskoletan, antzekoak baina bereiztasunekin: tokian tokiko kulturak, idiosinkrasiak eta ekosistemak bereizten ditu haurrei eskaintzen zaizkien materialak: “Txartelak erabiltzen ditugu, adibidez, objektuak eta izenak erlazionatzeko; animalien kasuan, esate baterako, hemen bertan aurki ditzaketen intsek-tuak dituzte txarteletan; garraiobideen txarteletan, berriz, Gasteizen ikus ditzaketenak...” eta antzera, artearen txokoan aurki ditzaketen instrumentu, ipuin eta materialak ere, “Montessoriren beste printzipioetako bat da tokian tokiko kulturari garrantzia ematea”.

Baina txoko batek ez du zentzurik ondokoa gabe, guztiak orokortasunean hartzen du zentzua. “Osotasunean egiten dugu lan —azaldu du Pitillasek—. Haurrari ere osotasunean begiratzen zaio, hori izan zen Montessoriren beste ekarpenetako bat”.

Materialak dira eskola honen bereizgarrietako bat. Arreta deitzen dute sartu eta berehala. Txukun eta ordenaturik, guztiak haurren neurriko apalategietan, eskura. Maria Montessorik eta bere kideek urtetan egindako ikerketaren emaitza dira, pentsamendu logikoa eta ikerketa estimula-tzeko tresnak dira, sinpleak baina erakargarriak. Material sentsorialak garapenaren etapa honetako haurren beharrei erantzuten dio, psikomotrizitatea eta inteligentzia lantzeko. Ikusmena, dastamena, entzumena, ukimena, garapen termikoa, muskularra... lantzeko aukera ematen duten materialak daude, zilindroak enkajatzea, kuboen eta prismen dorreak eraikitzea, koloretako listoiekin eskailera eraikitzea, figura poligonalen eta esferikoen enkajatzea, telak, buztina, kristalezko pitxerrak... etabar dute eskura. “Kanpoko mundua dago hemen —Pitillasen hitzetan—, mundu erreala”. Haurrak aukeratu duen material hori, edo horretarako prest ez badago bere interesekoa izan daitekeen aurreko material bat, edo errazegia bada konplexuagoa den bat, aurkeztu egingo dio gidak, aurkezpen formal baten bidez materialaren nolakotasuna azalduko dio haurrari, ondoren, berak manipula dezan, proba egin dezan.

Lanak, normalki indibidualak izaten dira, baina komunitateak garrantzi handia dauka eskolan. Olaldek jarri du elkarlanaren adibidea: “Dilistak ontzi batetik bestera pasatzen ari den haurrari elikagaia lurrera erortzen bazaio —gaur goizean gertatu den bezala—, berehala datoz beste lau haur laguntzera”. Banakoa eta komunitatea baititu jomugan Montessoriren hezkuntza-programak, 1914an Nazioarteko Montessori-ikastaroan esan zuen bezala: “Biologiari dagokionez, guk banakoaren garapen naturalari lagundu behar diogu; eta ikuspuntu sozialari dagokionez, berriz, banakoa preparatu behar dugu ingurunerako. Hezkuntzaren bi fase horiek beti elkarrekin lotuak daude, eta bata edo bestea aurretik jarriko da, haurraren adinaren arabera”.

Haur bakoitzak, egunean zehar, bere interesaren arabera egiten du lan material batekin edo bestearekin, txoko batean edo bestean, Olaldek azaldu duen eran: “Haurrek, berez, alor guztiekin dute interesa, izatekotan material batekin edo bestearekin ez dute edukiko interesik, eta, hortaz, gure lana izango da erakargarriago zaion zerbait aurkeztea, alor bakoitza lantzeko; adibidez, Matematikak lantzeko material asko baitaude”. Material horiek autozuzenduak dira, eta gidak ez dio jarduera “ondo” edo “gaizki” egin duen esango. “Guk ahalik eta gutxien erabiltzen dugu “ondo” edo “gaizki”; haur bati ura pitxer batetik bestera pasatzean erori egin baldin bazaio, joan eta garbitu egingo du; ez da gaizki egin duela, baizik eta ikasten ari dela. Ez dugu nahi haurrak gure onespena bilatzea; baizik eta bakoitzak bere buruarekiko onespena eta ziurtasuna dira garrantzitsuenak; beregandik gogoa piztea egindakoa hobetzeko”.

Norbere gogoa eta interesa ikasketa-prozesuan funtsezko estimulagarri dira. Baina baita ondokoak lanean ikustea ere. Adin ugari daude bi geletan nahasturik, eta 3 urtekoak 6 urteko haurra irakurtzen ikustea, adibidez, lanari ekiteko estimulu garrantzitsua da haurrentzat, garapen intelektualaren pizgarri ez eze, garapen sozial eta emozionalerako akuilu da. “Hori oso printzipio aberatsa da —Olalderen aburuz—. Bizitza horrelakoa da, ez gaude adinetan bananduak, eta hori oso aberasgarria da elkarbizitzarako eta ikasketarako. Handiek lagundu egiten diete txikiagoei, eta txikienek imitatu egiten dituzte handienak. 3 urteko haur bat 5 urteko haur bat letra baten soinuak esaten ikusten duenean, letrak elkarrekin jartzen eta irakurtzen ikusten duenean, 3 urteko haur hori oraindik lengoaia idatzia eta irakurketa lantzen hasi ez bada ere, gutxinaka bere burua prestatzen ari da besteak ikusiz, eta interesa pizten zaio. Guztiak 3 urteko haurrak izango bagenitu, hori ez zen gertatuko. Gidak gero eta rol pasiboagoa hartzen dugun neurrian, beste haurren esku-hartzea handitzen doa, eta adin desberdintasun hori beharrezkoa da. Behin berriro, eskolan gertatzen dena errealitatearen isla da”. Emozioek leku handia dute Aiurrin, “eguneroko bizitzan, berez, lekua dutelako —Pitillasek dioen bezala—. Haurrak nola sentitzen diren, baina helduok ere nola sentitzen garen azaltzen dugu, gu ere gela honetako parte baikara, eta eurek ere euren emozioak sentitzeko eta ulertzeko, triste ote dauden edo nekatuta ote dauden azaltzeko, gu ere nola sentitzen garen azaldu behar dugu”. Ipuinak dituzte, bereziki, emozioez jarduteko tresna.

Egun bat Aiurrin: programaziorik gabeko ikasketa

Eguna goizeko bederatzietan hasten da Jundizko ikastetxean, nahiz eta haur batzuk lehenago gelditzen diren zain- tzan. Haur bakoitzak, egunean zehar, bere interesaren arabera aukeratzen du jarduera, materiala, txokoa. Egunak ez dauka programarik aurrez diseinaturik. Haurren Etxean hamaiketakoa egitera elkartzen dira ordu horretan. Del Pozok azaldu duen eran, haur bakoitzak manteltxoa eta kubiertoak jartzen ditu, eta elkarrekin jaten dute fruta, jogurta edo dagoena. Haurren Komunitatean 10etan zerbitzatzen dute jana, fruta, jogurta, humusa ogiarekin... eta haurrek eurek zerbitzatzen dute nahi dutena goiz osoan zehar, eta banaka, binaka... jaten dute, baina nahi ez duenak ez du jaten. “Hamaiketakoa ere beren burua ezagutzeko garaia da, beste modu bat da: noiz daukaten gosea eta noiz ez ikustekoa, zer gustatzen zaien eta zer ez...”.

11:30etatik 12:30etara kanpora ateratzen dira Haurren Komunitatekoak. Bi belaze dituzte, eskolaren alde banatan, Waldorf materialarekin atonduak. Baina lehenago atera nahi duenak ere badauka aukera —gehienez bi atera daitezke aldiko—. “Ateratzeko beharra daukanari aukera eman behar zaio —kontatu du Pitillasek—; hemen barruan ezin dute korrika egin, edo jauzi edo oihu... baina horretarako premia daukan umeari aukera eman behar zaio, gainera, bestela ez da gauza izango lanean kontzentratzeko”.

Eta hau guztia, haurren ikasketa-prozesua eta Maria Montessoriren sistemaren oinarriak, gurasoei komunikatzen dizkiete lau gidek. “Gurasoekin dugun komunikazioari garrantzia handia ematen diogu —azaldu du Olaldek—. Egunean egunean, haur bakoitzari buruz eman dezaketen eta eman dezakegun informazioa garrantzitsua da, berandu esnatu dela, edo gaizki lo egin duela... informazio horrekin guk uler dezakegu haurra nola dagoen gelan... eta alderantziz, guk haur baten inguruan gelan sentitu duguna ere komentatzen diegu”. Dena den, onartzen dute hezkuntza-eredu tradizionaletik Montessori-eredura “deseraikitze” lan bat egin behar dela, baita gurasoen kasuan ere. “Haurrak, erabakiak eta aukerak egiteko ikasten joan behar duenez, gurasoak ere animatzen ditugu etxean hala joka dezaten, eskolaren eta etxearen artean harreman bat egon dadin. Etxean denbora guztian zer egin behar duen esaten badiote haurrari, posible da eskolan gero galdua sentitzea... Hezkuntza oso estriktotik erabateko libertinajera pasa garenez, garrantzitsua iruditzen zaigu, guk hemen askatasun eta limiteen artean, nola egiten dugun lan azaltzea”.

Hurrengo erronka homologazioa lortu eta Aiurri Lehen Hezkuntzara zabaltzea da. Maria Montessorik, berez, lehen haurtzarorako idatzi zuen bere pedagogia, baina bere kideek, mundu mailan, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak pentsatu eta garatu dituzte. “Gure haurren ikasketa-prozesuari jarraipena eman nahi diogu –azaldu du Del Pozok–.”

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra