[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

Kontratu mugagabe berria 2017-03-09

*Leire Bilbao idazlearen eskutik 

Ama gaztea lanerako jantzi da. Bi urteko semearen atzetik korrika irteteko oinetako erosoak. Sei hilabeteko umeari bularra emateko kamiseta zabala. Eta ilea mototsean bilduta, txikia besoetan hartzean trabarik egin ez diezaion. Kontratu mugagabe berria baitu amatasuna.

Ama gaztea mentalki errepasatzen ari da goizean egin beharreko etxeko-lanen zerrenda. Eskegita dagoen arropa jaso, labadora bigarrenez jarri, fruta eta pixa-oihalak erosi.

Ama gaztea lurrean botatako kuxinak eta jostailuak jasotzen jarri denean, txikia negarrez hasi da bat-batean. Badaki kalera atera arte ez duela izaten bakerik. Igogailuan sartu edo haizea aurpegian sentitu arte, umea ez dela isiltzen. Badaki bizkor prestatu behar duela. Euritakoa esku batean, zabor poltsa bestean, ahalik eta azkarren atera behar du etxetik.

Ama gazteak gogoeta zurrunbilo bat darabil buruan. Umearen negarrak, ordea, ez dio patxadarik ematen pentsatzeko. Ezin du burutik kendu, orain gutxi entzundako albistea. Bi umeren gorpuak aurkitu dituztela Aturri ibaian, ustez beren amak itota. Badirudi ez dela kasu bakana, uste baino sarriago errepikatzen direla halakoak. Eta barruak nahastu zaizkio, bere buruari onartu dionean, ama izan aurretik arbuiagarritzat baino ez zuen ekintza, ulertzera iritsi daitekeela orain.

Orna Donath israeldar soziologoaren Regretting motherhood ikerketak ere ez zuen hotz utzi. Ama izateaz damutu diren 23 emakumeren testigantzak jasotzen dira bertan.

Tabua, ama izatearen damua. Beraietaz libratzea bezainbestekoa. Eta bere buruari galdetu dio, ea inoiz ama izateaz damutzera helduko ote den. Ez ote dituen maite dituen gauzak albo batera utziko, maite dituen haurrengatik.

Eta burua jiratu du. Beste guraso batzuk jo ditu begiz, kaletik haur-kotxeei tira eginez. Argazki ederra, kanpoko begiekin begiratzeko. Gurasoa kale erdian geldirik, portale batean ezkutatu den umearen zain. Umeari eta gizarteari irribarre lasai bat eskaintzen ari da guraso hori, barne-hesteetan zer-nolako presa eta galderak estekatuta dituen estalirik.

Eta bere haur-kotxean sartu du burua. Barne zurrunbiloa lasaitu aldera. Dena konpontzen ei duen norbere umearen irribarrearen bila. Eta kotxe barruan umerik ez dagoela ohartu da, etxean utzi duela. Lurrean eserita, jostailuen artean. Eskuetan euritakoa, zabor poltsa eta haur-kotxea hartu dituenean.

Korrika batean hasi da orduan. Eskerrak, umearen atzetik arrapaladan irteteko oinetakoak jantzita atera den, eskailerak binan bina igotzeko gaitasuna ematen dioten horiek.

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra