[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

GONZALO LARRUZEA. Eusko Jaurlaritzako hezkuntza ikuskaritza 2017-05-28

“Pedagogiaren arloan autonomia handiagoa behar dute zentroek; planteamendu irekiagoak egiteko aukera eman behar zaie ikastetxeei”

 

Irakasle, sindikalista, zuzendari, hezkuntza-aholkulari… lanetan ibilia zara, eta une honetan Eusko Jaurlaritzako ikuskaria zara. Hezkuntzaren munduan egina duzun ibilbide luze-zabal horrek eman diezazukeen ikuspegiarekin, euskal hezkuntzaren zer-nolako erradiografia egingo zenuke?
Nik pentsatzen dut orokorrean sistema on bat daukagula, baina era berean iruditzen zait hobekuntzarako esparruak ere zabalak direla. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan, esango nuke, beste erkidego batzuekin alderatuta, diru asko inbertitzen dela hezkuntzan, baina hala ere, eraginkortasuna kolokan dagoela. Ez dakit neurtzen ote dugun diru hori benetan zertan gastatzen den. Esango nuke konfort gune batean mugitzen garela eta hezkuntzaren arloa astin-tzeko beharra daukagula. Erosotasun egoera horretatik atera behar dugu.
Onartu behar da hezkuntzan egiten den inbertsio horrek zenbait adierazle on uzten dituela, adibidez, eskola abandonuari dagokionez Europa mailan ondo kokatuta gaude, eta 2020rako Europako markoan lortu beharreko beste hainbat helburu ere beteak ditugu. Esate baterako, Batxilergoa gainditu beharreko ikasleen kopurua edota Unibertsitatera heltzen diren ikasleena.  

Baina PISAren azken emaitzekin alarma piztu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Hala da, bai. Eta ezin dugu beste aldera begiratu, baina datu horiei nik garrantzi handiegirik ere ez nieke emango. Izan ere, iruditzen zait orain mundu guztia aztoratuta dabilela hemendik hiru urtera gure irudia zelangoa izango ote den hausnartuz. Baina niri hori oso planteamendu urria iruditzen zait. Kontuan izan behar dugu PISAk konpetentzia batzuk neurtzen dituela, baina ez guztiak. Beraz, proba horrek ateratzen duen argazkiak ez du hezkuntza-sistema guztia bere osotasunean erakusten. Hori alde batetik; bestetik, berriz, PISAk adierazi diguna ez da hain berria ere izan. Orain arte bost ediziotan egin da ebaluazio-diagnostikoa, eta argi ikusi dugu bilakaera zein izan den: ez dugu hobekuntzarik egin. Beraz, PISAk adierazi duena aurretik ere bagenekien.
Horregatik diot geldialdi edo eten puntu batean gaudela, konfort egoera batean eta astintze bat behar dugula. Behin eta berriz esan diogu geure buruari ondo goazela, Europatik eskatzen diren hainbat eta hainbat adierazle bete ditugulako —ez denak, baina bai gehienak—, baina uste dut guztiok ohartuta gaudela, zenbait irizpide bete arren, bikaintasunari dagokionez herren gaudela. Nahikoa begi-bistakoa da gastatzen dugun dirurako askoz ere emaitza hobeak lortu behar genituzkeela.  
Horrekin batera, esango nuke, badugula beste arazo bat ere: hezkuntza-sisteman daukagun dualtasuna, alegia, eskola publikoen eta itunpekoen artean dagoen bikoiztasuna. Sistema horrek eragin handia dauka gure hezkuntzan. Kontua ez da soilik ekintza hezitzailea ekoizteko modua ezberdina dela, alegia, modu batean ekoizten dela publikoan eta beste modu batean itunpekoetan, baizik eta bikoizketa edo dualtasun hori gizarte mailan islatzen dela. Horrek segregazio efektu bat izan dezake, eta hezkuntzaren ikuspuntutik, guk hori gainditu egin beharko genuke.

Non hobetua badaukagula diozu. Zein erronka nagusi ditu zure ustez gure hezkuntza-sistemak, eta zer egin daiteke gaur egungo errealitateari buelta emateko? Edota gutxienez, hainbat arlo hobetzeko?
Erronka batzuk baditugu, bai. Horietako batzuek agian eskola publikoarekin lotura handiagoa izango dute, eta beste batzuek itunpeko ikastetxeekin. Maila orokorrean mahai gainean jarri beharreko gaiak ere badaude. Izan ere orain eskola-hi-
tzarmenari buruz hitz egiten da, hori izango delako Hezkuntza Legearen aurretiko urratsa eta hori gabe Legera ez garelako iritsiko. Zentzu horretan, lehenik mahai gainean jarri behar duguna finantziazioaren gaia da. Gardentasunez azaldu behar dugu nola finantzatzen dugun, zertan gastatzen dugun dirua, zein eraginkortasunekin, nortzuei eman behar zaien diru publikoa, nortzuei agian ez… Hortaz, finantziazioa funtsezko gaia da.
Eta finantziazioarekin batera, ebatzi edo konpondu behar den beste gai bat da doakotasuna. Dena batera doa. Zeren nolabait horrek segregazioa sor dezake. Batetik, itunpekoek esaten dute diru publikoarekin ez zaiela dituzten gastu guztietarako ailega-
tzen, eta beraz, beharrezkoa dela beste iturri batzuetatik dirua atera-tzea, alegia, familien poltsikoetatik. Bestetik, berriz, administrazioarentzat ere merkeagoa ateratzen da azpikontratatzea. Alegia, hezkuntza-sistema osoa diru publikotik finan-tzatu beharko balitz administrazioari edo herritarroi askoz ere garestiago aterako litzaiguke.
Beraz, dualtasunarekin jarraitzeko, batetik Gobernuaren interesa egon daiteke, horrela merkeago ateratzen zaiolako. Baina, bestetik, jendeari ere ez zaio inporta gehiago ordaintzea, trukean euren seme-alabak eurek aukeratutako ikaskideekin egotea lortzen badute. Izan ere, itunpeko ikastetxe bat aukeratzeko arrazoi nagusia maila soziala da eta ez horrenbeste pedagogikoa. Beraz, gure hezkuntza-sistema planteatuta dagoen moduan, bi besoko sistema sortzen da, baina bi beso horiek ez dira parekoak sozialki.

Doakotasuna, dualtasuna gainditzea… erronka handiak dira. Nola bideratu daiteke norabide horretan joango den prozesu bat? Lehen aipatu dituzun eskola-hitzarmenak edota hezkuntza lege berri batek bidea urratu ahalko luke?
Ikusi beharko litzateke hori dena nola bideratzen den, baina jada 1993ko legean idatzita dago. Horretarako ez da behar beste lege berri bat. Kontua da, orain indarrean daukagun legea ez dela betetzen. Lege hori bete izan balitz, momentu honetan beste egoera batean egongo ginateke, zeharo desberdina. Eta horrekin ez dut esan nahi indarrean daukagun legearen bestelako garapen batzuk behar ez ditugunik, baina esan nahi dudana da orain legeak dioena beteko balitz asko aurreratuko genukeela. Kontua da, ordea, normalean, legeak ez direla betetzen.
Konparazioa eginez, Europan eskola publikoa hemen baino askoz ere garatuago dago. Zergatik? Estatuek diru gehiago izan dutelako, eta XIX. eta XX. mendeetan hezkuntza publikorako proiektu bat eraiki dutelako. Eta hori gurean ez da gertatu.
Aldaketarako kontuan izan beharreko beste elementu bat berrikun-tza pedagogikoa litzateke; esango nuke sistema jada horretan hasia dela. Daukagun eskola XX. mendean geratu da, baina gaur egun bizi dugun errealitateari erantzuteko beste sistema bat behar dugu. Inertzia batzuk gainditu behar ditugu, eta funtzionariotza eraldatzeko premia ere badaukagu, bestela tranpa batean harrapatuta bezala egongo gara. Ezin gara orain daukagun irakasgaikako planteamenduaren zordun izan. Badirudi irakasle bakoitza ikasgai bati erantzuten dion plaza baten jabe dela, eta horrek jakinduria, ezagutza zatikatzea dakar, erabat konpartimentatutako sistema bat daukagu, eta hori gainditu egin behar genuke, hobetu nahi badugu.
Horrekin batera iruditzen zait hezkuntzaren helburuak zeintzuk diren ere aztertu behar genukeela. Momentu honetan egia da ohartuta gaudela beste metodologia batzuk erabili behar ditugula, duda barik, baina igual obsesionatuta gaude horrekin eta akaso hori bezain inportantea da argi izatea hezkuntzaren xedeak zeintzuk izan behar duten. Zertarako berrikuntza pedagogikoa? Izan ere, berrikuntza horiek eredu sozial bat bultzatzeko ere balio dezakete: kapitalismoaren eta produkzioaren eredua. Kapitalismoak, fase honetan exijitzen duena da ekipoan lan egitea, ekintzailetza, malgutasuna… hain zuzen ere, momentu honetan balio horiek dituzten langileak behar dituelako. Beraz, sistemak egoera horretara egokitzen diren ikasleak prestatzen ditu. Eta, egia da, taldean lan egiteko gaitasuna, ekintzailetza edota malgutasuna oso balio onak izan daitezkeela, baina oso garbi izan behar dugu balio horiek zertarako bultzatu nahi ditugun, zein gizarte mota eraiki nahi dugun, eta hori normalean ez da planteatzen, planteamenduak soilik modu teknokratiko batean egiten dira, alegia, merkatutik datozkigun erronkak kontuan hartuta.
Eta bukatzeko, eskola publikoari dagokionez, esango nuke proiektu bat behar duela. Ez dago proiekturik eskola publikorako. Era berean, uste dut eskola publikoak onartu behar dituela ebaluatzeko tresna batzuk. Ez dago kontrol handirik. Ez dira neurtzen emaitzak, ez da neurtzen eraginkortasuna… Ez dago gizarte kontrolik. Eta ez naiz hori esaten ari lehiakortasunaren izenean, baina bai gizarteak diru bat ematen duelako eta gizarte horrek jakin behar duelako diru hori zertan eta zelan gastatzen den, eta zein eraginkortasunekin. Momentu honetan Kristau Eskolak badu bere “enpresa” proiektua, Ikastolek ere bai, baina eskola publikoak ez dauka ez aitarik ez amarik… ez dauka proiekturik administrazioaren aldetik. Soilik dirua ematen zaio, baina noraezean edo norabiderik gabe mugitzen da. Egia da gauza on asko egiten direla, baina gehienetan ekimen indibidualak izaten dira, ez proiektu globalak.

Dualtasuna aipatu duzu, Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolek proiektua badutela diozu, baina Eskola Publikoak ezetz… Baina, denak administraziopekoak izango balira, ez ote legoke arriskua denak noraez horretan geratzekoa, autonomia gabe, proiektu gabe, identitate gabe… Hortik abiatuta, ze inportantzi dauka zentroen autonomiak? Eta autonomiarekin lotuta zentro bakoitzaren hezkuntza-proiektuak berak zer garrantzi hartzen du?
Autonomia da oztoporako langa, zio honen guztiaren gakoa. Eta, noski, lehen aipatu ditudan erronkekin batera, zentroen autonomia litzateke, hurrengo erronka nagusia. 1980an hiru sare zeuden: batetik, nazionalak edo estatukoak; bestetik, ikastolak –eta segur aski orduko Eusko Jaurlaritzak pentsatuko zuen horiek izan behar zutela Euskal Eskola Publikoa sortzeko oinarri–; eta azkenik, erlijiosoak –hasieran subentzionatuta zeudenak eta gero kontzertatu bihurtu zirenak–.
Hamar urte baino gehiago pasa ziren –93ko Euskal Eskola Publikoaren Legea argitaratu arte–, jakin barik nola integratu edo nola ordenatu sistema. Baina lege hark ere ez zuen asebetetze handirik lortu oposizioan. Zergatik? Bada, hain zuzen ere, inork ez zuelako sinesten publikoa izanda zentroek autonomia izango zutenik. Hau da, guztiek pentsatzen zuten euren proiektua urtu egingo zela titulartasuna estatuari pasaz. Hori saihesteko 93ko Euskal Eskola Publikoaren Legearen zati handiena, erdia baino gehiago hain zuzen –V. kapitulu osoa–, autonomiari buruzkoa izatea erabaki zuten. Titulartasuna estatuarena izan arren, eskola-eredu malgu bat planteatu nahi izan zuten, non guztiek euren eskola-komunitatetik abiatuta, sortu ahalko zuten euren eskola-proiektua. Legea horrela planteatu zen beldurra kentzeko, baina ikastola gehienek, behintzat ekonomikoki itota ez zeudenek, erabaki zuten horretan ez sartzea, pentsatzen zutelako euren izaera galduko zutela eta euren proiektua diluituta geratuko zela. Eta, neurri handi batean, atzera begiratuta, esan beharra dago arrazoi zutela.
20 urte baino gehiago igaro dira lege hura onartu zenetik, eta oraindik Euskal Eskola Publikoan autonomia ez da garatu eta denak eredu zentralizatu baten arabera funtzionatzen du. Egia da, transferentzia batzuk egin direla estatutik erkidegoetara, alegia, Madrildik Eusko Jaurlaritzara, baina gero erkidegoek, gehienetan, eta gureak barne, beste eredu zentralizatu bat sortu dute.
Kontua da, ordea, autonomia ez dela garatzen soilik lege bat eginez, autonomia prozesu bat da, berreraikitze instituzionalaren prozesu bat. Eta prozesu horretan aldaketa asko egin behar dira.

Autonomia kontzeptua darabilzunean, zertaz ari zara zehazki? Zehaztu dezakezu zuk nola ulertzen duzun kontzeptu hori?

Autonomia da zentroak duen ahalmena bere hezkuntza-proiektua defini-tzeko, horretarako beharrezko dituen baliabideak eskuratuz eta prozesuak garatuz, eta hori guztia definitzeko duen eskubidea modu demokratiko batean, hau da, modu parte-hartzaile batean, eta xede izanik eskola komunitatearen zerbitzura egotea, eta batez ere, ikasleen zerbitzura, haien onurari eta ongizateari begiratzeko.
Eta ez nuke nahi inork kalitate-sistema batekin nahasterik. Autonomiak, batez ere hezkuntza-proiektu bat edukitzea esan nahi du, denon artean eraikitako hezkuntza-proiektu bat. Eta proiektu bat edukitzea amets bat bezala ulertu behar da. Etorkizunera begira utopia txikitxo bat edukitzea ikastetxeetarako, gure singulartasunari erantzungo diona eta zentzu komunitarioa izango duena. Autonomiaren definizio horretan elementurik garrantzitsuenetariko bat komunitatea da. Baina, zer gertatzen da? Horretarako kontuan izan behar dugula gaur egun gizarte mailan oso atzeratua dagoen elementu bat: parte-hartzea, hain zuzen.

Nola jarri ahalko lirateke zuk aipa-tzen dituzun autonomia-prozesu horiek martxan?
Nire beldurra da orain marko bat sortu eta esatea “apuntatu dadila nahi duena”, horrek disgregazioa handituko lukeelako eta bikoiztasun hori biderkatuko litzatekeelako. Izan ere, ikastetxe batzuk prestatuago daude autonomia-prozesu bati ekiteko beste batzuk baino. Beraz, nik uste dut administrazioak nahiz ikuskaritzak lagundu, bultzatu eta ahalbidetu egin behar luketeela autonomia prozesu hori. Baina prozesu soziala den heinean ez du zentzurik pentsatzeak kasu guztietan bultzada edo laguntza horrek berbera izan behar duenik. Hasieran, agian, ez dute guztiek zertan izan autonomia-maila berbera. Kontua da ikustea ea heldutasuna dagoen agian ziklo batean edo asignatura batean edo hizkuntza proiektu batean autonomia edukitzeko… akaso arlo batean autonomia izan dezakete zentro batzuek arlo horretan garatuago daudelako, eta beste zentro batzuek akaso beste eremu batean.
Autonomiak, era berean, suposatuko luke nolabaiteko kontratu bat egitea administrazioarekin. Ikastetxe batek edo irakasle-talde batek planteatu dezake iritsi nahi duela ez dakit zein helburutara, eta, gainera, elementu neurgarri batzuk izango dituztela gero ebaluatu ahal direnak. Trukean administrazioak behar diren baliabideak jarri beharko lituzke, eta hori guztia lehen aipatu dudan kontratu moduko horretan zehaztuko litzateke. Zergatik hori? Autonomia politika bat egitea eta autonomia prozesuak martxan jartzea orain daukagun sistema baino garestiagoa izango litzatekeelako. Autonomia politikek baliabideak exijituko lituzkete eta baliabideek inbertsioak.  
Batetik ikastetxetik etorritako proposamenen harira joan beharko li-tzateke zentroen autonomia garatzen, baina administrazioak ere bultzatu eta sustatu behar lituzke autonomia-proiektu horiek. Negoziatu egin beharko litzateke zein baliabide behar diren eta horren arabera markatu neurgarriak diren helburu batzuk, gero ebaluatuko direnak.

Eta nola egikaritzen da autonomia hori sare ezberdinetan?
Europa-mailan ikusten da euskal itunpeko ikastetxeek Europako batez besteko maila baino altuagoa dutela. Aldiz, publikoak azpitik daude. Nik, ordea, ez dut uste eredu pribatu batekin konformatu behar dugunik, baina ezta eredu estatal batekin ere. Iruditzen zait merkatuaren eta estatuaren artean erdibide bat bilatu beharrean gaudela, eta nire ustez erdibide hori gizartean dago. Hau da, gizarteak nolabait bere hezkuntza-sistema autogestionatu egin behar du, gizartea ahaldundu egin behar da eskola-komunitateetan bakoitzak bere proiektu propio eta singularra aurrera eraman dezan, nork bere hezkuntza-proiektua definitzeko eta erabakitzeko nola garatuko dituen, zein baliabiderekin, zein prozesuren bidez… Zerbait bizia eta dinamikoa izango litzateke.  Finean, UNESCOk ematen duen definizioarekin bat egiten dut: hezkuntza guztion ondasun bat da, alegia, ongizate komuneko zerbait da, eta noski, hori ez da posible parte-hartzerik gabe.

Alde batetik zein bestetik egiten da zentroen autonomiaren defentsa. Eredu berberaren defentsan ari al zarete guztiok?
Autonomian bi eredu ditugu, nagusiki. Beno, eta hirugarren bat ere izan dezakegu. Eredu horietako bat neoliberala da. Kontuan hartuta estatuak gero eta diru gutxiago duela, murriz-ketak daudela, administrazioa ahulagoa dela... estatuak nahi duena da erantzukizunak banatzea eta ardurak erkidegoen gain, eta batez ere ikastetxeen gain uztea. Hortaz, estrategia da hezkuntza-sistema eraginkorragoa egiteko autonomia bultzatzea. Hori litzateke autonomiaren ikuspuntu merkantilista, hala ikastetxeen artean lehia sortuko bailitzateke, gero gurasoek aukera ditzaten emaitza onenak eskaintzen dituzten ikastetxeak. Eta esango nuke Eusko Jaurlaritzaren autonomia politika batez ere eredu honetan oinarritzen dela.   
Nik defendatuko nukeen autonomia politikak, ordea, askoz ere zentzu demokratiko handiagoa dauka, gizartea ahal bezainbat ahalduntzeko eta proiektua herrikoiagoa egiteko. Autonomia hasieran ezkerreko bandera bat izan da, baina gero merkatuak eta eskuinak berea egin du, eta orain guztiok ari gara hitz egiten gauza beraz. Baina planteatu behar duguna da autonomia zertarako eta zein eredutako autonomia. Ez bada parte-har-tzean sakontzeko, komunitarismoan, demokrazian, gizartearen ahaldun-tzean, bada, beste gauza batez ari gara hitz egiten, eta ez autonomiaz. Nik defendatzen dudan autonomia mota hau autonomia komunitarioa deiturikoa litzateke.
Hirugarren eredu bat existitzen ez dena, baina sor litekeena da autonomia korporatibista. Horrek esan nahiko luke autonomia irakasleen, eta batez ere, zuzendaritzen eskuetan geratzen dela, eta eurak autonomia hori interes korporatibistetarako darabiltela. Adibide bat izan daiteke, irakasle guztiek jardunaldi trinkoa egin nahi izatea eta horren alde egitea pentsatu gabe nori egiten dion horrek mesede eta nori kalte: “Behe mailako ikasleei jardunaldi trinkoak mesede egiten die edo kontrakoa gertatzen da?” Baliteke irakasleek euren interesetan oinarritutako erabaki bat hartzea, baina erabaki hori ez izatea guztien interesekoa.
Gai konplikatua da, eta badakit nik defendatzen dudan eredutik oso urrun gaudela momentuz, baina diodan bezala, autonomia prozesu bat izan behar da. Giner de los Rios-ek zioen moduan, inportanteena ez da hezkuntza-askatasunean oinarriturik pluraltasun bat sortzea dozenaka proiektu pribaturekin, hala gizarte batek duen aberastasuna ezagutzera emateko. Egin beharko genukeena da ikastetxe publikoak, baina anitzak sortu, aberastasuna kudeatu ikastetxe publikoaren barruan, ikastetxe bakoitzak bere singulartasuna gara dezan. Horretarako, komunitate aberatsak eta parte-hartzaileak behar ditugu, eta askatasuna behar dugu. Gertatzen dena da, normalki, administrazioarentzat erosoagoa dela dena arautzea.
 
Tesian diozunez, zentroen autonomiari dagokionez ere hainbat arlo egon daitezke. Horietako batzuetan,  -arlo pedagogiko eta curricularrean kasu-, autonomia handiagoa dute zentroek; gestio finantzarioari eta antolaketari dagokionez gutxiago; eta profesionalen kudeaketari dagokionez batere autonomiarik ez.

Gaur egun zentro publikoetako zulo beltza langileriaren kudeaketa da. Normalean esleipenak egiten dira antzinatasunaren arabera, alegia, funtzionarioen eskubideen arabera eta ez eskola-komunitatearen proiektuaren arabera. 93ko  Euskal Eskola Publikoaren Legean garbi esaten da zentro bakoitzeko pertsonala hautatuko dela eskola-komunitateak zehazten dituen profilei jarraituz. Hala eskola funtzionariotzaren esanetara egon ez dadin, baizik eta alderantziz, funtzionarioak egon daitezen eskola-komunitatearen proiektuaren esanetara. Legeak 61. artikuluan honela dio: “Herri-ikastetxearen organo gorenak ikastetxeko langileen zerrenda diseinatuko du, beti ere ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren, hezkuntza-administrazioak finkatutako gutxienekoekin eta aurrekontuko baliabide erabilgarriekin bat etorriz”. Eta hurrengo paragrafoan zera esaten du: “Organo gorenak langile-zerrenda diseinatuko du”. Horregatik  diot legedia beteko bagenu, beste egoera batean egongo ginatekeela.

Eta arlo pedagogikoan?
Pedagogiari dagokionez, askotan esan ohi dugu ikastetxeak baduela aukera nahi duen hori egiteko, eta neurri handi batean hori hala da, baina ez autonomia curricularra dutelako, baizik eta inor entera-tzen ez delako, hau da, kontrolik ez dagoelako. Beraz, posibilitate hori existitzen da. Inor ez da ari atzetik ikastetxe bakoitzean zer gertatzen den behaka. Baina jakin nahiko nuke zer gertatuko litzatekeen, adibidez, ikastetxe batek planteatuko balu curriculum dekretutik kanpo beste era batean antolatuko duela ordutegia eta ikasgaitegia: esate baterako, denbora gehiago dedikatuko diela hizkuntzei eleaniztasun proiektu indartsu bat egin nahi duelako, edota IKTak lantzen ordu gehiago sartuko dituela, bere hezkuntza-proiektuan lehentasuna horri ematea erabaki duelako, edota zentro batek esango balu asignaturen sistema apurtu nahi duela. Izan ere, momentu honetan, hezkuntzan zein premia ditugu? Curriculuma apurtzeko premia daukagu, ordutegia apurtzekoa, gelak eta hormak puskatzekoa, beste askatasun batekin lan egitekoa… Gaur egungo arautegiarekin posible da hori egitea? Akaso inor enteratzen ez bada bai, baina legeari dagokionez ikastetxeek ez daukate autonomiarik pedagogikoki horrelako ezer egiteko. Beraz, egia da bakoitzak bere gelan nahi duena egiteko askatasuna duela, eta ikastetxe batean gauza asko egin ditzaketela inor konturatu gabe, baina jada ur sakonagoetan sartzen bagara, legeak ez du onartzen. Hortaz, argi dago pedagogiaren arloan autonomia handiagoa behar dutela zentroek eta planteamendu irekiagoak eta gardenagoak egiteko aukera eman behar zaiela ikastetxeei.

Hezkuntza Legea egiten bada, era horretako aldaketak txertatzeko aukera ireki daiteke?
Ez dakigu. Nik zaratak entzuten ditut eta zarata horien arabera pentsa dezaket bakoitza bere posizioa ari dela hartzen. Pentsatzen dut bai Ikastolak, bai Kristau Eskolak jada posizioak hartzen ari direla eta euren hausnarketak eta definitzen ariko direla eta euren eskaerak zeintzuk izango diren zehazten. Oso momentu interesgarria da, 2000. urtetik hona apenas mugitu delako ezer. Pentsatzen dut lidergoa eraman beharko lukeela Hezkun-tza Sailak, baina ez zait iruditzen datorren ikasturtera arte ezertan hasiko direnik. Hezkuntzari astindu bat emateko une klabea izan daiteke hau. Gauzak mugitzeko Hezkuntza Sailean burua duen jendea behar da, ikuspegi globala duena eta politikoki ausarta izan nahi duena...
Aurrerapausoak egiteko unea da, bai erreformak egiteko eskola publikoan eta publikoa itunpekoago bilakatzeko batetik, eta itunpekoak publikoago egiteko bestetik. Momentu honetan ez dut posizionatu nahi titulartasunaren alde edo kontra, baina bai esan dezaket, nire ustez titulartasuna ez dela bigarren mailako kontua. Eta harago joanez, nire ustez jabetasuna adierazteko formula berriak bilatu beharko genituzke. Orain arte dena izan da edo estatal edo pribatua. Baina ezin dugu bilatu beste era bateko jabetasun konpartitu bat? Hau da, agian juridikoki orain arteko eskemetatik ateratzeko pausoak eman beharko genituzke.

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra