[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

Aiora Renteria: ôSortzeak terapia egiteko balio izan dit, eta, gainera, debalde" 2017-06-22

Barne-gatazkak askatzeko eta beharrizan emozionalei erantzuteko balio izan zion musikak renteriari nerabezaroan, eta horretan jarraitzen duela dio. Baina orain, haur eta nerabeei musika zein tresna erabilgarria izan daitekeen transmititzen ere saiatzen da: gozatzeko, emozionatzeko, barruko bulkadetatik libratzeko...

Euskal Herriko ahotsik ezagunenen artean dago Aiora Renteriarena (Bilbo, 1976). 20 urte daramatza kantugile eta abeslari Zea Mays taldearekin, gaztetxe, plaza zein bestelako aretoak betetzen. Gertutik ezagutzen ditu haur eta nerabeak, jarraitzaileen artean gazte asko izateaz gainera, musikako irakasle ere badelako. Bizipen pertsonaletan, musikari gisa izandako esperientzian eta irakasle lanean oinarrituz mintzo da nerabeek musikarekin duten harremanaz.

Musikara bideratu duzu zure jarduna: biolina eta txeloa ikasi zenituen lehenik, gitarra hartu eta kantari hasi zinen gero. Musikari zara batetik —musika eta hitzak egiten dituzu— eta musikako irakasle bestetik. Sormenak leku handia hartzen du zure bizitzan. Zer suposatzen du horrek zure egunerokoan?

Nire bizitzan eguneroko gauza bat da sormena. Irakasle lanean oso sortzaile izan behar gara, zeren egunero gabiltza gauza ezberdinak ateratzen eta gauza berriak prestatzen. Eta musikari moduan, zer esanik ez, sormena nire egunerokoaren parte da, bai letrak eta bai melodia egiterakoan. Hori nondik datorkidan? Nola ateratzen den? Bada, ez dakit, baina atera egiten da. Azken batean, barnetik sortzen zaidan zerbait da, ez dut inoiz planteatu nondik ote datorren, zertara… baina egin egiten dut.

Musikako zaletasuna etxetik datorkizu?

Bai. Etxean txiki-txikitatik solfeora sartu gintuzten gurasoek. Gu bost anai-arreba gara eta denok ikasi dugu musika, instrumenturen bat edo beste zerbait. Eta, beno, ni katigatu egin nintzen eta horrekin jarraitu dut urte askoz.

Hasi biolinarekin hasi nintzen, baina oso esku txikia dudanez, ezin nuen biolina jo eta orduan txelora pasatu nintzen. Gero, etxean gitarra bat zegoenez, gitarra jotzen eta kantatzen hasi nintzen. Baina lesio bat izan nuen eta bai txeloa eta bai gitarra utzi egin behar izan nituen. Eta geroztik kantuak egin eta abestu bakarrik egiten dut. Edonola ere, soinua ateratzen duen edozein gauza erabiltzen dut musika sortzeko: teklatua, gitarra… eta gauza pila bat sortzen dut, nahiz eta gero horietako asko ez diren abesti bihurtzen. Nik uste dut gizakiok berez sortu egiten ditugula gauzak, era batera edo bestera. Nik sormena oso enfokatua daukat musikara, baina azken batean, egunero, bizitza aurrera eramateko eta egunerokotasunak jartzen dizkigun erronkei aurre egiteko, gauza ezberdinak asmatzen eta sortzen ditugu.

Hortaz, zuk esango zenuke denok garela sortzaile?

Nik uste dut baietz. Gero kontua da gizartean zeri ematen zaion inportantzia. Baina, adibidez, gure ama ere etxeko lanetan oso sortzailea izan da beti. Azken batean, etxean lan egiten baduzu, bai menuak sortzeko bai etxea antolatzeko…, edo sortzailea zara edo ez dago zer eginik.

Zure nerabezarora joz… nolako nerabea izan zinen?

Normalean nerabezaroan beti dago konfrontazioa. Nerabezaroan gure burua topatzen dugu eta gure ideiak osatzen ditugu besteek emandako ideien kontra joanaz. Nik etxean ez nuen kolpe hori eman. Eskolan, berriz, oso petarda nintzen. Esaten ziguten guztiari atera behar izaten nion punta, nik uste bainuen askoz gehiago nekiela kontatzen zidatena baino. Gainontzean, nerabezaroan ez nuen izan konflikto handirik. Gauzak, oro har, egin behar ziren bezala egin nituen.

Gelako atea ixten banuen zen, bakarrik egon nahi nuelako eta negar egiteko. Edota nire kasa egoteko musika entzuten edo musika egiten. Garai hartan musika asko entzuten nuen eta abesti pila bat sortu ere bai.

13 urterekin hasi nintzen gitarrarekin kantatzen eta abestiak egiten. 13 urterekin musika egiten hasteak eta nerabezaro osoa sortzen pasa-tzeak zer eman zizun?

Terapia egiteko balio izan zidan, eta gainera, debalde. Azken batean barruko dena ateratzen nuen, barnean neraman guztia musikan husten nuen. Musikaren eta hitzen bidez egiten nuen kontra, hor bilatzen nuen konfrontazioa gizarteko arauekin edota egunerokotasunak eragiten zizkidan ezinegonekin. Beraz, barne-gatazka hori gero ez neukan beste inon atera beharrik. Nire beharrizanei erantzuten zien musika sortzeak. Beti egin dut horrela eta berdin jarraitzen dut.

13 urterekin letrak egiten hasi nin-tzenean ingelesez idazten nuen, eta nire 8. mailako ingeleseko irakasleak zuzentzen zizkidan letrak. Nerabezaroko kontuak jasotzen nituen hitzetan, maitasun gaiak eta antzekoak. Baina nahiko azkar konturatu nintzen ingelesak ez zidala balio behar nuena eta nahi nuena kontatzeko. Laguntza behar nuen zuzentzeko, hitzak bilatu behar nituen… Hala, 14 urterekin, euskaraz idazten hasi nintzen. Eta hor ja hasi nintzen nerabezaroari oso lotuta dauden mezuak idazten: heriotzaren kontua, gai existentzialistak, zer egiten dugun mundu honetan, zer ez dugun egiten… Existentzialismo hori letretan nahiko luze mantendu zen. Gerora beste modu batera, baina uste dut Zea Mays-en hasieretan ere hori igartzen dela.

Hortaz zure musika bizitzaren egunerokotasunari erantzuteko modu bat da.

Nik uste dut baietz. Barruan daukadan zerbait ateratzeko beharra sentitzen dut eta ez dakidanez beste era batera egiten, abesti gisa egiten dut. Bai gauza positiboak, bai negatiboak… egunerokoan gertatzen zaizkidanak. Momentuko gauzak kontatzen ditut: telebistan ikusitako zerbaitek eragin didan burutazioa, edukitako istripu bat… Hori da oinarria eta gero egon litezke beste aspektu batzuk asmatutakoak. Ni, gainera, oso pertsona urduria naiz, buruan beti gauza pila bat izaten ditut, beti nabil historiak asmatzen nire baitarako. Hortaz, idaztearenak apur bat lasaitzeko ere balio dit, baina beti abestiekin pentsatzen egiten ditut letrak. Ez badago musikarik ez dut idazten. Niretzat idaztea musikarekin oso lotuta dagoen zerbait da.

Zea Mays-ek gazte asko ditu jarraitzaile, nerabe mordo batek entzuten zaituztete. Nola konektatzen da publiko horrekin?

Nik uste dut konektatzeko era bat dela egia kontatzea, sentitzen duzun hori adieraztea. Ez dago besterik. Adibidez, “Gaur” abestiarekin nerabeen eta gazteen aldetik erantzun asko jaso genituen. Kanta horrek kontatzen duena da egunero hainbat eta hainbat aldiz hanka sartzen dugula, baina ez dela ezer gertatzen, guztioi pasatzen zaigun zerbait dela. Hortaz, iruditzen zait nerabe eta gazte asko letra horiekin oso identifikatuta sentitu zirela eta horregatik izan zuela publiko horren artean arrakasta. Azkenean nik kontatzen ditudan sentimenduak dira edozeinek eduki ahal dituenak edozein momentutan. Gainera, hitzak oso modu zabalean daudenez idatzirik, bakoitzak bere erara interpreta ditzake, bizi duen momentuaren eta dituen beharren arabera. Hori da musikak daukana, edo orokorrean arteak daukan gauzarik politena. Azkenean oso erabilgarria dela edonoren bizitzarako.

Erreferentzia zarete gazteentzat. Zer transmititu nahi diezue publiko horri?

Kontzienteki publikoari ez gara saiatzen hau edo beste transmititzen. Guri gustatzen zaiguna eskaintzen diogu publikoari ere. Gu benetan oso txoratuta gaude gure buruekin. Igual izango da gure buruak asko maite ditugulako, baina guk abesti bat egiten dugunean eta grabatzen dugunean maketa batean mila aldiz entzuten dugu eta esaten dugu: “Ze polita”, eta ez gara ari pentsatzen beste edozeini zer irudituko zaion. Lehenik guk disfrutatzen dugu gure abestiekin eta gero publikora joaten gara eta esaten dugu: “Guri asko gustatzen zaigu, ea zuek zer diozuen”. Sortzea, gure kasuan, berez datorren zerbait da. Gorputzak eskatzen digu abesti berriak egiteko, gauza berriak konta- tzeko beharra sentitzen dugu, baina ez besteentzat, guretzat baizik. Nik argi daukat guk oso era berekoian egiten ditugula gauzak.

Plazeretik eta gozamenetik bizi duzue egiten duzuena.

Bai, hala da. Ez dut imajinatzen beste era batera. Ez dut sorkuntza beste modu batean hautematen. Ez dakit zelan egin zenezaken hain pertsonala den zerbait beste baten gustura. Bakoitza norbere burua emozionatzeko gai izatea izugarria da. Beraz, guk planteatzen duguna zera da: “Guk hau dena sentitzen badugu musika hau egiten, entzuten duen norbaitek ere akaso gauza bera senti dezake”.

Eta, gaur egungo nerabe eta gazteak nola ikusten dituzu?

Nik uste dut orain momentuan salto generazional handia ari dela gertatzen, baina iruditzen zait hori beharrezkoa dela. Aldaketa bat egon behar da, derrigorrez, gure eta gure atzetik datozenen artean. Normalena da hurrengo generazioak gu aho zabalik uztea, gauza askorekin. Hori beti gertatu da, eta beti pentsatu izan da momentuan momentuko gazteak desastre batzuk direla, aurretik igarotakoak hobeak zirela… Baina nik uste dut eskandalizatu egin behar dugula gure atzetik datozenekin. Hori da gizarteak aurrera egiteko modua.

Zaratamoko eskolan musikako irakasle zara. Zer lantzen duzu ikasleekin? Adibidez, Fermin Etxegoien kazetariak Berandu baino lehen saiorako elkarrizketa egin zizunean, aipatu zenuen justu orduan hil zirela David Bowie eta Lemmy Kilmister —Motörhead taldeko abeslaria— eta horren inguruan ere hitz egin zenutela klasean.

Ni saiatzen naizena da umeak musikako eskoletara gustura etor daitezen. Lasai egoteko eta jarduteko espazio bat izan dezaten. Beste irakasleekin alderatuta, nirekin jarrera ezberdina daukate. Azken batean, musika irakasgai Maria da, baina ikasleen garapenerako sekulako garrantzia du. Espazio bat behar dute gozatzeko eta lasaiago jarduteko.

Eskoletan nire helburu nagusia da ikasle guztiek musika gustuko izatea eta euren bizitzetarako erreminta baliagarri bilakatzea: emozionatzeko, gozatzeko, barruko bulkadetatik libratzeko… Izan daiteke musika sortuz, baina batez ere, musika entzunaz.

Adibidez, Lemmy eta Bowie-rena egin genuen, zeren niretzat oso pertsonaia garrantzitsuak izan dira musikaren munduan eta abeslari mota horiek beti ahaztu egiten ditugu. Hil zirenez, omenaldi bat egitea pentsatu nuen. Iruditzen zait gure musikaren historian abeslari garrantzitsuak izan direla eta gaur egungo musika ere ezagutu behar dutela haurrek. Ez da euren orainaldikoa, baina [Ludwin van] Beethoven entzuten duten bezala, uste dut Bowie bat edo Lemmy bat ere entzun behar dutela.

Zu musikaria zara, baina gazte mordo bat dago musikarekin lotura handia izan dezakeena, erabil dezakeena musika askatzeko bere beldurretatik, edo ezinetatik, baina instrumenturik jo gabe edo sortzaile izan gabe.

Hori da. Kontua ez da beti musika sortzea. Musikak entzuteko eta bizitzeko ere balio du instrumenturik jo gabe edo sortzaile izan gabe. Pentsa zenbat musika zale dauden munduan, musika gogoko dutenak, kontzertu pila batera joaten direnak… Jende horren kasuan musikak sekulako potentzia du. Eta nik nahi dudana horrelako jendea egitea da. Zeren badakit bakarrik sentitzen zarenean, triste zaudenean, poza daukazunean… beti izan dezakezula aldamenean soinu-banda bat izugarri lagun zaitzakeena une horietan.

Ni nerabe nintzenetik izan dut soinu-banda bat nire egunerokorako. Horretarako oso garrantzitsua izan da besteen musika nire bizitza osoan. Eta norbere bizitzarako soinu-banda bat edukitzea pribilegio bat da. Gazteek hori gaur egun inoiz baino eskurago dute. Eta uste dut, eskolatik gure egitekoa dela bide hori egiten laguntzea.

Gainera gaur egun oso erraza da edozein lekutatik musika hartzea zure bizitzarako, eta oso merkea ere bai. Hori nire ustez oinarrizkoa da. Kontua ez da mundu guztia nire moduan zoratuta ibiltzea kontzertu batetik bestera, baina bai musika bizitzarako erreminta baliagarri bat izatea edonorentzako. Momentu batzuetan musika entzuten duzunean, beste mundu batera joaten zara, oilo ipurdia ateratzen zaizu, edo sekulako emozio intentsua bizitzen duzu, eta nik uste dut sentsazio horiek momenturen batean denek bizi behar dituztela.

Gaur egungo euskal gazteek zein toki dute musikaren arloan? Zuek hasi zineten garaitik nahikotxo aldatu dira kontuak.

Iruditzen zait gaur egungo talde berriek guk genituen aukerak igual ez dituztela izango, baina beste aukera batzuk dituztela. Gaurko gazteen gurasoek beste garai bat bizi izan dute, eta, beraz gazte horiek errazago daukate gauza batzuetara iristeko. Guk, adibidez, gitarra elektriko batera ailegatzeko pasatu genituenak… gure etxean biolontxelo bat bai, baina gitarra elektriko bat… Kosta zitzaigun, baina lortu genuen beste bide batzuetatik. Guk akaso Euskadi Gazteako maketa lehiaketa izango genuen, baina gitarra elektrikoak lortzeko aukerarik ez. Orain hori badaukate eta lokaletara sartzen dira, batu egiten dira, musika egiten dute gaztetatik eta badituzte aurrera egiteko bideak. Ez dira gure garaiko baliabide berberak izango, baina beste batzuk dituzte. Internet dago, horrekin asko zabal zaitezke, gaur egun Youtube-n edozer gauza aurki dezakezu. Eta talde gazte asko dago gauza ezberdinak egiten ari dena.

Gero Euskal Herriak badauka aukera eder bat ere toki gutxitan dagoena, oraindik mantentzen duguna eta aurrerantzean ere mantendu beharrekoa, eta hori da gaztetxeen sarea. Gaztetxeetan sekulako etxe musikala dago eta taldeek aurrera jarraitzeko aukera izugarria dute. Zuk beste leku batean egiten duzu 16 urte dituzunean eta ezin zara saletan sartu. Lau kontzertu eman ahal dituzu urte batean, baina askoz gehiagorik ez. Eta hemen zenbat eman ahal dituzu gaztetxeetatik mugitzen bazara? Pila bat. Gaztetxeek lan izugarria egiten dute musika eta kultura bultzatzeko. Azkenean Euskal Herriak lortu du musikarako sare edo zirkuitu bat eraikitzea. Guk badaukagu pribilegio hori, gazteek badaukate aukera hori, eta aprobetxatu egin behar dugu.

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra