[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

FEDERICO MALPICA: “Euren burua hezitzaile gisa ikusten duten irakasleak behar ditugu, eta ez euren burua irakasgai bateko espezialista bezala hautematen dutenak” 2017-06-26

Heziketa zientzietan doktorea da Malpica, eta irakaskuntzaren kalitaterako Scalae institutuaren kofundatzailea eta zuzendaria; baita gogoetazko praktikarako nazioarteko plataformaren talde bultzatzaileko kidea ere. Heziketaren eta irakasle prestakuntzaren kalitatean, berrikuntzan eta profesionalizazioan aditua da. Irakasle, ikertzaile eta aholkulari lanetan aritzen da munduko hainbat herrialdetako erakunde publiko nahiz pribatuekin, unibertsitate nahiz hezkuntza ministerioekin. Ikastolen Elkarteak gonbidatuta Euskal Herrian izan da Pedagogia 3.0. Berritu, eraldatzeko jardunaldien baitan “Gelan eta ikastolan eraldaketa emateko giltzarriak” izeneko hitzaldia eskaintzen. Ikastetxeetan berrikuntza-prozesuak egiteko bi baldintza bete behar direla dio: batetik, prozesu horiek kolektiboak izatea; eta bestetik, ikaslearen garapen osoan pentsatuta egotea.

Azken aldian behin eta berriz entzuten da hezkuntzaren arloan berritu beharra dagoela, irakasteko modua zaharkituta geratu dela. Zuk ere bat egiten duzu aldarri horrekin. Zergatik?

Hasteko eta behin, kontuan izan beharrekoa da eskolari eskatzen zaiona aldatu egin dela. Gaur egun ez da lehen bezala ulertzen ikasleak “maila ona” edukitzea. Guk ikasi genuen garaian, segur aski, “maila ona” edukitzeak zenbait eduki ikastea esan nahi zuen, nota onak ateratzea, unibertsitatera iristeko gai izatea… Baina gaur egun badakigu, ikasleak lan mundura ateratzen direnean, gure garaiarekin alderatuta, bestelako jakintza, trebezia eta konpetentzia batzuk beharko dituztela. Lan motak eta lan egiteko erak aldatu egin dira. Are gehiago: gaur egun esaten da gure ikasleek izango dituzten zenbait lan uneotan existitu ere ez direla egiten.

Horrekin batera, asko ari da aldatzen ikasleek eskolan, nahiz eskolatik kanpo, ikasten dutena ere. Orain dela gutxira arte ia dena irakaslearengandik ikasten zen, ezagutzaren iturria bera zen, hark esaten zigun nolakoa zen errealitatea eta nola gertatzen ziren gauzak. Orain, hori guztia izugarri aldatu da. Gure ikasleek guk baino askoz ere informazio gehiago izan dezakete eta zenbait gairi buruz guk baino gehiago jakin. Horrexegatik, gaur egun garrantzitsuena ez da ikasle batek zer dakien, baizik eta dakien horrekin zertarako gai den, alegia, zer egin dezakeen ezagutza horrekin. Zentzu horretan, edukietatik konpetentzietarako bidea ari gara egiten hezkuntzaren munduan.

Eta azkenik, asko ari da aldatzen elkarrekin harremanak edukitzeko daukagun modua ere. Baina hori ere ez da eskolako kontua soilik, gizarte osoarena baizik. Internetek, mugikorrek eta gizarte sareek berebiziko garrantzia izan dute horretan guztian. Beraz, esango nuke kontua ez dela horrenbeste irakasleok gure lanbidean zein aldaketa egin behar ditugun aztertzea, baizik eta onartzea gure lanbidea asko ari dela aldatzen, eta beraz, irakasleok guztiz berrasmatu beharra daukagula gure jarduna eta heziketarako testuinguru berriak sortu beharrean gaudela.

Finean, eskolak gure aurreko belaunaldiak garatzen joan diren hori transmititzeaz gain, gizartea eraldatzeko gai izan behar luke. Horrek analisia eta talde lana eskatzen ditu. Eskolak ezin du erabat gizarteko oldeen kontra joan, baina ezta haren mendeko izan ere. Oreka bat bilatu behar da. Eta gizartearekin batera oso kontuan edukitzekoa da familiek betetzen duten funtzioa ere. Mundu mailan eskolarik eraginkorrenak izatea lortu dutenek hiru sistemaren engranajea ondo egin dutelako izan da: eskola, etxea eta gizartea. Hiru engranaje horiek modu koordinatuan funtzionatzea da gakoa. Noski, horren guztiaren atzean proiektu bat egon behar da, eta proiektu horrek kolektiboa izan behar du. Eta kolektibotasun horretan familiek eta gizarteak ere parte hartu behar dute, ezin dute eskolek modu isolatuan funtzionatu.

Irakaskuntza berritu ez ezik, berrasmatu egin behar dela diozu. Baina, zer da berrikuntza hezkuntzan? Eta nola berritzen da?

Hezkuntzan berrikuntza txertatzeak esfortzu bat eskatzen du, izan ere, gaur egun dauden tendentzia eta heziketa-ildo guztiekin korronte ezberdinen artean galtzeko edo kontziente izan gabe eramaten uzteko arriskua daukagu. Nire ustez, hezkuntzako berrikuntzaren gakoa irakasleongan dago, egunero klasea ematen dugunok egiteko gai garen horretan, hain justu.

Gaur egun bogan dago azpiegiturak aldatzea, espazioak modu berritzailean diseinatzea, Ipad-ak erabiltzen hastea, paretak botatzea… Hori guztia nahiko modu errazean egin daiteke, baina horrek denak berrikuntza dakar? Ekar dezake edo ez. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan modu jasangarrian eragitea zaila da. Beldurrak ditugulako, ados jartzea kosta egiten zaigulako, administrazioak hainbat muga jar ditzakeelako, familia mota anitzekin kudeatu behar dugulako… hori guztia egia da, baina argi izan behar dugu konponbidea guregan dagoela, irakasleongan, eta beraz, gure esku dagoela zailtasun horiek gainditzea ere.

Hala ere, ezin dugu ahaztu eskola eta hezkuntza komunitatea oso sistema konplexua dela gu horko parte garela, eta beraz, hor gertatzen den guztiak eragiten digula: bitartekoek, gelan gertatzen denak, komunikabideek eta sare sozialek, familiek, instituzioek, inguruko ekonomiak, ideologiek, telebistan bota duten azken iragarkiak, Youtuben sekulako biralitatea lortu duen bideo horrek… horrek guzti horrek gela barruan eragiten du. Eta hori gure lanbidearen ezaugarri bilakatu da: alegia, hezkuntza sistema oso konplexua bihurtu da.

Baina konplexutasun horretan guztian bada interesgarria den ezaugarri bat ere, argi printza bat eman behar ligukeena eta norabide bat markatzen lagundu. Izan ere, zer da kontrolatu dezakegun gauza bakarra? Kontrolatu dezakegun zein ikasle izango ditugun? Zer irakatsi nahi dugun eta zer ez? Gure irakasle kideak aukera ditzakegu? Zuzendaria? Eta eskola komunitatea kontrola dezakegu? Eta gizartea? Ez, horrelako ezer ezin dugu kontrolatu, hori ez dago gure esku. Beraz, zer da kontrolatu dezakegun gauza bakarra? Guk geuk egiten duguna, alegia, gure eguneroko jarduna eta praktika.

Baina irakasle batek berak bakarrik gutxi egin ahalko du, ezta? Izan ere, ikasle batek hamaika irakasle pasa ohi ditu derrigorrezko hezkuntzan zehar, eta gainera, hain determinantea izan behar al luke ikasle bakoitzari zein irakasle tokatzen zaion?

Ikerketek erakutsi dute irakaslearen gela barruko jardunak zerikusi zuzena duela ikasleen emaitzetan, baina ez naiz ari irakasle soil baten jardunaz, baizik eta irakasle guztion artean, bere formazioa amaitzen duenera arte, ikasle batekin egiteko gai garen horretaz . Taldeko lan horretan dago gure indargunea, eta hezkuntzaren transformaziorako gakoa. Baina indargune hori kolektiboa da.

Aipatu ditudan ikerketa horietan ikusi zuten hainbat ikaslerengan eragin handiagoa izan zutela ikaskuntza-prozesuan zehar edukitako irakasleek haien inguruneko bestelako bizi-baldintzek baino (etxea, auzunea, lagunak…). Eta ideia hori oso kontuan izan behar dugu, esan nahi baitu ikasle baten inguruneko baldintzak direnak direlarik ere, eskola hasten duenetik amaitzen duenera arte guk berarekin egiten dugunak bizitza alda diezaiokeela. Baina esan dudan moduan, ez da irakasle batek haiekin zer egiten duen, baizik eta guztiok, egunero, zer egiten dugun bere formazio osoan zehar. Zenbat urte ematen dituzte ikasleek gurekin? 13-15? Pentsa zenbat egin dezakegun… beti ere, eta hitz hau gakoa da, konsistentzia –trinkotasuna, sendotasuna, iraunkortasuna…– baldin badago heziketa-prozesu osoan zehar.

Beraz, irakaslearen formazioa eta hark dakarren jakintza pedagogikoa gakoa izango da ikasleak ondo prestatzeko?

Irakasleok dakargun motxila pedagogikoak sekulako zerikusia dauka klaseak emateko daukagun moduan. Esan dezakegu irakasle orok motxila bat daramagula gelara eta motxila hartan daramatzagun baliabide didaktikoekin ematen dugula klasea. Irakurri ditugun liburuez gaindi, egin ditugun ikastaroez gaindi, parte hartu dugun kongresuetan ikasitakoaz gaindi, irakasle gisa egiten dakigunean oinarrituz irakasten dugu. Baina, nola eskuratu ditugu erreminta didaktiko horiek guztiak? Nola eskuratu dugu praktika, esperientzia, formazioa? Adibidez, klasera sartu eta eskola eman genuen lehen egunean nola egin genuen gogoratzen dugu? Egun hartan zer generaman motxilan? Ilusioa, gogoa… hori bai, baina zer gehiago? Hain zuzen ere, urteetan zehar ikusi eta bizi izandako guztia; alegia, ikasle izan garen denbora horretan guztian zehar esperimentatutakoa. Irakasleok, beste profesional gehienek ez bezala, gure lanbidera iristen garenean gure praktika profesionala behatzen milaka ordu igaroak gara. Eta zer gertatzen da? Bada, normalki, bizi izan dugun hori errepikatzen dugula.

Adibide bat jarriko dut: demagun bizitza osoan nire herrian balsa dantzatzen ikusi dudala jendea. Ni plazara dantzara ateratzen naizen egunean, zer aterako zait? Balsa, ezta? hori baita nik bizitza osoan ikusi dudana. Baina imajinatu egun batean herrira “iluminatu” bat etortzen dela, eta esaten duela balsa joan den mendeko dantzaera dela eta orain egin beharrekoa, puntan dagoen dantza mota, zumba dela. Nik, ordea, zumba dantzatzen ez daukat ideiarik ere. Eta esaten didate: “Lasai ikastaro batera eramango zaitugu eta ikasiko duzu”. Zumba ikastarora joaten naiz, han ni bezala joandako ikasle gehiagorekin elkartzen naiz, eta sekulako esplikazioak ematen dizkigu irakasleak zumba-ren inguruan. Eta are gehiag: ikastaroaren bukaeran zumba-ren erakustaldi bat ere egiten digu. Formazioa amaitzen da, oso gustura ateratzen gara, herriko jaiak iristen dira, plazara ateratzen naiz, eta zein da lehenengo ateratzen zaidan dantza? Betikoa, ezta? Bizitza osoan egin dudana eta ni dantzari gisa definitzen nauena, ezta? Alegia, balsa.

Gauza berbera gertatzen zaigu irakaskuntzaren arloan ere. Gure motxilan baliabide berriak sartzen joateko ikastaroetara joan ohi gara, baina jakin badakigu gutariko oso gutxi direla gai ikastaro batean ikasitakoa gero gelan txertatzen hasteko. Beraz, zer gehiago egin dezakegu? Nik benetan zumba dantzatu nahiko banu, zer egin beharko nuke? Plazara irten eta dantza hori egin, alegia, praktikatu. Eta, lehen urratsak egiten lagun diezadaken norbaitekin bada, hobe. Beraz, gauza berbera egin dezakegu irakasleon formazioaren kasuan ere.

Irakasleak elkartu, bata bestearengandik ikasi, ikasitakoa bestearen laguntzaz praktikan jarri, eta egindakoaren gainean hausnartu… hori litzateke bidea?

Badakigu norabidea hori izan daitekeela, baina gure kasuan, benetan ba al dakigu gure lankideek euren motxiletan zer daramaten? Akaso, baten batek kafe orduan kontatuko digu berak klasean hau edo beste egiten duela… beharbada besteren batekin proiekturen batean hartu dugu parte… baina hori horrela bada, nola ezartzen ditugu berrikuntza-prozesuak gure zentroetan? Nire ustez, gakoetako bat zera da: jada, XXI. mendean, ikasgelak ezin dira izan espazio itxiak, baizik eta eremu irekiak izan behar dute, zeinetan batak bestearekin praktikak eta jakintzak parteka ditzakegun. Eta norberak bere motxilan dakarrena ere besteekin partekatu behar du irakasleen komunitate horretan.

Irakasleen formaziori dagokionez, teoria asko baina praktika gutxi dagoela esango zenuke?

Bai, dudarik gabe. Maine Bethel-en piramideak adierazten den moduan, segun eta zein estimulu mota jaso dituen pertsona batek, iritsi zaion horretatik gehiago edo gutxiago barneratu dezake. Adibidez, hitzaldi batean jasotzen denetik, % 5 barneratzen da; irakurketa batetik % 10; ikus-entzunezkoetatik % 20; erakustaldietatik % 30; eztabaida taldeetatik % 50; praktiketatik % 75; eta beste batzuei irakastetik % 80. Kontua da irakasleek egiten duten formaziorik gehiena, asko joka, eztabaida-taldeetara iristen dela, baina ez gehiagorik. Beraz, ikerketek erakusten duten moduan, gerta liteke irakasleek jasotzen duten formazio guztitik soilik % 10-15 bilakatzea lan-tresna. Horrek esan nahi du urtean formazioan inbertitzen diren errekurtso guztietatik % 85 inguru alperrik galtzen direla, formazioa ulertzeko daukagun moduagatik. Baina, ikastaro bati ezin diogu gehiagorik eskatu. Bere funtzioa dauka, baina hor entzundakoa praktikara eraman nahi izanez gero, haratago joan behar genuke. Formazioa gakoa da, baina gaur egun gertatzen dena da formazio teoriko asko dagoela, baina formazio praktiko gutxi geletan.

Hainbat irakaslek esperientzia eta proiektu interesgarriak egin ohi dituzte, berritzaileak.

Bai, hori egia da. Baina anekdota hutsean geratzen dira horietako asko, eta ez dira zentro batean berrikuntza izatera iristen. Berrikuntza litzateke forma berritzaile horiek irakasle guztion artean ikasgela denetan txertatzea.

Eta hori lortzeko zer egin dezakegu?

Benetako feedback-a beharko genuke egiten ari garen praktikaren gainean. Eta horretatik oso gutxi daukagu. Oso kuriosoa da: egun osoan jendez inguraturik gaude, baina gure lanbideak lanbide isolatuenetariko bat izaten jarraitzen du. Bakarrik ari-tzen gara, eta oso gutxitan egon ohi gara beste irakasle batekin klasean. Ez gaude etengabeko feedback-ean, beste lanbide gehienetan gertatu ohi den moduan. Guk bakartuta jarraitzen dugu. Eta irakasleon formazioa hobetu nahi badugu, hori konpondu beharra daukagu.

Eta ez naiz ari esaten ezagutza beharrezkoa ez dugunik gure praktika profesionala hobetzeko. Ezagutza ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Ezagutzak handitzeko formazio kurtsoak antola ditzakegu, baina formazioa ez da amaitzen ekintza horretan. Han esandakoa ulertzeko gai izan gaitezke, baina ez gero hori gure gelan txertatzeko gauza. Formaziorako ez da nahikoa kontzeptuak ulertzea eta ezagutzak metatzea, gaitasunetan ere trebatu behar da. Eta gaitasun horiek eskuratzeko ezinbestekoa da behaketa lehenik, eta gero praktikan jartzen hastea, eta beste norbaiten laguntzarekin bada hobe. Baina hor ere ez da amaitzen kontua. Gerta liteke irakasle bat praktika hori bere gelan txertatzeko gai izatea, baina gogorik ez edukitzea, berak nahi ez izatea eta esatea ez duela egingo. Beraz, ezagutzaz eta gaitasunaz gain, aldeko jarrera bat ere behar da. Alegia, hori egiteko gogoa eduki behar da.

Eta gogo hori, edo nahi izate hori nola lantzen da? Ezinbestekoa da irakasleok egin nahi dugun horretan, edo txertatu nahi dugun berrikuntza horren erabakian eta diseinuan parte hartzea. Zenbat eta parte gehiago hartu, are eta gehiago geureganatzen dugu berrikuntza, eta orduan eta gogo handiagoa izaten dugu aldaketa hori martxan jartzeko. Kontrara, zenbat eta parte gutxiago hartu eta zenbat eta gehiago etorri goitik ezarria, orduan eta gogo txikiagoa izango dugu hori egiteko. Beraz, parte-hartzea ezinbestekoa da, egiteko nahiarekin batera. Baina horrekin ere ez da nahikoa. Eskola guztietan daude berritzeko nahikoa ezagutza, gaitasun eta gogo duten irakasleak. Irakasle horrek bere gelan txerta dezake berrikuntza, baina anekdota hutsean geratuko da eskolaren sostengu gehiagorik ezean. Hezkuntza-berrikuntza zerbait kolektiboa da, organizazio osoak garatu beharrekoa. “Berrikuntza” dei dakion guztion artean adostutako eta eraikitako zerbait izan beharko litzateke, metodologia komun bat erabiliz. Ordun bai emango geniokeela ikaskuntza-prozesu horri sendotasuna eta trinkotasuna. Kontua da horretara iristeko denbora asko behar dela.

Nondik hasi berrikuntza-prozesu batekin? Eta nola eraman prozesua aurrera?

Lan hori ez dagokigu guri soilik, baita guk parte hartzen dugun organizazioari ere. Izan ere, demostratuta dago organizazio baten egiturak eta gauzak antolatzeko moduak zerikusia duela bertako parte diren pertsonen jarreretan eta jokabideetan. Johnson & Johnson-ek egindako ikerketa baten arabera, organizazio bateko kideek duten jarreraren % 85 baino gehiago zuzenean haren egituraren araberakoa da, eta ez kide horien izaeraren araberakoa. Beraz, profesional gisa gure eskolan nola joka-tzen dugun aztertzerakoan kontuan izatea komeni da hein handi batean gure jarrera eskola hori organizatzeko moduaren araberakoa dela. Eta organizazioa diodanean, ordutegi her-tsiez, sarrera eta irteera kontrolatuaz, irakasgaikako antolaketaz, gelakako banaketaz, talde-lanerako espazio ezaz… horretaz guztiaz ari naiz. Eta oraintxe bertan gure eskolari begiratzen badiogu ikusiko dugu bere egitura oraindik ere nahiko industriala dela. Horrek guztiak ere zerikusia du gure jokamoldean. Beraz, aldaketa handia etorriko litzateke eskolako egitura bera aldatuko bagenu.

Oraindik ere hainbat eskolaren organizatzeko modua industriala izan daiteke, baina eskola ugaritan metodologia berriak ari dira martxan jartzen.

Gaur egun hiperformatutako mundu batean bizi gara. Gauza guztien inguruko informazioa daukagu. Euri jasa bezala, metodologia ugariren berri izaten dugu egunez egun, eta hain iruditzen zaizkigu liluragarriak, pentsatzen baitugu berehala gure gelan eta zentroan ere ezarri beharko genukeela horrelako zerbait.

Adibide bat jarriko dut: irakasle bati eska dakioke egun batetik bestera adimen anitzetan oinarrituta lan egiteko. Berak bere motxilan begiratzen du eta esaten du: “Baina nik ez dut nire bizitza osoan horrelako ezer ikusi; beraz, esplikatu mesedez zer edo zer eta ea gai naizen zerbait egiteko”. Baina ikusten dute horrekin ez dela nahikoa eta arazoetan oinarritutako ikaskuntza ere oso interesgarria dela, eta beraz irakasleari biak uztartzeko eskatzen diote, eta noski, hori guztia teknologia berriekin lotuz egiten badu, bada, hamaika aldiz hobe. Baina hor ez da bukatzen kontua, ezin baita ahaztu oso garrantzitsua dela ondo irakurtzen eta idazten ikastea, eta balioak nahiz heziketa emozionala ere hor daude, albo batera utzi ezin direnak… eta hizkuntzak, eta konpenteziak eta… Horren aurrean irakasleak zera esaten du bere baitarako: “Norbaitek pentsatu ote du niregan?”. Metodologia horietako bakoitzeko beste hainbat jakintza eta gaitasun sartu behar ditu bakoitzak bere motxilan, eta beraz, orotara 50 gauza berri inguru ikas ditzan ari gatzaizkio eskatzen irakasleari. Horrek guztiak berrikuntza-prozesuak blokeatu besterik ez ditu egiten. Irakasleok ez garelako robotak eta gauza berriak egiten ikasteak denbora eskatzen duelako.

Bestetik, berriz, kontuan izan behar dugu berrikuntza prozesuak txerta-tzeko irakasleok izan dezakegun motibazioa edo motibazio eza ere. 2013an OCDEk 23 herrialdetako irakasleekin egindako TALIS izeneko ikerketak erakutsi zuen haien lanean kalitatea hobetzeak ez zuela jasotzen inolako errekonozimendurik. Irakasleen % 75ek esan zuten euren lana hobeto edo okerrago egin, berdin zitzaiola eskolari. Aztertu egin behar genuke irakasleok nola ari garen bizitzen gure lanean eraginkorrak izatea edo ez, eta nola izan daitekeen gure lana errekonozitua ikasleen nahiz familien aldetik.

Ebaluazioak zein paper jokatuko luke testuinguru horretan?

Ebaluazioa hobekuntzarako erabili behar genuke. Eta horixe da gainera irakasleak eta haien lana ebaluatzeko egon daitekeen arrazoi bakarra: hobetzea. Baina irakasle bat ebalua-tzeak soilik zer dagoen ondo eta zer ez esateko, ez du ezertarako balio, baldin eta ez bazaio esaten zer eta nola hobetu dezakeen eta horretarako erremintak jartzen. Beraz, irakaskuntzaz ari garenean, ebaluazio zigortzaile batek ez luke zentzurik. Ebaluazioa soilik era formatzailean ulertzen dut nik, alegia, zerbait ikasteko aukera emango ligukeen balorazio gisa.

Hortaz, zuk nolako formazioa proposatzen duzu?

Historikoki, irakasleon formazioa eskolaz kanpoko zerbait izan da, bai irakasleok kanpora irten garelako prestatzea, edota baita kanpoko norbait etorri zaigulako ere eskolara. Zuzendaritzak hala erabaki duelako, hezkuntzako ministeriotik agindu bat edo beste etorri delako, OCDEko era bateko edo besteko aholkua eman duelako... Horren guztiaren arabera, hainbat formazio plan egin izan dira eta horiek eskolan aplikatu.

Nire proposamena litzateke horri buelta ematea eta formazioa goitik beherako izatetik behetik gorakoa izatera igarotzea. Horrek, noski, irakasleen parte-hartze altua eska-tzen du. Formazio mota horri eskolan oinarritutako formazioa deituko genioke, edota ikaskuntzarako irakasle-komunitatea. Formazio horren funtsa litzateke irakasleen prestakuntza ez litzatekeela kanpoan egingo, eskola barruan baizik. Batak bestearekin praktikatuko genuke eta batak bestearengandik ikasi. Elkarlanean egindako formazioa litzateke. Formazio mota hori eskolaren beharretara hobekiago egokituko litzateke, helburu izanik gure ikasleek hobeto eta gehiago ikastea. Beraz, ezelango formazioa antolatzen eta egiten hasi aurretik gure buruari funtsezko galdera bat egin beharko genioke: zer nahi dugu benetan gure ikasleek ikastea?

Ikasleen irteera profila zehatz definitzea proposatzen duzu zuk, alegia, eskola bateko irakasle guztiek ikasleen ikaskuntza-prozesuaren ikuspegi partekatua edukitzea.

Bai hala da. Argi izan behar dugu gure ikasleek eskola amaitzen dutenean zer jakin behar duten, zer-nolakoak izango diren eta zein konpetentzia izango dituzten. Nik defendatzen dudan modeloan guztiok ados jarri behar dugu, eta guztiok norabide berean egin behar dugu arraun. Baina arraunaren norabideak argia izan behar du. Eta eskolan egiten ari garen praktika pedagogikoak ezin du izan orain dela gutxi irakasle bati bururatu zaion zerbait, ezta modan jarri den azken metodologia ere. Ados jarri behar dugu gure eskolan sakratuena denaren inguruan: derrigorrezko eskola amaitzen dutenean gure ikasleak nolakoak izatea nahi dugu? Galderak oso argia eta samurra dirudi, baina erantzuna ez da hala. Beraz, guztiok argi eta garbi izan behar dugu ikaslearen irteera profesionala zein izango den eta norabide horretan lan egin ikasturte guztietan, gela guztietan, irakasle guztekin... Hala, “hauek dira nire ikasleak, hau nire klasea, eta hau nire asignatura” esatetik, “hauek gure ikasleak dira, hauek gure klaseak eta hau gure programa” esatera igaroko ginateke. Izan ere, programa batek ez du zehazten ikasturte batean ikasleak zer egiten duen, baizik ikasle batek gure eskolan sartzen denetik ateratzen denera arte zer egiten duen. Hori da programa, eta ni irakasle gisa, lan-talde horretako kide naiz. Alegia, ni ez nago kontratatuta “matematikako irakasle” gisa, baizik eta lan-talde profesional bateko kide gisa nago kontratatua eta lan-talde hori profil jakin bateko pertsonak ari da eraikitzen. Euren burua hezitzaile gisa ikusten duten irakasleak behar ditugu, eta ez euren burua irakasgai bateko espezialista bezala hautematen dutenak.

Lana egiteko modu honek sendotasuna eta iraunkortasuna bermatzen ditu, eta gainera, ez digu uzten oraintxe modu batera, eta gero bestera, moda batetik bestera saltoka lan egiten, baizik eta uneoro geure buruari ondokoa galdetzera garamatza: zer esaten dit irteerako profilak? Zein da gure egitekoa? Eta helburua pertsona osoak eraikitzea bada, irakasle batek bakarrik ezin du hori lortu. Horretarako urte asko behar dira, eta gu pertsonaren eraikuntza horretan une bateko bidelagun izango gara, ahaztu gabe profesional-talde handi bateko kide garela.

Nire ustez, irakaslearen formazioa ikaslearen irteera profilaren zerbi-tzura egon beharko litzateke. Metodologiak ez direlako helburu bere horretan, baizik eta gure ikasleen ikaskuntzarako baliabide. Beraz, eskola batek oso argi duenean zein izango den bere ikasleen irteerako profila, orduan berritu ahalko du, bitartean ez.

Berrikuntzaz hitz egiten dugunean, lehen galdera zera izan ohi da: “Eta, zer egingo dugu gure geletan?”, baina ez luke horrek izan behar galdera, baizik eta hurrengoak: “Zer nahi dugu gure ikasleekin lortu? Zer nahi dugu haiek ikastea?” Hori argi izan arte ezin dugu aurrera egin. Behin argi dugunean zer nahi dugun gure ikasleek ikasteta, hurrengo galdera zera da: “Eta hori nola ikasten da?” “Zer esaten digu zientziak guk lortu nahi dugun hori eskoletan ikasteko dagoen moduez?”. Okurrentzietan oinarritutako berrikuntzatik ebidentzietan oinarritutako berrikuntzara egin behar dugu jauzi.

Eskoletan behetik gorako berrikun-tza sustatzeko zer egin dezakegu?

Lehenik eta behin zentro bateko irakasleen artean bertako jardunaren gaineko diagnostiko bat egin behar da: zer ari gara egiten? Nola egiten dugu lan? Eta egiten dugun horrekin zein emaitza lortzen ditugu? Zer hobetu nahi dugu? Lehen esan bezala, lehenik eta behin argi izan behar dugu ikaslearen irteera profila: “Honelako ikasleak lortu nahi ditugu”. Eta hori lortzeko, “ni zein ekarpen ari naiz egiten?”.

Beraz, hobetzeko eta berritzeko, zer egin? Lehenik plan bat eduki beharko genuke, gutxienez 10 urterakoa. Baina gero, hemen eta orain egin behar da lan eta ez hemendik 10 urtera. Ondoren, horren gainean irakasleen artean lan egiteko modu batetik bestera igarotzeko akordioak egin beharko lirateke eta urrats egingarriak diseinatu. Gakoa da aldaketa txikiak eginez joatea, eta ez egun batetik bestera praktika guztia aldatzea. Eta, noski, klaustro guztiaren adostasuna ezinbestekoa da. Nik defendatzen dudan metodo honekin ez ditugu aldaketa handiak lortuko, baina bai hobekuntza txikiak, eta azken finean xedea da irakasteko ohitura kolek-tiboak garatuz joatea. Lan egiteko modu bat ohitura bilakatzen denean gure gelan era naturalean hori egiteko gai izango garelako, eta horrek esan nahiko duelako lan egiteko modu hori jada gure motxilan txertatuta dagoela.

Berrikuntza txertatzeko bi modu daude: bata da zentro guztia erabat aldatzea, baina horrek errekurtso asko eta energia handia eskatzen du; eta bestea da helbururak 10 urterako markatzea, baina aldaketak urtez urte egiten joatea, pixkanaka baina sendo. Horrek esan nahiko du lauzpabost urtean dezente aldatzea lortuko dugula eta aldaketa kolektiboa denez, irakasleren batek zentro horretatik alde egiten badu ere ezagutza ez duela berekin eramango, baizik eta ezagutza hori eta lan egiteko modu hori talde osoarena, eskolarena, dela. Eta, gainera, hori guztia idatziz jasota dagoenez, norbait berria datorrenean hari ere erakuts diezaiokegula. Horixe da ikaskuntza kolaboratiboak duen indarra, besteekin eta besteengandik ikasteko aukera ematen duela.

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra