[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

ARBEROA IKASTOLA. Komunikazio Ez Bortitza bizitzen 2017-07-19

Ikastola berezia da Donamartiriko Arberoa. Berezia gutxi direlako hain lotuak bizitzari, hain lotuak plazerari, hain estuki lotuak haurrari. Ongizatea du helburu Arberoa ikastolak, haurren ongizatea, familien ongizata eta bertako langileen ongizatea. Horretarako, Marshall Rosenbergek garatutako Komunikazio Ez Bortitza ari dira esperimentatzen, ikasleekin, irakasleen artean eta ikastolako familiekin. Ongizate nahiaz gain, euskara eta euskalduntasuna eta ingurumenaren ezagutza eta errespetua dira Seaskako ikastolaren ardatzak.

2.008an sortu zen ikastola, Donamartirin, Benafarroko herri txiki batean, lau ikaslerekin eta irakasle batekin, Seaskaren baitan. Gaur egun 71 haur (40 familietarik), bost irakasle, hiru laguntzaile eta laguntzaile berezitu bat biltzen ditu ikastolak. Haurrak inguruko bospasei herrietarik heldu dira, eta mementuko, eraikuntza prefabrikatuetan ari dira eskolak ematen, baina laster ikastola berria eraikitzekoa dute, gaur egun dauden lekuan berean. “Hastapenetik gure asmoa izan da ikastolako aktore ezberdinekin sortzea gure ikastola, bakoitzari hitza emanez eta egiten zena hauei egokituz”, Maialen Etxart ikastolako zuzendari eta gurasoaren hitzak dira, Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Oinherriren baitan antolaturiko Herri Hezitzailea, eskola herritarrak jardunaldietan parte hartu zutenekoak. 2008tik gaur arte, ibilbideak eta guraso, irakasle eta langileekin egindako elkarlanak Arberoa ikastolaren proiektua hiru ardatz nagusitan finkatzera eraman du lan taldea:

-euskara eta euskalduntasuna

-ingurumenaren ezagutza eta errespetua

-ongizate nahia

Ongizate nahiak egiten du berezi Arberoa ikastola, helburu hori egunerokoan gauzatzen baitute, Komunikazio Ez Bortitzaren bitartez. Marshall Rosenberg (AEB, 1934-2015) psikologo, mediatzaile eta irakasleak iragan mendean garaturiko harremanetarako eredua da Komunikazio Ez Bortitza, eta hain zuzen ere, ongizatea du helburu nagusi, norberarentzat ongizatea, baina, baita bestearentzat eta besteentzat ongizatea ere. “Helburua epe luze eta zabalerat delarik mundu baketsu eta zoriontsu bat denen artean eraikitzea”, Kattalin Aizkorretaren hitzetan. Arberoako irakasleak zehazten du, ordea, mundu baketsu batez mintzo direnean, KEBren ikuspegitik ez direla gatazkarik gabeko munduaz ari, “baizik eta gatazkak molde baketsuan eraldatzen direla”. Baita, beraz, ikastolako proiektuan ere.

Paradigma aldaketa bat proposatzen du Komunikazio Ez Bortitzak, hasteko gonbidatzen gaitu hain zabaldua dagoen epaitik, hau da, “gaizki/ongi eredutik” urruntzea, eta gertakariak ikuspegi neutro batekin ikusten saiatzea. “Ondotik begiratzerat zer eragiten duten gugan, nola sentitzen garen, arras ezberdina izanen baita pertsona batetik bestera, eta une batetik bestera. Gero ulertzen ahalko dugu zertan hunkiak izan garen, zer balore garrantzitsu, zer behar hunki duten gugan”. Azkenik, Komunikazio Ez Bortitza ereduan, eskaera bat egingo diogu bai gure buruari eta baita besteari ere, “zerbait galdegiten ahalko diogu gure bizia eta bestearen bizia ederrago izaiteko”.

KEBan Marshall Rosenbergek abereak erabiltzen ditu gizakion emozioak, sentimenduak eta bestelako konzeptuak ulertarazteko, esate baterako, jirafa litzateke bere sentimentu eta beharrekin konektatua dagoen animalia, eta otsoa, berriz, besteari leporatzen dizkiona bere arazoak, iraintzen duena eta bortizkeria erabiltzen duena. Arberoako irakasleek azaldu dutenez, “gure baitan daude biak eta garatzen da elika-tzen duguna”. Jirafaren eta otsoaren alegoriak, ulertzeko hain erraza den paradigma berri honek barneratzeko denbora hartzen du, eta urratsez urrats ikasten da, “KEB bizi filosofia bat baita”.

Hain zuzen ere Hik Hasik antolatutako udako topaketetan, Donamartiriko Arberoa ikastola komunikazio ez-bortitza esperimentatzen izenburupean, Rosenbergen komunikazio-eredua ikastolan nola gauzatzen duten azalduko dute, egunean egunean, haurrekin, familiekin, irakasleen artean nola elikatzen duten irakatsiko dute, Leioan. “Ikastolan garrantzitsua iduritzen zaigu haurrak zoriontsu izatea, entzunak izatea, errespetatuak izatea, etab... molde berean ikastolan garen guztien ongizatea nahi dugu, irakasle eta laguntzaileena, ahantzi gabe gurasoena”. Baina, nola bermatu hori guzti hori? “Elkarrekin ikasiz eta elkarrekin praktikatuz”, azaldu du Etxartek.

Irakasleak ez ezik, ikastolako parte diren familiak ere KEB formazioa egiten ari dira. Irakasleak hilabetero elkartzen dira hiruzpalau orduz, KEB praktikatzeko, "eguneroko egoerak argitzeko, zailtasunak aipatzeko, elkar eskertzeko eta aitzina egiteko elkarrekin". Horrez gain, gurasoak ere elkartzen dira familia multzoka, autokudeatuak diren talde batzuetan. Eta biolentziarik gabeko komunikazio-eredu honen hirugarren hanka haurrak dira, haurrekin komunikazio ez bortitza biziz, erabiliz eta lantzeaz gain, KEB espresuki irakasten diete.

Besteak beste, honako tresna hauek baliatzen dituzte KEB praktikatzeko:

-Elkarbizitza saioak. Astero egiten dituzte, gehienetan ipuin bat lagun, gai ezberdinak aipatzen dituzte, adibidez, errespetua, askatasuna, kexua, konfiantza

-Sentimenduen txokoa. Gela bakoitzean mahai bat dute hainbat euskarrirekin: sentimenduak adierazteko irudiekin, sentimenduen ortzadarrarekin, beharren zuhaitza, kezkamuxelak, etab... eta haurrak edozein unetan joaten ahal dira mahai horretara, jarri, karta batzuk aukeratu, marraztu, idatzi... helburua delarik haien burua argitzea eta hobeki sentitzea.

-Biltzarrak. Dominic Barterrek 90eko hamarkadaz geroztik Brasilen praktikatu zituen biltzar borobilak esperimentatzen dituzte Arberoan. Elkar entzutea da biltzar borobil horien funtsa. Biltzarretan, batzuetan, arazorik gabe joan bada astea, eskerrak ematen dira eta aitzina segitzeko indarrak ematen dizkiote elkarri. Halaber, ostiraleko biltzarrak baliatzen dira ikastolako arauak elkarrekin erabakitzeko.

-Gaizkirik ez denez, Arberoan ez dago zigorrik.

Egun bat Arberoa ikastolan:

Eguna harrera momentuarekin hasten dute, plazerezko joko bat egiten dute lehenik haur guztiek elkarrekin, goxotasunean hasteko, taldeari lotzeko eta giroan sartzeko. Jarraian, arreta lortzeko ariketak egiten dituzte, yoga, arnasketa-ariketak, mandala margotzea… eta, azkenik, bakoitzaren “eguraldiarekin” bukatzen dute, haurrek eta helduek nola sentitzen diren azaltzen dute, gorputzez, bihotzez eta buruz. Eta egunean zehar halakorik errepikatzeko beharrik sentituz gero, berrio ematen dute norberaren eguraldiaren berri.

Egunean zehar sor litezkeen gatazkatxoak konpontzeko artekaritza egiten dute. Horretarako gela bakoitzean arartekariak dituzte, asterik aste aldatzen direnak. Arartekaritza horiek haurren artean egiten dituzte, eta zailtasun bat izanez gero, heldu baten laguntza eskatzen dute. Arartekaritza KEBren oinarrien arabera egiten da, lau urratsetan: bakoi-tzari galdatzen zaio zer gertatu den, nola sentitzen den, zeren beharra duen eta zer eskatu nahi duen. Horretarako, lehenik eta behin segurtatzen dute bi aldeak, gatazka izan duten bi haurrak, prest direla hitz egiteko, haien baitan badutela gogoa, indarra eta denbora, “bestenaz nahiago dugu luzatu eta beste mementu batez egin”.

Hautu pedagoikoa:

Ikastolako kide guztien ongizate nahia ikastolaren egitasmoaren erdigunera ekartzeak lan-moldean zeharo eragin du Arberoan. Irakasteko eta ikasteko moldeak egokitzeko eta aldatzeko beharra izan dute irakasle, ikasle eta gurasoek. Honako hautu pedagogiko hauek egin dituzte, KEBren albo-ondorio gisa:

-Gaur egun proiektuka lan egiten dute. Proiektuen gaiak haurrekin, gurasoekin eta irakasleen artean erabakitzen dituzte, eta ikastola barnean nola kanpoan eginiko ekintzei txertatzen zaizkie. Proiektuka lan egiteak ikasleen motibazioa pizten duela ikusi dute. Ondotik, proiektu bakoitzaren amaieran, erakusketa, aurkezpen edo ikusgarri bat eskaintzen da. Ondorioz urte osoan ikastolan antzerkia, dantza, artea eta kantuak leku berezia dute. Horrez gain, ikastolako gurasoek txaranga bat sortu dute eta haiek ere parte hartzen dute.

-Pedagogia ezberdindua. Haur bakoitza bakana eta errepikaezina dela kontuan izanik, ikasteko modua ere bakoitzak berea duela oso presente dute Donamartiriko ikastolan. Saiatzen dira, beraz, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen, eta haurraren beharretara egokitzen, bakoitzak behar duen eran irakatsiz. Saioak antolatzen dituzte haurren euren gaitasun eta interesen arabera ikas dezaten.

-Horrekin batera, adinak nahasiak dira. Ikas-prozesuan malgutasun handiagoz jokatzeko, eta helburuak adin jakin bati ez mugatzeko, hainbat adinetako haurrak elkartzen dira gela bakoitzean. Haur txikienekin, ama ikastolan ere, bakoitzaren erritmoari egokitzea garrantzitsua ikusten dute Arberoan. Laguntzeko, irakasleek gogo erabilketa ikasten dute, ikasleak ahal bezainbat laguntzeko haien ikasmoldeak eta ikas-prozesuak ulertzen eta hobetzen.

-Montessori pedagogia inspirazio iturri izan dute. Haurraren autonomia segurtatzeko, gelan, haur bakoitzak nahi duena ikas dezan aukera dauka, material anitz eta zabalari esker. Halaber, ikastolan haurrak libre dira nahi dutelarik edateko, komunera joateko. Jangela ere irizpide horien arabera antolatu dute, haurrak autonomo izan daitezen.

-Kooperazioa. Haurra garrantzitsua da baina baita kolektiboa ere. Bakarka ikasteko aukera dute, baina baita taldean ere. Elkar laguntza eta kooperazioa bultzatzen dituzte.

-Ingurumena. Ikastola herri ttipi batean kokatua denez, belardiz, oihanez eta errekaz inguratua dago eta aukera paregabe hori baliatzen dute haurrek ingurumena ezagut dezaten eta errespetatzen ikas dezaten.

-Hezkuntza taldea. Irakasleez gain, gurasoak ere hezkuntza taldeko partaide dira, eta presentzia handia dute ikastolaren eguneroko bizitzan. Bazkal ondoko jardueretan parte hartzen dute, egiten dakitena edo maite dutena partekatuz, izan arte martzialak, dantza, musika, jostea, baratzea, pilota... Horrez gain, irakasle guztiak partaide bezala arduradun dira, norbere gaitasunekin eta beharrekin, esate baterako, langileek haien ordutegiak haien beharren arabera moldatzen dituzte.

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra