[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

albisteak

Adimen anitzak. Azkarra naiz, azkarra zara, azkarra da... 2017-07-20

Howard Gardnerrek 1983an plazaratu zuen Adimen Anitzen teoria, adimena ez dela bat eta ez dela finkoa adierazi zuen, eta zortzi inteligentzia-mota zehaztu. Gauza batean ez bada bestean, guztiok adimentsuak garela zioen, eta gure eta gure haurren indargune eta ahulguneak ezagutzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Guztiok ezagutzen ditugu kasuak: azkarra da pertsona, bizkorra, argia... baina eskolan nota txarrak atera izan ditu. Abila da, trebea, ikaragarrizko gaitasunak ditu, baina ikasketak gaizki joan izan zaizkio. Giza harremanetarako balio handia duen pertsona, edo naturarekiko sentsibilitate berezia duena, edo musika gaitasun bikaina duena, edo gorputz abilezia aparta duena... baina eskolan nabarmendu ez dena. Zergatik? Zer gertatzen da kasu horietan? Eskolan nota kaskarrak ateratzeak pertsona bat ez dela azkarra esan nahi du? Zer da bizkorra izatea? Inteligentea, adimentsua, azkarra, argia izatea? Dantzari bat edo kontable bat, pailazo bat edo matematikari bat, arrantzale bat edo idazle bat: zein da inteligenteagoa? Bata bestea baino inteligenteago ote da? Neurtu al daiteke?

Eskolak, tradizioz, abilezia linguistikoak eta logiko-matematikoak balioesten ditu nagusiki, eta urtetan egin izan diren koefiziente intelektuala neurtzeko testak ere bi esparru horietan oinarritzen dira, maila batetik gorakoak —nota batzuetatik gorakoak— azkarrak, adimentsuak, inteligenteak direla diote ebaluazio horiek, eta hortik beherakoak... Testen arabera, bai, batzuk besteak baino inteligenteagoak dira. Baina zer gertatzen da logaritmoak askatzen, hizkuntzak interpretatzen, formula matematikoak aplikatzen hain trebeak ez diren pertsona horiekin guztiekin? Testetatik kanpo —eskolak balioesten dituen eremuetatik kanpo— nabarmentzen diren pertsonak ez ote dira adimentsuak, bizkorrak, argiak...?

Bada, horiek guztiak ere inteligenteak dira. Zu, irakurle, adimentsua zara. Zure haurra, bikotekidea, ikaslea, aita, ama, laguna... guztiok gara inteligenteak. Ez akaso matematiketan eta hizkuntzetan, baina beste esparru batzuetan adimentsuak dira. Egunerokotasunean ditugun erronkak hain anitzak izaki, ezin da esparru bateko adimena beste batekoaren gainetik jarri. Horra Howard Gardner psikologo eta Harvardeko unibertsitateko irakaslearen ekarpena: guztiok gara izan inteligenteak, adimena ez baita letretara eta zenbakietara mugatzen. Haren ikerketen arabera, ezin da adimen bakarraz hitz egin, inteligentzia mota bakarraz hitz egitea akatsa litzateke. Adimen motak ugariak dira, inteligentziak anitzak dira.

Howard Gardnerrek iraultza ekarri zuen adimenaren ikerketaren lur hauetara 1983an garatu zuen Adimen Anitzen teoriarekin. Paradigma aldaketa proposatu zuen irakasleak: inteligentzia ezin da adimen linguistikoaren eta matematikoaren arabera neurtu, adimenak anitzak baitira. Gaur-gaurkoz zortzi adimen-mota definituak ditu Gardnerrek: adimen lingustikoa (hizkuntza menperatzea eta komunikatzeko gaitasuna izatea), adimen logiko-matematikoa (arrazoiketa logikorako eta estrategia problemarako erresoluzio gaitasuna izatea), adimen espaziala (mundua perspektiba ugaritatik behatzeko gaitasuna), adimen musikala (musika sortzeko eta jasotzeko gaitasun berezia), adimen zinestetikoa eta gorputz adimena (gure gorputzaren mugimenduak kontrolatzeko gaitasuna), adimen intrapertsonala (norbere burua ulertzeko gaitasuna), inteligentzia interpertsonala (besteekin harremantzen laguntzen duen inteligentzia) eta adimen naturalista (natura behatzeko eta ikertzeko gaitasuna). Adimen espirituala baieztatze bidean dauka irakasleak, eta adimen pedagogikoa ikerketa bidean du lan taldeak. Beraz, izan, guztiok gara bizkorrak zerbaitetan, guztiok gara izan inteligenteak. Galdera beraz, zertan garen inteligenteak litzateke. Zertan garen adimentsuak eta zertan ez garen hain adimentsuak jakiteak, gure indarguneak eta gure ahulguneak ezagutzea esan nahi du, eta batzuk eta besteak sustatzeko tresnak bilatzen lagunduko digu.

Adimentsu garela sinesteak, adimentsu jokatzen lagunduko digu

Adimentsu, bizkor, inteligente, argi... diogunean zertaz ari gara zehazki? Adimena aski estudiatua den gaia da, baina oraindik kontrobertsia handia sortzen duen kontua da, izan ere, adimentsua izatea ala ez, ez da gai hutsala, adimentsuak garen edo ez garen geure buruaz dugun irudiak batetik, guk besteez dugun pentsamenduak bigarrenik — seme-alabez, ikasleez... dugun irudiak— eta, hirugarrenik, besteek gutaz duten usteak, jarreretan ez ezik—autoestimuan, nortasunaren eraikuntzan, ikasketa-prozesuan—ekintzetan eragiten du —erabakiak hartzen, ikasketa batzuk ala besteak hautatzen...—. Jendartea, jende taldeak sailkatzeko ere erabili izan da adimena —“hauek azkarrak, hauek tontoak”—, beraz, adimenaz eta inteligente izateaz ari garenean zertaz ari garen zehazteak badu garrantzirik. Hona Lontxo Oihartzabal EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle ohiaren arabera, zer den inteligente izatea: “konpondu beharreko arazoa nolakoa, halako ezagutzaz eta estrategiaz baliatzen dira adimentsu direla diogun gizakiak”. Arrantzara irten behar duenak ingurunea behatzeko, natura uler-tzeko gaitasunak izatea komenigarria izango da, baita esku trebeak eta pazientzia ere. Biolin jotzaileak adimen musikala beharko du bai, baina baita inteligentzia interpertsonala ere, aurrean dituen entzuleengana iritsi nahi badu. Gardnerrek berak gisa honetan definitzen du adimena: “Arazoak konpontzeko gaitasuna edota kultura edo gizarte ingurune baterako balio handiko produktuak ekoizteko gaitasuna”. Arazoak konpontzeko gai izatea dioenean, helburu batera iristeko bide egokiena zein den ikusteko gai izateaz ari da Harvardeko irakaslea, Oihartzabalek haren idatziez dioenez, eta kultura edo gizarte ingurune baterako garrantzizko produktuez ari denean, berriz, modu zabalean ari da Gardner, botoi bat josteaz, xakeko jokaldi batean fitxa-mugimendurik egokiena egiteaz, gurasoak edo irakaslea konbentzitzeko arrazoiketa aproposenak asmatzeaz... Gardnerrek dio adimenari buruz moldatu duen ikuspegia “ikuspegi polifazetikoa” dela, eguneroko arazoak konpontzeko, nahitanahiez adimen mota bat baino gehiago erabiltzen baititugu.

Autoestimuari bultzada ematen dion teoria

Edurne Etxeberria Bigarren Hezkuntzako irakaslea adimen anitzen gaian aditua da, Hik Hasiren Udako Topaketetan gaiari buruzko ikastaroa ematen du, eta haren ustez, Gardnerrek proposatzen duen paradigma aldaketak, guztiok (zerbaitetan) bizkorrak garela sinesteak, aukerak zabaltzen ditu. “Gardnerren teoriak, bakoitzaren ezintasunak edo hutsuneak ikusi beharrean, beste alderdiari begiratzea eskatzen du, pertsona bakoitzak dituen abileziei begiratzea, eta horiei etekina ateratzea”. Horrek berak, hasteko, autoestimuari bultzada ematen dio Etxeberriaren aburuz. “Norbere buruarengan sinesteko aukerak zabaltzen dituelako, baina baita seme-alabengan edo ikasleengan ere, inteligenteak garela jakiteak geure buruan sinesteko bultzada ematen digu. Gai sentitzeak, zeure burua adimentsu ikusteak izugarrizko eragina du autoestimuan, eta beraz, ekintzetan, jarreretan... Zerbaitetan gai sentitzea abiapuntu garrantzitsua da bizitzan eta baita ikasketetan ere”. Haurraren eta pertsonaren garapen osoa bultza-tzeaz gain, adimen anitzen teoriak pertsona bakoitzaren bakantasuna, bere gaitasun eta abileziak errespetatzea eta bultzatzea esan nahi du.

Teoriaren bi ekarpenak: adimena ez da bakarra, eta ez da finkoa eta estatikoa

Adimenen aniztasunaz ohartarazteaz gain, bigarren ekarpen bat egin zuen Hardvarreko irakasleak 83an garatu zuen teoriarekin: adimenak lantzeko gaitasunaz ohartarazi zuen. Burmuina moldagarria da, adimena ez da estatikoa eta finkoa, beraz, adimenak landu egiten dira, ez da jaiotzetik hil arte estankoa den zerbait. “Pertsona bat ez da jaiotzetik adimentsua edo ez adimentsua. Bada aurreikuspen biologikorik, genetikak badu eraginik, baina ez da erabakigarria —Etxeberriaren arabera—. Adimen bakoitza moldagarria dela erakutsi zuen Gardnerrek, hau ez da zerbait itxia, maila on batera arte adimen guztiak garatu ditzakegu irakaskuntzaren bidez, esperientziarekin, erronka eta egoera berriekin landu daitekeela, hau da, ahaleginduz gero adimen mota desberdinak garatu daitezkeela erakusten du Gardnerren teoriak”.

Etxeberriak azaldu duenez, Gardnerrek zehazturiko zortzi adimenetatik, eskuarki, bi edo hiru oso garatuak izateko predeterminazioa dakargu jaiotzetik, beste bi edo hiru adimen erdirpurdi, eta beste bi edo hiru ez oso garatuak.

Adimenen arteko hierarkia haustea proposatzen du Etxeberriak. “Gardnerrek dio adimen batzuk ez direla besteak baino hobeak edo garrantzitsuagoak. Pertsona batek hizkuntzarako eta matematikarako gaitasuna izan dezake, baina alor sozialetan, adimen interpertsonala litzatekeenean, herren egin. Beraz, gaur arte eskola tradizionalak neurtu izan dituen esparru nagusietan bizkorra kontsideratuko litzateke, baina agian, bizitzan aurrera egiteko behar diren gaitasunetan ez hainbeste. Bizitzan, eta gaur egun gero eta gehiago eta etorkizunean zer esanik ez, oso profil anitzetako profesionalak eta pertsonak behar dira, beraz, guztien balioa aitortu behar da”.

Behaketaren garrantziaz

Nola jakin norbera, edo seme-alaba, ikasle bakoitza zer esparrutan den adimentsua? Nola hauteman zein adimen dugun garatuago, zein erdipurdizkoago eta zein herrenago? Behaketaren bidez. Horra Etxeberriaren gakoa. “Behaketa inportantea da. Txikitatik ikusten da haur bakoitzak zer-nolako trebeziak dituen, zertan den adimen-tsu”. Haur Hezkuntzako txokoen adibidea jarri du irakasleak: “Haur bakoitzak txoko bat aukeratzen duenean ez du jotzen zaila egiten zaion eta interesatzen ez zaion txoko batera, gustura, seguru eta ahaldun eta trebe sentitzen den txokora jo ohi du. Haiek naturalki egiten duten aukeraketatik aztarnak jasoko ditugu”. Haurrek ez ezik, helduek ere azal-tzen dituzte arrastoak. “Irakasleen partetik ere ikusten da adimen bat edo beste garatuago duela: segun ze gelatara joaten zaren egunero musika entzungo duzu, irakaslearen gaitasun garatu bat segur aski musika izango delako. Beste gela batean dantzatzen eta mugitzen denbora egingo dute, beste batean ipuinak irakurtzen, beste batean logika jolasak erabiliko dituzte...” Eta hor, Etxeberriaren aburuz, helduari hausnar egitea dagokio. “Helduok eragin handia dugu haurrengan, eta profesionalak garenon kasuan, irakasleon kasuan, erronka handia dugu ikuspegia zabaltzen, geure gaitasunetatik harago aurrean ditugun haurren adimenak aintzat hartzen eta lantzen”.

Gardnerren teoria Psikologiaren esparrurako idatzia badago ere, berehala hezkuntzak bere egin zuen, Etxeberriaren arabera, teoria honek irakaskuntzari egiten dion ekarpena ikaragarria baita, beti ere eskola bizitzarako prestakuntza, ikasten ikasteko bide gisa ulertuz eta ez gaitasun zehatz batzuk garatzeko bitarteko bezala. “Batetik, ikasle bakoitzaren garapen osoa bul-tzatzen laguntzen du, indarguneak eta ahulguneak ezagutzeak lan egiteko bideak irekitzen baititu, eta bestetik, teoria honek haur bakoitzaren bakantasuna errespetatzea dakar, aurrean dituzun haur guztiak ezberdinak dira, adimen ezberdinak dituzte, gaitasun eta abilezia ezberdinak, eta baita mundua ulertzeko bide anitzak ere”.

Adimen Anitzen teoriaren aplikazioari dagokionez, Etxeberriak proposatzen du dena delako gai bat aurkezten denean, berau azaltzeko bide desberdinak erabiltzea. “Margotzeko erabiltzen dugun paleta bat har dezagun, eta erdigunean jar dezagun jorratu nahi dugun gaia, edukia edo helburua, eta horretara iristeko zortzi kolore —zortzi adimen motak— erabili behar ditugu eta horien gaineko jarduerak prestatu behar ditugu”. Adibidez, irteera bat prestatzea bada helburua, zortzi adimen motak landuz prestaketa egitea proposatzen du irakasleak. “Adimen logiko-matematikoan, aurrekontua prestatu behar dugu, kontuak egin behar ditugu; linguistikoan, informazioa bilatu behar dugu, informazioa irakurri eta idatzi, zer egingo dugun planifikatu; deiak egin adimen intrapertsonala garatzeko...” . Edozein ziklotan eta irakasgai ugaritan aplika badaiteke ere Adimen Anitzen teoria, proiektu bidez lan egitean adimen guztiak lantzeko aukerak zabalagoak izango dira. “Ikasgaiak ikasgaitan bereizten ditugun bitartean, zailagoa da. Nahiz eta posible den. Adibidez Bigarren Hezkuntzan Historia ikasteko, antzerkia egin dezakegu, edo norbere burua koka genezake historiako garai batean: ‘pertsonaia hau izango bazina, nola pentsatuko zenuke? Non kokatuko zinateke?’ (adimen intrapertsonala lantzen ariko ginateke). Taldean erabaki behar da antzerki bat prestatzea, adostasunera iristeko eta amore emateko abileziak garatu behar dituzu (adimen interpertsonala), matematikarekin lotuta, egin estatistika bat garai historiko bati loturiko heriotz tasaren arabera, adibidez”.

Gardnerren teoria hezkuntzan aplikatu da adimen anitzak lantzeak eta ikasleen indarguneetan sakontzeak ikasteko motibazioa areagotzen duelako, Etxeberriaren arabera. “Ikuspegi kontua da, eta guk haurra adimentsu ikusten dugu. Beraz, motibazioa bilatzeko teoria hau oso baliagarria da. Ikasle bakoitza kontuan hartzen dela sentitzen da, bere abileziak kontuan hartzen diren neurrian autoestimuan eta motibazioan eragiten dela. Erakargarria da.”

Ez da, ordea, soilik eskolara bideraturiko teoria bat —ez da berez izan eskolara bideraturiko teoria bat— norbere burutik harago seme-alaben indarguneei begiratzeko balio du Adimen Anitzen teoriak. “Etxean ere, gurasoen eta seme-alaben indarguneak desberdinak izan daitezkeela kontuan izateak mesede egingo digu, adibidez, familian egingo ditugun ekintzak pentsatzeko orduan”.

Beraz, etxean ere kontuan har daiteke Adimen Anitzen teoria, esate baterako, ekintzak pentsatzean. “Igual guraso bat ez da oso naturalista, baina zergatik ez diogu gure seme-alabari adimen hori garatzeko aukera eskaini behar? Egunen batean mendira joan, hostoak bildu... edo berdin musikarekin. Zergatik ez egin familian dantza saio bat?”. Adituak, ordea, ohartarazten du etxean ez direla gaiak lantzen, eta teoriarik ez aplikatzeko obsesio moduan, “baizik eta modu naturalean, seme-alabei aukera desberdinak eskainiz. Haur zein heldu, pertsona bakoitzaren potentziala osoki garatu ahal izateko ekintza eta erronka ezberdinetan murgiltzeak mesede egingo digu”. Hori litzateke, Etxeberriaren arabera, ahulago ditugun adimenak indartzeko modua. “Inportantea da pertsona bakoitza nolakoa den ezagutzea, eta present izatea haren ondoan gaudenok nola gerturatu gaitezkeen indarguneak sustatzeko eta abileziei etekinak ateratzeko, denok baititugu gaitasunak. Indarguneak ezaguturik haurraren autoestimua lagunduko dugu, eta era horretan ahulguneak konpentsatzeko indar handiagoa izango du”.

Oroz gain, bizi filosofia bat

Metodologia bat baino gehiago, filosofia bat da, Etxeberriaren arabera, Gardnerren Adimen Anitzen teoria, “gizakia ikusteko beste modu bat. Bakarra izatearen abantailari begiratzen dio, bakarrak eta bakanak gara, beraz, guztiok dugu zer ekarri gizarte honi, besteei. Ekarpen guztiz positiboa da”.

Eskolaren eredu konbentzionalaren aldean, ikuspegi aldaketa da, Edurne Etxeberriarentzat, teoria honen ekarpen garrantzitsuena: “‘Ni honetan txarra naiz, haur hau honetan txarra da, hau kostatzen zaio...’ pentsatu beharrean, goazen beste aldeari begiratzera, era horretan, mundu bat irekiko zaigu aurrean. Guztiok ditugu indargune batzuk eta guztiok ditugu ahulgune batzuk. Horretaz jabetzea eta hori modu natural batean onartzea inportantea da. Ahuleziak ezagutzea eta onartzea inportantea da, ez dugu hori ukatu behar, baina inportantea da hori konpentsatzen jakitea, eta indarguneei etekina ateratzea. Guztiok ezagutzen ditugu eskolan atzean gelditu diren baina azkarrak diren pertsonak, zenbat jende gelditzen da akademikoki porrot egin zuelako bizitza osorako markatua? Eta horrek etorkizunean ere mugatu ditu pertsona horiek helduak direnean. Eurengan ere sinesteko ekarpena egiten du teoria honek, balia dezagun”.

Howard Gardnerrek zehazturiko zortzi adimenak:

* adimen musikala. Musikaren pertzepzioan eta musikaren ekoizpenean eragina luke adimen honek. Doinuak eta erritmoak identifikatzeko, erreproduzitzeko eta sortzeko behar den adimena da.

* adimen linguistikoa. Ongi komunikatzeko eta hizkuntzak (ahozkoa, idatzizkoa, keinu bidezkoa…) egoki erabiltzeko gaitasuna da.

* adimen logiko-matematikoa. Logikarekin eta matematikarekin lotutako problemak ebazteko gaitasunarekin du zerikusia.

* gorputz-adimena. Adimen zinestetikoa ere deitzen zaio eta norberaren gorputza erabiltzeko gaitasuna da; adimen hau garaturik duten pertsonek gaitasun handia erakusten dute beren gorputza mugitzearekin lotutako eginkizunak ikasteko orduan, izan gorputz-atal zehatzei dagokiona, izan gorputz osoa inplikatzen duen eginkizuna.

* adimen bisual-espaziala. Espazioaren hiru dimentsioak eta espazioko mugimenduak nahiz objektuen abiadurak identifikatzeko gaitasuna da.

* adimen intrapertsonala. Norberaren burua ezagutzen eta norberaren emozioak kudeatzen laguntzen duen adimena da.

* adimen interpertsonala. Besteekin erlazionatzeko eta harremanak izateko gaitasuna da.

* adimen naturalista. Naturan dauden elementuekin (izaki bizidunekin, batez ere) harreman onak izateko gaitasuna da.

Adimen bat inteligentzia beregain gisa zehazteko hainbat ezaugarri bete behar ditu gaitasun horrek. Ezaugarri horietako bat da garunean kokalekua izatea, bada, Gardnerrek dio gutxienez zortzi ordenagailu ditugula garunean, zortzi adimen-mota horiek kokaleku zehatza baitute garunean. Beste ezaugarri bat da test psikometrikoen bidez neurtzeko aukera ematea; hainbat taldetan ikusgarri izatea; garapen ibilbide propioa edukitzea (sortze, garatze maila altuena eta beheranzko bidea izatea), eta kode-sistema sinboliko bat izatea.

Gardnerrek gurasoei emandako hiru aholku 

80ko hamarkadan Adimen Anitzen teoria idatzi zuenean, hainbat guraso eta hezitzailek Howard Gardnerren ekarpena hark espero ez bezala erabili zutela ikusi ostean, hiru zehaztapen egin zituen irakasleak:

1-Adimenak ontasunari lotu. Adimena zertarako erabiltzen den garrantzitsua da. Kontua ez da inteligentzia helburu makurretarako erabiltzea, zure gaitasunak trufa egiteko, besteari ziria sartzeko erabiltzea, Gardnerren aburuz. Gakoa, harentzat, adimenak ekintza onetarako erabiltzea litzateke, balioekin lotzen baitzuen bere teoria, kooperazioarekin eta ez konpetentziarekin. Adimenak modu makurrean erabili zituen pertsonaia historiko ezagunenetako bat Hitler da, oso adimen-tsua zen gaitasun interpertsonalei dagokienez, lider bat, baina zer lider mota? Zein helbururekin erabili zuen adimena? Gardnerrek dio pertsona bat ez dela profesional on bat izango ez badu pertsonaren ontasuna garatzen.

2-Ez da beharrezkoa adimenak neurtzea, ez badago zailtasun edo behar bereziren bat, bestela etiketatzeko arriskua dago, eta horrek ez dakar onurarik. Adimenak neurtzeko testen aurka dago Gardner. Arazoren bat egon litekeen kasuan hori identifikatzeko agian neurtu litezke gaitasunak, baina haurrak adimentsu diren ala ez neurtzeko testik ez egitea gomendatzen die irakasle eta gurasoei. Batetik, inteligentzia ez delako zerbait egonkorra, eta bestetik, adimena ebaluatzeko egiten diren ohiko probek ez dituztelako adimen guztiak neurtzen. Gainera, testetatik ateratzen diren emaitza kuantitatiboak gizakiak kualitatiboki modu zurrun eta gehiegizkoan sailkatzeko arriskua ikusten du.

3-Kontuz nartzizismo negatibo eta positiboarekin. Haurrari izaten utzi, eta aukerak eman. Helduaren obsesioa haurra honetan edo hartan ona izatea, arrakastatsua izatea dela ikusi zuen Gardnerrek, honetan edo hartan hoberena izatea. Hori ordea, helduaren nartzizismoa da, irakaslearen arabera. Gardnerrek nartzizismo positiboaz eta nartzizismo negatiboaz hitz egiten du. Positiboa litzateke helduak nahi izatea bera arrakastatsua izan den esparru horretan haurra ere arrakastatsua izatea. Nartzizismo negatiboa, berriz, helduak nahi bai baina arrakastarik izan ez duen esparru horretan haurra onena izatea nahi izatea litzateke.

9 gako

Gure adimenak ezagutzeko, eta indarguneak sustatu eta ahulguneak konpentsatzeko

1- Ikuspegi akademikotik harago begiratu. Akademikoki balioesten diren gaitasunak soilik kontuan izango bagenitu, Lucia Lakarra dantzaria edo Naroa Agirre pertiga jauzilaria ez lirateke nabarmenduko. Jakintza akademikoa oso garrantzitsua izanagatik, eta bizitzan aurrera egiteko geureganatu beharko badugu ere, hobeto doazkigun alorrak —naturari lotuak, giza harremanak, dantza, musika lantzeak zoriontsuago egingo gaitu.

2- Haurren adimenen ortzimuga marraztu. Guraso bezala nahiz hezitzaile bezala, 5 bat urterako, badakigu haurren gaitasunak zer-nolakoak diren, gutxi asko. Naturarekiko sentsibilitate berezia duen, eskulanetarako gaitasun berezia, kiroletarako abilezia, komunikazio-gaitasun handia... haurrak behatzea beharrezko izango da zein adimen dituzten garatuen, zein ez hainbeste, eta non egiten duten herren ohartzeko.

3- Adinarekin, haurrei eurei euren adimenak, indarguneak eta ahulguneak ezagutzen lagundu. Eurek euren burua ezagutzeko gaitasuna izateak bizitzan lagunduko die, baina ondokoak ezagutzen eta aniztasuna errespetatzen ere lagunduko die.

4- Haurraren garapen pertsonalerako ez ezik, autoestimurako eta zoriontasunerako garrantzitsua da indarguneak bultzatzea. Haren formazioan, bizi pertsonalean nahiz profesionalean mesede egin dezake adimentsua den alorra ongi ezagutzeak eta indartzeak. Adimentsua den alor hori sustatzeak gozamena dakarkio pertsonari, plazeretik gehiago ikasten baita.

5- Ez ahaztu hain adimentsua ez den alorra. Gardnerren teoriaren ekarpen garrantzitsua da inteligentzia ez dela egonkorra, estatikoa eta mugiezina. Hezkuntzaren, formazioaren, estimuluen eta erronken bidez indartu daitezke ahulguneak.

6- Arreta berezia jarri adimen intrapertsonalean eta interpertsonalean. Zoriontasuna estuki lotua dago, batetik, barne orekarekin, eta bestetik, ondokoekin ditugun harremanekin.

7- Adimenak elkarrekintzan garatzen dira. Gardnerrek hainbat ohar egin beharra izan zuen teoria idatzi ostean. Gogorarazi zuen adimenak ez direla bakarka garatzen, hau da, adimen musikala ikaragarri garatuagatik, musikari batek adimen interpertsonala batere garatuko ez balu, adibidez, zail litzaiokeela publikoarengana iristea. Gardnerrek ohartarazten du adimen ugari lantzea eskatzen duten erronkak direla benetan interesgarriak. Adibidez, matematikako ariketak egiten egunak eman beharrean, bidaia bat prestatzean haurren parte-hartzea bultzatzea proposatzen du, prezioak begiratu, aurrekontu bat egin, telefonoz deitu, erreserbak idatzi...

8- Sortzaile izan. Pertsonalki eta sozialki garatzeko, Gardnerrek garrantzi handia ematen dio sormenari. Zentzumen guztiekin lantzea proposatzen du sormena, literatura, musika, buztingintza, zizelkatzea, arte plastikoak, arte bisualak....

9- Teknologia berriak adimen anitzen garapena lagundu dezakete, baina, kontuz, baita oztopatu ere. Gardnerrek dio IKTek garapen pertsonalean, akademikoan eta profesionalean lagun dezaketela, baina oso ondo erabiliz gero. Horretan ere eredu izateko gomendioa egiten die Gardnerrek gurasoei, zertarako erabiltzen diren (denbora pasarako, jakintza kritikoa sustatzeko...)eta noiz erabiltzen diren (familia-giroa oztopatuz ala ez, adibidez) zainduz.

Iruzkinak

IZEN-ABIZENAK *
E-POSTA *
IRUZKINA *
Idatzi segurtasun kodea: *
atzera
 
HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa
Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa) · T. (00 34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus / Lege oharra