[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIAK
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO
 
<< Topaketara itzuli
MATRIKULAZIOA
BETETA (itxaronzerrendan 0 daude)
Ipuinak kontatzeko trebaketa
Irakaslea: AƑORGA, Pello. Ipuin kontalaria eta idazlea
Haurrei ipuinak kontatzen trebatzeko ikastaroa: oinarrizko koordenatuak
Edukiak
Lehenik eta behin mintzatuko gara nola gizakiak izan duen kontakizunak kontatzeko beharra, betidanik. Eta gaur egun ere nola duen (dugun) behar ezinbestekoa. Izan ere, gaur egun kontuak partekatzen jarraitzen dugu. Batzuk, agian, ez dira izango oso literarioak, baina gure kontuak aireratu behar ditugu lagunekin, kafearen aitzakian, edota janari baten bueltan: elkarren arteko bizipozak, emozio tristeko pasadizoak, emozio gozoko albisteak... geure bizitzari zentzua aurkitu nahian edo. Istorioen bitartez, nolabait, geure burua ordenatzen baitugu, geure nortasuna garatzen, eta geure identifikazioa lortzen. Garai batean suaren ondoan partekatzen genituen geure kontakizunak; gaur egunean, berriz, edozein lekutan -partekatzen ditugunean, behintzat-: dendan, autoan, ile-apaindegian, lantokian... edo Interneten. Kontakizuna izan daiteke literarioa, baina izan daiteke ez literarioa ere. Pertsonok, pertsona garenez, kontuak behar baititugu, kontuak behar baititugu geure existentzia elikatu ahal izateko. Mundua interpretatzeko ezinbesteko adierazpide kulturala delako, eta etorkizunean ere, nahiz eta robotez inguratuta egon, kontuak kontatzen eta partekatzen jarraituko dugu.
Eta zein eratako kontakizunak parteka ditzakegu? Bada mitoak, legendak, alegiak, ipuin klasikoak, albumak...; baina baita pasadizoak, kontakizun autobiografikoak eta norberak asmatutako kontakizunak ere. Bai, norberak asmatutako kontakizunak! Horregatik, norberak asmatzeko kontakizunak ere landuko ditugu. Landu ez ezik, asmatu ere bai. Haur txikiek testuinguru hurbilak behar baitituzte, eta, askotan, kontakizunek darabilten ingurunea oso urrutikoa -arrotza ez esateagatik- gertatzen denez, sortu egin behar izaten ditugu kontakizunak, eta haurraren testuingurura egokitu.
Baina nola konta daitezke ipuinak? Hainbat modu egon litezke, baina ikastaroan hiru era aztertuko ditugu. Lehena irakurketa ozena -askotan kontatu baino gehiago irakurri egiten baitugu-. Horretarako, hainbat testu erabiliz, saiatuko gara esperimentatzen ea nola irakurtzen dugun jendearen aurrean, zein den gure estrategia, nola sortzen dugun komunikazioa eta abar.
Bigarrena, kontaketa irudiez baliatua. Horretarako, hainbat irudi aukeratu ondoren, saiatuko gara erantzuten ea interes estetikorik sortzen ote duten, ikusgarriak al diren, komunikazioaren onerako ote diren eta abar.
Eta hirugarrena, kontaketa hutsa. Horren bitartez aztertuko dugu ea nola erabiltzen dugun hizkuntza. Gure "zaharrek" zer eratako moldeak zituzten ipuinak kontatzeko. Elipsiaren indarra, ahozko kontaketaren estilistika, isiltasunaren garrantzia, erritmoaren zentzua. Nola erabiltzen ditugun begiak, keinuak eta imintzioak. Nola erabiltzen dugun ahotsa. Nola sortzen dugun espazio errituala. Nola aukeratzen ditugun ipuinak. Zein den kontalariaren jarrera. Naturala izatearekin aski ote den. Haur txikiei kontatzea haur handiei edo helduei kontatzearen desberdina ote den. Bitartekoak nola erabil ditzakegun. Aukeratzen dugun espazioak zer baldintza behar dituen. Edozein memento ote den egokia ipuinak kontatzeko. Ipuinak kontatzen ari garenean zer irudikatzen dugun. Nola hartzen dugun arnasa. Zer partekatzen dugun entzuleekin. Zer den magia, zer umorea eta zer konfiantza. Afektua bilatzen ote dugun, edota efektua. Emoziorik partekatzen ote dugun eta abar.
IGO
 
© 2005