Hegoa Ugalde: “Ezin dira ulertu zaintza eta jolasa bata bestea gabe”

2018-01-22

Jolas autonomoaren bitartez haur txikiak bere gorputza, bere gaitasunak eta mugak ezagutzen ditu batetik, baina baita ondokoak eta mundua bera deskubritzen ere. Helduak eskaintzen dion presentzia, giroa, zaintza, eta materialak funtsezkoak dira, Zorutik-eko Hegoa Ugalde hezitzailearen arabera.

 
 
Hegoa Ugalde: “Ezin dira ulertu zaintza eta jolasa bata bestea gabe”

 

Zorutik proiektuko kide da Hegoa Ugalde, Laura Aurtenetxe, Alvaro Romero eta Irati Ugalderekin batera. Familiei haurren hazieran laguntzeko behar duten akonpainamendua eman eta tresna batzuk elkarrekin eraikitzeko gune bat eskaintzen diete, eta tresna horietako bat jolasa da. Ugalderentzat jolasa haurrak bere burua eta mundua deskubritzeko duen tresna da 0-3 etapan.

Jostailuak ematen dizkiogu ume txikiari, eta honek ez du “jolasten”... sukaldeko ontziak atera, tapekin hotsa egin... zer da, benetan, jolasa?

0-3 etapan zentraturik, jolasa da haurrari bere gaitasunen bizipena eta garapena permititzen dion jarduera bat, eta, aldi berean, mundua deskubritzeko eta errealitatea antolatzeko modu bat da. Mundua deskubritzen du jolasaren bidez, bai bere gorputza, bere gorputzak dituen gaitasunak, limiteak, ezaugarriak, bai beste pertsonenak, eta baita  ingurua ere
–bai espazio eta materialari dagokionez ere—. Eta hori ezin da erakutsi, plazeretik sortzen den zerbait da, haurraren iniziatibaz eta erabakiz. Orduan guk, helduok, derrigortzen badugu zerbait egitera, ez da jolasa izango, beste gauza bat izango da. 

Dena den, plazeretik esaten dudanean ez dut esan nahi haurra barrezka egon behar denik, agian haurrak serio daude zerbaitetan kontzentratuak eta plazerez daude.

Haur txiki hauei zer ematen die jolasak?

Jolasa adin tarte honetan manipulazioarekin eta mugimenduarekin erabat loturik dago. Mugimendu askearen garrantzia aipatu behar da, haurrak kontrolatzen dituen posturetan beti jartzea garrantzitsua da, hortik sortzen da beraien jolasa edo jarduera autonomoa. Orekan egoteak eta berak kontrolatzen duen postura batean egoteak permititzen dio esploratzea eta lasaitasunez egotea. Mugimendu eta manipulazio horretatik, guk jolasa deitzen dioguna, gauza sinpleak ulertzen doaz eta gero eta gauza konplexuagoak ulertzeko oinarriak ezartzen. Adimena, gaitasun intelektuala ere garatzen doa, eta hori da etorkizuneko pentsamenduaren oinarria. Horregatik diogu etapa hau oso garrantzitsu dela, oinarria eraikitzen ari delako, mugimenduaren bitartez. 

Baina haurrak helduaren presentzia eskatzen du... Zer rol betetzen du hezitzaileak edo gurasoak haur txikiaren jolasean?

Gure proposamena da heldu bezala akonpainamendua egitea. Haurraren iniziatiba abiapuntu izanik, helduaren rola oso garrantzitsua da: giroa zaintzea, espazioa eta materiala zaintzea, jarduera autonomo hori posible izan dadin. Gure presentzia eta disponibilitatea eskain-tzea da gure egitekoa, haurrek gu behar baikaituzte, gu gara euren ispilu, beren jarduerari esanahia ematen diogunak eta errekonozitzen dugunak beraiek egiten dutena, horregatik askotan beraiek ere eskatzen dute gure presentzia. Gauza da guk zelan esku hartzen dugun horretan,  presentzia eta disponibilitate hori emanaz, edo gauzak egitera behartuz.

Guk uste dugu jolas hori zuzendu gabe, alboan egonez akonpainatu behar dugula haurra. Horrek ez du esan nahi denbora guztian haurrari begira egon behar dugunik, ze ba-tzuetan guk ere gauzak egin behar ditugu. Baina haurrak sentitu behar du gure presentzia, hor gaudela, hori ematen badiogu sentituko da ziur beste batzuetan bakarrik egoteko. Horrekin lotzen dugu zaintzaren garrantzia. Guretzako zaintza-momentuetan eraikitzen da harreman bat edo bestea; zaintza-momentuetan erakusten badiegu beraientzako gaudela eta haurra subjektu aktibo bezala errekonozitzen badugu, komunikatzen badugu, horrek ahalbidetuko du gero bera lasai egotea jolasten eta gogoa edukitzea bere espazio eta momentu propioak edukitzeko. 

Saioak antolatzen ditugunean hausnarketa bezala galdera batzuk planteatzen ditugu, zelakoak dira harremanak zaintza-momentu horietan? Haurra subjektu pasibo edo aktibo bezala kontsideratzen dugu? Bere iniziatiba kontuan izaten dugu? 

Zuk aipatu duzu garrantzitsua dela helduaren akonpainamendua eta baita ere espazioa zaintzea, giroa zaintzea... Nola irudika genezake haur txikientzako jolas-espazio bat, etxean, eskolan, ludotekan desberdina izango dela kontuan izanda?

Testuinguruak ezberdinak direnez, ez da berdina etxean dugun espazioa edo haur-eskola batean duguna, guk antolatzen ditugun saioetan, esate baterako, espazioak handiak izaten dira. Baina fundamentalak dira gauza batzuk: zorua egokia eta goxoa izatea haurra lurrean gustura egon dadin, baina, era berean gogorra izatea oreka mantentzeko —ez koltxoneta biguna—, adin horretan beren gorputz mugimendua deskubritzen eta garatzen ari baitira jo eta ke; haurrak eusten dion zoru gogorrean aurkituko du gorputzaren oreka. Mugitzeko nahikoa espazio edukitzea garrantzitsua da, etapa bakoitzeko desplazamenduak, handiagoak edo txikiagoak, egin ahal izateko. 

Giro horretan garrantzitsua da limite batzuk egotea, haurrak argi izatea muga horiek, non mugitu ahal diren eta non ez, zer egin ahal duten eta zer ez. Eta gero arriskurik gabeko eremuak izatea, ezinbestekoa da entxufeak... Helduon lasaitasuna bilatzea garrantzitsua da, bestela denbora guztian haurraren atzetik ibiliko gara, “kontuz! Kontuz!... hau ez!”, eta era horretan ematen diogun mezua tentsioz beterikoa eta  mugatzailea izango da. 

Zuek jolas autonomoaz hitz egiten duzue... zer da, zehazki, jolas autonomoa?

Haurraren iniziatibatik sortzen da, bere gaitasunetik eta haur bakoitza dagoen etapatik... haur guztiek ez dute egiten gauza bera momentu berean. Plazeretik eta deskubritzeko beharretik eta nahi horretatik sortzen da jolas autonomoa, bere konpetentziak bizitzeko nahi horretatik, eta “bakarrik” esaten dugunean sentitu behar du gu presente gaudela, nahiz eta zuzenean ez jolastu berarekin. Gure presentzia erakusten diogu giroa zaintzen dugula ikusten duenean, bere beharrak aserik daudela zaintzen dugunean, Gose edo nekaturik dagoen haurrak ezingo du jolastu, behar horiek ase behar ditugu helduok; momentu horiek zaintzea da anbientea zaintzea. Lehenengo haurra ulertu behar dugu. Nekaturik dagoen haurra ez da jolastuko. Eta horrez gain, limite eta arau batzuk argi utzi behar ditugu: beti egon behar den arau bat da besteei ezin zaiela minik emen, eta hori oso garbi utzi behar dugu, asko zaindu behar dugu eta egoera horietan esku hartu behar dugu. 

Jostailu batzuek, botoi bat sakatu eta soinua, koloreak argiak egiten dituzte... baina jostailu hauek zer bultzatzen dute haurrarengan? Jolasak dituen dohainak ba al dituzte jostailu horiek?

Helduontzako igual oso ikusgarriak eta dibertigarriak dira jostailu horiek, baina haurra pasibo bilakatzen dute: material batek gauza itxi bakarra egiten badu, haurrak hori bakarrik jasoko du, eta jostailu batek gero eta gauza gehiago egin, haurrari gero eta gauza gutxiago egiteko aukera uzten dio. 

Adin tarte honetan haurrak ezin du ulertu material horrek zelan funtzionatzen duen. Agian nagusiagoa denean torlojuak kendu eta ikus dezake nolakoa den barrutik... baina adin honetan ez, beraz ez dio laguntzen informazio erreal bat  jasotzen eta helduon asmoa ona izan daiteke, baina haurrek, benetan, ez dute hori behar. Sehaskatik jartzen diren zintzilikario horiek esate baterako, musika, argi eta mugimenduekin... beren gorputzetatik eta beren aktibotasunetik aldentzen ditu.

Nolako jostailuak (materialak) eskain diezazkiekegu haur txikiei autonomia, nortasuna, subjektibitatea sustatzeko?

Guk proposatzen dugu batez ere material sinplea izatea eta munduaz informazio erreala ematen duena izatea. Adibidez, ez da berdina botoi bat sakatzea eta musika entzutea edo objektu ezberdinek egiten dituzten soinu edo zaratak haurrak berak ikustea nondik eta zeren ondorioz ateratzen diren. Jostailu edo material bat irekia denean, zerbait konkretua egiten ez duenean, uzten dio haurrari gauza asko egiteko aukera etapa ezberdinetan, oso txikia denean ahoan sartuko du, gero kolpatuko du, edo sartuko du nonbaiten... 

Material ezberdina izatea proposatzen dugu, egurrezkoa, metalezkoa, zumitzezkoa, plastikozkoa, telak... eta beti zaindu behar dugu seguruak izatea, minik emango ez dutenak eta munduaren eta materialen informazio erreala emango dutenak, “metala hotza da eta zapore hau dauka”...

Zaintzaren garrantzia, motrizitatea, mugimendu askea, konfiantza... jolasari loturiko hitz askok Emmi Piklerren filosofia gogorarazten digute. Piklerren pedagogian zer garrantzi dauka jolasak?

Bere ekarpenetan eta berak egindako lanetan oinarritzen gara guztiz. Guretzat Emmi Pikler ezagutzea orain arte ikasitako guztia deseraikitzea izan zen, gure lanaren inguruan hausnartzera behartu gintuen eta eraikuntza berri bat egitera. Emmi Piklerren lana haurraren behar autentikoetan oinarritzen da. Piklerrentzat jolasa edo jarduera autonomoa haurraren berezko behar batetik sortzen da, horregatik esaten du gaitasun hori berezkoa dela eta haur guztiek dutela nahi eta beharrizan hori, eta baita inguruarekin interakzionatzeko beharra ere. Piklerrek haurren gaitasun horietan konfiantza jartzearen garrantzia nabarmendu zuen, haur guztiek gaitasuna dute berez garatzeko eta heldutasuna lortzeko, beti ere guk ingurunea zaintzen badugu. Ezin dira ulertu zaintza eta jolasa bata bestea gabe, eta horrekin lotzen zuen mugimendu askearen garrantzia, haurrak beti kontrolatzen duen postura batetik abiatu behar du eta helduak hor egon behar du hori guztia zaintzeko.

Haurrekin gaudenean denbora gelditzeko eskatzen digute, baina gu azkar bizi gara... eta emaitzak nahi ditugu... jolasarekin ere berdin, iritsi gara pentsatzera jolastea ona dela haurrak asko ikasten duelako... baina ez ote gara ari berriro ere haurra  behartzen, produktibitatean pentsatzen...?

Guk uste dugu benetako lanketa helduok egin behar dugula, guk gure buruari presio egiten diogu arin bizitzeko eta produzitzeko, etorkizunean bizi gara eta ez orainean. Bizi dugun erritmo honetan, kapitalismoaren eraginez, behar artifizialak ditugu eta ez behar errealak; haur txikiekin gaudenean, ordea, harreman horrek laguntzen digu orainean bizitzeko gaitasuna berreskuratzen, eta gure behar originalekin konektatzea. Helduon rola ezinbestekoa da honetan guztian, adibidez, haur bat nola zaintzen dudan nik haur horrek bere burua hala zaintzen ikasiko du, zentzu onean edo txarrean, pasibotzat hartzen badut, edo indarkeriaz tratatzen badut haurrak berak ere bere burua horrela hartuko du eta ondokoak ere hala hartuko ditu. 

Jolasa gauzak ikasteko jarduera bat da, baina gauza bat da nik nahi dudana ikastera behartzen dudan, edo bere gaitasun edo interesetatik ikasten duen... modu autonomoan ikasten badu, autentikoa eta kalitatezkoa izango da ikaskuntza. 

Helduok aldaketa egiten badugu, lagunduko dugu, baita ere, haurrak diren bezalakoak aitortzen, ze haur bakoitzak bere izaera du.

Geure buruarekin lanketa egiten badugu, lagunduko dugu haur bakoitzaren izaera aitortzen. Urrunduko gara gure proiekzioetatik, “nik nahi dut haur hau izatea halakoa edo bestelakoa...” Proiekzioak deseraikitzen eta haur bakoitza nolakoa den behatzen ikasten badugu, ikusiko dugu eta aitortuko bakoitzaren izaera, eta onartuko dugu zelakoa den.