Cristina Aznar eta Joxe Ramon Mauduit: "Gutxik sinesten du benetan garrantzitsua dela haurraren beharrak asetzea, presentzia eta kontaktua ematea"

2018-07-10

Duela 33 urte sortu zuten Hazi-Hezi prebentzio zentroa Cristina Aznar ginekologo, obstetra eta psikoterapeutak eta Joxe Ramon Mauduit psikoterapeuta eta haur-masajean adituak. Milaka haur eta gurasori lagundu diete haurdunaldian, erditzeko unean, ume jaioberriekin edota umeak koxkortzeko bidean. urteetako esperientzia mardulak eman dien jakinduriatik mintzo dira.

 
 
Cristina Aznar eta Joxe Ramon Mauduit: "Gutxik sinesten du benetan garrantzitsua dela haurraren beharrak asetzea, presentzia eta kontaktua ematea"

 

Iparrorratza ongi finkatuta eduki dute: umeei eta gurasoei laguntzea. Cristina Aznar eta Joxe Ramon Mauduit haurraren lehen urteetako prebentzioan adituak dira eta Ester-eko GSE Giza Sistemen Ekologiaren formazioko irakasleak. Haur bat hazteak eta hezteak gurasoen presentzia eskatzen duela diote. Haurrarekin egotea. Haurraren beharrei erantzutea. Eta horretarako, amaren beharrak ere aintzat hartu behar dira. Eta bikotekidearenak ere bai. Hirurenak, edo laurenak edo bostenak, familiako kide kopuruaren arabera. Bikote izatetik familia izaterako jauziak aldaketa asko dakartza. Bidaia berri bat hasten da eta itsasontzia ez hondoratzeko, elkarrekin hasitako proiektua ez puskatzeko, besteak beste, hiru helduleku proposatzen dituzte: informazioa, sentsibilizazioa eta aurrea hartzea.

 

Urte asko daramazue haurraren lehen hilabeteetarako eta urteetarako prebentzioan lanean. Zer garrantzi du prebentzio horrek gure umeen bizitzan?

Joxe Ramon Mauduit: Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da haurraren lehen hilabeteetako eta lehen hiru urteetako garapenarekin lotutako guztia: nola eboluzionatzen duen, zer den segurtasuna bezalako oinarrizko alderdiak garatzea, nolakoa den motrizitatea, nola osatzen den garuna... Gaur egun badakigu arretaz tratatu den burmuina irrigatuago dagoela eta askoz hobeto egituratuta. Aldiz, arreta hori ez denean egon, garuna behartsuagoa dela ikusten da, argitasun gutxiago duela, elektrizitate gutxiago, sipnasi gutxiago. Hortaz, etorkizunean munduko beharrei aurre egiteko gai izango den gizarte bat nahi baldin badugu, garun hori nola garatu dezakegun ikusi behar dugu eta nola lortu munduko erronkei aurre egiteko gai izango den gizakia.

Gaurko gizartean hori ez da aintzat hartzen. Oraindik ere haurra jaio eta gero hasten gara kontu horietaz kezkatzen. Lan izugarria dago egin beharra aldaketa eragin eta aurretik lantzen hasteko.

Lehen urteetako prebentzioak zera esan nahi du: haurraren garuna normaltasunez garatzea, bikote gisa garatzea eta umea garatzea. Hori arazorik gabe bideratzen bada, bikotea behar horiei erantzuteko prest baldin badago, prebentzioa egina dagoela esan dezakegu. Horregatik, amarekiko kontaktua, horren barruan hezte prozesua nolakoa den eta hezte hori zaintzearen onurak zein diren argi eta ondo erakutsi behar zaie gurasoei. Hala haurrek beren buruaren jabe izateko aukera izango baitute. 

 

Zertan oinarritu beharko luke lehen hilabete-urteetako prebentzioak? 

J. R. M.: Lehen urteetako prebentzioak oinarri hauek ditu: informazioa, sentsibilizazioa, aurrea hartzea, esku-hartze goiztiarra, laguntza nahiz jarraipena eta orientabidea. Informazioaren kasuan, bi prebentzio daude: proaktiboa eta erreaktiboa. Edo beste modu batera esanda, aurretiko prebentzioa eta ondorengo prebentzioa. Proaktiboa haurdunaldiari, erditzeari eta hazierari buruzko informazioa edukitzea izango litzateke. Eta erreaktiboa sortzen diren egoeren eta zailtasunen aurrean erreakzionatu eta soluzioa bilatzea.

 

Zein alderdi landu beharko lirateke kasu bakoitzean?

J. R. M.: Gaur egungo gizartean arazo handia dago arlo honetan. Gurasoek ez daukate informaziorik haurraren heziketaren inguruan. Ez dago informazio nahikorik haurdunaldian, erditzean eta hazieran sortzen diren egoeren erantzukizuna hartzeko eta aurre egiteko. Batez ere erditzearen ondoren, informaziorik ez baldin badaukazu eta prestatu gabe baldin bazaude, bikotekidea ez bada arduratsua, bien artean talde bat ez bada osatu etorriko denari aurre egiteko, orduan, sortzen diren zailtasunen aurrean bikotekidea tokiz kanpo gera daiteke; ama bakarrik gelditzen da, bikotekideak ez du ulertzen gertatzen dena, eta ondorioz, azken urteotan egoera dramatikoak sortzen direla ikusten ari gara. Eta ondorioa banaketa edo elkarbizitza txarra dira.

Hori dela eta, prebentzio proaktiboan egiten duguna da bikotekide biak prestatu biek erantzukizunez joka dezaten umea jaiotzen denean. Umea jaiotakoan amari bere kezkak eta arazoak bideratzeko laguntza eman, haurrak edozein arazo edo zailtasun eduki badu jaiotzerakoan (forceps, espatula, zesarea...) haurraren gorputza lantzen lagundu sortu diren seinale eta tentsioak bideratzeko eta gorputzaren tonua berreskuratzeko. Haurra lasaitzen denean, ama ere lasaitu egiten da eta bien arteko komunikazioa erraztu. Eta ondorioz, bikotearen arteko harremana ere asko errazten da. Horrela prestatzen da haurra hezteko giroa. 

Modu honetara, posible da oinarri askoz ere seguruagoa edukitzea, haurraren garapenean hain intimoa eta primarioa den garaia ezagutzea, eta garapen horri hasiera-hasieratik laguntzea. Gurasoek baldin badakite lehendabiziko hiru hilabeteak oso garrantzitsuak direla, lortu behar dutena da umea goxoki egotea amarekiko kontaktuan, bere gorputzeko atalak miatzen hastea eta komunikazio gaitasunak aberastea. Horrela, hiru hilabete dituenean bere zentzumen guztiak integratuta edukiko ditu eta prozesuan aurrera jarraituko du.

Lehen urteetako prebentzio erreaktiboa, berriz, ondorengo prebentzioa da. Gauzak ez direnean uste bezala gertatzen. Orduan, bikotekide bakoitzak bere funtzioa berreskuratu behar du haurraren garapena eta heltzea laguntzeko eta bultzatzeko.

 

Hori guztia lantzeko Ukitu deritzon eredua edo metodoa duzue.

J. R. M.: Bai, hazierari arreta emateko eta erditzerako prestatzeko testuinguruan kokatzen dugu. Elkarrekikotasun pauta bat ezartzeko modu bat da, non haurraren beharrak aintzat har-tzen diren eta gurasoek behar horiei erantzuten badakiten.

Gaur egun badakigu lehen hilabeteetan haurraren garapen-gaitasunak behatzeko, laguntzeko eta sustatzeko gai baldin bagara, bere hazieran lagunduko diogula. Hori da guk defendatzen dugun irizpidea, umeekin elkar eragiteko modua, eta horri deitzen diogu Ukitu.

Ukituren oinarriak masajea eta erlazioa dira, haurrari masajeak ematea, baina helburu batekin eta bere fisiologia eta garapen prozesuan osatzen den burmuinaren eta nerbio-sistemaren arteko egitura aintzat hartuta. Baina ez hori bakarrik, haurraren pertzepzio-gaitasunen arabera elkar eragitea ere bada Ukitu. Eskuekin sortzen den kontaktua garrantzitsua da, noski, baina ez eskuena soilik, gorputz osoarena baizik. Umearen gorputz osoa hartu behar da kontuan, eta baita harremana ere.

Horregatik, Ukiturekin aintzat hartzen dugu gizakiak eta bizidun orok garapen prozesuak nola burutzen dituzten; alegia, zentzumenak integratzen hasi, eta nola joaten diren gorputzeko atalak esploratuz eta burmuinean kokatuz. Horrek munduan askoz hobeto kokatuta egoteko aukera ematen dio. Bizitzan zehar kanpotik jasotzen duen informazioa integratzeko eta ondo kokatuta edukitzeko, aurrena bere burmuina ondo kokatuta eduki behar du bere barnean.

 

Haurraren garapenaz eta eboluzioaz ari gara hizketan. Gaur egungo gizartean umearen beharrak kontuan hartzen direla uste al duzue?

Cristina Aznar: Ez. Haurra kumetxo bat da eta kume gisa presentzia, kontaktua eta ondoan egotea behar ditu. Eta gaur egun ez dago horrelakorik gehienetan. Gaur egun umeek independenteak izan behar dute jaio orduko. Amarengandik banatu behar dira bizitzako gorabeherei aurre egiten ohitu daitezen. Aldiz, nik uste dut oinarria zenbat eta sendoago izan, bizitzako gorabeherei modu sendoagoan egingo dietela aurre. Bizitza honetan zailtasunak beti iristen baitira.

 

Zergatik kostatzen da hainbeste behar horien arabera jokatzea? Informazio faltagatik izan al daiteke?

C. A.: Nik uste dut oso jende gutxik sinesten duela benetan garrantzitsua dela haurraren lehen urteetan behar horiek asetzea; alegia, gertutasuna, momentuko presentzia, kontaktua eskaintzea eta ondoan egotea.

Nik esango nuke informazioa falta dela edo ez dela informazio osoa ematen. Eta baita ere askoz errazagoa da informazio mekanizista batera ohitzea; adibidez, umeak isilik egotea beren beharrei erantzutea baino. Egun hauetan arreta handiz begiratzen diet aulkitxoetan doazen umeei. Zenbat ume joaten diren negarrez! Amengana gerturatu eta zera esaten diet: “Agian besoetan har zenezake”. Eta erantzuten didate: “Ez dauka inolako beharrik, ez zaio ezer pasatzen”. Eta umeak izugarrizko larritasun aurpegiarekin!Eta agian ama horrek ez du jakingo umeak negarraren bitartez komunikatzen dela, besteak beste. Oraindik ez dute hitza erabiltzen bere beharrak adierazteko.

Horrelakoetan informazioa falta da. Ez da gauza bera ume jaioberri bat edo sei hilabeteko bat; edo urtebeteko bat edo bi urteko bat; edo nerabe bat. Ez da gauza bera. Ezin ditugu denak zaku berean sartu. Bakoitzari dagozkion beharrak ase behar dizkiogu; eta zenbat eta primarioagoa izan beharra, orduan eta garrantzitsuagoa izango da arreta. Jaioberri bati ezin diozu mugarik jarri, ez baitizu ulertzen. Joxe Ramonek zioen moduan, garuna poliki-poliki joaten da heltzen. Eta heldutasun hori posible egiten duena kontaktua da, laztanak, presentzia, egotea. Horrekin heltzen da garuna. Aldiz, sinapsi horiek guztiak mozten baldin baditugu, gure garunaren alde bat asko garatzen da, alderdi kortikala. Eta alderdi linbikoa, aldiz, gure garun emozionala, gabezia handiekin geratzen da.

Edonola ere, diskurtso hau oso gogorra da gaur egun, ama hor egotea eskatzen baitu. Momentuko presentzia eskatzen du. Eta noski, erditu berri den amari gauzak uztea eskatzen dio. Zeren ezin du bulegoan egon eta bere umearekin egon aldi berean. Beno, etxetik ordenagailuz lan egin bitartean jar diezaioke bideo-joko bat umeari. Baina ez, zure haurrak fisikoki behar zaitu, presentzia, orain eta hemen. Ez da nahikoa egotea. Jaioberri batentzat ez du lehentasunik bideo-jokoarekin entretenitzeak. Jaioberri batek kontaktu fisikoa behar du.

Gaur egun ez dugu diskurtso hori en-tzun ere egin nahi, horrek gauzak uztea eskatzen baitigu. Baina denboraldi baterako uzten dira. Ez da horrela bizitza osoan. Bizitzako momentu batean uzten dira jaioberriaren heldutasun faltagatik. Hartz-kumeen kasuan bezala. Hartz-kume bat bakarrik uzten baldin badugu elurretan, hil egin daiteke. Baina 3 urte dituenean baliabideen bila joango da bera bakarrik. Eta arriskuan aurkitzen denean amari deituko dio. Gizakumearekin gauza bera gertatzen da. Zein da arazoa, ordea? Gurasoek ez dutela laguntzarik jasotzen. Gobernuek ez digute laguntzen, ez dute aintzat hartzen oinarrizkoa den heziketa eta haziera lana. Zeren ez dugu ahaztu behar haur batekin dagoenak gizateriaren etorkizunaren alde egiten duela lan. Halaxe zioen Maria Montessorik: haurrak gizateriaren etorkizuna dira. Eta segun eta nola dauden ume horiekin, era batera edo bestera eboluzionatuko dute. Eboluzionatu, eboluzionatuko dute, baina afektibitatea falta dakieke.

 

Zergatik aukeratu bide edo diskurtso hau hain gogorra eta zaila bada?

C. A.: Alde batetik, euskarri zientifiko batean oinarritzen gara, neurozientzian esate baterako, zeinak egiaztatu egiten duen kontaktua, laztanak, gorputza lantzea, begirada, jaioberriaren beharrak asetzea… horrek guztiak lagundu egiten duela heltze-prozesuan.

Eta beste aldetik, konfiantza eduki behar da. Txikiak direnean eta orduak eta orduak pasatzen dituzunean umeekin, konfiantza eduki behar da presentzia horrek sendotasuna emango diela biharko egunean beraiek nahi dutena izan daitezen. Beraiek nahi dutena, ez guk izatea nahi duguna. Eta jakin dezatela beraien burua defendatzen eta bizitzari aurre egiten.

Niri, diskurtso honekin aurrera jarrai-tzen lagundu didana zera izan da: lanaren logika eta nola ikusten ditudan umeak. Modu honetara laguntzen zaienean, umeak zoriontsu ikusten ditut, begiek dir-dir egiten diete, begirada indartsua ikusten zaie, behar dutenean gauzak eskatu egiten dituzte, beraien beharrak, ezinegonak  eta agresibitatea adierazten dituzte emozionalki, eta handitzen direnean gainerakoak errespetatzen dituzte. Beste ume batzuk, aldiz, ezin dituzu ukitu, ukitu eta negarrez hasten dira, estuasun handiko aurpegiak ikusten dira, begi tristeak, begirada galdua… Eta esaten duzu: “Ene! Nolako barrua daukan txiki honek eta nolakoa eduki dezakeen beste hark!”.

Urte asko daramatzagu jendearen ondoan laguntzen, erditze osasuntsu batetik umea nola jaiotzen den ikusten, eta zailtasunak izan dituen erditze batetik jaiotako haurraren espresioa nolakoa den ikusten. Konparaketa esanguratsua da. Horregatik, hori niretzat akuilua izan da diskurtso honekin jarraitzeko, nahiz eta gogorra izan, nahiz eta abentura honetan sartzen den bikoteari konpromiso handia eskatu. Niretzat merezi izan du, behatu eta ikusi egin baitut emaitza.

J. R. M.: Etorkizunera begira izugarrizko aberastasuna sor dezakegu, sekulako konkista egin dugulako: haurtzaroa ezagutzea. Horrek oinarriak finkatzeko eta etorkizuna aberasteko aukera ematen digu. Izugarrizko altxorra daukagu.

 

Informazioa, sentsibilizazioa, aurrea hartzea eta laguntza funtsezkoak dira. Nork eta non eman behar du?

C. A.: Kontaktutik eta errealitatetik erabat at dagoen mundu batean bizi gara. Horregatik da garrantzitsua informatzea, eta gero norberak erabakiko du zerekin sentitzen den erosoen. Inposiziorik gabeko informazioa behar da. Aurrena informazioa jaso eta gero erabaki eta kontsekuente izan. Eta urratsak lasai eman, norberaren mugak errespetatuz. Gorputzean sentitu behar da, ez buruarekin erabaki. Askoz hobe da maitasunez muga batzuk jartzea eta ez esatea “nik hau egin beharra daukat oso ona dela esan didatelako”. Barrutik ateratzen ez bada, ez du ezertarako balio.

Eta horrekin guztiarekin batera, laguntza. Informazioarekin batera laguntza-sistema bat beharko litzateke. Guk ematen dugu gure Hazi-Hezi prebentzio zentroan, baina askoz ere zabalagoa izan beharko luke. Bistan denez, gobernuek eta enpresek garrantzi gehiago emango baliote arduraldi honi, benetan lan baten gisa hartuko balute,  beste kontu bat izango litzateke. Gehiago sustatu eta bultzatu beharko lukete haziera lan hau, bestela oso zaila da.

J. R. M.: Guk, informazioaz gain, sen-tsibilizazioa ere lantzen dugu, horren bidez ulertzen eta barneratzen baita jasotzen den informazioa: zer gerta-tzen zaion jaioberriari, zer ari zaion gertatzen lehen hilabete horietan, eta zer garrantzi duen bere beharrak ase-tzeak ume horrek oinarri sendo bat izan dezan eta bere gaitasunak egoki gara ditzan.

Sentsibilizazioan gorputzak hartzen du protagonismoa. Gorputza funtsezkoa da. Emakume askok, haurdun gelditutakoan, liburu andana irakurtzen dute, bata bestearen atzetik. Baina erditzeko unea iristen denean eta haur jaioberriarekin aurkitzen direnean, ez daude prest; ez baita burua bakarrik prestatu behar, gorputza ere bai.

Gaur egun gobernuek eta osasun instituzioek sustatu eta erraztu behar duten lana da sentsibilizazioarena. Askoz ere gehiago arduratu behar dute eta bitartekoak jarri behar dituzte alderdi hauek aintzat hartzeko eta gerora ezinegon handia sortzen duten egoerak saihesteko.

 

Haurraren beharrez ari gara hizketan. Baina amaren beharrak ere hor daude. Ama ere zaindu behar da.

C. A.: Familia-ekosistema osoa da zaindu behar dena. Eta ekosisteman ama, bikotekidea eta umea(k) daude. Horietako bakoitzaren beharrak hartu behar dira kontuan. Oso behar desberdinak dituzte bikotekideak, amak eta umeak. Eta batez ere umea jaioberria denean.

Amak dena umeari ematen diola sentitzen du. Baina berak ere elikatu behar du. Eta nork elikatuko du? Bada, bikoteak. Hark zaindu behar du ama. Diada bat bailitzan. Hori batez ere hasieran. Bikotekidearen funtzioa amaren eta haurraren artean sortu den habia zaintzea da. Ama eta jaioberria bat dira, ezin dira bereizi. Izan ere, jaioberriak ama eskatuko du uneoro eta amak hor egon behar du umea lasai egon dadin. Hazierako taldeetan garbi ikusten dugu hori. Ama batek hori benetan barneratuta baldin badauka, jaioberria besoetan edukiko du, lasai, titia hartuz nahi duenean, lo eginez… Baina amaren besoetatik kentzen baldin baduzu, negar egiten du. Eta orduan, zer egingo dugu jaioberri horrekin? Sehaskan sartu eta negarrez jarrai dezan utzi? Bada, ama horrek bikotekidearen laguntza behar du jaioberria hartzeko eta babesteko, hori baita ume horrek behar duena.

 

Orduan, amak dena utzi behar du hazieragatik? Non gelditzen da ordura arteko emakumea? Eta emakumearen ahalduntzea?

C. A.: Ama izateak denboraldi batez gauzak uztea dakar. Etenaldi bat da. Baina denbora tarte baterako, ez bizitza osorako. Nahiz eta bizitza osoan izan ama, bizitzako une bateko kontua da, gizakumearen heldutasun eza dela-eta. Denboraldi baterako da. Gero umeak hazi egiten dira eta errekupera daitezke lana eta aktibitate profesionala. 

Ni, emakume gisa, erabat beteta sentitu naiz nire seme-alabak neuk hazi ditudalako amaren eginkizunean jarrita eta emakume gisa nire ahalmen osoa hor jarrita. Ni ahaldundu egin naiz.

J. R. M.: Nik uste dut gaur egun egoera zailean gaudela. Izan ere, emakume bat ama izan nahi duela pentsatzen hasten denean, beste mundu batera joan behar du. Bizitzako erritmoa aldatu behar du, ordura arte izan duen buru-jarduera alde batera uzteko eskatzen zaio eta gorputzaren beste alderdi batetik funtzionatzeko. Eta hori guztia egiteko, bere burua erabat birmoldatu behar du. Gaur egun, badirudi ama izateak bere gauzetatik, lan mundutik, bizitza sozialetik… at egotea dakarrela. Eta horixe da, hain zuzen ere, aldatu behar dugun ikuspuntua. Emakume izateko modu bakarra bultzatu da eta ez dio inolaz ere lagundu bere izatearekin kontaktua manten-tzen. Eta ama izatea erabakitzen duenean eta izate hori berreskuratu behar duenean haurrarekin egon ahal izateko, aldaketa izugarrizkoa da. Erabat desberdinak diren bi munduk egiten dute talka eta bien arteko amildegia desegin beharra dago.

Bistan denez, ahalduntzea begiztatu daiteke ikuspegi honetatik. Eta noski ahaldundu gaitezkeela hazieran jardunda. Baina horretarako, oraindik ere asko eraldatu behar du gizarteak, gai izan gaitezen bakoitzak dagokion lekua beteko duen sistemen ekologia bat eraikitzeko.

 

Bikotekidea. Zein dira haren beharrak eta lekua?

C. A.: Amari sostengua eman behar dio, batez ere lehendabiziko hilabeteetan. Baina gerora, bikotekideak amak bezainbeste funtzio ditu. Sei hilabetetik aurrera, umea jaki solidoak jaten hasten denean, bikotekideak eman diezaioke jatekoa. Kalera atera daiteke umearekin, jolastu, masajeak eman, besoetan eduki…  uztartu daiteke. Gertatzen dena da gaur egun bikotekideak denbora asko pasatzen duela etxetik kanpo familia-kontziliaziorik ez dagoelako.

Bestalde, bikotekideak ere behar du afektibitatea. Eta amak ere eskaini behar dio denbora aldamenean duen kideari. Zeren ikusi izan ditugu erabat umeari begira eta umea zaintzen ari diren amak eta bikotekideari begiratu ere egiten ez diotenak etxera iristen denean. Eta harek ere bere kezkak, arazoak, nekea, lana… ditu, eta etxera iritsi eta han ere lan askorekin egiten du topo. Beraz, oso interesgarria eta garrantzitsua da hori ere.

Ez da ahaztu behar bizitzako denboraldi bat dela. Umeak ez dira betirako etxean gelditzen. Laster sozializazioa hasiko da eta aldaketa handia ekarriko du. Eta urte batzuk pasatakoan etxetik aldegingo dute. Edalontzia beteta baldin badute, joango dira. Zeren gizakiaren beharrizana da haztea, garatzea, ikertzea, banatzea… Hortaz, gauza bakoitza bere garaian. Etapa hauek poliki-poliki egin behar dira, umearen beharren arabera, eta ez helduen beharren arabera. Nik uste dut hori oso garrantzitsua dela.

 

Nola mantendu eta elikatu bikote harremana?

C. A.: Taldeetan beti esan izan dugu: begiratu elkarri egunean bost minutuz. ‘Zer moduz zaude?’ ‘Zer behar duzu?’ Eta hori egin egin behar da. Zeren gero etxera joan eta ez da egiten. Eta arazoak sortzen dira eta edalontzia betez joaten da. Eta ondorioz, banaketa asko ikusten ditugu. Zergatik? Norberak ez duelako bere espazioa topatzen. Agian espazioak gauza batzuetara bidera-tzen dira eta beste batzuetara ez, eta azkenean ekosistema hautsi egiten da. Beraz, etengabeko birziklatzea eskatzen du. Etengabe ikustea nola zauden, zer moduz zauden, nola sentitzen garen denok, zer aldatu den gure bizitzetan… eta norberaren desioak bilatzea. Mahai gainean jarri behar dira norberaren beharrak eta bideratu. Komunikazioak egoera emozionalak berdintzen ditu.

 

Zerk huts egiten du egoera horietan?

C. A.: Nik uste dut gehienetan komunikazioa dela huts egiten duena, besterik ez. Zeren umeari laguntzeko modu hau nekagarria da, oso nekagarria. Eta estresa eta nekea pilatzen direnean, askoz errazago haserretzen gara.

Askotan gelditzea eta zer behar dugun galdetzea falta dela uste dut. Baten beharra egun osoan bulegoan egotea izan daiteke eta bestearena pixka bat paseatzea. Horretaz guztiaz hitz egin behar da eta uztartu.

J. R. M.: Guk, horrek guztiak zer ondorio dituen ikusita, lehen aipatu dugun informazioa eta sentsibilizazioarekin batera, aurrea hartzea ere lantzen dugu, Cristinak dioen komunikazio gaitasuna ere aintzat hartzeko. Jakin zer zailtasunekin topa gaitezkeen eta horien aurrean nola erreakzionatuko dugun aurreikusi. Badakigu erditu ondoren emakumearen egoera nahiko zaurgarria dela, lehendabiziko aldia denean gainezka egin dezakeela, ezusteko sentsazioekin, deseroso, nekatuta, bere onetik ateratzen duen egoera batzuekin. Aldamenean dagoenak hori dena ulertzen badu, badaki nola lagundu behar dion. Hori aurreikusten ez bada, ordea, bikoteak ustekabeko egoerekin egiten du topo bat-batean, eta oso zaila da horrek dakarren zama jasatea.

Horregatik, aurrea hartzen baldin bada eta erditzea baino lehen gurasoak jakinaren gainean jartzen baldin badira zer garrantzi duen umeak oinarrizko segurtasuna edukitzeak eta umearen sortzeko eta ikertzeko gaitasuna errespetatzeak, hasieratik hasiko dira hori bideratzen. 

Gizartea, pediatrak… hor daude eta zalantza eta beldur asko sortzen dira. Guraso askok ez dute ulertzen umeari zer gertatzen zaion, gaizki egiten ari direla uste dute… Eta, noski, momentu horietan biak bat eginda baldin badaude eta hazierarako irizpideak bateratuta baldin badituzte, horrek izugarri laguntzen du eguneroko gauzak modu harmonikoagoan kudeatzen.

 

Eta baita modu kontzienteagoan ere.

C. A.: Bai, hor formazio mekanizistaren eta haur bat izateko erabakiak dakarren kontzientziatik abiatutako formazioaren arteko desberdintasunarekin aurkitzen gara. Izan ere, gaur egun, orain dela urte batzuk ez bezala, aukeratu dezakegu noiz nahi dugun ume bat izan. Lehen etorri egiten ziren; orain kontzienteki esan dezakegu “orain ama edo aita izateari eskaini nahi diot denbora edo ume bati laguntzeari”.

Eta hala eta guztiz ere, izugarrikeria handiak ikusten dira. Askotan kontzientzia hori falta izaten da eta asko kostatu zait hori ulertzea. Izan ere, 70eko hamarkadan ez zegoen antisorgailurik, jendeak harreman sexualak edukitzen zituen eta oso azkar eta gazterik geldi zitezkeen haurdun emakumeak. Sexu-harremanetan ez ziren desberdintzen sexualitatea, plazera eta umeak izatea. Dena zaku berean zetorren. Gaur egun, ordea, ez. Sexu-harreman atsegingarriak eduki ditzakezu sexu-harremanak dituzun bakoitzean haurdun gelditu gabe.

Horregatik, bikoteak, ekosistemak erabakitzen duenean “orain bizitzako proiektu honi ekingo diogu”, jakina da, informazioa baldin badaukate, bizi-tzako proiektu horrek gauza askotan parentesi bat eta aldaketa dakarrela. Zeren ez baita gauza bera ekosistema bat haurrik gabe edo haurrekin. Horren kontziente izatea garrantzitsua da; alegia, jakitea haurrarekiko harremana zaindu egin behar dugula haur hori bere buruaren jabe izan dadin. Garbi eduki behar dugu guk erabaki dugula umea noiz, nola eta zein modutara eduki nahi dugun. Aldaketa dakar gure egituran, gure ekosisteman, baina hazten jarraitzeko, ez banaketa batean bukatzeko.

J. R. M.: Cristinak formazio mekanizista eta kontzientziatik abiatutako formazioa aipatu ditu. Nik zera azpimarratu nahiko nuke: gaur egun gurasoen formazioa prestakuntza produktibora bideratuta dagoela. Zoritxarrez, oso orientatuta dago lanera. Ez dago bizi-tzara orientatuta, bizitzako gertaerak modu natural eta errazagoan bizitzera bideratuta.

 

Zer esan nahi duzu, formazioa eta bizitza ez datozela bat?

J. R. M.: Eskolarako ikasketa eta bizitzarako ikasketa erabat banatzen ari gara. Izugarrizko banaketa dago bien artean. Ez gara ari erakusten etorkizuneko belaunaldiei mundu hau egiteko moduak zer garrantzia duen. Gure ingurunearekin eta munduarekin dugun lotura galtzen ari gara. Gero eta nabarmenagoa da lanerako prestatu garela, biziraupenerako, baina ez emozionalki gure ingurunearekin, gure bizitzarekin eta gure gizartearekin bizitzeko. Ez dakigu zer den modu bizi eta irekian bizitzea; norbera bere buruarekin gustura sentituz, jakinez zerk sentiarazten gaituen gustura, eta nola heltzen den ongi sentitze hori. Alde batetik, informazioarekin eta beharren garapenarekin bizi gara. Baina beste aldetik, ez ditugu aintzat hartzen behar emozionalak. Eta banaketa horrek gizakiaren biziraupena zailtzen du.

 

Non eta nola kokatzen dituzue aiton-amonak familiako ekosisteman? Zein funtzio dute?

C. A.: Aiton-amonak afektibitate-sostengua izan daitezke gurasoentzat. Esate baterako, gurasoak denboraz larri dabiltzanean, aiton-amonek tuper bat janariz beteta ekartzea lagungarria izan daiteke. Baina afektibitatez laguntzeko daude, ez muturra sartzeko. Batzuetan amonek euren alabekin egin ez zuten hura egin nahi izaten baitute. Eta hori ordezkatzea da. Ama ama da, eta amonak beste eginkizun bat du.

J. R. M.: Poza ematen du aiton-amona batzuk bilobak nola zaintzen dituzten ikusteak, nola jolasten duten, nola dauden eurekin. Zenbait kasutan familia handi bat osatzen dute: gurasoen denbora falta dela-eta, haien beharrak eta hutsuneak oso modu politean ordezkatzen dituzte. Beste zenbait kasutan, ordea, bikoteak inbadituta sentitzen dira. Aiton-amonak gehiegi sartzen dira eta horrek estresa eta tentsioa sortzen ditu bikotearengan. Horregatik da garrantzitsua horrelakoetan ere aurrea hartzea: bikoteek zehaztu dezatela zer-nolako laguntza nahi duten aiton-amonengandik. Mugak argi eta garbi jartzen jakin behar dute.

C. A.: Eta neurrian. Zeren aiton-amona batzuk egun osoa pasatzen dute bilobekin eta gehiegi da. Izugarrikeria iruditzen zait. “Amak zainduko dit umea”. Bada, ez. Horrela ezin da hasi amatasuna. Zeuk zaindu behar duzu. Gurasoen eta aiton-amonen funtzioa desberdinak dira. Aiton-amonek lagundu dezakete, baina ezin dute izan hazieraren oinarria. Afektibitatezko harreman bat izan behar du; gauza asko transmiti ditzakete eta lagundu. Baina gurasoak ezin ditu inork ordezkatu. Egun desoreka handia dago egoera soziala eta lan egoera dela-eta, eta lana eta familia bateragarri egiteko laguntza gutxi dagoelako.