Naturarekin bat izan eta...

2020-12-14

Ongizatea, askatasuna, berezkotasuna, sormena, inplikazioa eta harremanak areagotzen ditu naturak. Haurren garapena, osasuna, heziketa eta sozializazioa sustatzen ditu izadiarekin kontaktuan egoteak. COVID-19aren testuinguruan, eta baita bestela ere, balioan jarri beharreko ingurunea da naturak eskaintzen diguna. Hik Hasik udazkenero Haur Hezkuntzarako antolatzen dituen jardunaldietan aurrez aurre ikusi eta entzun ahal izan ditugu izadiak hezkuntzari egiten dizkion ekarpenak, HUHEZIko Iñaki Larrea, Heike Freire pedagogia berdeetan aditua, Ekoguneko hezitzaile Maialen Sistiaga, Alkizako herri eskolako Jone Zuaznabar, Ana Hernandez eta Asun Salaberria irakasleen eta Hernaniko Langile ikastolako Maite Ezponda, Agurtzane Rama eta Ana Quevedo irakasleen ahotatik.

 
 
Naturarekin bat izan eta...

H

ik Hasik, udazkenero 0-6 etapari begira antolatzen dituen jardunaldietan, ateak zabaldu eta naturari begiratu dio aurtengoan. Bizi ditugun garai zail hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dugulako naturara irten eta arnasa hartzea. Guztiok, baina zer esanik ez haurrek. Maila teorikoagoan nahiz praktikoagoan, naturak haurren garapenari, bizikidetzari eta heziketari egiten dizkien mesedeak ikusi ahal izan ditugu Zumaiako Zumaiena ikastetxean azaroaren 14an egin ditugun jardunaldietan, zailtasunak zailtasun, eta Zumaiena ikastetxeari esker, aurrez aurre egin ahal izan ditugun jardunaldietan. Joxe Mari Auzmendi Hik Hasikidea gabe egin diren lehen jardunaldiak izan dira, eta hari zuzenduak izan ziren jardunaldietako lehen hitzak.

 

HUHEZI fakultateko irakasle eta Psikologian doktore, Iñaki Larrea izan zen sarrera hitzaldia eskaini zuena, Naturaren onurak haurren garapenean; eta ondoren, Heike Freire pedagogia berdeetan aditua den irakasleak bi hitzaldi eskaini zituen, bata Bernaturalizatze-prozesuak izenekoa eta, bestea, Giza naturaren aurpegiak. Ondoren, maila praktikoagoan, Ekoguneko Maialen Sistiagak hezkuntza konpetentziak garatzeko baliabide zehatzak azaldu zituen, eta azkenik, Alkizako herri eskolako Jone Zuaznabar, Ana Hernandez eta Asun Salaberria irakasleek eta Hernaniko Langile ikastolako Maite Ezponda, Agurtzane Rama eta Ana Quevedo irakasleek baso-eskolen esperientziak ezagutarazi zituzten.

 

“Gaur egun bizitzen ari garen egoera berezia da eta merezi du egoeraz hausnartzeko tarte bat ≠, COVID-19a haurraren garapenean izaten ari den eraginen inguruan hausnartu eta pentsatzeko”, abiatu zuen hitzaldia Larreak. “2020a urte historikoa izaten ari da gauza askorengatik, bizitza aldatu zaigu; eta horrek eragin bat sortu du gugan: hemen galdetuz gero eragin hori positiboa ala negatiboa izan den, ia denok egongo ginateke desiratzen ea amesgaizto hau pasatzen den eta ea berreskuratzen dugun lehen agian horrenbeste baloratzen ez genuena”. Izan ere, HUHEZIko irakaslearen arabera, pandemiaren ondorioak dagoeneko osasunean ere pairatzen ari gara, eta hori ziurtatzen duten hainbat ikerketen berri eman zuen:

“Haurraren garapenari dagokionez, COVID-19ak ondorioak dauzka”, adierazi zuen Larreak, eta ondorio horiek ez dira mugatzen gaitza zuzenean pairatu duten haurrengana. “Ikerketak adierazten ari dira [Oshikawa et al., 2020] osasun kontuetan arazoak antzematen ari direla, ez horrenbeste COVID-19ak berak sortutako arrazoiengatik, baizik eta gehiago albo-kalteengatik. Hau da, COVID-19ak lehen osasun arreta zerbitzuen etete bat ekarri du, ez goaz medikuarenera haurrak gaixotzen direnean, edo lehen baino gutxiago joaten gara.” Periodikoki antolatzen diren jarraipenak ere, kasu batzuetan, atzeratu egin dira eta ikertzaile batzuek diote horrek ondorioak ekartzen dituela umeen osasunean.

Pandemia haurren osasunari eragiten ari dela esatean, osasun globalaz ari da Larrea, baina zehazki buru-osasunean ere ondorioak badirela gehitu zuen, hainbat ikerketatan oinarrituta [Marques de Miranda et al., 2020 Yeasmin et al., 2020]. “Gero eta ikerketa gehiago ari dira erakusten umeen beldurrak eta fobiak gehitzen ari direla, kalera irteteko beldurrak, sozialki harremanak izateko beldurrak ere izaten ari direla umeak. Zentzu horretan, bada hausnartzeko gai bat zein beste albo-kalte ekartzen ari den pandemia”.

Haurren elikaduran ere ondorio ezkorrak antzematen ari dira, bereziki itxialdiren ondorioz. “Ikerketa batek [Headey et al., 2020 Rundle et al., 2020], adibidez, adierazten du, okerrago jan dugula pandemia garaian eta okerrago jatearekin batera, gutxiago mugitu garela, jarduera fisikoa gutxitu egin dugula. Horrek esan nahi du gizentasuna ere badela COVID-19ak ekarritako beste kalte bat”.

Ikusmenean ere antzeman dira, dagoeneko ondorioak: “Pantailen aurrean pasatako denbora, oro har, handiagoa da umeen partetik, eta haurren garapenaren aldetik, ikusmenean ere desberdintasunak ikusi dira eta miopiaren handitze bat aditzera eman dute ikerketa batzuek [Wong et al., 2020]”. 

Haurrekiko harremanetan ere aldaketak ekarri ditu pandemiak. Askotan helduek bizi duten estresaren eta larritasunaren ondorioz, haurrekiko tratua okertu egin dela ikusi ahal izan du irakasleak ikerketetan [Lawson et al., 2020]: “Gurasook ez dugu oso modu atseginean bizi izan etxean egotea eta askatasunaren murrizketa, horrek ondorioak dauzka heldu bezala umeekiko ditugun elkarrekintzetan eta esku-hartzeetan. Horrek, tratu txar fisikoak ez badira ere, tratu txar gisa izenda ditzakegun jarrerak jasatea eragin die hainbat haurri euren gurasoen partetik”.

Haurren jolasa ere kaltetu du COVID-19ak. “Pandemia honek mugimenduaren eta jarduera fisikoaren gutxitzea ekarri du eta, horrekin, Kanadan egindako ikerketa batetik agerian gelditu da [Moore et al., 2020] umeek gutxiago jolasten dutela eta jarduera sedentarioa handiagoa dela, pantailei loturik, bereziki. Hortaz, jolasaren kantitatea eta kalitatea gutxitu egin direla nabarmendu behar dugu”.

Gisa honetako pandemia batek haurren osasunean izan ditzakeen kalteak zerrendatzeko, Larreak, COVID-19aren familiako beste birus baten inguruan egindako ikerketen ebidentziak ere ekarri zituen [Fan et al., 2020], koronabirusaren pandemiak, 2003ko SARS birusaren hedapena baino zabalagoa eta luzeagoa izanik, ondorio antzekoak eragin ditzakeela aintzat harturik: “2003an zabaldu zen SARS birusari lotuta, Txinan hainbat urtetan egindako ikerketa longitudinal batean umeen garapenean mugarri diren zenbait elementu aztertu zituzten: noiz hasten dira umeak oinez; noiz esaten duten euren lehendabiziko esaldi osoa; 0tik 10era kontatzen noiz ikasten duten eta esfinterren kontrola noiz gertatzen den. Ikerketa horrek adierazi zuen Txinako SARS pandemia pairatu zuten umeek atzerapena zeukatela lorpen horietan, hau da”. COVID-19arekin lotutako ikerketa bat izan ez arren, irakasleak ondorioztatu zuen haurren jarduera, jolasa eta mugimendua gutxitzen ari den heinean, horrek ere ondorio batzuk izango dituela hemen eta orain gure umeen garapenean.

 

Koronabirusaren pandemia haurren osasunean izaten ari den kalteen inguruko ikerketak mahai gainean jarririk, gaixotasunaz beraz aparte, COVID-19ak ekarri dituen albo-kalteak “handiak eta kontuan hartu beharrekoak” direla azaldu zuen Larreak, “eta nik uste dut, gizarte bezala, ez ditugula gehiegi kontuan hartu”. 

 

Baina izan da, haatik, zerbait baikorrik. Atera dugu gauza on bat garai ilun hauetatik. “Gauza on hori da, nik uste, pandemiari esker natura gehiago baloratzen ari garela”. Natura bizi dugun egoerari aurre egiteko “alternatiba gisa” ikusten hasi garela iritzi zion Larreak: “Pentsatzen dut, orain hemen, Zumaia inguruko mendietara joango bagina, mendiak jendez lepo egongo liratekeela, eta hori aurrez ikusi ditugun albo-kalte horiei aurre egiteko modu bat da. Pertsonok badaukagu egokitzeko gaitasuna, testuinguruak jartzen dizkigun erronkei aurre egiteko gaitasuna daukagu, eta agian hortik etorri da, baita ere, naturaren aldarrikapena”. Hala ere, zehaztu zuen natura ez dela soilik COVID-19aren albo-kalteei erantzuteko baliabide bat, “esango nuke natura badela baliabide bat, COVID-19a egon ala ez egon, erabili beharko genukeena. Eta badaude hori adierazten duten ikerketak”. Irakasleak hainbat ikerketari egin zien erreferentzia, askotan naturaren onurez hitz egitean ebidentzia zientifikorik gabe hitz egiten dela iruditzen baitzaio, eta beraz, oinarri zientifikoa eta frogatua duten onurak azaldu zituen Zumaiena ikastetxean bildutako irakasleen aurrean:

Ongizatea. Ikerketek natura ongizatearekin lotzen dute, ongizate fisiko eta mentalarekin, osasunarekin. Larreak ekarri zituen ikerketen arabera, naturan gaudenean, printzipioz, “ongi sentitzeko aukera handiagoak dauzkagu; hori, aldi berean, ona da gure osasunerako, osasun fisiko eta mentalerako eta, oro har, gure garapenerako”. 

Askatasuna. Barru/kanpo dikotomiak askatasunari aukera gehiago edo gutxiagoa eskaintzen dizkiela azaldu zuen irakasleak: “[Eskola] barruko egiturak askoz ere egitura zehatzagoak eta egituratuagoak dira; naturak askatasuna ekartzen digu; gauzak ikusteko askatasuna, eta baita esperimentatzeko askatasuna ere”. Zentzu horretan ikerketek natura aldarrikatzen dute haurraren askatasun-sentsazioa areagotzen duelako.

Berezkotasuna. “Haurrak aukera handiagoa dauka norbera den bezalakoa izateko kanpoan dagoenean”. Ideia hori askatasunaren ikuspegiarekin lotzen dute ikerketek, “barruko espazioetan, guztia askoz ere egituratuago dagoenez, gure esku-hartzea hor dago, espazioen antolaketan, materialen aukeraketan, proposatutako jardueretan... normalean, kanpoan haurrak askatasun handiagoa izaten du nahi duena nahi duen elementuekin egin ahal izateko”. Haurraren berezkotasuna edo haurra benetan den bezalakoa izateko aukera handiagoa ematen du, bada, naturak.

Sormena. Hezkuntza-proiektu askotan azpimarratzen den ideia da eskolak pertsona sortzaileak sustatzeko bokazioa izan beharko lukeela eta, ebidentzien arabera, horretan lagundu dezake izadiak. “Naturan egoteak sormena areagotzen duela ikusi da. Gure ikastetxean gure ikasleak sortzaileak izatea nahi badugu, ikerketek adierazten dute naturara hurbiltzea horretarako onuragarria izan daitekeela”.

Inplikazioa. “Egiten ari den horretan nola inplikatzen da edo nola sartzen da umea? Naturan daudenean umeen inplikazioa handiagoa dela ikusten da barruan daudenean baino. Naturan daudenean jolasean gehiago sartzen direla erakusten dute ikerketek, hau da, jolasaren kalitatea hobea dela”. 

Harremanak. Naturan egotea harreman aberatsagoekin lotzen dute ikerketek, bai harreman gehiago izatearekin eta baita erlazio horiek kalitate hobekoak izatearekin ere. Larreak zehaztu zuen, “kidetze jokabide gehiago” erakusten dituztela haurrek izadian, eta euren arteko erlazioetan jokabide disruptibo edo gatazkatsu gutxiago gertatzen direla kanpo-espazioetan.

Naturarekiko errespetua. Naturan murgiltzeak izadiarekiko errespetuan hobekuntza dakarrela ziurtatu zuen HUHEZIko irakasleak: “Gure ekosistemaren kontzientzia handiagoa hartzen dugu naturan gaudenean, gure rolaren garrantziaz konturatzen gara... eta hori ere ikerketetan azpimarratzen den beste onura bat da”. 

Ikaskuntza. “Natura ikasteko toki ere bada”. Franceso Tonucci Fratoren bineta bat ekarri zuen hizpidera Larreak, non irakasle bat ageri den haurrei udazkenaren inguruko azalpenak ematen, “hemen daukazue enborra eta hemen hostoak”, eta hori arbelean erakusten duen bitartean, kanpoan zuhaitz pila bat daude. “Ikaskuntza esanguratsuagoa litzateke zuzenean naturara joatea eta bertatik bertara ezagutzea zuhaitz horiek. Leku askotan udazkena ariko dira lantzen proiektu gisa Haur Hezkuntzan, hosto bat hartu eta hostoaren marrazki bat egiten dute... kanpo-espazioan hosto mordo bat dagoenean. Zentzu horretan ikaskuntza esanguratsuari begira ere onuragarria da natura”. 

Jolasa. “Jolasa hobea da eta gehiago egiten da kanpoan barruan baino”. Iñaki Larrearen iritziz, kanpoko jolasak barruko jolasak nekez izan ditzakeen ezaugarriak ditu. 

 

Hitzaldiaren hirugarren zatian jolasean murgildu zen irakaslea. Konparazio moduan, Haur Hezkuntzan barruko espazioetan zer egiten den eta kanpokoetan zer egin daitekeen aztertu zuen, barruan nola jolasten diren umeak eta nola jolasten diren kanpoan. Hiru dimentsioren arabera egin zuen sailkapena: barruko eta kanpoko jolasaren dimentsio motorea, dimentsio kognitiboa eta dimentsio soziala konparatu zituen, jakinda hirurak elkarrekintzan daudela eta batera gauzatzen direla.

 

Dimentsio motoreari dagionez, mugimendua mugatua egoten da gela arruntetan, “eta, horregatik, eta ez bakarrik horregatik, izaten ditugu psikomotrizitate-gelak, edota gela barruan mugimendu beharrari erantzuteko jartzen diren egiturak. Ahalegin interesgarriak dira umearen mugimendu behar horri erantzuteko eta jolas mugimendu hori aberasteko, baina kanpo-espazioetan aukerak biderkatu egiten dira”. Baliabide naturalak mugimendu jolas hori aberasteko elementuak dira eta elementu horiek ekarpen handia egiten dute alturan, sakontasunean eta har daitekeen abiaduran. Zentzu horretan, irakasleak azpimarratu zuen espazioak (izan natura, kanpo-espazioak eta baita barruko espazioak ere) estimulagarriak izan behar direla haurrentzat, “ez dut esan nahi heldua egon behar denik umea estimulatzen, baizik eta helduak umeari erronkak hartzea baimendu behar diola espazio horretan, izan erronka motorea edo kognitiboa”. Haurraren gaitasunak eta mugak zalantzan jartzeko aukera ematen duten espazioak lehenetsi zituen irakasleak, eta alor horretan naturaren ekarpena paregabea dela aitortu zuen.

 

Dimentsio kognitiboari dagokionez, materialek bizipena eta ikasketa baldintzatu ditzaketela kontuan izanik, Larreak adierazi zuen barruko materialak askotan jolas sinbolikoari begirakoak izaten direla, eta material horietan hobekuntzak egin badira ere, “gero eta joera handiagoa dago komertzializatutako elementu horiek naturalak— egurrezkoak— izan daitezen”, naturako material askotarikoek aberatsagoak izaten jarraitzen dute. Izan ere, haurrei plastikozko edo egurrezko kotxeak, hegazkinak... eskaintzen dizkiegunean guztiok modu berean interpretatzen ditugu material horiek, aldiz, material desegituratua eskaintzen diegunean, interpretazioak oso anitzak izango dira. “Zer da makil bat? Makil bat kotxe bat izan daiteke; edo eskopeta bat; beste momentu batean telefono bat edo auskalo zer. Guztiz egituratutako materiala oztopo izan daiteke naturak berak eskaintzen dizkigun material desegituratuen aurrean. Eta hori bada beste ekarpen bat. Ez du esan nahi kotxe horiek baztertu behar ditugunik, baina kontziente izan behar dugu gauza ezberdina eskaintzen duela material batek eta besteak”. 

 

Antzeko zerbait gertatzen da eraikuntzekin ere, Larreak azaldu zuenez. Gela barruan blokeen bidez ase ohi da haurrek eraikitzeko duten beharra, aldiz, kanpoan aukerak biderkatu egiten dira beste behin: materialak eta tamainak ugaritu egiten dira, eta balio erantsia hartzen du kanpoko jolasak, adituaren hitzetan. “Jolasa beti ona dela azpimarratu behar dugu, baina ezaugarrietan ezberdintasunak egon daitezke”. 

Dimentsio kognitiboarekin jarraituz, eskolak daukan esperimentazioa sustatzeko betebeharrari erantzuteko gela barruetan dauden mugen aldean, aukera zabalak eskaintzen ditu naturak. “Kanpora baldin bagoaz, adibidez, ura eduki dezakegu, errekatxo bat, eta haurrek ikusten dute euria egiten duenean hazita doala erreka eta, beste batzuetan, berriz, ur gutxiagorekin”. 

 

Dimentsio sozialari dagokionez, geletako harremanak, askotan, mugatuta egoten direla aipatu zuen irakasleak, “eta zailtasunak egoten dira, edo gelako lagunekin egon behar dute haurrek beti”. Naturak eskaintzen digun planteamendua zabalagoa da: “Natura espazio bat da non gela ezberdinetako umeak, adin ezberdinetako umeak elkartu daitezkeen. Hori barruko espazioak ere eskain dezake, baina ez da ohikoena. Zentzu horretan naturak ere ekarpena egin dezake, eta aukera ematen du umeen artean batak besteari laguntzeko, adibidez, erronka motoreetan; adin aniztasunari toki eginez, imitazio ekintzak areagotzen dira...”

 

Dimentsio sozialari lotuta, geldiune bat egin zuen irakasleak helduok oso ondo bizi ez dugun borroka-jolas edo jolas zakarraren ideian. “Borroketara jolastea normalean helduok ez dugu oso ondo bizi, ‘hori ez da jolasa’ , ‘mina hartu behar duzue’ ... eta horrelako mezuak bidaltzen dizkiegu askotan umeei. Ikerketek azpimarratzen dute borroka jolasak edo jolas zakarrak ere jolasa direla, eta garrantzitsua dela, gainera, umeen garapen sozioafektiborako, eta, zentzu horretan, garrantzitsua litzatekeela helduok hori baimenentzea”. Irakasleak jakitera eman zuenez, ikerketek erakusten dute helduok permisiboagoak garela kanpoan gaudenean jolas zakar horien aurrean, gelan gaudenean baino. “Ez dago zehazki naturarekin lotuta, baina desberdintasun bat”.

 

Dimentso sozialari loturik, baita ere, generoari ere egin zion erreferentzia. “Generoari dagokionez, ikusten dugu, adibidez, gela barruan oso mutilena izaten dela eraikuntzatxokoa; aldiz, kanpoan askoz ere orekatuagoa da genero aldetik eraikuntza jolasaren gauzatzea. Kanpoan daudenean neskak eta mutilak batera jolasten dira barruan ez bezala”. 

 

Izadiak haurtzaroari eta hezkuntzari dakarzkien onuren inguruko hiru ideia azpimarratuz bukatu zuen HUHEZIko irakasleak bere hitzaldia: 

“Naturaren ekarpena handia da eta ez da bakarrik COVID-19aren ondorioz; natura beti sustatu beharko genukeen zerbait da”.

“Natura umearen garapena sustatzeko goi mailako baliabidea da eta horren jakitun izan beharko genuke”.

“Jolasa (eta jolasa esaten ari garenean garapena esaten ari gara, jolasa delako garapenerako daukagun baliabide garrantzitsuena) aberastu egiten da. Jolasa beti da ona. Barruko jolasa ere ona da, baina naturan gaudenean, jolasak beste ezaugarri batzuk hartzen ditu eta ezaugarri horiek garrantzitsuak dira. Ez da natura bai / barrukoa ez, kanpoko jolasa eta barruko jolasa osagarriak izan daitezke. Naturaren aberastasuna nabarmenduko nuke; mugimendua aberasteko bitarteko primerakoa da; pentsamendua garatzeko ere bai; sinbolismoan sakontzeko; pentsamendu konplexua sustatzeko; eta baita harremanak hobetzeko eta generoari dagokionez ere aberatsagoa da natura”.