Bea Ibañez: “Ama bakarreko sendien bizipena jaso nahi nuen alabak tresnak izateko"

2021-04-23

'Rhinaren bihotz taupada' liburuak guraso bakarreko familien eredua azaltzen du Ibañezen historia eta Sandrraren irudiekin. (Argazkia: Izar Mendiguren)

 
 
Bea Ibañez: “Ama bakarreko sendien  bizipena jaso nahi nuen  alabak tresnak izateko"

Haurdunaldian sortu omen zen liburua, haurrari azalpenak emateko ideiatik.

Ama bakarren elkarteko kidea naiz (Madres Solteras por Eleccion-Euskadi) eta bertan ezagutu ditut aita asmatzera iritsi diren umeen kasuak. Eskolan hainbestetan esan diete ume horiei bai ala bai aita bat eduki behar dutela, edo hilda daukatela edo abandonatuak izan direla, bada aita asmatzera iritsi direla guraso bakarreko hainbat ume, eta nik ez nuen nahi nire alabak hori sufri zezan. Horregatik, bere historia ongi azaltzeko euskarri bat eman nahi nion. Eta erreminta hori berarentzat eta, aldi berean, eskolarentzat edo gizarte osoarentzat tresna bat izan zedin nahi nuen. Ama bakarreko sendien bizipena modu erraz batean jasoko duen formatu baten bidez nire alabak bere historia barneratu eta handiagotan besteei lasai kontatzeko tresnak izan zitzan nahi nuen

 

Nolako ipuina da? Sinbolismo handiko ipuina da, ezta?

Orka baten historia da, animalien artean ikusi baitut orka dela tribu nahiko matriarkalean bizi den ugaztun bat. Tribuan haztearen ideia oso interesgarria iruditzen zitzaidan, neuk lagun-artearen laguntza handia jaso baitut.

Olagarro amandreak jakintza sinbolizatzen du; batetik, prozesu guztian bidelaguntza eskaintzen duen amama, antzinateko jakintza barnebiltzen duena izango litzateke, eta, era beran, gure kasuan, zientzia litzateke, zientziari esker lortu baitugu amatxo izatea bikoterik eduki gabe.

 

Izurdea ilusioaren sinboloa da. Nik uste nuen prozesu osoko zailena ama izateko erabakia hartzea izango zela, baina gero urtebete kosta zitzaidan haurdun gelditzea eta zailtasun handiak izan nituen, bada hori ere jaso nahi nuen. Ilustrazio guztietan arraintxo bat agertzen da, eta horrek tribua sinbolizatzen du. Nire kasuan lagunak oso garrantzitsuak izan dira prozesu osoaren bidelaguntzan, bai haurdun gelditzeko urtebeteko prozesu horretan, doluz beteriko prozesu bat izan zelako, eta baita gero hazieran ere.  Dolua ere presente dago. Potetxo bat agertzen da bost hazirekin, bidean egindako ahalegina sinbolizatzeko.

 

Dolua aipatzen duzu, eta hori bezala, ia tabu diren beste gai batzuk ere ekarri dituzu liburura, emailea, adibidez. 

Bai, ez da hitz egiten emaileaz, ez dakigu zer izen jarri ere: aita, emailea? Guk txikitatik azaltzen diegu gure seme-alabei aitarik ez daukatela, ez dutelako beste guraso batekin egunerokotasuna partekatzen, baina, era beran, euren izatearen erdia beste pertsona batengandik dator, eta horri balioa eta presentzia eman behar zaizkio. Nik nire alaba ikusten dut eta zoragarria iruditzen zait den bezala, eta jabetzen naiz erdia nirea duela baina beste erdia ezagutzen ez dudan norbaitena dela, eta horri buruz, ez dela nahikoa hitz egiten uste dut, ez dakigula nola hitz egin ere.

 

Emaileari presentzia emate horretan Pedagoia Sistemikoaren begirada dago, sekretuek eta gauzak ez azaltzeak zer-
nolako konplikazioak ekar ditzaketen oso argi neukan, gero eta modu naturalagoan hitz egin, haurrek hobeto barneratzen dute euren historia. 

 

Gizartean zer-nolako lana dago egiteko oraindik?

Askotan aipatzen da familien aniztasunaren gaia, baina azaletik. Sakontzen hasten bagara, korapilo asko daudela ikusten da. Esate baterako, 2021ean haur bat jaiotzen denean bi gurasoko familia batean, bi gurasoei dagozkien asteak egon daitezke etxean haur horrekin; aldiz, guraso bakarreko familian aste kopuru erdia gozatu ahal izango du haurrak bere gurasoarekin. Horrez gain, mito ugari daude: diru-laguntzak jasotzen ditugula esaten da, eta ez da hala. Lan handia dago egiteko, eta ari gara.

(Argazkia: Izar Mendiguren)